Category: Antolakuntzari Salbuespenik Ez!

‘Antolakuntzari salbuespenik ez’ saioaren hirugarren atala: Malen Etxeako kideekin solasean


Gaurko saioan, zaintza lanetan dabiltzan internen egoerari buruz hitz egin dugu. Horretaz gain, “Antolakuntzari Salbuespenik ez!” dinamikaren baitan martxa jarri ditugun beste hainbat ekimenen berri ere eman dugu; hala nola testigantza bilketa eta jazarpen polizialei erantzuteko aholkularitza juridikoa. Informazio gehiago gure sare sozialetan jaso dezakezue. Oinarrizko produktuen eta elikagaien bankua ere jarri genuen martxan, eta gurekin harremanetan dauden norbanako eta kolektiboei laguntza ematen hasi gara jada. Eta datozen egunetan emango dugu ekimen honen informazio gehiago ere.

Gaurko elkarrizketari heltzeko, argi ikusten dugu, COVID19-aren krisiak langileria osoaren gain eragina izango duen arren, emakume langileek eta, bereziki, emakume proletarioek modu latzago batean biziko dituztela krisi honen ondorioak. Horien artean, agureen zaintzaz arduratzen diren emakume migranteak ditugu.

Gaur egungo sistema kapitalistan, lan banaketa sexuala bizitzako esparru ezberdinetan ikus dezakegu, baita etxeko lanetan ere. Kapitalismoaren garapenetik bertatik emakume langileari nagusiki etxe giroaren gaineko ardura inposatu zaio, eta aldiz, gizonezkoei lan mundu bezala ezagutu den horren gainekoa Horrek ez du esan nahi kapitalak emakumea lan munduan integratu ez duenik, eta ulertu behar dugu kapitalaren akumulazio ziklo bakoitzean bere interesen arabera moldatzen joaten den harremana dela hau. Dena den, honakoak, ezinbestean, kontzientzia forma ezberdinak moldatu zituen. Horrela, emakumeengan erortzen dira lan asistentzial gehienak: emakumeak dira haur zein helduen zaintzaz arduratzen direnak, sukaldatzen dutenak, garbitzen dutenak, erosketak egiten dituztenak… Beraz, esan genezake kulturalki gutxietxitako lanetaz arduratzen direla emakume langileak. Askotan, gainera, soldatapeko lanarekin batera egin behar izaten dituzte lan asistentzial hauek, emakume langileen gain lan karga handia eroriz.
Kontuan hartu behar dugu, gainera, emakumea debaluatutako subjektua dela. Hau da, emakumeen esku lana merkeagoa dela, kapitalari akumulazio handiago bat ahalbideratuz. Kaìtalak etekin ahalik eta handiena lortzeko, zapaldutako subjektu ezberdinak debaluatzen ditu (gazteena, emakumeena, etorkinena…), langile klasearen barruan zatiketak eta etsaitasunak sortuz. Bestalde, emakumeek orokorrean esku lan sinpleko lanak egiten dituzte, kualifikazio maila txikiagoa duten lanak eta lan hauek dira gutxien ordaintzen direnak. Emakumeak dira, orokorrean, garbitzaileak, zaintzaileak…

Alde batetik, beraz, lan kualifikazio berdinagatik gutxiago kobratzen du (subjektu debaluatua delako) eta, beste aldetik, emakume langile asko kualifikazio maila gutxien duten lanetan dagoenez eta lan horiek kulturalki gutxietxitakoak direnez, gutxiago ordaintzen dira eta, hau, guztiz normalizatuta dago gaur egungo gizartean. Honen aurrean, beharrezkoa ikusten dugu pertsona guztientzako bizi kalitate berdina aldarrikatzea.

