Author: Kontu Lepo (1 garren horria 7 -etik)

KAPITALA HILTZAILEA: Eskualdeko bi istripuen aurrean irakurketa

Aste honetan kapitalak erail dituen bi langileen familia zein ingurukoei elkartasuna eta animorik beroenak adierazi nahi dizkiegu, eta egoeraren larritasuna ikusiri, irakurketa hau zabaltzea erabaki dugu.

Astelehenak kolore beltza hartu zuen langileontzat. Goizaldean, baso ustiaketan zebilen langile baten ezbeharraren berri jaso genuen. Ondoren, Zarautzen antzeko lan istripu bat gertatu zela jakin genuen, kasu horretan behargin bat garabi batetik jauzi ostean hil zen. Biak ala biak emaitza gordin berarekin: bizitza aurrera atera nahian lanak hil ditu beste bi behargin.

Ez gara nekatuko arazoaren muina azaleratzearen ahaleginean, sustraiak bertan utziz gero sasia berriz irteten baita. Helburu bakartzat kapitalaren akumulazioa duen sistemak jarri gintuen, gaitu  eta jarriko gaitu antzerako gertakari samingarrien aurrean. Kapitalismoak berarekin dakarren konpetentzia sutsuak langileon etekinen zukutzea dakar, eta, ondorioz, gure bizitzen zukutzea, askotan heriotzeraino. Ondorioek axola gabe, lanaldiak luzatzen dizkigute, produkzioa azkartzera behartzen gaituzte, presio bortitzak pairatu ohi ditugu eta abar luze bat.

Nolabait, eta behargin hauen heriotzei larritasuna kendu gabe, langileok jasaten dugun estrukturazko biolentziaren izebergaren punta da lan istripuen auzia. Kapitalaren dinamikak langileon bizitzen osotasuna baldintzatzen baitu: lan postuetan zuzenean bizi ditugunetatik hasi (osasun arazoak, miseriazko soldatak, estresa…), honen ondorio zuzenetatik segi (etxekaleratzeak, isolamendua, depresioak, harremanen desnaturalizazioa…) eta mundu mailako fenomenoetaraino (gerrak, krisialdiak, sakeoak, faxismoaren gorakada…).

Behin eta berriz ikusi eta senti dezakegu etekinen norabideak langileria zein tokitan uzten duen. Baina norabide honek, interes batzuei erantzuten die,  burgesiaren interesei alegia, eta, beraz, arduradunak ditu. Kasu zehatzetan arduradun  hauek seinalatzeaz gain , gure betebeharra da egoera hau irauliko duen baldintzak sortzea.

Muturren parean dugun errealitatea ez da nola nahikoa, eta, beraz, gaur arratsaldean egingo den mobilizaziora deitzearekin batera, ezinbestekotzat deritzogu langile batasunaren eta antolakuntzaren aldarrikapena egitea; baturik eta ondo antolaturik soilik gauzatu baitaitezke langileriaren interesei erantzungo dieten estrukturazko aldaketak.

Azkoitiar langileri, iraganaz jabetu, antolatu eta esku hartu!

(Kolaboraziyue: Oroit)

Askok eta askok Azkoitia herri nekazari, pelotari eta erlijioso gisan irudikatzen duzue zuen buruan eta ez da harritzekoa, azken urteotan instituzioak gobernatzen dituzten burgesiak helarazi nahi izan digun mezua izan baita. Herri zintzoa eta tradizioetan bildutakoa, lasaia eta istilurik gabea…baina hala izan al da prozesu historiko osoan zehar? XIX. mende amaieran eta XX. mende hasieran zer-nolako itxura zuen Azkoitiak? Eta garaiko burgesiak, guk langileok haren atzaparretan mantentzeko adina mekanismorik ba al zuen?

