Category: Kategoriarik gabe (2 garren horria 25 -etik)

Proiektu soziala Esklabetan, krisiaren seme-alabontzat

Krisiaren seme-alabak gara: miseriazko soldatak jasotzeko lan egiten dugunak edo soldatarik gabe lan egiten dugunak; adibidez, praktiketako kontratuen baldintzetan lan egiten dugun ikasleak ; edo are okerrago: lan egiteko inongo aukerarik ez daukagunak eta, ondorioz, eguneroko bizitza ziurgabera eta miserablera kondenatuta gauden gazteak gara; edo lan egin ahal izateko gure herrietatik hirietara  zein atzerrira alde egitera behartuta gaudenak; deserrotze-prozesua gure azalean sentitzen dugunak gara, harreman afektiboen ordez merkataritza-morala nola ezartzen ari den ikusi eta bizi dugunak gara; emantzipaziorako aukerarik ez dugun eta gure etorkizuna pixkanaka pobreziaren urtegian nola hondoratzen ari den ikusten dugun gazteak gara. Finean, gure bizitzaren gaineko kontrolik ez dugun pertsonak gara.

Era berean, krisiaren seme-alabak dira bizi osoan lanean aritu izanagatik pentsio duin bat jaso ezin dutenak eta urteetako borrokaren ondoren irabazitako eskubideak nola desagerrarazten dituzten ikusten duten langileak. Krisiaren seme-alabak dira euren familia aurrera ateratzeko bizitza ematen dutenak. Krisiaren seme-alabak dira lan istripuen eraginez hiltzen diren langileak zein indarkeria matxistak hiltzen dituen emakume langileak.

Krisia berezkoa zaio kapitalismoari, eta gure gizartea horregatik sartzen da behin eta berriz krisian. Hori da gizarte burgesaren historia eta patua, eta gure herria ez dago horretatik salbu. Krisiak gizartearen txirotzea eta prekarizazioa baldin badakar, guk, horren aurrean, harreman kolektiboen aldeko hautua egiten dugu. Krisi kapitalistaren kausa ekonomikoa den arren, krisiaren ondorioak sozialak dira, eta, horrenbestez, krisiak gure bizitzako esfera guztiak kolpatzen ditu. Horren aurrean, beharrezkoa iruditzen zaigu elkartasunean oinarrituko diren harreman kolektiboak eraikitzea eta horiek gorpuzteko espazioak irabaztea. Horregatik erabaki genuen Esklabetako ezker hegalean sartzea: alde  batetik, erreala izaten jarraitzen  duen etxebizitza problematikari irtenbidea emateko; eta, bestetik, aipatutako logikan oinarritutako proiektu komunitarioak garatzeko espazio eta tresna propioak eduki ditzagun.

Eraikinari izaera soziala emateko prestutasun osoa adierazi nahi dugu. Gure beharrei erantzuteaz harago, sektore kolpatuenen interesei erantzungo dien proiektuak sortzea dugu helburu. Modu horretan, elkartasunean oinarritutako proiektuak sortzeko gune soziala izatea da xedea.

Espazioak eskaintzen dituen aukerak baliatuko ditugu Esklabetan hainbat proiektu martxan jartzeko. Ezagutzen ditugu eraikinaren dimentsioak, baina hankak lurrean ditugu, eta espazioaren beharrezkotasuna azpimarratzen dugu,  esku artean duguna epe luzerako egitasmoa  baita. Horren jakitun,  Krisiaren Seme-alabon proposamenak  gure indarren, herriko eragileen zein norbanakoen inplikazio mailaren arabera joango dira  gorpuzten, pixkanaka-pixkanaka. Epe motzean, jantoki soziala jarriko dugu martxan, eta horretarako lanean gabiltza egun. 

Pasaiako sarraskia, 1984-2019

35 urte igaro dira 1984ko martxoaren 22an Pasaiako badian Komando Autonomoetako (KAA) lau kide guardia zibilak akabatu zituenetik. Horietatik bi azpeitiarrak ziren, Kurro eta Pelitxo. Testuinguru politiko bizian jasan ziren gertaera hauek; talde armatu iraultzaileen presentzia nabarmena zen Euskal Herrian, eta mugimendu sozial eta politiko erraldoi hau geldiarazteko estrategiak ere martxan zeuden Estatu espainoleko erabakigune nagusietan. Felipe Gonzalez, Alfonso Guerra eta abarren gobernu garaian aurkitzen gara, GAL eta guda zikinaren urteetan.

1978ko konstituzioak argi uzten zituen bere barne irizpideak. Bestela esateko, irizpide hauetatik kanpo lerratzen zen oro inkonstituzionala eta ilegala bihurtzen zen. Euskal Herriko mugimendu politiko iraultzaile guztiek apurketa suposatzen zuten 78ko erregimenarekin, jabetza eta akumulazio pribatuan oinarritzen zen lege sistemaren aurrean sozialismoaren hautua aktiboki bere eginez eta Espainiaren zatiezintasunaren ordez autodeterminazio eskubidea eta independentzia aktiboa gauzatzen baitzuten. Programa politiko honek ezintasun nabarmenak zituen estatuen barne politiken araudietan txertatzeko, Euskal Herriko mugimendu iraultzaileek Estatu espainolak politikari ezartzen zizkion mugak etengabe
gainditzen baitzituen. Era berean, 78ko konstituzioaren irabazlea zen (eta mantentzen den, noski) bloke oligarkikoak programa politiko honen gauzapena legalki zein ilegalki erreprimitzen zuen, guztiz bateraezina baitzen geopolitikan Estatu espainolari ezarritako akumulazio ardurekin zein barne- politikarekin. Egun ikus dezakegu nola marko konstituzionala
ezkerretik gainditzen duen mugimendu politiko oro sistematikoki erreprimitua den, eta nola ez den berdina gertatzen Europar Batasunetik exijitzen diren aldaketa konstituzionalekin.

Gure partetik, memoria ariketa bizia egitea dagokigu komunismoan gizartea antolatzeko modu etiko, arrazional eta justu bat aurkitzen dugunon artean. Historiaren amaiera ez da gauzatu, eta mendebaldeko gizartean proletarioa biderkatzen ari den honetan independentziaren eta sozialismoaren zehar lerroak egungo testuingurua ekartzea dagokigu. Langileon kontzientzia iraultzailea minduta eta ia desagertuta ageri zaigu, porrot lazgarrien ondorioz zauritua eta lan dinamiken eraginez zatitua. Konbentzimendua dugu ordea subjektuak eraiki egiten direla, diskurtsoetatik haratago. Programa politikoen arrazionaltasunak gizartearen barne dinamikei erantzuten die, eta egun gizartearen deskonposizio fenomeno baten hasierako uneetan aurkitzen gara. Bidea bere osotasunean egiteko dago, beraz.
Elkartasuna gizartearen oinarri etikoa izango den eta harreman komunitarioek gorpuztuko duten Euskal Herriaren aldeko apustua egin dugunok ezinbestean gure borroka historikoaren partaide izan direnen memoria bizitzea dagokigu. Honenbestez, Pasaiako Sarraskian erail zituzten borrokalarien memoria gure egiten dugu eta apustu historikoa partekatzen, Euskal Herriaren askatasunaren aldeko eta kapitalismoaren aurkako lema.

Amaitzeko, behar- beharrezkoak iruditzen zaizkigu urte luze hauetan martxoaren 22ko zein hurrengo egunetako gertakariak argitzeko egin diren lan nekaezinak, bai eta urtero gudari hauen omenez antolatu diren dinamikak. Bat egiten dugu, beraz, hurrengo egunetarako antolatutako ekintzekin.

