Inguruak egiten gaitu. Eta gustuek. Edo
probatu ahala gustatzen zaigu, edo gustatzen zaigulako probatzen
dugu. Auskalo. Tira, ez nadin nahastu. Inguruak egien gaituela garbi
daukat. Edo ez. Agian guk aukeratzen dugu egin nahi gaituen ingurua.
Kontuak kontu, aukeratu eta bilatu gabe etorri zait Rap-a ingurura,
eta ari zait gustatzen, probatu ahala, uste dut.
Ez dut Rapa inoiz inguruko izan, baina
bertsoa bai. Eta ez nago ziur, baina uste dut bertsoarekiko
maitasunak eraman nauela, behin baino gehiagotan, Rapa arbuiatzera.
Elkarrengandik gertukoak izanik, baten alde agiteak bestearen aurka
egitera eraman izan nauela uste dut. Alabaina, gure burua
deseraikitzeko deia egiten digutenei amen egin diet oraingoan,
kostata, eta pentsatzen jarri naiz; Raparen eta bertsolaritzaren
inguruan pentsatzen.
Bertsolaritzak publiko nahiko jakina
dauka, Ezker abertzele inguruko euskaldun jatorrak eta euskaldun
modernoak, oro har eta axaletik azalduta. Rapa urbanoagoa da, jende
periferikoagoarekin egiten du bat, zapalduagoarekin beharbada,
begiratu batera; begiratu bakarra emateko astia eman baitit.
Deigarria da Silveira izan zela Rapera urreratu zen lehen
bertsolaria. Adibide ona da testu osoan zehar esan nahi dudana
adierazteko.
Nahiko ziur nago, euskal munduan
behintzat, bertsolaritzaren maila askoz altuagoa dela Raparena baino.
Ez da harritzekoa, bertso eskoletan egiten den lana, bertsolaritzari
ematen zaion “bonboa”, eta ondorioz dauden bertsolari eta
bertsozale kopurua… teknikoki raperoak baino askoz hobeak dira
bertsolariak. Alabaina, Rapak baditu bertsolaritzak ez dituen eta
eduki beharko lituzkeen hainbat ezaugarri (nire gustu eta nahirako).
Bertsolaritza politikoki zuzenegia da; Rapa ez da politikoki batere
zuzena. Bertsolaritza oso arautua da, eta ez naiz bertsoaz ari,
liturgiaz baizik; sosoa da bertsolaritza, eserita ikustekoa, eta
txalo batzuekin eskertzekoa, ia beti. Rapa askeagoa da alde
horretatik, entzulea pizteko gaitasun handiagoa du, harritzeko
gaitasun handiagoa, espontaneoagoa da zentzu horretan. Ez dakit
azaltzen naizen.
Bestela esanda, aspertu egiten naiz
Soreasun urtero egiten den bertso saioan. Agian, bertsolarien perfila
da, klase soziala, edo bertsolaritzaren mugak berak. Gustatuko
litzaidake bertsolaritzak bide errebeldeago bat hartuko balu,
arauekin hautsi eta bestelako bertsolaritza bat sortuko balitz. Eta
ez dut uste Maialen Lujanbio (asko miresten dudan arren) eta
Soreasuko saioaren antolatzaileak asmo horretan dabiltzanik. Aldi
berean, gustatuko litzaidake euskarazko Rapa bera hobetuko balitz,
kantitatez eta kalitatez. Rapero gehiago sortzea gustatuko
litzaidake, teknikoki hobeak.
Bata zein bestea gure esku daudela
deritzot. Edo ekarpena egin dezakegula behintzat. Bagara batzuk, eta
kontrolatzen ditugu espazio batzuk. Badaukagu gauzak aldatzeko
boterea. Iparrorratza ongi afinatuta eduki behar.
PD: Gaiak eskatzen duen hausnarketaren
laurdenik ere egin gabe nahiko boteprontoan bota dut dena. Saiatuko
naiz gehiago lantzen. Zerbait esan nahi duenarentzat zabalik daude
iruzkintzeko aukerak beti bezala.
Oso modan dago klima aldaketaren gaia. Klima aldaketaren aurkako borroka, zehatzago esanda. Famatua egin da, besteak beste, Greta Thunberg Suediako 16 urteko neska gaztea borroka horretan greba arrakastatsu bat abiatzeagatik. Bada hori, nolabait, munduak duen lider politikoen faltaren adierazle; 16 urteko neska gazte bat hala bilakatzea, alegia. Kontuak kontu, klima aldaketaren gaiak minutuak hartu ditu mass medien albistegi eta tertulietan. Eta politikariek behartuta ikusi dute beren burua zenbait neurri hartzera.