Galdera hauek erantzuteko ezinbestekoa zaigu historian atzera egitea, zehazki, XIX. mende amaieran kokatuko gara. Ordurako, Azkoitiko langileriaren sektore handienak nekazaritzan jarduten bazuen ere, jute fabrikak ere sortuta zeuden eta azkoitiar langileriaren sektore handiak bertan lan egiten zuen, bai eta herriko txapel fabrika bakarrean ere, “Hijos de Hurtado y Mendoza” delakoan. Fabriketako lana bi sektoretan banatzen zela esan genezake, hain zuzen, alde batetik, fabrikan bertan jarduten zuten langileak ditugu eta bestetik, gehiengoan abarketari azken ukituak ematen zizkioten etxeko-langileak, zeintzuk “txortari”[1] lanak, hau da, abarketaren amaierak egiten zituzten. Azken hauek, Azkoitiko Plaza Berri zein San Martin kaleetan jarduten zuten lanean, besteak beste. Kaleko lanak betetzen zituzten langileek, nekazaritza zein bestelako jarduerekin tartekatu zezaketen fabrikako lana.

Baina zein kondiziotan jarduten zuten lanean? Langile haiek guztiek, egiten zuten errendimendu eta produktibitatearen arabera kobratzen zuten, hau da, hainbeste produktu hainbeste diru. Azkoitiko fabriketako burgesiak, Jose Mancisidor kasu, langilea beren menpe esplotatuta mantentzea lortzen zuen. Hain zuzen, langileek ahalik eta abarketa gehien egiteaz arduratzen ziren egunean zehar, haren esku baitzegoen ondoren sabeleratuko zuten elikagai apurra. Horrek burgesari kapital akumulazio handiagoa ahalbidetzen zion, hain zuzen, langileak ahalik eta abarketa gehien egingo baitzituen merkatuan salgai zeuden elikagaiak erosi ahal izatera iristeko. Adibide gisan, ogia 4 pezetatan bazegoen eta abarketa pare bakoitza 0,5 pezetara bazegoen, hura lortu ahal izateko burgesak 8 abarketa pare lortuko zituen egunean eta langileak, orduak jasan behar izango zituen lanean, gero burgesak hura salduz, langileak baino irabazi handiagoak lortuko zituelarik (gainbalioa, esplotazioa)[2].

Horrez gain, langileen menderakuntza eta horrenbestez, langilegoa bere klase borrokaz ez ohartzeko, fabriketako jabeek erlijioa sartzen zuten haien antolakuntzaren barnean. Langileek, Epelde y Larrañaga lantegian, beren jornala amaitu baino bost minutu lehenago errezatu beharra izaten zuten. Gisa horretara, erlijioa langilearen klase kontzientzia besterentzeko tresna gisan erabiltzen zen, balio erlijiosoak burgesiaren esplotazioaren aurrean gailentzen zirelarik.

Gainera, emakume langileak fabriketan sartzeak ez zuen haien askapenerako inolako zantzurik bideratu. Azkoitiar burgesek azkoitiar emakume langileei gutxiago ordaintzen zien haien mozkinak handitu ahal izateko. Gisa horretara burgesiak bi baldintza bilatzen zituen, alde batetik, aipatutako kapital akumulazioa handitzea eta bestetik, emakume langilearen eta gizonezko langilearen arteko konfrontazioa, benetako etsai burgesa lausotu asmoz. Baina garai hartako azkoitiar langileek burgesia argi eta garbi identifikatu ahal izan zuten, batik bat Lehenengo Mundu Gerraren testuinguruan eta haren ostean. Klase kontzientzia hartzen hasi ziren eta horren adibide dugu XIX. mende amaieran sortutako “Sindicato Católico Libre” deiturikoak azkoitiar langile guztiak batzeko egindako deia “¡Esnatu bada, langileak! Ez egon lo, zergatik etzayak ernai ur’ian dabiltz. Gaitz gogor’ak etor’iko zaitzu esnatzen ez bazera. Ez zaitez bildur’ez gelditu, etor’i zaitez lagunetara, ez joan etzayetara, emen arkituko dezu bear dezun indar’a etzayak zapaltzeko eta zeor’en ondoizatea arkitzeko.”[3]

Azkoitiar langileak, XIX. mende amaierako sindikatu katolikoetan antolatzen hasita zeuden; haietan entzutetsuenak hiru izan ziren, aipatutako Sindikatu Katoliko Librea, Euzko Langileen Alkartasuna eta azkenik, burgesek langileen antolakuntza sindikala desegin ahal izateko sortutako sindikatua, herrian “horixek” edo sindikatu horia gisara ezagutuak zirenak. Lehen Mundu Gerraren garaian garatutako klase kontzientziaren testuinguruan, azkoitiar langileak fabriketan asanbladetan biltzen hasi ziren. Han lan baldintzak hobetzeko hautuak egiten zituzten eta erabakitakoak paper batetan ezarriz alkatetzara bidaltzen zituzten fabriketako langile guztien eta sindikatuen izenean. Paper hura, alkateak jasotzean, burgesiari deitzen zion langileen eskakizunen berri emateko. Burgesiak, eskakizun gehienei muzin egin eta gutxi batzuk baino ez zituen onartzen[4].