Gutako asko Hernaniko Kontrakantxa gaztetxean gaude, Gipuzkoako Gaztetxe eta Gazte Asanbladen Topaketetan. Horrenbestez, ezingo dugu Azpeitiko ekintzetara edo omenaldietara joan, baina horren jakitun, keinu hau egin nahi izan dugu.

Batu grebara! Batu iraultzara!

“Proletargoaren iraultza da eskolarik hoberena. 
Historia da huts egiten ez duen irakasle bakarra“.

Rosa Luxemburg.

Gaur egungo sistema kapitalistaren koiunturan, aurrera begira lanean eta borrokan jarraitzeko ezinbestekoa da atzera begira jartzea. Emakumeek era guztietako jazarpenak jasan izan dituzte historian zehar. Emakumea subjektu zapaldua izan da historikoki. Zailtasunen aurrean beti erakutsi du borrokarako grina, iraultzarako indarra eta gaitasuna.

Martxoaren 8a emakume langileon borrokei oso lotuta dago. Emakumeak lan merkatura sartu ziren unetik bertatik jasan behar izan zituzten lan baldintza prekarioak. Jazarpen horiek salatzeko eta beren eskubide politikoak eta ekonomikoak aldarrikatzeko deitu zituzten mobilizazioek emakume langileen askapen borrokaren historia markatu dute. Horren erakusle dira, 1911ko New Yorkeko sutearen osteko mobilizazioak, Errusiako emakume langileen protestak 1917an, Lawrenceko 1912ko ‘Pan y rosas’ izeneko mugimendua, ehungintzan aritzen ziren emakumeen mobilizazioak, Bartzelona eta Hernani, kasu. Protesta eta borroka horiek guztiak irakaspenak dira guretzat. Horregatik, ozen diogu: martxoaren 8an ez dugu ezer ospatzeko! Historiak erakutsi digu martxoaren 8a borrokarako eta kalera ateratzeko egun bat izan dela, eta gu, aurtengo greban ere, horretan berresten gara.

Argi daukagu dominazio kapitalistak ekonomiaren eta produkzioaren esfera gainditzen duela eta gure bizitzako esparru guztietan eragiten duela, gure gorputzak ordenatuz eta kategorizatuz. Bere dominazio forma guztiak naturalizatuz eta gure bizitzen gaineko kontrola kenduz. Horrela, gure bizitzetako esparru guztiak ideologia dominatzailearen terminoetan eta bere interesen arabera ordenatzen dira. Horren barnean sartzen dira emakume langilea behin eta berriro zapaltzeko sortutako instituzio eta egitura guztiak: familia egitura nuklearra, lanaren banaketa sexuala, zaintza lanen ‘feminizazioa’, gure gorputzen sexualizazio basatia, indarkeria estrukturala, haurdunaldiaren merkantilizazioa, soldata arrakala, genero sistema binarioa…

Kapitalismoak sostengatzeko eta sistema birproduzitzen jarraitzeko –kapitala metatzen jarraitzeko–, beharrezkoa du langile klasearen erreprodukzioak bere baitan sortzen dituen zaintza lanei erantzutea. Azken finean, produkzioaren esferan egiten den lana sostengatzeko beharrezkoa da egunero jatea, haurrak eta adinekoak zaintzea, arropa garbitzea… Eta lan horiek guztiak norbaitek egin behar ditu. Gaur egun, baliabide ekonomikorik ez duten emakumeek beren gain hartzen dituzte zaintza lanak. Aldiz, azken urteotan garatzen eta zabaltzen ari den zaintza eredua emakume migranteen esplotazio basatian nahiz guztiz ‘feminizatua’ dagoen sektore honen lan baldintza prekarioagoetan oinarritzen da –-azken hilabeteetan erresidentzietan egiten ari diren grebek erakutsi diguten bezala–. Merkantilizazio honekin amaitzeko, beharrezkoa da zaintza lanen berrantolaketa soziala, esplotazioan oinarrituriko produkzio eredu honekin amaitzea eta elkartasunean oinarrituko diren harreman sozialak eraikiz zaintza lanak kolektibizatzea.

Beraz, kapitalismoak aldarri feministak edukiz hustu dituen garaiotan (Inditexen ‘feminismoa’ kasu) martxoaren 8a aldarriz betetzea tokatzen zaigu. Egun horren atarian ezin ditugu aipatu gabe utzi egunero egunero kalean, etxean nahiz lantokietan  emakume langileon eskubideen eta askatasunaren alde borrokan ari diren emakume guzti horiek. Askatasunaren eta emantzipazioaren borroka ezin dugu bereizi gizartearen eta gure arteko harreman sozialen eraldaketatik. Egunero dagokigu borrokatzea, feminismo aldarriak kalera ateratzea, gure militantzia esparruetan borroka honi behar duen garrantzia ematea, gure eskubideen defentsan lan egitea, indarkeriaren aurka autodefentsa antolatzea…

Horregatik, martxoaren 8ko greban gu ere kalera aterako gara. Era berean, dei egiten dugu Azpeitiko eta tokian tokiko mobilizazioetan eta prestatutako ekintzetan parte hartzera, eta zapalduon aldarriak lau haizetara zabaltzera.

Batu eguneroko borrokara! Batu iraultzara!

Kalean ikusiko dugu elkar!

Martxoak 3: kontzientziaz, independentziaz eta borrokaren memoriaz

1976ko martxoaren 3a. Pedro Mari Martinez, Francisco Aznar, Romualdo Barroso, José Castillo eta Bienvenido Pereda erailak dira polizia frankistaren eskuetan, eta beste ehundaka langile balaz zaurituak Gasteizko Zaramaga auzoan. Gasteizko Langileriak bi hilabetetako borrokaldia odolez itzaltzeko oldarraldi basatia bizi izan zuen, Martin Villa eta Manuel Fragaren agindupean, martxoaren 3ko greba hartan.

2019ko Martxoaren 3 honetan, gertakari latz haien inguruko hausnarketak egitea dagokio Euskal Herriko Langile Mugimenduari. Zentzu honetan, Kontu Lepo ere bere alea jartzera dator.

Oroimenaz ari garenean, ez gara soilik erailen eta zaurituen memoria historikoa bizirik mantentzeaz ari. Beren bizitza gainontzekoen bizi baldintzak hobetzeko borrokan utzi duten langile guztien aldeko miresmena, ozen eta harrotasunez aldarrikatzen dugu, noski. Baina honez gain, hausnarketak badu bigarren dimentsio bat; gertakari historiko haien testuinguruaren berezigarritasunak aztertu beharrean gara, gaur bizi dugun testuinguruarekiko dituzten antzekotasunak azalera ateratzeko. Modu honetan soilik ikas daitekeelako borrokaren historia.

Gure herriko, zein munduko historia garaikidearen liburuko orriak idazteko erabili den tinta gorria, ez zen Zaramagan soilik isuri, eta are gutxiago han agortu. Bere egoeraren kontzientzia duen, eta ondorioz bere beharrei erantzuteko antolatzen den langileriak, beti aurkitu baitu aurrean kapitalaren instituzio politikoen ofentsiba basatia. Izan ere, klase borrokak kontrakotasun maila gorena hartzen duenean, ura bezain garden ageri da etengabe talkan aurkitzen diren bi subjektuen arteko gatazka politikoa.

