Category: Kategoriarik gabe (1 garren horria 23 -etik)

Berdintasuna non eta nola

Mugitzen ari da mundua. Ez da zalantzarik. Emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasun aldarria gero eta ozenagoa da kaleetan, lantokietan, telebistan nahiz irratian… Horren adibide da azken asteotan emakumezkoen futbolak hartu duen sona. Athletic-eko neskek San Mames barria bete zuten, Europan inoiz emakumezkoen partida batean izan den ikusle kopururik handiena erdietsiz. Handik astebetera, talde beraren eta Errealaren arteko partidak hogei mila ikusletik gora bildu zituen berritze prozesuan den Anoeta estadioan.

Pozik eta harro agertu da euskal progreen mugimendua lorpen horiekin; eta bizitza guztia futbolaren miseria eta gaitz guztiak salatu diztuzten askok ez dute aipatutako partiduetara joan edo horiek goraipatzeko lotsarik izan. Gizonezko eta emakumezko futbolarien arteko soldata arrakala salatu dute, hori bai; lotsagarria baita emakumezkoek ez kobratzea gizonezkoek kobratzen dituzten miloi pilak.

Jon Sarasua bertsolariari entzun nion behin Hondarribian Alarde mixtoaren “ez-oso-alde” bota zuen bertso baten azalpena. Haren ustez kontua ez zen berdintasunaren izenean emakumezkoek gizonezkoen ohitura txarrak hartzea; bota zuen bertsoan emakumezkoak Alardean parte hartu ez, Alardea bera kendu beharko litzatekeela bota bide izango zuen, martxa militar hura gaitzeste aldera. Ez omen zion bertso hark emakumezko askori grazia handirik egin, eta nola halako begiradak jasan behar izan zituela azaldu zuen Sarasuak.

Antzera pentsatzen dut futbolaren gaiarekin. Jakitun bagara gaur egungo gizartearentzat zer nolako gaitza dakarren futbolak, zergatik jarri emakumezkoen futbola ere maila horretan? Ahaztu al zaigu Athletic-eko neskek bete zuten San Mames barria EAEko diru publikoz eta langile atzerritar askoren miseriaz baliatuz eraikitakoa dela? Edo Anoetan ordaindu zuten sarrerako dirua Euskal Herriko arma enpresa handienetako baten nagusiaren (Aperribai jauna) poltxikora doala?

Edo argiago ikustearren; torero emakumezkoak hasiko balira korridetara joaten hasiko ginateke? Apaizak jaunak beharrean andreak balira kristau egin eta mezetara joango ginateke? Edo AHTaren arduradun nagusia Arantza Tapia dela eta tren horren alde jarriko gara?

Ez dakit nik non dagoen neurria; beharbada emakumezkoen futbolaren bat-bateko gorakada honek neska gazte asko animatuko zituen futbolean hastera herriko taldeetan. Eta hori positiboa da ezbairik gabe. Hobe litzateke gazteen maila bakoitzean herrietako klub guztiek nesken talde bana izaten jarriko balirateke indarrak, eliteko taldeak are elitekoago egiten jarri beharrean.

Berdintasunaren aldekoa naiz ni. Berdindu gaitezen behean ordea, ez goian, eta gizonezko futbolariek kobratu dezatela emakumezko etxe-garbitzaile baten soldata. Goikoak behera alegia, ez alderantziz. Edo are gehiago, sortu dezagun soldatarik gabeko gizartea.

Eta toreroak harrapatu ditzatela zezenek, apaizak desagertu bitez eliza guztiak erre direlako, eta demokrazia burgeseko goi-karguak gilotinatu ditzagula, denak berdin-berdin.

Bizi Komunalaren eraikuntza

Hausnarketa politikoa iraultzailea eta denboran jarraia izateko, berau pentsatzen diarduten kideen jardunak ala izan behar du ezinbestez, zerbait lortu nahi bada epe luzera begira. Hausnarketa eta gure eguneroko jarduna ezin baitira elkarrengandik bereizita ulertu. Hausnarketa eta jarduna modu kolektiboan bakarrik uler litezke iraultzaile, eta kide guztien bizitza osotasunena harturik landuko den marko horri deitzen diot nik komunala. Komunala ez da ezerezean sortzen, komunal konkretuaren izaearak printzipio politiko batzuei erantzuten die, ideologia bati, hau da, mundua ulertzeko eta bertan jokatzeko modu batzuk barnebiltzen ditu.

Goian idatziriko lerro hauek, komunal hitza erebiltzen dudanean zeri buruz ari naizen zehazteko saiakera da.

Sistema kapitalista hautsi eta alternatiba errealak eraikitzeko ezinbesteko herraminta dugu komunala, eta honen eraikuntzarako elementu klabeak aurkitu nahian gabiltza aspalditxo. Errezeta milagrosorik ez dela jakitu, baina bai badirela errezeta ezberdinak eraiki nahi denaren arabera, elementu hauen prioritatea da sarri eztabaida gai dagoena.

