TXIRRITA ETA HISTORIAREN AMAIERA

Hemen aipatu da, eta ohore egin behar neuk ere profeta zaharrari. 1936ko ekainaren 3an zendu zen Joxe Manuel Lujanbio, Txirrita, Ereñozuko bertsolari sonatua. Kontatzen da, tropa frankistak Nafarroatik barrena Gipuzkoara sartu zirenean, zuzenean joan omen zirela Txirritaren bila, beste zenbaiten artean. Iritzi emaleak, eta batez ere iritzi sortzaileak lurperatu nahiko zituzten, eta bazekiten, Txirrita  urteetan ibilia zela plazaz plaza, hango eta hemengo eliteen eta boteredun jendearen aurkako balak, gupidarik gabe jaurtitzen.  36ko iraila zen, eta tropa frankistek ez zuten aurkitu etxean Txirrita, hilabete batzuk lehenago bihotzekoak  jota hil baitzen bertsolaria. Hiltzeko ere azkarra beraz, gure Joxe Manuel. Jolas ederra da,  Txirritaren baserri aurrean soldadu frankisten tonto-aurpegiak imaginatzea.

Atzo arratsaldean, lagun batek asaldatuta idatzi zidan; roskaz pasata esango nuke:

– Hi: ba al dakik ze pasau zaten hirekin eon da miñutu batea? Auzoko batek hotseiñ ziek kalin da oso hasarre hitzeiñ ziek: “inpresentablie”, “lotsagarriye” ta hola. ta eztaola eskubideik holakuek esateko ta…  Tentsiyozko momentue izen dek, biyontzako…

Artikulu baten arira egin bide zion salto lepora. Esateko moduak min emango zion, eta esandakoak azkura, seguru asko.  Eta bai, lagunaren hortzek kezkatzen naute, baina bere batean poztu egin ninduen auzokoaren erreakzioak. -Hitzak eragin egiten dik oraindik-, pentsatu nuen neure kautan.

Eta bueltan-bueltan etorri zaizkit, azkazalarekin zauri zarakartua nola, hitza darabiltenak kontzientziak harraskatzeko; infekzioa seinalatzeko. Horregatik aldarrikatzen dut hitza mugimenduaren aurrekari bezala, eta ez balizko askatasun baten  sinbolo-goren-edukiz hustu   gisara. Eta txoko honetan ahaleginduko naiz ahalik ederren ematen, goxoki-paperean bildutako artefaktu leherkari bat. Kontu lepo dauzkagu esateko eta egiteko, historia ez da bukatu oraindik, bestela gu zertan ari gara hemen?

 

1 Iritzi

  1. bo, Ferrando: utzikoiek hamen esaten “lagun” hori ni naizela, ta esplikatzen asuntue:
    hor attatzean artikulue HITZAn junden ostegunien ateatakue da (http://urolakosta.hitza.eus/2017/10/12/inaki-segurola-puntuka-dorre-bikiak/). Ordun ba “pareko etxeko” bati, Etxe Urdiñekuei, etzako gustau nik idatzitekue, ta astelehen eguerdiyen kalin harrapau ta “inpresentablie” ta “lotsagarriye” ta holakuek bota zizten. Ezta harritzekue re. Eo bai?

Utzi erantzuna

Zure helbide elektronikoa ez da argitaratuko.

*

© 2018 Kontu Lepo