Honekin zer esan nahi den? Bada, langileriak, independentzia politikoz edo bere ekinbide propioz sortu dituen borroka molde eta instituzioak taularatzen dituenean, langile boterea gorpuztu eta taularatzen duela. Honela, menderatzaileen boterea edo botere burgesa garaituko duen iraultzaren ernamuina xake taulan jartzean, ekinbide horrek berak, erakusten dio langileriaren etsai politikoari, burgesiari, bere boterearen muga.

Zentzu honetan, Gasteizko Greba egun beltz hartako gertakarietan soilik pausatzeak, bigarren hausnarketak gordetzen duen potentzia politiko guztia ukatzea suposatuko ligukelako, osorik helduko diogu errelatoari. Ez da beraz, martxoak 3 diogunean, egun soil bat aldarrikatzen dena, egun hartan Polizia Frankistak xehetu nahi izan zuena, langile independentziaren gaitasun politikoa bera izan baitzen.

Zehazki, Gasteizko langileek Frankismoaren urte latz haietan zehar bizi zituzten baldintza penagarrien aurrean gauzaturiko hamaika borrokatan, hau da, praktikan, euren egoerari eta baldintzei modu eraginkorrean erantzuteko beharrezko kontzientzia hartu zuten, esperientzia zehatzetako irakaspenen emaitza gisa. Irakaspenak, bai, eta ez nolanahikoak.

Hasteko, Gasteizko langileriak, ordurarteko borroketan, euren eta kapitalaren instituzio ezberdinen artean bitartekari gisa aritu ziren sindikatu eta alderdiak alde batera utzi, eta euren instituzio propioekin ordezkatu zituzten, “botere guztia asanbladara!” aldarriaren atzean batuz. Langileriak bere erabakien berme bakartzat bere burua ulertu zuen beraz, borrokak piztutako kontzientzia borrokaren lehen lerroan kokatuz.

Lema honek ondo agertzen du garai hartan Arabako hiriburuan bizi zen testuingurua: egunero izaten zen asanbladarik fabriketan, asanblada orokorrak astean bitan… Asanblada zen langileen erabaki marko, eta beraz, boteregune politiko. Fragak azalduko zuen bezala, asanblada hauek Soviet txikiak ziren eta beraz, zapaldu egin behar ziren.

Une historiko honetan, idependentzia politikoaren adierazpide hauek erakutsiko zuten borrokaren indarra biderkatzeko gauzatu beharreko jardunaren norabidea. Lanpostuetako gatazketan erein zen hazia, izugarrizko abiaduraz, langile guztien, hots, etxekoandre, ikasle, jubilatu, dendari eta abarren borroka bihurtu zen. Independentzia politikoa, elkartasuna eta borroka batasuna, praktikan gorpuztuta.

Baldintza hauetan iritsiko zen 1976ko Martxoaren 3a. Burgesiaren boterea kontrajartzen zuten indarrak kalean, klase borrokak dimentsio gorena, eta beraz, dimentsio gordinena hartuko zuen.“Demokrazia” eta “trantsizioa” bolo bolo zebiltzan garai haietan.

Lehenik tiro hotsez ixildu zituzten batzuk, eta atzetik etorri zen atxilotu uholdearekin ixildu zituzten oraindik bizirik geratzen zirenak. Ehundaka ziren martxoaren 3tik aurrera atxilotzen joan ziren langileak. Biolentzia politikoa, klase borroka, etsaiaren anikilazioa.

Ez al zen beraz, erreforma demokratikorik izan? Noski baietz; eta horixe da erreforma demokratikoaren edukia. Bortxakeria politikoa, odola, heriotza, dominazioa eta zapalkuntza, burgesiak langileriaren bizitzarekiko duen aginte gaitasuna antolatzeko beste modu bat. Izan ere, Demokrazia, Faxismoa bezala, burgesiaren antolaketa politikoaren forma bat, maskara bat, katamalo bat besterik ez da. Karetaren atzean ordea, beti ageri da aurpegi bera. “Trantsizio demokratikoekin”; ezin dira klase antagonismoak ezabatu, bai ordea areagotu.

Fusila langileen muturrean ipinita ezarri zen demokrazia burgesa eta fusilen indarrez mantentzen da gaur egun. Burgesiak duen guztiarekin eta unitarioki, hau da, klase batasunez, erasotzen du bere boterea zalantzan jartzen duen langile mugimenduaren edozein adierazpide. Gasteizkoa horren adibide garbia dugu. Hau ez aurreikustea eta zentzu honetan inozoegiak izatea izan zen seguruenik langile mugimendu eredugarri hark egin zuen akatsik larriena eta garestia izan zen akatsaren ordaina.

Behin betiko zapaldu nahi izan zuten mugimendu hark ordea, gaurko langileon oroimenean gogor erroturik dirau eta garaipenerako gako garrantzitsuak utzi ditu zapalduon memorian. Langileriaren independentzia politikoa, erabakietan parte hartze zuzena eta klase batasuna garaipenerako premisa gisara.

Teoria ta praktika

Askotan aitu izen det lagunen ahotik filosofia teoria hutse dala, hauek asko hitzeñ ta gutxi itebela. Hori esatebenak badakebe arrazoi puntu bat.Filosofiak historiyen ziher plano teoriko ta praktikue separatzeko euki izen dun jarreriekin lotuta dao filosofiakiko daon iritzi komun hori.

 Nietzsche filosofo alemanak korronte filosofiko jakiñ horri ( Mendietan zehar indarrien eon dana ) “Metafisika” o “Esentzialismo”  deitzeio. Eskema filosofiko jakiñ hori ibiltzebenak, berriz, Esentzialistak o Metafisikuek die. Eskema filosofiko hori jerarkikue da, bertan, ideie plano praktikuen gañetik kokatzea. Zeatiken? Realidade praktikue mobimientuen, aldaketan daolako, plano teorikue o ideana, berriz, ez. Beste era batea esanda, Metafisikuen kontzeptu filosofikuek estatikuek die, eztie moitzen, eztebe aldaketaik jasaten. Gustoa daude espekulaziyo teorikuen tronuen ostik in gabe.

 Realidadiek, aldiz, bai jasateu aldaketie, bertan kokautako objektu oro bai daola influentziauta aldaketa hauetaz. Horreatik, kontzeptu teoriko hoiek perfektuo die realidadeko objektuek baño.

 Marxen obriei in al dakiokegu metafisikuei iteioun kritika hori?.  Honek eztakar egi absolutu bat, marxen kontzeptuek eztielako estatikuek, alda iteielako denboran ziher, plano praktikuen daudelako kokauta ta horreatik mobimientuen daudelako. Bean obrie, guretzako herramienta gisa ulertze deu relidadie ulertu ta transformau ahal izeteko.

 Ya aurreko esaldiyen klaru gera dan bezela, kontzeptu hauek eztie plano teoriko huts baten kokatzen, baizik eta kontzeptuek praktikan realizatzeie. (Praktikan realizatzie ulertzeko iImajinau patinatzeko ranpla batetik behera  deslizatzean sujetu bat.) Horreatik, Marxek kapitalan formula orokorran berri emateigunien ( D-M-D’ ) gero hau realidadien nola ikustean azaltzeigu, hau da, ekoizpen ta zirkulaziyo prozesuen hau nola aplikatzean azaltzeigu adibide konkretuen bidez.

  Metafisikan inguruko ezkortasune azaltze deu militantzia esparruen, ( Ta ondo inda!), horreatik esate deu “ Elkartasun” kontzeptuek eztakela zentzuik ezpada praktika ematen, ez baiou albokuei laguntzen.