Lehenengo Mundu Gerran zehar elikagaien  inportazioen eskasia medio, elikagaien prezioek Azkoitian ere goraka egin zuten. Horren aurrean, azkoitiar langileek kobratutako soldata ez zen nahikoa bizi baldintza duinak eduki ahal izateko eta haien eskakizunak batik bat egoera ekonomiko ankerrari aurre egiteko baldintzak eskatzeaz arduratu ziren. 1918ko ekainaren 11rako azkoitiar langileek greba deitu zuten eta aurreko aldietan gisan, fabriketako asanbladetan oinarritu eta azkoitiar burgesiarekin tratura iristen saiatu ziren. Baina beste behin ere, azkoitiar burgesiak argi eta garbi erakutsi zuen bere helburu nagusia ez zela fabriketan zituen langileen baldintzak hobetzea, bere irabaziak handitzen jarraitzea baino; hain zuzen, langileen eskakizunei berriro ere muzin egin zieten. Garai hartan guztira Azkoitiko abarketen sektorean lan egiten zuten langileak 2000 inguru ziren. Horrenbestez, haiek guztiak  lan uztea egiten bazuten, burgesiak produkzioaren bidez lortzen zituen irabaziek behera egingo zuten. Irabaziak eteteko beldurrez, alkateak, Juan Jose Alberdik, burgesiaren parte zenak, Gipuzkoako Gobernadore Zibilari dei egin zion greba geratu zezan: “(…) y como es casi seguro que dicha huelga se extienda a las fabricas de trenzas y se llegue al paro general de la población que cuenta con mas de dos mil obreros, ruego que disponga el envio inmediato de fuerzas suficientes para evitar coacciones y alteraciones del orden publico”[5]. Hala eta guztiz ere, langileek bide baketsuan jarraitu zuten greba, berriro ere burgesiari eskakizunak eginez. Greba horretan 1300 gizonezkok eta 500 emakumek parte hartu zuten, horietan adin txikiko 300 mutil eta 100 neskato batu zirelarik. Burgesiak beraz, adin txikikoak ere bere kapitala nahi haina handitu asmoz eta lan baldintza eskasenekin, gutxiago ordainduz erabiltzen zituen, hala bere mozkina handitzea errazagoa zitzaiolarik.

1919ko irailaren 6an Azkoitian zortzi orduko lanordua ezarri zuen burgesiak, estatu espainiarreko legediari jarraiki. Hala eta guztiz ere, soldatak ez ziren hazi eta horrenbestez, langileek beren eguneroko elikadura ezin izan zuten behar bezala gauzatu. 1919ko urrian gainontzeko herrialdeetako abarketa produkzioaren burgesiarekin akordatuta, azkoitiar langileei haien soldatak hazi eta zenbait lan baldintza hobetzeko erabakia hartzen badute ere, 1920ko hasieran haiek berriro ere aldatzeko gaitasuna izango zutela adierazten dute. 1920an zehazki, abarketen fabriketako burgesia batu egin zen Patronalaren Elkartea eratuz, langileria errazago menpean hartzeko, hain zuzen, bertan izan ziren “Esteban Alberdi y Cía”, 1920an zehazki, abarketen fabriketako burgesia batu egin zen Patronalaren Elkartea eratuz, langileria errazago menpean hartzeko, hain zuzen, bertan izan ziren “Esteban Alberdi y Cía”, “Epelde, Larrañaga y Cía”, “Sucesores de J.F. Arteche”, “Mancisidor y Cía” eta “Echániz, Iturrioz y Cía”. Garai horretan Azkoitiak 6459 biztanle zituen eta haietatik 2500 langile inguru ziren.