Bizi garen testuinguru honetan, non erlijio, mistizidade eta fantasia hororen lekua hain den txikia, eta ikusten ez den hori azaltzea horren zaila, materialak naiz diruak hartu du izate guztiaren zentralitatea. Honek kapitalaraen boterea noraino iristen den ikusteko balio digu, eta  ondoen kontrolatzen(bitarteko produktiboen jabe den einean) duen esparrura eraman du mundu ulerkera kolektiboa, esparru materialera.Hori dela eta komunalen eraikuntzan martxan jartzen den lehen dinamika, behar izan material eta ekonomikoak asetzera begirakoa da. Behar hau asetuta ez izateaz gain, gizarteak bere egunerokoa beharrizan material naiz ekonomikoak bermatzera begira antolatzen baitu, honi zentralitatea emanez. Ondorioz komunalen eraikuntzan gabiltzanok, hori reproduzitzen dugu, hasieran beintzat. Lenengo urteetan materialaren dinamika hau zentralitate gisa planteatzeak ez du arazo garrantzitsurik sortu beharrik, baina helburu hau lortzeko dauden zailtasunak kontuan hartuz gero epe luzera begira dinamika zentralera elementu gehiago sartu beste aukerarik ez da izango. Honen zergatia azaltzen saiatuko naiz. Diru/Material zailtasun hauei aurre egin ahal izatea, kideek proiektuarekiko duten konpromiso maila altuak bakarrik berma dezake. Baina behar izan material eta ekonomikoen bearrezkotasunaz konstiente izateak ez du bermatzen kideen konpromiso maila, ulertzekoa da, beste gabezi eta behar askoz osatuta baitgaude. Kideen konpromiso maila altua bermatzeko ezinbestekoa da komunalak bere erdigunean bizitza osotasuena ulertuko duen dinamika izatea. Dinamika honek kideen behar guztiak kontuan hartzea izan behar du helburu.

Komunaleko kideen arteko lotura afektibo-emozional indartsuak eta kideen artean adostutako ideologia batek(mundua ulertzeko eta gauzak egiteko modua) bakarrik berma lezake adostutako helburuak lortzera begira, beharrezkoa den konpromiso maila.

Baina hau ez da ikusten, ezin da ukitu, eta ezin da diruarekin erosi, hau sentitu egiten da eta egungo testuinguruak asko zailtzen du hau guztiari behar duen garratzia ematea, hau guztia lantzea. Honek gaur egun horren konplikatuak diren harreman iraunkorrak exijitzen ditu, gure harreman partzialak eta behar konkretuei erantzuten dietenak zentzua galtzen dute komunalen eraikuntzan. Honekin ez dut esan nahi harreman hauek kaltegarriak direnik, baizik eta partzialak direla soilik, eta ez direla erabilgarriak komunalen eraikuntzan. Harreman mota hauekin ezin da bizitza osotasunean planteatu, finean eztabiada partzialak izango dira, ondorio partzialekin. Eskolako lagunak, laneko lagunak, poteoko lagunak, kirola egitera joateko lagunak, negar egitekoak, parre egitekoak, narrutan egitekoak, astean bein  afaltzekoak… banatu eta banatu.

Honekin komunalek planteamentu politiko gisa duen garrantzia azpimarratu nahi izan da, eta berau aurrera atera ahal izateko egin behar den lanketa kolektiboan berebiziko garrantzia duten elementu batzuk azpimarratzeko aprobetxatu da tarte hau.

Kontukomeri

Esklabetako proiektu komunitarioaren inguruko batzarra, ostiralean

Datorren ostiralean, otsailak 15, bizitza komunitarioaren eta autogestioaren gainean azken hilabeteotan Esklabetako ezker hegalean garatzen joan garen proiektuaren inguruko bilera informatiboa egingo dugu. Batzarra 18:30ean hasiko da, eta Azpeitiko Gaztetxean izango da. Azalpenak amaitu ostean luntxa egongo da bertaratzen direnentzat. Herritarrei dei egiten diegu batzarrera hurbil daitezen.

Badatoz ‘Oroimena Ez Da Delitua!’ jardunaldiak

Lehengo urtean Errepresioaren Aurkako Eguna antolatu zen gure eskualdean lehen aldiz Altsasuko eta Oreretako gazteen kasuak zirela eta.

Aurten, horrelako ekimenak antolatzeko arrazoiak deuseztatzetik urrun, eskualdeko kide bat Audientzia Nazionalerako deiaren zain daukagu ekainean atxilotua izan ostean. Gasteizen Gudari egunean gudariei gorazarre egitea eta biktimak iraintzea egoztearen aitzakiapean eman zuten atxiloketa hau, Galdakaoko eta Etxarri-Aranatzeko beste bi kiderekin batera atxilotu zuten. Argi ikusten da Euskal Herriko gatazka politikoaren aurrean euren errelatoa inposatzen jarraitzen dutela, zapaltzaileen aurka egindako borrokak desitxuratuz.