 Esan deun bezela, Marxen kontzeptuek eztie egi absolutuek, aldaketan daude, gaur egungo langile klasiek realidade konkretu hontan jarri ber dtu operatzen, beraz, kontzeptu hoiek. Honekin eztet esan nahi eztienik baliagarriyek, baizik eta kondiziyo  objektibo ta subjetibo konkretuek baldintzauek diela esan naet.

 Kontzientziye ( Aparentemente elemento subjetibo bezela ulertue)  kondiziyo objektibuez  baldintzaue da. Kontzientziye ezta “porke bai” sortzen. Jendiek erosotasun maila jakin bat dakenien eztu iraultzien berra sentitzen, baño aber ze pasatzean hipotekie ezin dunien pagau o San sebastiantean ya ezin ditunien gulak jan. Ja! .

 Ta kontzientziyek zerbait guztiz abstraktue emateun arren, ezin tzakona eskuekin heldu, kontzientziyek realiza in ber du praktikan egunerokotasunien aurrea ematen ai gean iraultzien bidez. Zentzu hontan, filosofiye langile klasiek realizatzeu.

Besteik pe, “Hitza ta ekintza!”.

APUNTE ZAR BATZUK (14, 15, 16 eta 17 atalak)

Kompetentzia, monopolioa, merkatua, batazbesteko prezioa, kapital produktiboa, komertziala, finantzieroa, apunte historikoak…

  1. SARRERA
  2. JATORRIZKO ERLAZIO EKONOMIKOAK
  3. ALDAKETA BALIOA
  4.  DIRUA
  5. SOBERAKIN EKONOMIKOA
  6. SOBERAKINEN KUDEAKETA SISTEMA EZBERDINETAN
  7. KAPITALISMO MERKANTILAREN BILAKAERA
  8. SOBERAKINEN APROPIAZIOA SISTEMA KAPITALISTAN
  9. KAPITAL PRODUKTIBOA
  10. BAINA, ZER DA KAPITALA?
  11. KAPITAL AKUMULAZIOA
  12. GAINBALIO ERLATIBOA ETA TEKNOLOGIA
  13. KAPITALISMO INDUSTRIALAREN GAINEKO APUNTE HISTORIKO BATZUK
  14. BATAZBESTEKO IRABAZIA, MERKATUA, KONPETENTZIA ETA EKOIZPEN PREZIOA
  15. KAPITAL INDUSTRIALA, KOMERTZIALA ETA FINANTZIEROA
  16. KONPETENTZIA ETA MONOPOLIOA
  17. AZKEN BI MENDEETAN KONPETENTZIAK EMANDAKO BILAKAERAREN BAINEKO BESTE APUNTE HISTORIKO BATZUK
  18. IRABAZI TASAREN ERORKETA ETA KRISI KAPITALISTA SAIESTEZINA
  19. SISTEMA EZBERDINEN KOEXISTENTZIAREN INGURUAN
  20. SOBERAKINEN APROPIAZIOA SOBIETAR BATASUNEAN
  21. KRISI KAPITALISTA AUKEREN ITURRI

Produkzioaren esparrutik zirkulazioaren esparruan zentratzera pasako gara gaurko argitalpenean.

BATAZBESTEKO IRABAZIA, MERKATUA, KONPETENTZIA ETA EKOIZPEN PREZIOA


D. Ricardo ekonomialariak, lur aberatsarengatik, errenta handiagoa ordaindu behar dela afirmatzen zuen. Honek, balioaren legearen aurka (orain arte afirmatutako guztiaren aurka) egiten zuen, balioaren legeak, gizakiak eginiko lana dela balioaren iturri bakarra esaten duelako eta lurra aberatsa edo pobrea izatea kualitate fisikoek, naturalek determinatzen dute. Gai honi hainbat buelta eman ostean, Marx-ek hainbat aurkikuntza garrantzitsu berri egin zituen, batez ere, merkatuaren esferaren bueltan zebiltzan kategoria berri batzuk aurkituz eta bere tokian kokatuz. Honela, errenta absolutuaren gaiak ere, balioaren legearen arabaera ziharduela erakutsi zuen (eta beste hainbat ondorio atera berekin).


Marx, ondorio honetara iritsi zen: lur aberatsago batekin, lan gutxiago eskatzen duenez, nekazal produktu bera ekoiztu daiteke prezio baxuagoan. Lur pobreago batek beraz (lan denbora gehiago eskatzen duelako, hau da, balio handiagoa objetibatzen du bere produktuetan) balio txikiagoa duten produktuekin konpetitzean (hau da, merkatu prezioa baino txikiagoa duten produktuekin), ezin du ordaindu errenta diferentziala. Alderantziz, lur aberatsagoetako produktuek prezio txikiagoak dituzte eta orduan aparteko-irabazia ateratzen dute (gainbalioa batazbesteko-irabazi bezala berdintzen da, baina gainera aparteko irabazi bat jasotzen du extra, produktu horren balioa orokorrean ekoizpen prozesuaren prezioaren, edo bestela esanda, batazbesteko irabazien azpitik dagoelako).


Marxek honekin, merkatuaren (kapitalaren zirkulazio momentua) eta konpetentziaren (merkatuko mekanismoa) gaiari helduko dio, izan ere, ekoizpen adar bateko edota estatu bateko produktuen batazbesteko prezioa (precio medio: Pm) berdintze-prozesu baten emaitza da (konpetentziak merkantzia guztien prezioak berdintzen ditu). Hemen beraz bi kategoria azaldu behar ditugu: ekoizpen-kostua edo costo de produccion (Cp: produktuaren ekoizpen osoan aurreratu den diru kopurua) eta batazbesteko irabazia edo ganacia media (Gm). Orain, irabazia, ez da gainbalioaren berdina, izan ere, merkatuan agertzean (kapitalaren zirkulazioan) konpetentziaren logikan sartuko da eta mekanismo honen bidez, gainbalio zati batzuen transferentzia bat ematen da kapital ezberdinen artean (konpetentzia eta monopolioa atalean azaltzen da kontu hau). Ekoizpen-kostuaren (Cp) eta batazbesteko-irabaziaren (Gm) baturak osatuko dute beraz ekoizpen-prezioa edo precio de produccion ((Pp). Ekoizpen-prezioa merkatuan agertzen denez, merkatu-prezioa ere deitzen zaio (Pm).


Bestalde, merkatuan erosterakoan ordaintzen den azken prezioa, ekoizpen-prezioaren inguruan ibiltzen da baina azken merkatu-prezio hori eskaintza eskariak determinatzen du, non zoriaren esku geldituko den (adibidez, ezusteko ekaitzaldi batek Txinako arroz uzta hondatu dezake eta ondorioz momentu batetik bestera arrozaren prezioa igoko litzateke). Baina gogoratu dezagun berriz, eskaintza eta eskariak ez dutela baliorik sortzen, baizik eta banatu egiten dute prezioak berdinduz.


Behin hau azalduta (oso gainetik bada ere) hurrengo atalera egin dezakegu jauzi. Hemen behean, eskema batean azalduta duzue. Capital constante = medios de producción, honela deitzen zaio ez duelako baliorik sortzen, capital variable-ak (lan indarra) aldiz bai.


Pp = Pm.