Hala ere, lan indar femeninoaren debaluazioa are eta modu bortitzagoan bizi dute agureen zaintzaz arduratzen diren emakume migranteek (internak). Azken batean, merkantilizatutako lan asistentzialak egiteaz arduratzen dira emakume hauek, modu miserableetan lan egiten dutenak: askotan modu irregularrean ari dira lanean, asko seguritate sozialean alta eman gabe, paroa kobratzeko eskubiderik ez dute, ia egun osoa lanean pasatzen dute miseriazko soldata kobratuz… Beraz, esklabutza lan baten aurrean gaudela ikus dezakegu, beraien familietatik indarrez urrunduak eta inongo eskubiderik gabeak. Hau gutxi balitz, COVID19aren krisiaren ondorioz egoera hauek areagotu egin dira, askok lana galdu dute, beste askok ordu gehiago lan egiten dute soldata berdina kobratuz…

Internen kasuan argi ikusten den bezala, agureen zaintza lana merkantilizatzeak emakume batzuk lan honetatik askatzea ekarri badu ere, inondik inora ez da lortu lan banaketa sexualarekin amaitzea (emakumeek jarraitzen dute lan hau egiten) eta, gainera, proletarizatuago dauden emakume migranten gain erori da lan hau, askoz baldintza miserableagotan ari direnak lanean. Honen guztiaren inguruko informazio gehiago eskaini digu Malen Etxea kolektiboko Jessica Guzman kideak: zer egiten duten beren kolektiboan, zein tesuingurutan jaso duten gertaera hau eta zein ondorio ekarriko dituen.

Oinarrizko produktuen eta elikagaien bankua jarriko du martxan Krisiaren Seme-alabak Sare Sozialistak

Alarma egoera ezarri zenetik, testuinguru konplexua bizi dugu: osasun arloan orokorrean, birusaren hedapena gelditzeko neurriak ez dira eraginkorrak izaten ari. Berrogeialdia ezarri dute, nor dagoen gaixo eta nor ez jakiteko neurriak ezarri beharrean, babes ekipamenduak ez zaizkigu eskura jarri. Mugitzeko askatasuna ukatu zaigu, eta beraz, elkartasuna antolatzeko askatasuna ere. Erakundeak hartzen ari diren neurri ekonomikoak lan baldintzen muturreko kaskartzea eta langileria osoaren bizi baldintza materialen beherakadaren lepotik etorriko dira, proletarizazio prozesua azkartuz. Langileriaren sektore guztietako pertsonen bizi baldintzak kaskartuko dira. Oinarrizko eskubideen eta askatasun politikoaren murrizketek egoera honen aurrean sor daitezkeen mugimendu antolatuak ekiditeko funtzioa besterik ez dute. Baina guk lanean jarraituko dugu. Goi burgesiaren ofentsiba gelditzeko, langileon elkartasuna gure interesen arabera antolatzea beste aukerarik ez daukagu, eta guk langile antolakuntza independentea eta lan boluntarioa ditugu ardatz.

Osasun krisialdiaren kudeaketa eredua ezbaian jarri eta krisialdi ekonomikoari aurre egiteko asmoz, antolakuntza politiko independentearen garapena elikatzen jarraitu nahi dugu. Elkartasuna eta lan boluntarioa gure eguneroko jardun militantearen zutarri dira, eta gure askatasun politikoaren fundamentuak. Lan horretan sakontzen jarraituko dugu, kolpatuen diren sektoreen alde lanean, konpromisoz.

Hori dela eta, Azpeitiko Krisiaren Seme-Alabak Sare Sozialitako kideok oinarrizko beharrei erantzuteko bankua jarriko dugu martxan. Esklabetako ezker hegalean izango dugu biltegia. Urgentziatzat dugu beharrizan egoeran dauden kolektibo zaurgarriei asistentzia ematea, baina ez edozein modutara. Harreman zuzena dugu osasun langileekin, eta gure artean badira medikuak eta erizainak. Beraz, segurtasun eta babes neurriak lehenetsi nahiz zainduko ditugu uneoro, osasun protokoloak garatuz eta horiek zehaztasunez jarraituz.

Zer da?

Proiektu hau ez dator soilik COVID-19aren testuinguruari erantzutera. Epe ertaineko testuinguruaren baldintzei erantzuteko baldintzak jartzera dator. Ahal duenak jarriko ditu produktuak eta osagaiak, eta behar dituenak hartuko ditu, doan.

Alarma egoerak dirauen bitartean, oinarrizko produktuen eta elikagaien bankuak irizpide zehatz batzuk eta izaera jakin bat izango du, segurtasun protokoloak mugatuko duena. Baina aurrera begira garatzen joango da, lan lerro berriekin batera.