Dena den, politikariak ez daude, eta ez
dira inoiz egongo, klima aldaketaren arazoa errotik aldatzeko prest,
horrek ekoizpen modu kapitalista errotik aldatzea ekarriko lukeelako,
eta hori ez da gertatuko. Ondorioz, hartutako neurriak petatxuak
besterik ez dira. Alabaina, neurri horiek politikariek beren irudia
garbitzeko eta nolabait arazoak ebazteko funtzioa dutela
sinestarazteko hartzen baditzute ere, badute eragin edo ondorio
sakonagorik. Aurpegi eta intentzio onez hartzen omen dituzten
determinazioek uste baino gehiago ezkutatzen dute. Eta hemen,
KontuLepon, dagokiguna errealitate ofzialari maskara kentzea (ere
ba-)da. Klima aldaketaren aurka hartu diren lau “neurri” aipatuko
ditut azaldu nahi dudana argitzen lagunduko didatelakoan.
Aurrena Manhattango kasua da: hemendik
aurrera bertara sartu nahi duten auto gidariek sarrera moduko bat
ordaindu beharko dute sartu nahi duten aldiro, beste hiri handi
askotan ere indarrean dago neurri hau. Hirian autoek sortzen duten
kutsadura murrizteko neurri zintzoa begiratu batera; protestak eragin
ditu inguruko hainbat langile auzotan, garraio publikoa gaizkien
egituratuta dagoen auzoeta haien esanetara, lanera joateko
ezinbestean hartu behar izaten dute autoa, lehen bizitzeko juistukoa
eskuratzen zuten familientzat beste estutu bat, azken finean. Auzo
aberatsetako jendeak garraio publikoa egokiago edukitzeaz gain, ez
dira soldata berdinaren jabe, hortaz beti gutxiago erasango die
neurriak. Demokraziaren betiko paradoxa da; berdintasun balorea
faltsua da gizateko hainbat kapen abiapuntua desberdina den unetik.
Arazo berari beste modu batean
erantuzteko konpromisoa hartu zuten Madrilen. Egun batean matrikula
bakoitiek soilik erabli ahalko dute hiri barruan autoa, eta hurrengo
egunean bikoitiek. Lehengo neurriaren ildo bereko emaitzak, noski;
auzo aberatsetako biztanleek metro eta autobus lineak askoz hobeto
egituraturatuta dituzte, eta zorte apur batekin matrikula bakoitiko
eta bikoitiko auto bana familian. Auzo pobreetakoek, aldiz, garraio
publiko eskasagoa eta auto bakarra, oro har; lanera iritsi ahal
izateko buruhauste bat gehiago, joatea bera nahikoa ez balitz bezala.
Aurreko neurri horietatik salbuetsita
daude auto elektrikoak. Gero eta ospe handiagoa ari dira izaten auto
horiek. Duten prezioa, ordea, dirua nahikoa daukatenek bakarrik
ordaintzeko modukoa da; ez daude, beraz, aurretik aipatu ditugun
kaltetuenen eskura inolaz ere.
Denborak erakutsi digu hirugarren
neurriak nor kaltetzen duen. Eskuindarren mugimendutzat jo zuten
zenbait hedabidetan “Txaleko horien” mugimendua hasieran, neurri
ekologista baten aurkakoak zirela argudiatzen baitzuten. Erregaiaren
prezio igoeratk sortu zen mugimendu hori, eta noski, garraiolarien
sektorea izan zen kaltetuena. Lehengo lan-baldintza eskasak gutxi ez,
eta are egoera kaskarragoan uzten zituzten aipatutako langileak
Macron jaunaren ideiak. Denborak erakutsi digu zer diren “Txaleko
horiak”; Frantziar gobernuak hartutako neurriek (fiskaletateari
dagozkionak ere bai tartean) itotako langile klasearen espresio
indartsu bat, alegia.