KAPITAL INDUSTRIALA, KOMERTZIALA ETA FINANTZIEROA


Gai honetan sartzean, berriro (bai berriro) aipatu behar den kontua honakoa da: kapital guztia lan objetibatua da, lana soil soilik. Izan ere, langilea, guztiaren sortzailea, kapitalistaren irabazirako bitartekoa izatera pasatzen da; ondoren, kapitala (langilearen sorkuntza dena) sujetuan eta langilearen helmuga izatera igarotzen da. Honi deitzen zaio balioaren fetitxizazioa edo kapitalarena nahi bada. Hau oraindik handiagoa da kapital komertziala edo finantziarioa (capital que rinde interes) tartean denean. Momentuz, kapital industrialean zentratu gara, izan ere kapital monetarioa (izan komertziala izan finantziarioa) ez da diruarekin trafikatzen duen kapitala besterik.


Orain beraz, kapital komertzialera sartuko gara. Industrialak, gainbalioaren (edo irabazi industrialaren) zati bat elkarbanatu beharko du komertziantearekin, izan ere, merkantzia bere balioaren (edo prezioaren) azpitik saldu beharko dio, baina ekoizpen kostuaren gainetik. Hau da, langilearengandik (explotazio bidez) eskuratutako gainbalioaren zati bat eman beharko dio. Bere balioaren zati bat galdu duen irabazi industriala izango da (eskemako D´1): komertziantearen irabazia (D´2an) eta finantzariari ordaindutako interesa (D´3). Beraz, irabazi guztiak, gainbalioa baino ez dira.


Komertzializazio kostuak (garraioa, embalajea, iragarkiak…) kapital komertzialaren kontura doaz eta ondorioz irabazi komertzialari kendu behar zaizkio (gainbalio industrialaren zati bat dena). Komertzializazio kostuak beraz, kapitalaren desbalorizazio (eta beraz desegite) prozesuak dira. Honek, kapitalaren rotazio abiadura (ez gara sartuko gai honetan) azkartzea exijituko du, antolakuntza handitzea eta kapital komertzialaren kontzentrazioa, modu honetan, irabazi absolutuak handituko direlako nahiz eta irabazi-tasa (unitateko irabazten dena) txikiagotu. Beste dimentsio batzuekin batera, kapital komertzialak, industrialarengatik eskuratutako produktuaren merkatua handitu beharko du, eta honek eramango du mundu mailako merkatua ezarri eta muga guztietaraino handitzera. Ez da harritzekoa beraz, Iraultza industrialaren aurreko mendeetan (XV eta XVIII artean) kapitalismo jaioberriaren forma basati eta berritzaileena kapital komertziala izatea, Espainia eta Portugalek gidatuta haseran, “aurkikuntza” eta konkista berriak burutuz, merkatu berriak sortuz.


Kapital komertzialeko langileak aldiz, gainbalioa ekoizten dute, baino modu ez-zuzenean, horregatik kontsideratu daiteke kapital komertzialaren inbertsio moduan (edo kapital komertzialari egokitu beharreko gainbalio industrialaren deskontu moduan).


Bestetik, kapital finantziarioa (capital que rinde interes, edo dirutik zuzenean dirua ateratzen duena), dirua behar duten ekintza industrial eta komertzial guztiak egin ahal izateko autonomizatzen den kapitalaren forma da. Honek ere, ez du behin ere gainbalioa sortzen, baizik eta dagoeneko sortuta dagoen balioarekin trafikatzen du. Kapital forma hau da hasieran kapital komertzialari bere kudeaketa egiteko dirua prestatzen diona, eta amaieran dirua interes eta guzti eskuratzea espero du. Mugimendu guztia beraz, honakoa da: D-(D-M-D´)-D´. hasierako D hori prestamoa litzateke eta parentesi hartekoa kudeaketa komertziala. Azken D´ hori, prestatutako kantitateak + interesak osatuko lukete (D+G); balioaren balorizazioa, gainbalio egikaritua, nahiz eta errealitatean, soilik ekoizpen prozesu industrialean langileari erauzitako gainbalioaren distribuzioa adierazten duen.


Langilea lan egitera derrigortzen den tortura zentruetan, langilearen eta produktuaren nolabaiteko erlazioa antzeman daiteke (T-Mp-P), nahiz eta langileak, bere soldatak bere lana ordaintzen diola pentsatu. Ez daki sarri, bere lan indarra ordaintzeaz aparte, bere lanaren zati bat lapurtzen zaiola, gainbalioaren sortzailea dela (gain-denboran egiten duen gain-lanaren bidez). Ezkutatu egin zaio langileari bera dela guztiaren iturri sortzailea: balioarena, gainbalioarena, irabazi industrialarena, komertzialarena eta finantziarioarena. Badirudi hau guztia ez zaiola berari egokitzen. Humillatua, desjabetua, explotatua, txirotua eta itsutua izan da.

KONPETENTZIA ETA MONOPOLIOA

Hasteko, aipatu beharrekoa da, zenbait mitoren gainetik, eskaintza eta eskariaren oreka ezin da inoiz ere eman, eta gutxiago gainera era perfektuan. Beti daude merkantzia gehiago beharrizan kaudimendunak (solvente) baino, edo alderantziz eta hau konpetentziak konpondu ezin duen gaia da. Desoreka iraunkorra da eta honek, prezioen fuktuazio konstantea eta denboran azkarra dakar, aldagaiak bapatean aldatzen direlako, aldagaiak infinituak izanik gainera, kalkulaezina eta aurre hartzeko ezinezkoa da.


Konpetentziak, ez ditu ez balioak ez ekoizpen prezioak sortzen, ez merkantziak, ez eskaintza, ez eskaria, ez ditu beharrizanak edo eskariak eskaintzarekin berdintzen. Soilik, ekoizpen prezioaren inguruan ibiltzen diren prezioak berdintzen ditu, merkantziaren balioa suposatzen duena. Ondo definituta eta beharrezko tokian jarrita, konpetentzia, merkatuko funtzio edo instituzio propioa da, merkatua bera bezain zaharra. Konpetentzia kapitalista ordea, era beriztuan determinatzen da eta etengabe eta modu orokortu batean sistema kapitalista osoa gainbalioaren sorrera handitzera bultzatzen du.


Aipatu dugun moduan beraz, konpetentziak ez du baliorik sortzen, baizik eta berdindu egiten ditu. Kapital bakoitzak ekoitzitako merkantziak elkarrekin konpetentzia erlazioan jartzean batazbesteko irabazia kalkulatzen da, merkatuaren funtzio nagusia dena. Honek esan nahi duena da, bere konposizio organikoa (edo teknologia aurreratuago edo atzeratuagoa barneratua izatea) dela eta, (aldaketa) balio handiago edo txikiagoarekin ekoitzi daiteke produktua. Merkatuan aurrez aurre jartzean, prezio txikiagoa lortzen dute balio txikiagoa duten produktuek, eta honela, konpetentzia deituriko mekanismoak mesede egten die.


Merkatuaren ikuspegitik, erabilera balio berdinak dituzten merkantziek prezio berdinak eduki behar dituzte. Gertatzen dena da, posible dela erabilera balio berdinak ekoizteko, lan denbora gehiago edo gutxiago behar izatea (hau da, aldaketa balio handiagoa edo txikiagoa izatea). Merkatuarentzat desberdintasun hori ez da existitzen, erabilera alderatzen du batazbesteko prezio (Pm) batekin.


Gutxiago garatutako kapital batek, konposizio organiko gutxiago duelako (sinplifikatuta: teknologia), akabatu egiten da edo gainbalioaren zati bat gehiago garaturiko kapitalera igarotzen da automatikoki. Merkatuak beraz, batazbesteko-irabazia berdintzen du, eta berdintzeak, batazbesteko-irabazia ateratzeak, irabazi mota ezberdinen agerpena ahalbidetzen du: batazbesteko-irabazia, aparteko-irabazia (ganancia extraordinaria) eta irabazia gainbalioaren galerarekin.