Zertan oinarritzen da?

Proiektu hau elkartasunean eta lan boluntarioan oinarritzen da. Langileriaren geruza ezberdinen arteko elkartasuna ehuntzen eta antolatzen jarraitzeko bitarteko bat da. Era berean, badu salaketa politikotik. Goi burgesiak sortu dituen kalteak berak ordaindu behar ditu; aberatsenek beren irabaziak langile klasearen mesedetan jarri behar dituzte.

Zer bilduko dugu?

Ondorengo zerrendan zehaztuko dugun moduan, lehen pauso gisa, honako produktuak bildu nahi ditugu:

Arroza
Lekaleak (garbantzuak, lentejak, babarrunak)
Pasta
Egindako tomatea
Konpresak edo tanpoiak
Pixoihalak
Komuneko papera
Esnea
Kakaoa
Olioa
Gailetak/zerealak

Hau proiektuaren aurkezpen bat den arren, datozen egunetan jakinaraziko ditugu egitasmoaren inguruko xehetasun guztiak.

‘Antolakuntzari salbuespenik ez’ bideo sortaren aurreneko saioa

Antolakuntzari Salbuespenik Ez dinamika hasi dugu Krisiaren Seme-alabak Sare Sozialistatik, eta dinamikaren barruan hainbat ekimen martxan jartzekoak gara. Hasteko, gure herrian bizi ditugun errealitateen testigantzak biltzen gabiltza: izan hartu diren neurri ekonomikoen eta sozialen ondorioak beren azalean bizi dituzten herritarrenak, herrian bizi diren etorkinenak, etxeko langile egoiliarrena, edo oro har, arlo sozialean zein politikoan gertatzen diren koertzio kasuak. Oraingoz, testigantzen bitartez informazioa bildu eta herriko argazki orokor bat egitea da gure asmoa, eta horrekin interbentzio formak hausnartzea edo kasu ezberdinak publikoki salatzea. Dena den, langileen auto-antolakuntza eta klase elkartasuna hauspotzera bidean, gure ekarpena egin dezakegun lan lerroak aztertzen eta horietan nola esku hartu dezakegun aztertzen ari gara; egoeraren konplexutasunaz jabetuta, beharrezko zaizkigun bermeekin lan egin ahal izateko formak aztertzen hasiak gara.

Bestetik, histeriaren eta akritikotasunaren hedapen mediatikoari kontrajarriz, hainbat jakintza arlotako kideren elkarrizketak eta kritikotasuna hauspotzeko testuak argitaratzeaz gain, bideo formatuan gure ekarpena egin asmoz ikus-entzunezko saioak argitaratuko ditugu datozen asteetan. Saio bakoitzak hiru atal izango ditu: saioaren eta jorratuko dugun gaiaren azalpena, elkarrizketaren atala eta gomendioen atala. Azken horretan gutako batek hainbat eduki edo testu gomendatuko ditu.

Honako hau da aurreneko saioa, eta lehena izanik, gure dinamikaren inguruko azalpenak emateko probestu dugu. Eta ez dugu aditurik elkarrizketatu. Gazte Koordinadora Sozialistako kide bat aritu da solasean aurreneko saioa, gure dinamika GKSk Euskal Herrian martxan jarri duen Kapitalaren Ofentsiba Gelditu kanpainari lotuta baitago. Beraz, GKSko kideak kanpainaren inguruko xehetasunak azaldu dizkigu lehen saio honetan. Gustuko izatea espero.

‘Antolakuntzari salbuespenik ez’ dinamika jarri du martxan Krisiaren Seme-alabak Sare Sozialistak

Egun bizi dugun salbuespen egoeraren aurrean, Azpeitiko Krisiaren Seme-alabak Sare Sozialistak Gazte Koordinadora Sozialistak Euskal Herri osoan martxan jarri duen kanpaina politikora atxikitzen garela adierazi nahi dugu, geure dinamika propioa abiaraziz. Izan ere, bizi dugun egoera gordina zein den ikusirik, ezinbestekoa iruditzen zaigu gaiari exijitzen duen seriotasunarekin eustea eta egoerari berari kritikotasunez erantzuteko baliabideak jartzea, independentzia politikoz langileon antolakuntza propioan sakontzeko.