1920ko ekainaren 18an langileek grebara egin zuten, berriro ere bizi maila aurrera eramateko haina ez baitzuten irabazten[1]. Argi zegoen orduan ere, burgesiak krisi garaian ere bere irabaziak mantentzea zuela bide bere fabriketan lan egiten zuten langileen bizitzaren egoerari muzin eginez. 1920ko uztailaren 23an burgesia azkoitiarrak argi utzi nahi izan zien langileei nork agintzen zuen, 1600 langile langabe utziz[2]. Burgesia, langilea diziplinatzeaz arduratu zen, lan kaleratzeak, azken finean, langilea beldurtzeko erabili zituen. Garai hartan, langileak lana galtzeak (gaur egun bezalaxe) egunero bizi ahal izateko oinarrizko produktuak ezin lortu ahal izatea baitzekarren, hain zuzen, haien produkzioa ere kapitalizatuta egotearen eraginez. Inposizioz beraz, burgesiak berriro ere ordena kapitalista martxan jartzea lortu zuen. “Epelde, Larrañaga y Cía” eta “Esteban Alberdi y Cía”-ko langileak fabriketara itzuli ziren bitartean, tailerretako langileek greba jarraitu zuten. Azken hauek egindako manifestaldi batean, burgesiaren polizia, Guardia Zibila, gogorki oldartu zen langile azkoitiarren aurka tiroketak eginez eta, bi gizonezko, emakumezko bat eta lau gazte zauritu zituen. Beste behin, biolentzia estatal burgesaren bidez, langileak menpean hartu eta esplotaziora bideratu zituzten, haien bizi baldintzak hobetu ez zirelarik.

Gure iraganak argitzen digunez, langileok antola gaitezen, bitarteko ekoizpenak gure egin ditzagun, gune autogestionatuak eraikiz. Burgesia bitarteko ekoizpenen jabe den heinean, gure bizi baldintzak ez dira hobetuko, erreforma hutsean geratuko dira eta desjabetutako zapalduok egoera berberean jarraituko dugu. Argi eta garbi ikusi da instituzioen mende, langileon hobekuntza hutsa saltzen dizkigutenak, erreforma hutsak baino ez direla eta zapalduak izaten jarraituko dugula. Langile, iraganaz jabetu, antolatu ta esku hartu!


[1] Abarketari azken ukitua ematean egiten zen mugimenduaren itxurak, txortan egitearena zuelako emandako izena.

[2] Adibide hau ematerako orduan ez dira kontutan hartu garaiko merkatuko prezioak, irakurleari langileok burgesiaren partetik garai hartan jasaten genuen zapalkuntza irudikatu ahal izateko emandako adibidea baino ez da.

[3] Azkoitiko Udal Artxiboan on-line kontsultagarri. Azkoitiar’ Langileri.

[4] Etxezarreta Ibañez, Ekaitz. Azkoitiko alpargata sektorea XX. mende hasieran. Azkoitiko Udal Artxiboan on-line kontsultagarri.

[5] Ibidem, 19.or.

[6] Castells Arteche, Luis. 1987. “El desarrollo de la clase obrera en Azcoitia y el sindicalismo católico (1900-1923)”, Estudios de historia social, 42-43: 162.

[7] Muxika Zuloaga, Ione. 2016-2017. Arkeologia eta gaur egungo gizartea: gatazka eta memoriaren materialtasuna iragan hurbilean. Azkoitiko kasua. Euskal Herriko Unibertsitatea: 22.or. (on-line kontsultagarri)

Bibliografia:

Azkoitiko Udal-Artxiboa on-line

Castells Arteche, L. 1987. “El desarrollo de la clase obrera en Azcoitia y el sindicalismo católico (1900-1923)”, Estudios de historia social, 42-43: 151-180.

Etxezarreta Ibañez, Ekaitz. Azkoitiko alpargata sektorea XX. mende hasieran. Azkoitiko Udal Artxiboan on-line kontsultagarri.

Muxika Zuloaga, Ione. 2016-2017. Arkeologia eta gaur egungo gizartea: gatazka eta memoriaren materialtasuna iragan hurbilean. Azkoitiko kasua. Euskal Herriko Unibertsitatea, on-line kontsultagarri.

Olalde Juaristi, J.J. 2004. Azkoitia iruditan. Azkoitia: Barriketatik.

[7] Muxika Zuloaga, Ione. 2016-2017. Arkeologia eta gaur egungo gizartea: gatazka eta memoriaren materialtasuna iragan hurbilean. Azkoitiko kasua. Euskal Herriko Unibertsitatea: 22.or. (on-line kontsultagarri)

Urpekontzi Sobietarra

Iepa.