Esan dugun moduan beraz, konpetentziak, ekoizpen prozesuan teknologia garatuena barneratu duen kapitalari, balio gutxiagoko produktuak ekoizteagatik, merkatuko batazbestekoaren azpitik prezioa jartzea ahalbidetzen dio. Gutxiago garaturiko kapitalak balio handiagoarekin ekoizten duenez, bere balioaren zati bat garatuagoa dagoen kapitalari transfirituko dio. Gutxiago garatutako horrek ala eta guztiz ere, gainbalioa irabazi dezake, gainbalio hori transfiritutako balioa baino handiagoa bada. Kapital garatuagoak modu honetan egikaritzen du aparteko-irabazia.


Behatu dezagun lau kapitalen adibide sinplifikatu (alde batera utziko dugu ekoizpen prezioa ez konplikatzeko) hau, batazbesteko irabazia berdindua dutena eta beraz dagokigun kontua ulertzeko soilik balioko diguna:


• A kapitalak 10 merkantzia ekoizten ditu 18ko balio unitarioarekin.
• B kapitalak merkantzia kopuru berdina ekoizten du 16ko balioarekin.
• C kapitalak merkantzia kopuru berdina ekoizten du 14ko balioarekin.
• D kapitalak merkantzia kopuru berdina ekoizten du 12ko balioarekin.


Merkatu prezioa edo batazbesteko prezioa 15ekoa litzateke (60/4), eta ondorio hauek lituzte kapital bakoitzaren konportamenduan:


• A kapitalak, 3 unitate galduta prezioan (18 – 3 = 15), transfirituko luke.
• B kapitalak, 1 galduta bere prezioan, transfirituko luke.
• C kapitalak, 1 irabaziko luke, aparteko-irabazi (Ge) bezala jasoko lukeena.
• D kapitalak, 3 irabaziko lituzke, aparteko-irabazi moduan jasoak.


A kapitalak (hasieran konposizio organiko gutxiena zuen, eta horregatik balio handiagoarekin ekoiztuko du: 18 unitate) gainbalioa galdu edo transfiritzen du konpetentzian (4 unitate gainbalio atera izan balitu, 3 galduta ere 1eko irabazia izaten jarraituko du). D kapitalak aldiz, gainbaliorik ez galtzeaz gain, aparteko irabazia du (Ge = 3).


Behartuta dago modu honetan kapitala, lortutako irabazia kuantitatiboki handitzen joatera, haztera, garatzera, hau da, beharrezko lan denbora gutxitzera, gainbalioa handitzera.


Jakinekoa da beraz, teknologia berria sustatu eta barneratzen duen kapitalak gainontzekoekiko abantaila lortzen duena. Dena den, epe motzean, gainontzeko kapitalek imitatu egingo diote, eta ahal badute, berriro galduko du gainontzeko kapitaletatik transferentziaz gainbalioa jasotzeko ahalmena. Modu batean, asmakizun eta aurkikuntza berriek monopolio egoera bat sortzen dute kapital garatuenarengan, izan ere, konpetentziak prezioak berdintzen dituen arren, ez ditu berdintzen merkantzia ezberdinen balio errealak, eta balio gutxiagorekin (eta erabilera balio berdinarekin) ekoitzitako merkantziei gainontzekoak akabatzeko ahalmena emango dio. Asmakuntza teknologiko berria ez da noski ezabatua konpetentziaren bitartez. Konpetentziak, berrikuntza “orokortzeko” joera ezartzen du eta “lege orokorretara azpiratzen du”. Modu honetan, adibidez, Microsoft-ek informatika arloan zuen monopolioa, arlo honetan konpetitiboak diren kapital berriekin disputan sartzen da (Appel konpainiarekin esaterako) eta pixkanaka lege orokorraren baitan funtzionatzera pasatzen da, eta berriki eta astiro, “irabazi-tasaren jaisteko joera” ber-abiatuko da. Irabazi tasaren erorketa eta krisi kapitalista atalean helduko diogu honi.


Monopolioa bestalde, konpetentziaren aurkakoa da; konpetentzia anulatzen du edo eraginik gabe uzten du. Bere helburua, monopolio-prezio bat jartzea da, fikziozko prezio bat jartzea. Monopolioak, bortxa extra-ekonomikoen bidez (ikuspegi kapitalistatik begiratuta) produkzio prezioaren (edo konpetentziak ezarritakoaren) gainetik ezarriko du prezioa (monopolio-prezioa).


Mekanismo asko egon dira bortxaz monopolioa ezartzeko, dominazio sozial eta politikorako erlazio gisa. Konpetentziaren ezarpena bertan bera uzten da. Honela, monopolio-prezioak ezarri eta gainbalioaren dominazioaren bidez dagoeneko irabazten zuena baino irabazi handiagoak metatzea (gainbalioa dutenak fundamentu gisa) ahalbidetzen du. Hau ere kapitalen arteko transferentzia bidez gertatzen da.


Hemen adibide bat: Kafearen erosleek (ez ekoizleek) monopolio-prezio bat ezartzen badiete merkantzia horri botere politiko eta militarra izateagatik (horregatik dute erosketaren monopolioa), saltzaileak, kapitalistak izanagatik, behartuta daude beraien kafearen azken prezioa, merkatu prezioa litzatekenaren azpitik jartzera onartzera (gainbalioa metatzen jarraitzen duten bitartean beti ere).


Aipatu bada ere, konpetentzia eta monopolioa aurkakoak direla, konpetentzia bera monopolioa sortzen joaten da. Esana dugu, kapitalik sendo eta berritzaileenak direla kapitalen arteko lehian irabazle irteten direnak eta honek ezinbestean, lehiakideak akabatzea eta gutxitzea dakar, eta lehiakideak gutxitzeak, monopolioa. Gertakari hau Lenin-ek aztertu eta kapitalismoaren fase imperialistaren gaineko hausnarketa burutu zuen. Izan ere, kapital partikular batzuetan ematen den fenomenoa, ekoizpen adar guztietara zabaltzen da, nahiz eta desberdintasun nabariak izan eskala desberdinetan.


AZKEN BI MENDEETAN KONPETENTZIAK EMANDAKO BILAKAERAREN GAINEKO BESTE APUNTE HISTORIKO BATZUK

Lehen Iraultza industriala Ingalaterran antolatu zen batipat, bi puntako ekozpen adarren gainean: ehungintza eta arma industria (lurrunezko makinaren indarrez baliatuta), atzetik nekazaritzaren industrializazio motela zuen (ikatzez elikatutako lurrunezko makina berarekin eta burdina ekoizpen prozesu guztian edo produktu beraren material zentrala izanik). Itsasontziak, orain burdinezkoak, eta geroago ferrokarrillak, lurrunezko makina bera erabiliz, lur zein itsasoko distantziak txikitu zituzten (kapitalaren rotazioa eta metaketa azkarrago egitea ahalbidetuz), ahalbidetuz baita ere ganduaren bitartez tiraka edo belaontziaren bidez mugitzea ezinezkoak ziren tonelada kopurua garraiatzea. Hau guztia, XVIII. mendearen amaieratik XIX. mendean ondo sartu arte. Marx, ekoizpen adar hauek garatzen ari ziren bitartean bizi izan zen.