Azken egunotan batasuna eta interes kolektiboen defentsan denok batera ekin beharra lau haizetara zabaltzen diharduten mezuek lehen lerroa hartu badute ere, konfinamenduan zehar mahaigaineratutako elementuek –industria zein sektore ezberdinetako langileen osasunaren gainetik kapitalaren etekin beharrak jartzeak, kasu–, erabakien klase izaera erakusten dute. Neurri horiek langileen defentsarako izatetik urrun, klase mendekotasuna areagotzeko neurriak besterik ez dira.

Mundu mailako indar korrelazioen gorabeherek Europa kinka larrian utzi dute; izan ere, mundua hartu duen pandemiaren eraginez jada abian zen proletarizazio prozesua bizkortuta ikusi dugu. Horrekin, krisi egoeretan atxikita ematen diren askatasun politiko zein sozialen murrizketak justifikatuak dirudite, azken urteetako ofentsiba kapitalista bortitzena izan daitekeenaren aurrean kokatuz: militarizatutako kaleekin topo eginez, antolakuntza politikorako ezintasunean eta erantzunerako gaitasunik gabe.

Garaiotan askatasun politikoak bermatzearen aldarria ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Arazoa egiturazkoa da eta kontrajarritako interesak gudan sartzen diren joko zelai honetan ezinbestean independentzia politikoz jokatzeko ardura daukagu; hau da, langileriaren interesak bere egin eta horien defentsan sutsuki jardungo duen antolakuntza propioaren beharra. Izan ere, hau guztia ez da gestio arazo bat izan, ezta inbertsioen kudeaketa edota korrupzioaren ondorio ere. Izaera suntsitzailea duen sistema baten ondorio zuzena da pairatzen ari garen guztia.

Gure partetik gaiak eskatzen duen garrantziarekin erantzuteko beharra ikusten dugu. Horretarako, lehenik eta behin, gure herrian bizi ditugun errealitateen testigantzak bildu nahi ditugu: izan hartu diren neurri ekonomikoen ondoriozko kasuak edota izan arlo sozial zein politikoan gertatzen diren koertzio kasuak. Izan ere, lehendik ere kolpatuta zegoen langileen egoera are gordinagoa egin da. Estatuak zein udalak martxan jarritako laguntza ekonomikoek ez dute, inondik inora ere, langileak jasaten ari diren ofentsibari erantzuteko gaitasunik, hala nola EREak, ERTEak eta kaleratzeak jasan dituzten langileenak, egoeraren aurrean lanaren gaineko esplotazioa pairatzen dutenenak zein paperik edota kontraturik gabe lanean diharduten guztienak. Konfinamenduak, aldiz, hainbat familien egoera larriagotuko duela aurreikus daiteke; zaintza arloan, indarkeria kasuak jasaten dituztenen artean, kutsatzeko arrisku handia duten pertsonekin bizi eta lanera joatera derrigortuak izan direnen artean… Oraingoz, testigantzen bitartez informazioa bildu eta herriko argazki orokor bat egitea da gure asmoa, eta horrekin interbentzio formak hausnartzea edota kasu ezberdinak publikoki salatzea.

Bestetik, histeriaren eta akritikotasunaren hedapen mediatikoari kontrajarriz, hainbat jakintza arlotako kideren elkarrizketak eta kritikotasuna hauspotzeko testuak argitaratzeaz gain, ikus-entzunezko formatuan gure ekarpena egiteko konpromisoa hartzen dugu.

Langileen auto-antolakuntza eta klase elkartasuna hauspotzera bidean, gure ekarpena egin dezakegun lan lerroak hausnartzen ari gara, egoeraren konplexutasunaz jabetuta, beharrezko zaizkigun bermeekin lan egin ahal izateko formak aztertzen hasiak garelarik.

Burgesiaren ofentsiba gelditu!

Testigantzak biltzeko kontaktua:

Telf.: 608 44 89 79.
E-posta: ‘krisiarentestigantzak@gmail.com‘.

© 2020 Kontu Lepo