Izan ere, Estatu Burgesak hainbat errepresio forma erabiltzen ditu bere ordena zalantzan jartzen saiatzen den ororen aurka, kontrol sozialaren, karga polizialen, isunen eta beste hainbat mekanismoren bidez.

Honen aurrean, historiaren irakurketa propioa garatzea eta sistema kapitalistaren aurkako borrokan jarraitzea dagokigu. Horregatik aldarrikatzen dugu errepresioaren aurrean dugun antolatzeko beharra eta kolpeak jasaten ditugunen arteko elkartasuna. Honela soilik lortuko baitugu langile klaseko kideon aurka egiten dituzten erasoak gelditzea.

Hau esanda, Oroimena Ez Da Delitua! lelopean antolatu ditugun ekimenetan parte hartzeko deia luzatu nahi dizuegu. Garaitu nahi gaituzten arren, lanean jarraituko dugulako zapalduon aldeko borrokan.

Jardunaldietan irabazitako dirua iaz atxilotu zuten eta epaiketaren zain dagoen Zestoako kidearen gastu ekonomikoei aurre egiteko izango da. 

OROIMENA EZ DA DELITUA!
ERREPRESIOAREN AURREAN,
ANTOLAKUNTZA ETA BORROKA!

Venezuelarekin elkartasuna

Enegarrenez, Venezuelako Iraultza Bolivartarra eta herri langilea eraso inperialista baten biktima izaten hari dira.  Beraz, lehenik eta behin txoko honetatik elkartasun osoa adierazi nahiko nioke Venezuelako herri langileari zein bere gobernuari.

Hau esanda, erasoaren atzean zein aktore dauden eta zein helburu dituzten argitzea ere beharrezkoa suertatzen da. Venezuelako herri langilea barrutik eta kanpotik erasotua izaten hari baita inperialismoaren esku hartze eta estatu kolpe bat gauzatu nahiaren bitartez.

Oligarkia nazionalak barrutik egiten du eraso, dituzten enpresa pribatuen bitartez baliabideak pilatuz eta ukatuz. Gainera, oligarkia nazionalaren espresio politiko diren mugimendu neofaxistak kaleetan dabiltza bortizkeria zabaldu nahian inperialismoaren esku hartzea justifikatzeko helburuarekin. Bestalde, eta argi eta garbi ikusten den bezala, mendebaldeko inperialismoak gerra ekonomiko eta mediatikoa abiatu du, EEBBen gidaritzapean.  Hau da, maila nazional eta internazionalean modu bortitzean erasotua izaten hari da Venezula alor ekonomikoan, honen ondoriok erabiltzen dituztelarik ondoren modu ziniko batean propaganda egiteko masa komunikabideek.

Eraso inperialista honen helburua bat eta bakarra da: Iraultza Bolivartarra suntsitu eta Venezuelako errekurtso naturalak lapurtzea.

Inperialismoari bost axola zaizkio demokrazia, askatasuna edo giza eskubideak. Hain zuzen, Venezulako desjabetuen behar material oinarrizkoak asetzea eta bermatzea da Iraultza Bolivartarrak lortu duena azken 20 urte hauetan. Hau da, etxebizitza, osasun zein hezkuntzarako eskubidea bermatzea lortu da Venezulan Iraultza Bolivartarrari esker. Eta hau da hain zuzen kapitalaren interesekin modu frontalean txokatzen duena. Hau da, egungo kapitalismoaren fase historikoan, bizitzarako lehentasunezko beharrak diren baliabideak desmerkantilizatzea eta eskubide izatea ez da onartzen, akumulaziorako beharrezko baititu egun kapitalak. Ondorioz, kapitalismo monopolistaren ordezkari den inperialismoak eraso egiten du. Mezua argia da: desjabetuen bizitza materiala hobetu asmoz proiektu politiko bat aurrera eramaten bada, proiektu hori jo puntuan egongo da. Nahiz eta proiektu hori modu baketsu eta demokratikoan gauzatu, Venezuelaren kasuan bezala.

Amaitzeko, uste dut garrantzitsua dela azpimarratzea han eta hemen desjabetuok etsai bera dugula. Venezuela erasotzen hari den bloke inperialista eta oligarkia nazional ezberdinak desjabetu ororen klase etsaiak dira. Beraz, antolatu eta borrokatu gaitezen desjabetuok gure klase etsaiaren aurka hemen bertan, erdigune inperialistan. Venezuelarekin izan dezakegun elkartasunik handiena komunean dugun klase etsaia borrokatzea baita. Eta horretarako ez dugu inora joan beharrik, euskal burgesiaren alderdi zein instituzio nagusiak publikoki lerratu baitira eraso inperialistarekin batera.  

Elkartasuna eta borroka. Venezuela aurrera!

