Hari mutur baten beharrean dabilenak, edozeri eusten dio, eta azken orduko estuasunean sor lezake, artelan iragargaitzena ala zabor konpletoa. Xabier Silveira datorkit, danba, lehenengo kolpean. Momentuak bizi du genioa askotan. Eta alferra berriz, halabeharrak gehienetan.
Kontua da, kontu lepo dauzkadala buruan, agendan, eta kontu lepo ere hortxe, hiru astean behin, fin asko etortzen dela ganbarara ate joka. Eta ni, argialdika funtzionatzen duen horietakoa izan… “Fetxie jarri ezkeo allau ettek”, Martitteko zirtolari baten esana da, egia berdaderoa eta ideia handiak besteko baliagarria, nire kasuan.
Argialdiaren faltan, hor daukat ordea, aurreko egunean Argi beltza makulutzat, hau ere fin asko hiru astean behin.
-Bidenabar aitor dezadan, hemen idaztea eta proiektu bizi honen parte izatea, niretzat ere ohore bat izateaz gain, akuilu ezinbestekoa zaidala, nagitasunaren antidoto bat. Hemen segiko dut beraz, neure txorradetan. Zenbat iruzkin izaten ditudan ikusita, irakurleak ere mordoa izango ditut seguru asko.-
Zerta nijuen? A bai! Ba Argi beltzaren testuak zein bere gaitzizenak, ardi beltzak gogorarazten dizkidate. Eguneroko zoro honetan, mass medien iritzi industriak irentsi ez duena ardi beltza da. Gaur bai eta bihar ere bai, proiektu iraunkor baten alde lanean dabilena ardi beltza da. Eskatu gabe ematen duena ardi beltza da. Jakintza, kantuak ala letxugak, ingurukoekin elkarbanatzen dituena ardi beltza da. Eta ardi beltzak, maitasuna produzitzen du horrela, zentzurik sakonenean.
Lotarakoan, ardiak kontatzen irakatsi ziguten, eta nire buruan zuriak dira oraindik ardiok. Baina txarrantxa saltatzen ikasi duten beltzak ere ugaltzen ari dira, saldoka datoz.
Lo aurreko kontaketan ardi beltzak soilik ageri zaizkidanean, orduan esan nahiko du, ordena sozial berri batean bizi garela.
Iruzkin berriak