Lehen aldia da blog honetan idatziko dudana. Nire tarte hau egungo egoera internazionalaren inguruko gertaerei buruz idazteko baliatuko dut, harreman internazionalen esferan ematen ari diren aldaketa ugarien, eta hauen atzean dauden interes askotarikoen jabe izaten saia gaitezen. Faktore hauek, urrutikoak iruditu arren gure eguneroko bizitza, zein etorkizunean ireki daitezkeen aukera iraultzaileak zuzenki baldintzatzen baitituzte.

Nire asmoa gertakari internazional konkretuen inguruko irakurketak egitea da, baino lehenengo idatzi honetan, panorama internazionalaren argazki orokor eta zabal bat ematen saiatuko naiz, ondorengo idatzietan landuko ditugun gatazka zein prozesu ezberdinak testuinguru orokor onen baitan ulertu ditzagun.

Bigarren mundu gerraz geroztik, AEBak izan dira munduko superpotentzia nagusia, 90. hamarkada arte Sobietar Batasuna bezalako alternatiba bat aurrean izan arren, bigarren honen sakrifizio eta galerak aupaturiko gerran izugarriak izan bai ziren demografia nahiz azpiegitura aldetik, AEBak, bere benetako etsaia zen Sobietar Batasuna, gerra bere kasa irabaztera zihoala ikusi arte sartu ez ziren bitartean.

Sobietar Batasuna erortzean hegemonia osoa lortzen dute estatu batuek mundu mailan, beraien arerio ziren Yugoslavia bezalako herrialdeak gerra ankerren bidez desagerrarazi eta inongo erantzunik ez jasotzeraino. Baina azken urteetan aldaketa nabarmenak eman dira munduan, horren adibide, Txinaren superpotentzia ekonomiko bilakaera, Errusiaren susperraldia aktore internazional modura, afganistaneko gerra bezalako buruhauste militarrak(AEBentzat), hegoamerikako alternatiba antiimperialisten sorrera eta kasu batzuetan indartzea, ekialde hurbileko herri ezberdinen erresistentzia goraipagarriak (palestina,siria,libano,Yemen)…

Horain arte, eta oraindik ere, dolarra da mundu mailan erabiltzen den moneta garrantzitsuena, itzala egiten dion beste monetarik gabe, honek estatu batuei eta bere erreserba federalari inongo kontrolik gabeko zorpetze ahalmena eta beste herrialdeen gaineko kontrol finantzieroa ematen diolarik (beste herrialdeei santzio ekonomikoak ezartzeko ahalmena adibidez). Baina azken urteetan modu gero eta azkarragoan hari da egoera hau aldatzen. Txina, Errusia, Iran, Turkia, Europar Batasuna, India, Venezuela, Siria… beren monetak erabiltzen hasi dira beraien arteko transferentziak eta kontratuak egiterako orduan, hau izugarrizko kolpea izanik dolarrarentzat.

Hontaz gain estatu batuetaz aparte ematen hari diren aliantza ekonomikoak garapen bidean dauden herrialde ezberdinen artean, BRICS kasu( txina,Rusia, India, Sudafrica, Brasil), AEBk kontrolpean ez dituen inbertsiorako banku ezberdinak sortuz, afrika bezalako leku estrategikoetan AEBen protagonismoa zalantzan jartzen hari dira.

Honek guztiak, beste hainbat faktorerekin batera, mundu mailako errekurtsoen eskasia geroz eta handiagoa, beste potentziekin duen karrera militarra (nuklearra barne, honek izan ditzakeen eraginekin) zein AEBek eta mendebaldeak duen arazo demografiko sakonak… Estatu Batuei bere hegemonia mantentzeko geroz eta arazo gehiago sortzen dizkio, mundu guztiz unipolar batetik multipolarrago baterako aldaketa prozesu batean gaudelarik.

Honen aurrean imperio guztiek beraien azken fasean bezala AEBek ere erasokorragoa bihurtzeko joera dute, honen adibide, ultraeskuinaren gorakada mendebaldean, erretolika zeharo belizista, tratatu internazionaletatik ateratzeko joera, aliatuekiko mespretsua, Arabia Saudi bezalako erregimenei teknologia nuklearra emateko asmoa, eta edozein erresistentzia planteatzen duen edozein herrialderekiko jarrera zitala (Venezuela kasu).