Harrika

Oier Gomezen heriotzaren aurrean

Lehenik eta behin, gure babes eta elkartasun osoa adierazi nahi genieke Oier Gomezen Gasteizko militante iraultzaile eta preso politiko ohiaren senide eta gertukoei; bere heriotzaren berri izan dugunetik egun batzuk pasa badira ere. Era berean, dei egiten dugu ondorengo egunetan bere oroimenez egingo diren ekitaldi politiko guztietan parte hartzera. Bereziki larunbatean Gasteizen egingo den manifestaziora bertaratzearen garrantzia azpimarratu nahi dugu.

Oier Gomez Euskal Herriko iraultza sozialistaren borrokara lotua egon zen gazte-gaztetatik. Borroka horren ondorioz hainbatetan sufritu behar izan zuen kartzela, beste milaka kidek pairatu zuten bezala. Oier 2011n espetxeratu zuten azkenengoz, Frantzian. Oraindik preso dirauen Itziar Moreno bilbotarrarekin batera atxilotu zuten. Orain dela bost urte -espetxean zela- minbizia atzeman zioten Oierri, eta azken urte eta erdia Baionan eman du Hego Euskal Herrira itzuli ezinik, sufrimendu handiak pasata.

Estatu Frantsesak preso daudenekiko duen jarrera irmoki salagarria iruditzen zaigu. Izan ere, behin eta berriro eskubide unibertsalez eta askatasunaz mintzatzen diren agintari frantziar horiek dira kartzelan gaixotasuna, dispertsioa, presoen arteko sakabanaketa eta orotariko diziplina teknikak erabiltzen eta sustatzen dituztenak. Errepresio teknika politiko horiek bikain kontrolatzen dituzte, eta, gainera, gaitasuna dute aurpegi “goxoa” erakusteko beharrezko dutenean; ez gaitezen engainuetan erori. Memoria egiten jarraitzea ezinbestekoa da zapalduontzat, eta gure ikuspegitik politikak iraganarekiko ikuspegi zintzoa behar du izan, ezinbestean.

Oierrek denbora luzea eman zuen espetxean, minbizia jasaten. Gaixotasuna atzeman ziotenetik hiru urtera atera zuten. Agintari frantsesek ondotxo zekiten kostu politiko handiagoak suposatzen zizkiela Oier espetxe barruan hiltzeak espetxetik kanpo hiltzeak baino. Beraz, gure iritziz, horrelako neurri ankerrak ez ditugu giza eskubideen betekizunaren arabera ulertu behar, baizik eta kalkulu politiko huts baten ikuspegitik.

Oierrek argi defendatzen zuen presorik gabeko Euskal Herri bat lortzeko modu bakarra prozesu independentista eta sozialista abian jartzea zela, eta dela, zeina ezinezko zaigun etsaia identifikatu eta garaitu ezean. Oierren borrokak lekukoa izan dezan jarrai dezagun molde berrien bidez borrokan, iparrorratza galtzen utzi gabe. Presoak kalera, amnistia osoa.

Agur eta ohore Oier!

Egilea: Azpeitiko gazte batzuk.

Politikaren autonomia eta kapitalismoaren teoria

“Sé, ciertamente, que no existe una verdadera lucha, seria y capaz de lograr conquistas, sin organización. No hay conflicto social que pueda vencer al adversario de clase en ausencia de fuerza política. Esto es lo que el pasado nos ha enseñado.”

Mario Tronti

“No puede haber teoría política moderna sin teoría del capitalismo”, honela zioen Carlos Prieto del Campo filosofo, editore eta idazle marxistak Mario Tronti pentsalari italiarrak eskainitako konferentzia batean. Marxen ekonomia politikoaren kritika eta politikaren lekua bertan, askaezina dirudien eztabaida historikoa. Zein leku hartzen duen politikak zentzu iraultzaile batean, egungo gauzen egoerari kritika burutzearen ezinbestekotasuna kontuan hartuz, inpotentzia suposatzen duten ohiko praktiketatik kanpo. Ekonomia politikoaren kritika birformulatzen ari zaigun teoria da, Marxen teoriaren  gainean azken hamarkadetan egin diren ikerketatik abiatuta emaitza zientifiko sakonak ari baitira gauzatzen. Dena dela, jauzi handia aurkitzen dugu ikerkuntza akademiko soiletatik teoria honek suposatzen dituen inplikazio politikoak gureganatzeko prozesuan. Azken zentzu honetan eztabaida interesgarria (ber)piztu du Kolitzak BGD! webgunean (https://borrokagaraia.wordpress.com/2015/09/14/la-cruda-realidad/#comment-42884), adostasun osoa aurkitzen dudalarik bere ikuskerekin. Gaurkoan auzi guzti honekin zuzenki erlazionatzen den politikaren autonomia kontzeptu gisara laburki aurkezten saiatuko naiz, gure jardun politiko estrategikoan duen garrantzia azpimarratu asmoz.  