Azken neurria ez da politikariek
publikoki eta ofizialki hartutako neurri bat. Kutsadura gehien
sortzen duen garraioa hegazkina dela jakina da. Horren harira hainbat
mugimendu sortu dira hegazkinak erabiltzeari boikota egitea
eskatzeko. Aireportu batean izan den edonork ikusi du hegazkina
erabiltzen duten ehuneko handi bat gorbatadun jendea izan ohi dela,
egun bateko joan-etorriak egiten dituztenak hegazkinez, negozio
gizonen ohiko profila, nolabait esateko. Aitzitik, hegazkinen aurkako
mugimenduek indarra hartu duten honetan mass mediek Ryanair hegazkin
konpainiaren aurkako kanpaina abiatu dute. “Ikatz berria” deitzen
diote jada, CO2 gehien isurtzen duen hegazkin konpainia delako; ez
dute azaltzen, ordea, egiten dituen hegaldi kopuruak eragina duela
horretan, eta proportzioan ez dela horren kutsakorra beste zenbait
konpainiekin alderatuta. Ryanair, hain zuzen ere, prezio baxuengatik
da famatua, ez da beste hainbat konpainia bezain erosoa, baina
aurrekontu handirik gabeko bidaiarientzat oso egokia da. Ez da
negozio gizonen profilak erabili ohi duen hegazkin konpainia, klase
baxuenek oso noizean behin egingo dituzten oporreterako garraioa
baizik. Eta “kasualitatea”, konpainia horren gainera bideratu
nahi izan dute fokua hedabideek. Eta ez, ez naiz hegazkin konpainia
bat defendatzen hasiko, baina sistemak bere aurkako mugimenduak nola
manipulatzen dituzten ikusteko adibide ona da. Urtean behin hegazkina
hartuko duen gizajoak izan dezala kontzientzian karga, eta astero
darabilen negozio gizonak segi dezala bere jardunean lasai.
Klima aldaketaren aurkako borroka bere
baitan asimilatu eta langileen bizi-baldintzak estutzeko ari da
erabiltzen sistema. Arazoa sortu ez dutenek ordaintzen dute ondorioa.
Eta arazoak, aldiz, bere horretan dirau. Egungo ekoizpen modua bera
da natur baliabideak modu basatian ustiatzen dituena, zaborra egunero
tonaka sortzen duena, kutsadura neurrigabea sortzen duten enpresengan
sustengatzen dena, erregai kopuru itzelak derrigorrezko egiten
dituena… Beste hainbat gaitzen jatorria izateaz gain, klima
aldaketaren eragile nagusia, alegia.
Alferrik nekatuko dira ostiralero greba egiten duten ikasleak, hegazkinen aurkako mugimenduak eta Greta Thunberg bera politikariei klima aldaketaren aurkako neurriak eskatzen. Ekoizpen modu kapitalista da errotik ebaki beharrekoa, berezkoa eta beharrezkoa baitu kutsadura.
Mugitzen ari da mundua. Ez da zalantzarik. Emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasun aldarria gero eta ozenagoa da kaleetan, lantokietan, telebistan nahiz irratian… Horren adibide da azken asteotan emakumezkoen futbolak hartu duen sona. Athletic-eko neskek San Mames barria bete zuten, Europan inoiz emakumezkoen partida batean izan den ikusle kopururik handiena erdietsiz. Handik astebetera, talde beraren eta Errealaren arteko partidak hogei mila ikusletik gora bildu zituen berritze prozesuan den Anoeta estadioan.
Pozik eta harro agertu da euskal
progreen mugimendua lorpen horiekin; eta bizitza guztia futbolaren
miseria eta gaitz guztiak salatu diztuzten askok ez dute aipatutako
partiduetara joan edo horiek goraipatzeko lotsarik izan. Gizonezko
eta emakumezko futbolarien arteko soldata arrakala salatu dute, hori
bai; lotsagarria baita emakumezkoek ez kobratzea gizonezkoek
kobratzen dituzten miloi pilak.
Jon Sarasua bertsolariari entzun nion
behin Hondarribian Alarde mixtoaren “ez-oso-alde” bota zuen
bertso baten azalpena. Haren ustez kontua ez zen berdintasunaren
izenean emakumezkoek gizonezkoen ohitura txarrak hartzea; bota zuen
bertsoan emakumezkoak Alardean parte hartu ez, Alardea bera kendu
beharko litzatekeela bota bide izango zuen, martxa militar hura
gaitzeste aldera. Ez omen zion bertso hark emakumezko askori grazia
handirik egin, eta nola halako begiradak jasan behar izan zituela
azaldu zuen Sarasuak.
Antzera pentsatzen dut futbolaren
gaiarekin. Jakitun bagara gaur egungo gizartearentzat zer nolako
gaitza dakarren futbolak, zergatik jarri emakumezkoen futbola ere
maila horretan? Ahaztu al zaigu Athletic-eko neskek bete zuten San
Mames barria EAEko diru publikoz eta langile atzerritar askoren
miseriaz baliatuz eraikitakoa dela? Edo Anoetan ordaindu zuten
sarrerako dirua Euskal Herriko arma enpresa handienetako baten
nagusiaren (Aperribai jauna) poltxikora doala?