Mundu mailako aldaketa hauek, sortzen dituzten arrisku guztiekin batera, orden kapitalista mundialaren estabilitatea zalantzan jartzen dute, honek sortu ditzakeen potentzialitate iraultzaileekin. Hori dela eta, iraultzara aspiratzen duen mugimendu orok panorama internazionalean gertatzen diren aldaketen jabe izan beharko lukeelakoan nago. Horretarako nire ekarpen xumea egitera bidean, mundu mailan gertatzen ari diren gatazka, prozesu zein mugimendu ezberdinen inguruan idazten hasiko naiz blog honetan.

Aio.

Urpekontzi Sobietarra

Kontsideraziyo batzuk Esklabatako asuntun gañin, ta konparaziyo bat zapatismuekin

(Kolaboraziyue: Ogrue)

Azpeitiko ezker instituzionala Esblabatako okupaziyo ta proiektu sozialan kontra azaltzeanin, pentsau berko luke, logika berdiñei segiuiez, zapatismun kontra eon berko lukela.

Azpeitiko Udalak proiektu bat emen dauke Esklabatan, ta horreatik daude “Krisiyen seme alaban” asuntun kontra. Ta “batzuk bakarrik” gune hori erabiltzie ez emen da bidezkue. Chiapas ta Lacandonan antzeko zeoze gertatzea. Mexikoko gobernuek proiektuek dauzke han, garapen ekonomikuekin lotuteko proiektu batzuk. Aldi berin, mugimendu politiko-indigena batek eremu autonomo bat sortu du toki hortan bertan, logika kapitalistatik kanpo eongo litzekena. Mexikoko gobernuek eta mexikar hiritar “normalak” esatie daukebe: “zeatik hoyek hor? zeatik hoyentzat bakarrik? Nik e eingo nuke han nere etxe koxkorra ta han bizi: iruitze zat eskubide berdiñe dauketela Mexikoko herritar bezela! Mexikar danak gea berdiñek estauentzat”.

Esangoebe proiektu hoyek “txarrak” diela, eta Azpeitiko ezker instituzionalak Esklabatan daukena (barnetegiye?) ona dala. Esklabatako proiektu ofiziala herriko eskubiyek ein balu… eztakigu ze jarrera hartuko zeben oin udala kudeatzebenak, igual eongo zien “okupan alde”, auskalo.
Neri iruitze zat mugimendu politiko instituzionalizauek (boterea/kudeaketa alleatzeienak) urrutikuen ta aspaldikuen alde azaltzeko joerie eukitzebela, baño momentukuen ta bertakuen kontra eoteiela.

Adibidiek: oin dala hamarkada batzutako herriko “autonomo antikapitalisten” omenaldire jun ta oingo proiektu autogestionau antikapitalistien kontra azaldu. Ta gaur astintzen ai geana: beste kontinente bateko “gune autonomo” baten alde eon, ta bertakuen kontra eon ta eiñ.

Pasaiako sarraskia, 1984-2019

35 urte igaro dira 1984ko martxoaren 22an Pasaiako badian Komando Autonomoetako (KAA) lau kide guardia zibilak akabatu zituenetik. Horietatik bi azpeitiarrak ziren, Kurro eta Pelitxo. Testuinguru politiko bizian jasan ziren gertaera hauek; talde armatu iraultzaileen presentzia nabarmena zen Euskal Herrian, eta mugimendu sozial eta politiko erraldoi hau geldiarazteko estrategiak ere martxan zeuden Estatu espainoleko erabakigune nagusietan. Felipe Gonzalez, Alfonso Guerra eta abarren gobernu garaian aurkitzen gara, GAL eta guda zikinaren urteetan.