Politikaren autonomiaren gaineko eztabaida teorikoak lehen mailako garrantzia hartu zuen 60. hamarkadan Italiako zenbait aldizkariren bueltan (Quaderni Rossi, Classe Operaia). Aldizkari horietako zenbait partaidek mugimendu autonomoari ekingo zioten ondorengo hamarkadan, baina ez zen eztabaida hartako bi protagonista nagusien kasua izan. Raniero Panzieri 1964an hil zen, operaismoaren aita kontsideratzen dena, 1920. hamarkadako zenbait pentsalari komunisten tesiak birformulatzen saiatzea delarik bere merituetako bat. Beste aldean Mario Tronti, Italiako Alderdi Komunistako kidea (PCI), inoiz ez zena politikagintzako espazio ofizialetik aldendu.  Bigarren honi esleitzen diogu politikaren autonomia teorizatzearen meritua, ezinezkoa zitekeena Panzieriren ekarpenak erabat baztertu balitu.

Politikaren autonomia kapitalismoaren kritikatik abiatzen den hausnarketa markoa dugu, ez dena inolaz ere politikaren zentzu burgesarekin nahasi behar. Autonomiak ez dio erreferentzia egiten ustezko politikaren lege autonomo batzuei, armoniazko zentzu batean ekonomia erregulatzeko gaitasuna izango luketenak. Inpultso iraultzailearen teoria da politikaren autonomiarena, kapitalaren zikloa politikoki baldintzatzearen garrantzia azpimarratzen duena, langileriaren antolakuntza gaitasun autonomoen bitartez ibilbide historikoaren jarraikortasun lineala hausten baitu. Teoria leninista, espontaneoaren aurkakoa guztiz. Politika proletarioak hegemonia konkistatu dezan bere ikuspegiak autonomia osoa behar du eduki, koiuntura politiko luzea baldintzatzeko ahalmen soziala bilatu asmoz. Politikak du lehentasuna, langileriaren interbentziorako gaitasun autonomoak.

Filosofiaren, teoriaren eta funtsean politikaren autonomiaren garrantzia azpimarratzen lehenak Georg Lukacs eta Karl Korsch bezalako gerra arteko pentsalari komunistak izan ziren. Bigarrenaren kasuan, mugimendu komunistaren barnean teoriak zuen espazioa pentsatzeaz arduratu zen, eta influentzia handia izango zen Panzieri bezalako autoreengan. Teoriari bere espazio propioa ematearen garrantzia azpimarratzen zuen Korsch pentsalariak, momentuko koiuntura espezifikoetatik haratago iparrorratz politikorako bermea izango baitzen berau.

Langileriaren ikuspegitik politikak du lehentasuna, eta ekinbide politiko zuzen baterako bermea teorian aurkitzen dugu, koiuntura konkretuek suposatzen diguten itsualdietatik haratago errealitatea pentsatu eta eraldatzeko elementuak eskaintzen baitizkigu. Izan ere, martxan ditugun antolakuntza mekanismo ezberdinek (ekonomikoek, sozialek) ez dute inolaz erreproduzitzeko ahalmen autonomorik klase borrokaren fase honetan, gidaritza politiko batez (ofentsibarako inpultso batek) etengabe mamituak ez badaude. Politikaren autonomiaz ez bada, teoria iraultzailearen gaitasunak aparte uzten baditugu, gure dinamika ezberdinek integrazio politikoan amaituko dute ezinbestean, izan deitura sozialdemokrata duten alderdiekin armonian (inpotentzian) edota aisialdi hutsera mugatuta. Hamaika esperientziek berresten dute hemen esandakoa.  

Dena dela, proletarioen ekinbide politikoan funtsezko beste elementu bat aurkitzen dugu, seguruenik behar beste baloratua izan ez zena gerra arteko teoriko komunistengan ez eta operaisten partetik ere. Krisiaren teoriaz ari natzaizue, beren garrantzia azpimarratzen ez badugu gure aterabide politikoak boluntarismoan jausteko arrisku larria baitute (historiak sarriegi erakutsi digun modura). Krisiak kapitalaren armonia eza uzten du agerian, bere barne legeen hauskortasuna, eta proletarizatzearen arrisku etengabea. Mugimendu komunistak emanda dagoenaren gainean ezartzen du utopia, egoera konkretuen gainean interbenitzen. Horretarako gizarte burgesaren mekanismo kontraesankorra ezagutzea ezinbestekoa zaigu, bestela zentzu osoa galtzen baitu iraultzaren teoriak. Honela egiten zion erreplika Henryk Grossmann ekonomialari marxista Poloniarrak Karl Korsch filosofoari: “Haga la prueba de llevar coherentemente hasta el fin el razonamiento de Marx: ¿cómo es posible que en la reproducción simple, donde parece reinar por todas partes un equilibrio tan armonioso, se desarrolle una crisis? Sólo entonces descubrirá en Marx algunas elaboraciones teóricas que los “filósofos” nunca han soñado, ni siquiera los que, como Karl Korsch tienen la ilusión de entender algo de economía marxiana”.

Testuaren hasieran aipatu dizuedan konferentziarekin uzten zaituztet, zuzenean Mario Trontiren interbentziora pasatzea gomendatzen dizuet. Jarraituko dugu eztabaidatzen.