Antolatzen ari zen Iraultza teknologiko berri bat, irabazi tasaren jaitsierako tendentziari aurre egin nahian zetorren. Ekoizpen adar funtsezkoak hauek izan ziren kasu honetan: automobilena (Ford eta General Motor-en eskutik) eta abiazioa geroago. Elektrizitateak energia iturri moduan eta petroleoak ikatza ordezkatu zuten. Estatu Batuetan eta Alemanian konglomeratu handiak osatu ziren, General electric eta Siemens esaterako. Argi elektrikoak, zineak, irratiak eta geroago telebistak, gizakiaren eguneroko bizitza aldatu zuten. Eskutan izan zitezkeen instrumentu guztiek erabiliko dute energia mota berria, merkantzia kantitate berri ikaragarria ahalbidetu zuen. Komunikazioak azkartu egin ziren telegrafoarekin eta kontinentearteko telefonoarekin. Imperialismoa sortu zen kapital finantziarioaren kolpearekin, non, kapital kantitate ikaragarriak zentralizatzera iritsi zen. Lan prozesuan sistema guztia berrantolatu zen, fordismoaren kateen azkartasunak eta produktibitateak ahalbidetuta. Leninek, kapitalismoaren fase berri hau deskribatu zuen. Hau, XIX. mendearen amaieran eta XX. mendean ezartzen joan zen.


Berriki izan dugu beste Iraultza teknologiko bat berriro, beste ekoizpen adar batzuk muturrean tiraka jarrita. Hau, energia atomikoaren, energia berriztagarrien garapenaren eta batipat teknologia elektronikoaren eskutik etorri da. Azken honek berrikuntza handiak eskaintzen ditu azkartasunari, zehaztasunari, komunikazioko aldagaien erabilerari, antolakuntzari, erabakiak hartzeari, planifikazio kalkuluak egiteari eta beste hainbat konturi dagokionean. Honek ekoizpen prozesuko momentu guztiak eraldatzen ditu, baita ere distribuziokoak, publizitateari dagokionak, erabaki politikoen prozesua berari edota kontsumoari dagokionak, non, askoz kontsumo indibidualizatuago bat egikaritzen duen. Gainera, plastikoa, aluminioa edo litioa bezalako material berriak, merkantzien konposaketa fisikoan ezinbesteko bezala txertatzen dira. Japonia izan zen lehena erlojuak, autoak, industriako eta etxerako instrumentu guztiak digitalizatzen. Estatu Batuek eta Europak hegemonizatzen badituzte ere adar hauetako konpetentziak, espazioak zabaltzen ari dira India eta Txina esaterako, herrialde berriak industria berri hauen garapen sakona emateko. Puntako adar hauek berrantolatu egiten dira konglomeratu transnazionaletan eta beraien kapital industriala, periferian kokatzen ari dira.


Aipatu behar da, bestalde, irabazi-tasaren jaitsiera tendentziari aurre egiteko saiakera, gero eta ataka estuagoetan ari dela sartzen. Izan ere, irabazi-tasaren jaitsiera tendentzial hori da kapitalaren des-egiteko (des-balorizaziorako) funtsezko prozesua, eta beraz, baita epe luzean kaptalismoa existitzeko oztopoa ere. Garbi dago Marxentzat, elkarren segidako iraultza teknologikoek ahalbidetuta (beti ere kapitalaren suntsiketa prozesu luzeak aurrekari moduan dituztenak), kapitala aurrera irtengo zela berriz ere. Baina, baldintzak estutzen joango ziren, momentu batean muga absolutua agertu direlarik. XXI. mende hasiera honetan, nabarmen azaleratzen ari dena da, Marxek aurkitutako irabazi-tasaren jaitsierarekin batera (krisialdiak gero eta maizago eta sakonago gertatzen dira), Lurrean gertatu den bizitzaren suntsiketa handiena eta pobrezia gero eta erro sakonagoekin (Europa kapitalistan barne).

Berdintasuna non eta nola

Mugitzen ari da mundua. Ez da zalantzarik. Emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasun aldarria gero eta ozenagoa da kaleetan, lantokietan, telebistan nahiz irratian… Horren adibide da azken asteotan emakumezkoen futbolak hartu duen sona. Athletic-eko neskek San Mames barria bete zuten, Europan inoiz emakumezkoen partida batean izan den ikusle kopururik handiena erdietsiz. Handik astebetera, talde beraren eta Errealaren arteko partidak hogei mila ikusletik gora bildu zituen berritze prozesuan den Anoeta estadioan.

Pozik eta harro agertu da euskal progreen mugimendua lorpen horiekin; eta bizitza guztia futbolaren miseria eta gaitz guztiak salatu diztuzten askok ez dute aipatutako partiduetara joan edo horiek goraipatzeko lotsarik izan. Gizonezko eta emakumezko futbolarien arteko soldata arrakala salatu dute, hori bai; lotsagarria baita emakumezkoek ez kobratzea gizonezkoek kobratzen dituzten miloi pilak.

Jon Sarasua bertsolariari entzun nion behin Hondarribian Alarde mixtoaren “ez-oso-alde” bota zuen bertso baten azalpena. Haren ustez kontua ez zen berdintasunaren izenean emakumezkoek gizonezkoen ohitura txarrak hartzea; bota zuen bertsoan emakumezkoak Alardean parte hartu ez, Alardea bera kendu beharko litzatekeela bota bide izango zuen, martxa militar hura gaitzeste aldera. Ez omen zion bertso hark emakumezko askori grazia handirik egin, eta nola halako begiradak jasan behar izan zituela azaldu zuen Sarasuak.

Antzera pentsatzen dut futbolaren gaiarekin. Jakitun bagara gaur egungo gizartearentzat zer nolako gaitza dakarren futbolak, zergatik jarri emakumezkoen futbola ere maila horretan? Ahaztu al zaigu Athletic-eko neskek bete zuten San Mames barria EAEko diru publikoz eta langile atzerritar askoren miseriaz baliatuz eraikitakoa dela? Edo Anoetan ordaindu zuten sarrerako dirua Euskal Herriko arma enpresa handienetako baten nagusiaren (Aperribai jauna) poltxikora doala?

Edo argiago ikustearren; torero emakumezkoak hasiko balira korridetara joaten hasiko ginateke? Apaizak jaunak beharrean andreak balira kristau egin eta mezetara joango ginateke? Edo AHTaren arduradun nagusia Arantza Tapia dela eta tren horren alde jarriko gara?

Ez dakit nik non dagoen neurria; beharbada emakumezkoen futbolaren bat-bateko gorakada honek neska gazte asko animatuko zituen futbolean hastera herriko taldeetan. Eta hori positiboa da ezbairik gabe. Hobe litzateke gazteen maila bakoitzean herrietako klub guztiek nesken talde bana izaten jarriko balirateke indarrak, eliteko taldeak are elitekoago egiten jarri beharrean.

Berdintasunaren aldekoa naiz ni. Berdindu gaitezen behean ordea, ez goian, eta gizonezko futbolariek kobratu dezatela emakumezko etxe-garbitzaile baten soldata. Goikoak behera alegia, ez alderantziz. Edo are gehiago, sortu dezagun soldatarik gabeko gizartea.

Eta toreroak harrapatu ditzatela zezenek, apaizak desagertu bitez eliza guztiak erre direlako, eta demokrazia burgeseko goi-karguak gilotinatu ditzagula, denak berdin-berdin.