1978ko konstituzioak argi uzten zituen bere barne irizpideak. Bestela esateko, irizpide hauetatik kanpo lerratzen zen oro inkonstituzionala eta ilegala bihurtzen zen. Euskal Herriko mugimendu politiko iraultzaile guztiek apurketa suposatzen zuten 78ko erregimenarekin, jabetza eta akumulazio pribatuan oinarritzen zen lege sistemaren aurrean sozialismoaren hautua aktiboki bere eginez eta Espainiaren zatiezintasunaren ordez autodeterminazio eskubidea eta independentzia aktiboa gauzatzen baitzuten. Programa politiko honek ezintasun nabarmenak zituen estatuen barne politiken araudietan txertatzeko, Euskal Herriko mugimendu iraultzaileek Estatu espainolak politikari ezartzen zizkion mugak etengabe
gainditzen baitzituen. Era berean, 78ko konstituzioaren irabazlea zen (eta mantentzen den, noski) bloke oligarkikoak programa politiko honen gauzapena legalki zein ilegalki erreprimitzen zuen, guztiz bateraezina baitzen geopolitikan Estatu espainolari ezarritako akumulazio ardurekin zein barne- politikarekin. Egun ikus dezakegu nola marko konstituzionala
ezkerretik gainditzen duen mugimendu politiko oro sistematikoki erreprimitua den, eta nola ez den berdina gertatzen Europar Batasunetik exijitzen diren aldaketa konstituzionalekin.

Gure partetik, memoria ariketa bizia egitea dagokigu komunismoan gizartea antolatzeko modu etiko, arrazional eta justu bat aurkitzen dugunon artean. Historiaren amaiera ez da gauzatu, eta mendebaldeko gizartean proletarioa biderkatzen ari den honetan independentziaren eta sozialismoaren zehar lerroak egungo testuingurua ekartzea dagokigu. Langileon kontzientzia iraultzailea minduta eta ia desagertuta ageri zaigu, porrot lazgarrien ondorioz zauritua eta lan dinamiken eraginez zatitua. Konbentzimendua dugu ordea subjektuak eraiki egiten direla, diskurtsoetatik haratago. Programa politikoen arrazionaltasunak gizartearen barne dinamikei erantzuten die, eta egun gizartearen deskonposizio fenomeno baten hasierako uneetan aurkitzen gara. Bidea bere osotasunean egiteko dago, beraz.
Elkartasuna gizartearen oinarri etikoa izango den eta harreman komunitarioek gorpuztuko duten Euskal Herriaren aldeko apustua egin dugunok ezinbestean gure borroka historikoaren partaide izan direnen memoria bizitzea dagokigu. Honenbestez, Pasaiako Sarraskian erail zituzten borrokalarien memoria gure egiten dugu eta apustu historikoa partekatzen, Euskal Herriaren askatasunaren aldeko eta kapitalismoaren aurkako lema.

Amaitzeko, behar- beharrezkoak iruditzen zaizkigu urte luze hauetan martxoaren 22ko zein hurrengo egunetako gertakariak argitzeko egin diren lan nekaezinak, bai eta urtero gudari hauen omenez antolatu diren dinamikak. Bat egiten dugu, beraz, hurrengo egunetarako antolatutako ekintzekin.

Gutako asko Hernaniko Kontrakantxa gaztetxean gaude, Gipuzkoako Gaztetxe eta Gazte Asanbladen Topaketetan. Horrenbestez, ezingo dugu Azpeitiko ekintzetara edo omenaldietara joan, baina horren jakitun, keinu hau egin nahi izan dugu.

Batu grebara! Batu iraultzara!

“Proletargoaren iraultza da eskolarik hoberena. 
Historia da huts egiten ez duen irakasle bakarra“.

Rosa Luxemburg.

Gaur egungo sistema kapitalistaren koiunturan, aurrera begira lanean eta borrokan jarraitzeko ezinbestekoa da atzera begira jartzea. Emakumeek era guztietako jazarpenak jasan izan dituzte historian zehar. Emakumea subjektu zapaldua izan da historikoki. Zailtasunen aurrean beti erakutsi du borrokarako grina, iraultzarako indarra eta gaitasuna.

Martxoaren 8a emakume langileon borrokei oso lotuta dago. Emakumeak lan merkatura sartu ziren unetik bertatik jasan behar izan zituzten lan baldintza prekarioak. Jazarpen horiek salatzeko eta beren eskubide politikoak eta ekonomikoak aldarrikatzeko deitu zituzten mobilizazioek emakume langileen askapen borrokaren historia markatu dute. Horren erakusle dira, 1911ko New Yorkeko sutearen osteko mobilizazioak, Errusiako emakume langileen protestak 1917an, Lawrenceko 1912ko ‘Pan y rosas’ izeneko mugimendua, ehungintzan aritzen ziren emakumeen mobilizazioak, Bartzelona eta Hernani, kasu. Protesta eta borroka horiek guztiak irakaspenak dira guretzat. Horregatik, ozen diogu: martxoaren 8an ez dugu ezer ospatzeko! Historiak erakutsi digu martxoaren 8a borrokarako eta kalera ateratzeko egun bat izan dela, eta gu, aurtengo greban ere, horretan berresten gara.