Arte garaikidea eta errealismoa

La figura real, exterior, es un obstáculo que tiene que ser superado

para que el realismo no sea propiamente figuración, sino transfiguración.

Transfigurar es poner la figura en estado humano.

Adolfo Sánchez Vázquez

Estetikaren eta artearen loturan edertasunaren figurazioa eman izan da hein handi batean, honek arteak izan behar duenaren ustea sortzeaz gain, arteak izan behar duena inposatu du. Ez gara estetikaren eta artearen harremana historikoki aztertzera sartuko, batetik, ziurrenik hau ez delako horretarako momentua eta bestetik, egun, ez dugulako nahiko jakintzarik azterketa historiko hori behar bezalako zehaztasunaz egiteko. Baina, horrek ez du esan nahi harreman horren ebidentziak islatzeko gai ez garenik, tesitura horretan estetikak eta edertasunaren kontzepzioak izan duen garrantzia garbi baitago.

XX. mende hasieran ordea erlazio honen hausturaren zantzuak somatzen dira. Zantzuak izango dira, inoiz ez delako oso garbi jakin harreman hau erabat suntsitzen den edo ez, baina argi gelditzen da artearen esferan estetizazioaren aurkako planteamenduak edo proposamenak agertzen direla. Batzuen ustez, anestesia planteatzen da, Artea estetikatik askatzeko edo aldentzeko prozesua. Esan dezakegu bi ildo nagusi planteatzen direla, batetik, estetikarekiko emantzipazio prozesua eta bestetik, estetikarekiko askapen prozesua.

Hau da, bi ildoak elkarrekiko bereizgarriak diren hainbat ezaugarri dituzte. Askapen prozesuak inposatutako estetika sentsibilitate guztia albo batera uzteaz gain ekoizpena sentsibilitatetik at, estetikatik at, kokatzen du. Honen aurka, emantzipazioaren ildoak gailentzen den gustu zein estetika horren aurkako jarrera hartzen du, estetikaren edo edertasunaren aurkikuntza alboratuz. Bere kasuan ordea, kontzepzio zein hautu hau ez da garbi ematen, asko dira edertasun ezaren azterketan murgildu baina prozesu horretan, berriro ere edertasun eredu baten bilaketan eroriz. Nahi edo ez, edertasunaren aurkikuntza horretan murgiltzen dira, eta hortik harago, edertasunak emango die zentzua beren ekoizpenei. Honela, arte garaikidean ekoizten diren obra asko literatura hutsean gelditzen dira, ekoizpenak diskurtsoan soilik sostengatzen direlarik.

Diskurtsoan eta literatura hutsean oinarritu direnak, planteamendu Errealista alboratu izan dute, honek, ustez, ez duelako bere sostengu izango den teoriarik. Errealismoak, bere barruan (bereziki estalinismoak) erabat bulgarizatu zuen teoria, eta literatura postmoderno guztiak ondo plazaratu du teoria bulgarizatu hori. Baina oso garrantzitsua da errealismoaren berrikuspen zehatz bat egitea, hau da, gurera ekartzea planteamenduaren nondik norakoak, eta ez erortzea errealismoa = kopia parabola gaiztoan. Arte Errealista errealitate objektibo batetik hasten da,  historikoki eta sozialki baldintzatzen dituen harreman horietatik. Errealitate objektibo horren jakitun, bertatik eraikitzen du guztia, hau da, erlazio horren baitan eraikitzen den gizakiari, errealitate objektibo horretatik harago, errealismoak errealitate berri bat eraikitzen du. Imaginario sozialean errealitate berri bat eraikitzen saiatzen da, gizakia baldintzatzen duten kondizio guztiak azaleratuz eta aldi berean gailentzen duen errealitatea eraikiz.

Noski, honen aurrean garbi izan behar dugu errealismoaren planteamendu teorikoak zailtasun objektiboak eta arrisku ugari dituela. Ondo ondorioztatu den moduan, errealismoak errealismo faltsu asko izan du eta askotan idealismo hutsean oinarritu izan da, errealitate objektibo hori beraien ustez izan behar duena plazaratzeko erabiliz. Bestaldetik, errealismoa ezin da modu hertsian ulertu, artearen baitan kokatzen denaren, edo artea denaren edo ez denaren arteko dikotomian. Errealismoaren ikuspuntutik haratago, surrealismoak, futurismoak, kubismoak zein espresionismoak gizakiaren bestelako espresio bide edo ekoizpen bide desberdinak adierazi izan dituzte, eta bertan ematen diren ekarpenei ere erreparatu egin behar diegu. Gainera, guzti hauek mugimendu baten baitan bildu dira eta nolabait burgesiaren aurkako espresioak izan dira. Eta errealismoak ere teknika berriak behar ditu inguratzen duen guztia adierazi ahal izateko.