Bizi Komunalaren eraikuntza

Hausnarketa politikoa iraultzailea eta denboran jarraia izateko, berau pentsatzen diarduten kideen jardunak ala izan behar du ezinbestez, zerbait lortu nahi bada epe luzera begira. Hausnarketa eta gure eguneroko jarduna ezin baitira elkarrengandik bereizita ulertu. Hausnarketa eta jarduna modu kolektiboan bakarrik uler litezke iraultzaile, eta kide guztien bizitza osotasunena harturik landuko den marko horri deitzen diot nik komunala. Komunala ez da ezerezean sortzen, komunal konkretuaren izaearak printzipio politiko batzuei erantzuten die, ideologia bati, hau da, mundua ulertzeko eta bertan jokatzeko modu batzuk barnebiltzen ditu.

Goian idatziriko lerro hauek, komunal hitza erebiltzen dudanean zeri buruz ari naizen zehazteko saiakera da.

Sistema kapitalista hautsi eta alternatiba errealak eraikitzeko ezinbesteko herraminta dugu komunala, eta honen eraikuntzarako elementu klabeak aurkitu nahian gabiltza aspalditxo. Errezeta milagrosorik ez dela jakitu, baina bai badirela errezeta ezberdinak eraiki nahi denaren arabera, elementu hauen prioritatea da sarri eztabaida gai dagoena.

Bizi garen testuinguru honetan, non erlijio, mistizidade eta fantasia hororen lekua hain den txikia, eta ikusten ez den hori azaltzea horren zaila, materialak naiz diruak hartu du izate guztiaren zentralitatea. Honek kapitalaraen boterea noraino iristen den ikusteko balio digu, eta  ondoen kontrolatzen(bitarteko produktiboen jabe den einean) duen esparrura eraman du mundu ulerkera kolektiboa, esparru materialera.Hori dela eta komunalen eraikuntzan martxan jartzen den lehen dinamika, behar izan material eta ekonomikoak asetzera begirakoa da. Behar hau asetuta ez izateaz gain, gizarteak bere egunerokoa beharrizan material naiz ekonomikoak bermatzera begira antolatzen baitu, honi zentralitatea emanez. Ondorioz komunalen eraikuntzan gabiltzanok, hori reproduzitzen dugu, hasieran beintzat. Lenengo urteetan materialaren dinamika hau zentralitate gisa planteatzeak ez du arazo garrantzitsurik sortu beharrik, baina helburu hau lortzeko dauden zailtasunak kontuan hartuz gero epe luzera begira dinamika zentralera elementu gehiago sartu beste aukerarik ez da izango. Honen zergatia azaltzen saiatuko naiz. Diru/Material zailtasun hauei aurre egin ahal izatea, kideek proiektuarekiko duten konpromiso maila altuak bakarrik berma dezake. Baina behar izan material eta ekonomikoen bearrezkotasunaz konstiente izateak ez du bermatzen kideen konpromiso maila, ulertzekoa da, beste gabezi eta behar askoz osatuta baitgaude. Kideen konpromiso maila altua bermatzeko ezinbestekoa da komunalak bere erdigunean bizitza osotasuena ulertuko duen dinamika izatea. Dinamika honek kideen behar guztiak kontuan hartzea izan behar du helburu.

Komunaleko kideen arteko lotura afektibo-emozional indartsuak eta kideen artean adostutako ideologia batek(mundua ulertzeko eta gauzak egiteko modua) bakarrik berma lezake adostutako helburuak lortzera begira, beharrezkoa den konpromiso maila.

Baina hau ez da ikusten, ezin da ukitu, eta ezin da diruarekin erosi, hau sentitu egiten da eta egungo testuinguruak asko zailtzen du hau guztiari behar duen garratzia ematea, hau guztia lantzea. Honek gaur egun horren konplikatuak diren harreman iraunkorrak exijitzen ditu, gure harreman partzialak eta behar konkretuei erantzuten dietenak zentzua galtzen dute komunalen eraikuntzan. Honekin ez dut esan nahi harreman hauek kaltegarriak direnik, baizik eta partzialak direla soilik, eta ez direla erabilgarriak komunalen eraikuntzan. Harreman mota hauekin ezin da bizitza osotasunean planteatu, finean eztabiada partzialak izango dira, ondorio partzialekin. Eskolako lagunak, laneko lagunak, poteoko lagunak, kirola egitera joateko lagunak, negar egitekoak, parre egitekoak, narrutan egitekoak, astean bein  afaltzekoak… banatu eta banatu.

Honekin komunalek planteamentu politiko gisa duen garrantzia azpimarratu nahi izan da, eta berau aurrera atera ahal izateko egin behar den lanketa kolektiboan berebiziko garrantzia duten elementu batzuk azpimarratzeko aprobetxatu da tarte hau.

Kontukomeri

Esklabetako proiektu komunitarioaren inguruko batzarra, ostiralean

Datorren ostiralean, otsailak 15, bizitza komunitarioaren eta autogestioaren gainean azken hilabeteotan Esklabetako ezker hegalean garatzen joan garen proiektuaren inguruko bilera informatiboa egingo dugu. Batzarra 18:30ean hasiko da, eta Azpeitiko Gaztetxean izango da. Azalpenak amaitu ostean luntxa egongo da bertaratzen direnentzat. Herritarrei dei egiten diegu batzarrera hurbil daitezen.

Badatoz ‘Oroimena Ez Da Delitua!’ jardunaldiak

Lehengo urtean Errepresioaren Aurkako Eguna antolatu zen gure eskualdean lehen aldiz Altsasuko eta Oreretako gazteen kasuak zirela eta.

Aurten, horrelako ekimenak antolatzeko arrazoiak deuseztatzetik urrun, eskualdeko kide bat Audientzia Nazionalerako deiaren zain daukagu ekainean atxilotua izan ostean. Gasteizen Gudari egunean gudariei gorazarre egitea eta biktimak iraintzea egoztearen aitzakiapean eman zuten atxiloketa hau, Galdakaoko eta Etxarri-Aranatzeko beste bi kiderekin batera atxilotu zuten. Argi ikusten da Euskal Herriko gatazka politikoaren aurrean euren errelatoa inposatzen jarraitzen dutela, zapaltzaileen aurka egindako borrokak desitxuratuz.

Izan ere, Estatu Burgesak hainbat errepresio forma erabiltzen ditu bere ordena zalantzan jartzen saiatzen den ororen aurka, kontrol sozialaren, karga polizialen, isunen eta beste hainbat mekanismoren bidez.

Honen aurrean, historiaren irakurketa propioa garatzea eta sistema kapitalistaren aurkako borrokan jarraitzea dagokigu. Horregatik aldarrikatzen dugu errepresioaren aurrean dugun antolatzeko beharra eta kolpeak jasaten ditugunen arteko elkartasuna. Honela soilik lortuko baitugu langile klaseko kideon aurka egiten dituzten erasoak gelditzea.

Hau esanda, Oroimena Ez Da Delitua! lelopean antolatu ditugun ekimenetan parte hartzeko deia luzatu nahi dizuegu. Garaitu nahi gaituzten arren, lanean jarraituko dugulako zapalduon aldeko borrokan.

Jardunaldietan irabazitako dirua iaz atxilotu zuten eta epaiketaren zain dagoen Zestoako kidearen gastu ekonomikoei aurre egiteko izango da. 

OROIMENA EZ DA DELITUA!
ERREPRESIOAREN AURREAN,
ANTOLAKUNTZA ETA BORROKA!

Sarrera zaharrak Sarrera berriak

© 2019 Kontu Lepo