Iaz amaitu genuen antzera hasi dugu aurten ere ikasturtea. Hesiz inguraturiko patiora irteteko ordu erdiko baimenarekin, gutxieneko zazpi orduko lanaldi behartua jasatera kontenatuak gara beste urte batez Azpeitiko neska-mutil gazteenak.

Hasiak dira suspentsoak, ohiuak, mehatxuak eta kaleratzeak, zuzen jarrai dezan gure esklabutzarako prestakuntzak. Aurten ere “nobedaderik” ez gurean, denak berdin jarraitzen du, zuzen, orekan, ordenean.

Barrikadaren beste aldean, alde ilunean, isilduan, badira ordea aldaketak, aurrera pausoak. Urtez urte borrokan trebatzen ari gara, gero eta espazio gehiago irabazten goaz gure posizioetan, gero eta argiago ikusten ditugu etsaiak, hobeto prestatzen ditugu erasoak eta argiago ditugu defendatzen ditugun interesak.

Handiagoak dira beraz, esklabutzarako prestakuntza bidean eragiten ditugun desordenak, desorekak.

Ikaskideak antolatu gara, prestatu eta defendatu ditugu herri eskolak, herri unibertsitateak, borrokatu ditugu inposatu nahi dizkiguten nahiz jada indarrean dauden lege eta dekretuak, egin eserialdiak, oroitu erahilak izan diren borrokalariak, boikoteatu irakasle autoriarioak, klaseak galarazi eserialdi masiboen bidez eta elkartasun sareak eraiki gainontzeko heziguneetako ikasle zein irakasle borrokalariekin.

Barrikadaren alde ilunak, ikasleon aldeak, badu ordea gabezi garrantzitsu bat: barrikadan gaudenok ez ezik, beste guztiek hitz egiten dute gutaz, guk pentsatzen dugunaz, planteatzen dugunaz, egin dugun ala egiteari utzi diogunaz.

Gauzak honela, egunkariei, telebista kateei, komisario politikoei eta era guztietako sasi-demokrata guztien manipulazioei aurre egin eta orain arte isilduak izan diren ahotsetariko bat entzuteko, blog honetan arkatza zorrozturik topatuko nauzue hiru astetik behin.

Besarkada bero bat kideei!

Kontu lepo da bide bakarra!