“Ni ez naiz hemengoa”

J.S

“Ihes egin nahi nuke, ihes!”

Gartxot (Donostiko alde zaharrekue)

 

 

Ibaiari lapurtutako lurretan bizi gara. Urolak gainezka egiten zuen bakoitzean esaten zigun, errespetatzen genuen irakasle bakarrenetakoak. Betidanik izan da ganbaran ibili izan dudan esaldia. Gizakiaren faktorea erantsi, eta eman buelta esaldiari. Ezin dute bizi lapurtu dizkieten lurretan.  Gutizia eta boterea. Jabetza pribatua eta desjabetuak. Deitu inperialismoa, nahi bada. Gatozen naturara bueltan. Fabrikaz jositako lurretan bizi gara. Belazeari porlana. Harriari altzairua. Haizeari kea. Dena ordaindu beharraren ordaina.

Astearte arratsaldea da, giro ederra dagi. Inurririk ez mendian, denak zuloan daude, denbora saltzera behartuta. Izarraitzera noala, pausoan-pausoan uzten ditut atzean porlana, altzairua eta kea. Gaizki ulertutako garapena uzten dut atzean gorakoan. Ihes egitearen ideia antzua, koitadu hori. Beharrezkoa baina. Ardurari ere ihes, bide batez,  pare bat orduan. Arnas bila nabil harri-bidean, ganadu eta benetako kaka artean. Izerdi ederra poroetatik kanpora eta haize freskoa sudur-zuloetatik barrura. Azketako ur deskloratua geroxeago. Trago bat osasunari! Ieup! Eta gailurrerako bi pausotara, malkartxoa, eta goian naiz dagoeneko.

Ikusmira latza dago goitik gora, eta latza goitik behera. Ez “brotesh” eta  ez “verdesh” gu bizi garen tokian (ojo, Izarraizko Ate lokaztue salbuspena). Eta buruak martxa kantuan. Oh gu hemen eraiki gabeak, laikoon santutegiak dira adreiluzko huntzik gabeko eremu bakanok . Pake santue latza, alegiye.

-Ikusten alimaleko pabilioi hori?

-Herri erdia da barren! Horren ajatu, horren eldoildu eta horren triste!

Bai, bai. Bai hik eta bai “gure patroi haundiak” ikusi duzue, harrizkoak eta itsuak ere badakite, Martxieleni nola atera zaion orezta gorri bat eskubiko aldean. Txistu, danbolin eta aurresku. Azketako ura bezain euskal.  Gristasun hau argitzeko edo.

Osteratxo mistiko bat egin duk mendi hegaletan gora, bakardadeaz gozatzen eta hippiada horiek. Eta orain jaitsi hai ba behera. Hala beharko dik ba, gizajo hori. Oreztek azala estaltzen ditek ia bere osotasunean, baina hi hangoa haiz, han behekoa.