Edo argiago ikustearren; torero
emakumezkoak hasiko balira korridetara joaten hasiko ginateke?
Apaizak jaunak beharrean andreak balira kristau egin eta mezetara
joango ginateke? Edo AHTaren arduradun nagusia Arantza Tapia dela eta
tren horren alde jarriko gara?
Ez dakit nik non dagoen neurria; beharbada emakumezkoen futbolaren bat-bateko gorakada honek neska gazte asko animatuko zituen futbolean hastera herriko taldeetan. Eta hori positiboa da ezbairik gabe. Hobe litzateke gazteen maila bakoitzean herrietako klub guztiek nesken talde bana izaten jarriko balirateke indarrak, eliteko taldeak are elitekoago egiten jarri beharrean.
Berdintasunaren aldekoa naiz ni.
Berdindu gaitezen behean ordea, ez goian, eta gizonezko futbolariek
kobratu dezatela emakumezko etxe-garbitzaile baten soldata. Goikoak
behera alegia, ez alderantziz. Edo are gehiago, sortu dezagun
soldatarik gabeko gizartea.
Eta toreroak harrapatu ditzatela
zezenek, apaizak desagertu bitez eliza guztiak erre direlako, eta
demokrazia burgeseko goi-karguak gilotinatu ditzagula, denak
berdin-berdin.
Euskararen nazioarteko eguna gaur omen dela eta, aukera baliatu nahi nuen gure hizkuntzaren gainbehera eta horren aurrean egiten diren kanpainen inguruan iritzia emateko. Ideia guztiak ongi ordenatu gabe izateak eta auziaren inguruko hari-mutur guztiak argi ez izateak ez dit utziko nahi nukeen zehaztasunez idazten edota soluzioak eskaintzen. Alabaina, hausnarketa honek balio beza ondorengo beste batzuei bide emateko, eta jendeak ikusteko ohiko bertsio ofizial eta iritzi politikoki zuzenez gain, badirela euskararen auzia beste klabe batzuetan ulertzen dituztenak ere. Segi letzen!
“Jaurlaritzak bere lehiakortasuna bermatzeko ez dizkio armagintza sektoreari diru laguntzak ukatuko. Gerraren industriak onurak ekartzen ditu Euskadiko familia askorentzat.” Karmelo Sainz de la Maza (Jose Antonio Ardanza lehendakariaren bozeramaile izandakoa)
Gaurkoan gerraren inguruan arituko naiz labur bada ere. Izan ere, ugari dira errefuxiatuen aldeko kanpainak gure inguruan, eta denoi astintzen digu kontzientzia telebistan gerrako irudi gordinenak ikusteak. Baina gerra gu uste baino gertuago daukagu, eta errefuxiatuen aldeko hitzak hipokresi huts bilakatzen dira errefuxiatuak zerk eragiten dituen eta guk horretan zenbaterainoko ardura daukagun ohartzen ez bagara.
Liburu batean oinarrituta hainbat datu aipatzea da nire asmoa, horrek nire ustez nahiko oker bideratutako kanpainak (“Ongi etorri errefuxiatuak” etab.) birpentsatzen lagunduko duelakoan. Argi dago errefuxiatuak gure herrialdeetan hartzea ezinbestekoa dela etika kontu hutsagatik bada ere, eta horretan ardura handiago eskatu behar diegula gure agintariei. Alabaina, ezin da ahaztu zerk eragiten dituen errefuxiatu horiek.
Armagintza: gerra ona da negozioentzat. Gure negozioa gerra da izeneko liburua irakurri berri dut eta hortik jasotako informazioa eta hausnarketak helarazi nahi dizkizuet. Izan ere, liburuan arma enpresei buruzko informazioa datorkigu, 100 enpresa dira gaur egun Euskal Herrian nolabait armagintzarekin zerikusia dutenak (bakarren bat ez zaigu oso urrunekoa egingo agian…). Gehienak diru publikoz lagundutako enpresak dira, hau da, gure zergetatik jasotako dirua armak egiteko erabiltzen da, gero jendea hiltzeko. Enpresa hauek Espainiako ejertzitoari armak saltzeaz gain nazioartera esportatzen dute, eta batez ere krisiaz geroztik, gure ekonomiaren sostengu nagusietako bat bilakatu dira.
Enpresez gain, unibertsitateek ere industria militarra elikatzen dihardute. Euskal Herriko Unibertsitate publikoa nahiz Mondragon unibertsitateak dira horren adibide; biek hala biek arma enpresei zuzendutako ikerketak burutzen dituzte. Enpresa horiek unibertsitateen ikerketarako gaitasunaz baliatzen dira, horretarako dirua jartzen dute eta ordainetan beren ekoizpena hobetzeko ikerketak egiten dituzten unibertsitateek. Bai; gure EHU publiko maiteak eta Mondragon unibertsitateak arma hobeak fabrikatzeko lan egiten dute, jendea errazago eta azkarrago hiltzea lortzeko.