Zer esan nahi dugu honekin? Uste dugu, Arte Errealistak teoria sendo bat duela atzetik, nahiz eta kasu batzuetan emandako adibideak ez diren oso Errealistak izan.  Garbi dugu ordea, planteatzen dena filosofia sendo bat dela, eta arte errealistak planteatzen duenak errealitatea ulertzeko modu zehatz bat daukala atzetik: inguratzen deunarekiko erabateko konpromezua. Baina egiazko planteamendua ez da objektuan, errealitate objektiboaren azaleratze hutsean, gelditzen, Arte Errealista objektu eta errealitate objektibo hori eraldatzeko eta gainditzeko espresioan kokatu behar da. Figurazioaren marra gaindituz, figuraziotzat dugun horri (errealitate objektiboari) bizia emanez, transfiguratuz. Bada zer eztabaidatu, ekarriko ditugu Bretch eta bere lagunak. Bitartean, hemen sarrera bat.

Bi gaztetxe, borroka bakarra!

Urte zaharrari agurra, urte berriari egurra. 2019a hasi berri eta egurra egurraren atzetik eman beharrean gaude. Oasi kapitalista honetan badira miseriak, eta miseria kapitalista guzti horrekin hasi izan behar genuen urtea. Errealitate gordin horren esku hartzean, oztopoak dira nagusi, eta gure eguneroko biziak baldintzatuta aurkitzen dira esku hartze horretan. Horregatik, garrantzitsua da gure guneen autodefentsa ematea, errealitatea eraldatzeko espazioak izatetik harago, gure espazioak direlako. Hau da, gure gaztetxeen aldarrikapena gure autonomia politikoaren aldarrikapena da. Beraz, gaurkoan ez gatoz soilik atzo eman ziren erasoen salaketa egitera, gure autonomiaren aldarrirako ezinbestekoak diren espazioei babesa ematera gatoz, izan Maravillas Gaztetxea, izan Kijera Gaztetxea. Zuekin Gaude.


Atzo inspekzio baten izenpean Maravillas Gaztetxea desalojatu zuten, desalojatu diogu, oraindik sartu ezinik direlako eta bertan aurkitzen ziren gailu zein gauza batzuk eraman dituztelako. Honen aurrean, desalojoa bera eta “Aldaketaren Gobernua”k izandako jokabidea salatu nahi ditugu. Atzoko jokaera zikina gaitzesteaz gain, uste dugu onartezina dela izenburu hori ordezkatzen dutenen portaera. Behin eta berriz gure guneak erasotzen dihardute eta aldaketaren lemapean periferiara bidali nahi gaituzte. Honen aurrean, termino honen esanahi errealean berresten gara. Gure ustez, aldaketaren aurrean kokatzen garen momentuan jarraipenaren edo hausturaren tartean gaude. Bat edo bestea, baina biak ez dira posible. Hausturak determinazio politikoa, haustura politikoa eta errealitatearen haustura dakar. Jarraipena berriz historiaren jarraipena da, onarpena. Askotan, haustura erreformismo hutsarekin lotu da, horregatik, oso garrantzitsua da azpimarratzea aldaketaren baldintzak zein bandotan ematen diren. Gure kasuan garbi dugu. Maravillaseko Gaztetxeak determinazio politikoa erakusteaz gain, errealitatean benetako eskuhartzea burutu du. Esan genuen moduan: Maravillas Gaztetxeak auzoarekiko, ahaztuekiko, baztertuekiko, azpian gaudenokiko konpromiso irmoa erakutsi du.

Lehen aipatu moduan, honen atzean, gure autonomiarako beharrezko diren espazioen suntsipen sistematikoa dago. Ez da kasualitate hutsa loratze honen ostean ematen ari den errepresioa, Maravillasen kasuan, “Aldaketaren Gobernua”k burututakoa. Beraz, honen aurrean, gure espazioen aldarrikapena eta defentsa ezinbestekoak dira, kapitalaren aurkako forma sortzera behartuta gaudelako eta beharrezkoak ditugulako.
Forma hori desjabetuotan gorpuztuko da ezinbestean. Eta Maravillasek zein Kijerak, egoera honen kontzientzia hartzen duten subjektuak sortzen dihardute, jakitun, kontzientzia horretatik abiatzen dela gaztetxeak bezalako espazioen zilegitasuna; espazio horietaz jabetzeko zilegitasuna. Gure izatearen kontzientziak, desjabetuon kontzientzia, bide horretan pizten da, bide horretan pizten den bezala borrokarako beharra ere.

Esan izan dugun moduan, espazio hauen –gaztetxeen– aldarria gure izatearen nahiz mundua ulertzeko dugun moduaren aldarria da. Elkartasunaren printzipioetan sinesten dugu, klase elkartasunean sinisten dugu, behin eta berriro zanpatu nahi gaituztelako, baino nekez lortuko dutelako. Beraz, gure elkartasun osoa Maravillas zein Kijera gaztetxeei. Lehen esan moduan, benetako haustura gure teilatuan dago, orainaren aurka dihardugulako eta oraina borrokatzea jarraipen historikoa borrokatzea delako, azken finean, gizarte kapitalista sostengatzen dutenen aurka borrokatzea. Gure historia, hausturaren historia da, desjabetuon historia. Horregatik, historian bildu den miseria guztiarengatik, borrokatzen jarraitu behar dugu.