Pentsatzekoa den moduan bankuak eta aseguru-etxeak ere ez daude saltsa honetatik salbu. 2008ko krisiaz geroztik arnasbide handia izan da horientzat ere armagintza. Gaur egun, Espainiako arma enpresen zorraren ratioa %73koa da bataz beste; hau da, lau armetatik hiru ez ziren existituko mundu osoko arma industriak bankaren eta aseguru-etxeen babesik ez balu. Ez dut uste esan beharrik dagoenik baina dudarik bazen ere gutako gehienon Kutxabank ere tartean dago, eta ez da rankingean azkenetarikoa…
Datu askoz gehiago eta zehatzago azaldutakoak ageri dira liburuan, 40 orri inguru ditu eta erraz irakurtzeko modukoa da (interneten ere eskuragarri dago: bagaudia.noblogs.org).Irakurri beharrekoa beraz, instituzio eta agintariei errefuxiatuen inguruko ardurak eskatu aurretik badugu zerren ardurak eskatua. Gerra munduko negozio nagusienetakoa da, eta gu horren onuradun eta konplize.
Goizero moduan lanean, irratia piztuta, neure zereginak nola hala betetzen ari nintzen astelehenean. Euskadi Irratia entzun ohi dugu lantokian eta han ari ziren betiko tertuliano aspergarriak Gure Esku Dagoren giza katea gora eta Altsasuko auziaren proportzionaltasunik eza behera. Nork erabakitzeko eskubidea zabalago defendatuko, nork justizia ozenago aldarrikatuko, nor demokratago. Nazkatuta, irrati katea aldatu eta Arrate Irratia jarri nuen. Meza ari zen han, berriz; meza santua.
Tajuzko artikulu bat idazteko astik ez ta kezka bat gaurkuen plazara. Astebeteko epien hiru notizi uztarrian udalak turismue bultzatzeko eindako ekimenakin. Hiru aldiz turismo zinegotziye uztarriako albistetako argazkitan… (hemen beyen notiziyek)
Ta nere kezkie da: Pentsau al du udalak guk nahi al deun gure herriyen turismue hainbeste bultzatzie? Parte-hartzie hainbeste bultzatzeun udal jator horrek zeatik eztigu galdetzen aber gure herriyen turistak ibiltzie interesatze altzaigun? Segi letzen!
En un lejano país existió hace muchos años una Oveja negra. Fue fusilada. Un siglo después, el rebaño arrepentido le levantó una estatua ecuestre que quedó muy bien en el parque.
Así, en lo sucesivo, cada vez que aparecían ovejas negras eran rápidamente pasadas por las armas para que las futuras generaciones de ovejas comunes y corrientes pudieran ejercitarse también en la escultura.
Augusto Monterrosso
Facebookek nire laguna dela dioen batek atari horretan jarritakoak haserretu nau duela gutxi. Etorkinek jasotzen dituzten diru-laguntzei egiten zien erreferentzia. Imajinatu dezakezue, gutxi gorabehera, zer esaten zuen. Ez naiz xehetasunetan sartuko.
Badabil KontuLepo jendearen ahotan, eta poztekoa da. Euskal Herriko mugimendu politikoan barruak eta kanpoak astintzen dituen gaiak plazaratzeko parada ezin hobea dugu gure herriko txoko txiki hau. Eta gaurkoan, gaiaren transzendentziari eta blogak merezi duen mailari ahalik eta akordeena izan nahirik, behar baino hanka motzago geratuko zait plazaratuko dudana. Hala ere, Estatuak euskararen auzian duen paperaz hitz egiten saiatuko naiz, eztabaidarako markoa ireki asmoz, gaur egun aurkitzen garen ataka estuan gauzak argitzen hasteko.
Euskara ekoizpen modu kapitalistak subsumitu duen merkantzia bat bilakatu da, truke-balioaren logikaren baitan ekoizten eta kontsumitzen dena, interes kapitalistei jarraiki. Beraz, esan bezala, kapitalismoak merkantziak ekoizten ditu, eta horrekin giza-harremanak, pentsatzeko, jokatzeko, hitz-egiteko moduak. Hau da, bizitza ekoizten den heinean bizitza ulertzeko modua ere ekoizten da: “el ser social determina la conciencia”.
Iruzkin berriak