MARAVILLAS ETA KIJERA DEFENDATU!! ZUEKIN GAUDE!!

Huerta de Peraltako langileak greban. Elkartasun mezua Azpeititik

Mezu labur honen bitartez Azpeitiko gaztetxetik elkartasuna erakutsi nahi diegu Huerta De Peraltan greban diharduten kide guztiei, nekazal eremuko “jornalariak” baitira egun gizarte kapitalistan lan baldintza eskasenetarikoak pairatzen dituzten sektoreetako langileak.

11 egun daramatzate greban nafar erriberako Azkoien herrian kokatzen den Huerta de Peraltako langileek, kaleratuak izan diren zortzi langile berronartzea, ezarritako zigorrak ezeztatzea eta greba burutzeagatik errepresaliak ez jasotzea dutelarik helburu. Langileen arteko elkartasuna praktikan jartzen duen dinamika burutzen ari dira Azkoienen, lurraldetasun ezberdinetako kide ugari ikus daitezkeelarik bertan. Azpimarratzekoa iruditzen zaigu ere greba sustatzen eta babesten LAB sindikatua burutzen ari den lan nekaezina, Huerta de Peraltako langileen bizi baldintzen hobekuntza sustatzen eta hein handi batean lortzen ari baitira duela hilabete batzuetatik hona. Irailean LAB sindikatuko ordezkaritzak irabazi zituen hauteskundeak Azkoiengo lan eremuan, eta ordutik langileen lan baldintza aunitz hobetuak izan direnaren ezagutza dugu: lanaldien murriztapenak eman dira eta kontratu batzuk finko bihurtu dira ere. Garaipen hauek kostu politikoak izan dituzte ordea, tarte honetan LAB sindikatuari loturiko lau behargin marokoar kaleratuak izan baitira euren lanpostutik.

Borrokaldi honetan langileen independentzia politikoa zein auto- antolakuntza izaten ari diren garrantzia azpimarratzen dugu, “aldaketaren” gobernuaren instituzio formalen zein polizia autonomikoaren (biak ere espainolak, 78ko konstituzioaren ondotik ezarritakoak) errepresioaren  gainetik langileriaren gaitasun propioen antolakuntzak soilik ematen baititu emaitzak. Honela izan zela uste dugu Maravillas gaztetxearen defentsaren kasuan, eta honela ari da izaten Huerta de Peraltako beharginei dagokionean.

Balorazio labur honekin jarraituz, ikus dezakegu Azkoiengo langileen bizi prekarietate mailak larritasun handia duela, eta ezinegon honi proportzionalak diren borroka espresioak bereganatu dituzte langileek; errepide mozketak, sabotajeak, polizia foralaren jipoiak … egunez egun errepikatzen ari diren dinamikak ditugu. Era berean, kapital globalak post- fordismoaren  lan dinamiken barruan sektore zehatz batzuek super- esplotaziorako erabiltzen dituela ikus dezakegu, justuki legedia ofizialetatik kanpo geratzen diren langileen sektoreak baliatuz horretarako. Nekazal eremuak, aldi baterako lanaldiak, azpikontratatutako enpresetako langileak, logistikako enpresak (ikusi zentzu honetan Amazon multinazionaleko langileen grebaren zergatiak), industria periferikoak eta abar luze bat dira marko konstituzional ezberdinen eskubideetatik kanpo geratzen diren lan eremuak, biderkatzen ari direnak eta langileen geroz eta sektore zabalagoak barnebiltzen dituztenak. Eremu hauetan beharrean aritzen diren langileak geroz eta gehiago dira, eta erdigune kapitalista konkistatzen diharduten lan dinamikak ditugu, milioika pertsonei eragiten dieten migrazio fluxuen bitartez egokitzen ari direnak. Ez da kasualitatea Huerta de Peraltako langile gehienak etorkinak izatea, garai historiko zehatz honetan esplotazio kapitalistak baliatzen duen baldintzapen sozial anitzetako bat arraza eta nazionalitate bitartezko langileen segregazioa delarik.

Baldintza konkretuak ezberdinak izanik ere, kapitalaren fluxu internazionalen baitan ulertuz gero erraza zaigu eskala anitzetako langileen borroken arteko loturak eraikitzea, eta Frantziako jaka horien mugimendua ere kapitalaren errealizazio prozesuaren ezintasunen bitartez azaldu daiteke soilik. Garraiorako erregaien prezioen igoera, arazo logistikoak, estatuaren interbentzioaren mugak eta langileen prekarietatea arazo berean funtsa duten dinamikak dira, krisi kapitalistaren formulaz barnebildu ditzakegunak.

Gure partetik elkartasun osoa adierazten diogu Huerta de Peraltan borrokan diharduten kide guztiei, erregimen kapitalistari aurre egiten dion espresio orok gure miresmen eta errespetua merezi baitu. 

Sarrera zaharrak

© 2019 Kontu Lepo