Argi daukagu dominazio kapitalistak ekonomiaren eta produkzioaren esfera gainditzen duela eta gure bizitzako esparru guztietan eragiten duela, gure gorputzak ordenatuz eta kategorizatuz. Bere dominazio forma guztiak naturalizatuz eta gure bizitzen gaineko kontrola kenduz. Horrela, gure bizitzetako esparru guztiak ideologia dominatzailearen terminoetan eta bere interesen arabera ordenatzen dira. Horren barnean sartzen dira emakume langilea behin eta berriro zapaltzeko sortutako instituzio eta egitura guztiak: familia egitura nuklearra, lanaren banaketa sexuala, zaintza lanen ‘feminizazioa’, gure gorputzen sexualizazio basatia, indarkeria estrukturala, haurdunaldiaren merkantilizazioa, soldata arrakala, genero sistema binarioa…

Kapitalismoak sostengatzeko eta sistema birproduzitzen jarraitzeko –kapitala metatzen jarraitzeko–, beharrezkoa du langile klasearen erreprodukzioak bere baitan sortzen dituen zaintza lanei erantzutea. Azken finean, produkzioaren esferan egiten den lana sostengatzeko beharrezkoa da egunero jatea, haurrak eta adinekoak zaintzea, arropa garbitzea… Eta lan horiek guztiak norbaitek egin behar ditu. Gaur egun, baliabide ekonomikorik ez duten emakumeek beren gain hartzen dituzte zaintza lanak. Aldiz, azken urteotan garatzen eta zabaltzen ari den zaintza eredua emakume migranteen esplotazio basatian nahiz guztiz ‘feminizatua’ dagoen sektore honen lan baldintza prekarioagoetan oinarritzen da –-azken hilabeteetan erresidentzietan egiten ari diren grebek erakutsi diguten bezala–. Merkantilizazio honekin amaitzeko, beharrezkoa da zaintza lanen berrantolaketa soziala, esplotazioan oinarrituriko produkzio eredu honekin amaitzea eta elkartasunean oinarrituko diren harreman sozialak eraikiz zaintza lanak kolektibizatzea.

Beraz, kapitalismoak aldarri feministak edukiz hustu dituen garaiotan (Inditexen ‘feminismoa’ kasu) martxoaren 8a aldarriz betetzea tokatzen zaigu. Egun horren atarian ezin ditugu aipatu gabe utzi egunero egunero kalean, etxean nahiz lantokietan  emakume langileon eskubideen eta askatasunaren alde borrokan ari diren emakume guzti horiek. Askatasunaren eta emantzipazioaren borroka ezin dugu bereizi gizartearen eta gure arteko harreman sozialen eraldaketatik. Egunero dagokigu borrokatzea, feminismo aldarriak kalera ateratzea, gure militantzia esparruetan borroka honi behar duen garrantzia ematea, gure eskubideen defentsan lan egitea, indarkeriaren aurka autodefentsa antolatzea…

Horregatik, martxoaren 8ko greban gu ere kalera aterako gara. Era berean, dei egiten dugu Azpeitiko eta tokian tokiko mobilizazioetan eta prestatutako ekintzetan parte hartzera, eta zapalduon aldarriak lau haizetara zabaltzera.

Batu eguneroko borrokara! Batu iraultzara!

Kalean ikusiko dugu elkar!

Martxoak 3: kontzientziaz, independentziaz eta borrokaren memoriaz

1976ko martxoaren 3a. Pedro Mari Martinez, Francisco Aznar, Romualdo Barroso, José Castillo eta Bienvenido Pereda erailak dira polizia frankistaren eskuetan, eta beste ehundaka langile balaz zaurituak Gasteizko Zaramaga auzoan. Gasteizko Langileriak bi hilabetetako borrokaldia odolez itzaltzeko oldarraldi basatia bizi izan zuen, Martin Villa eta Manuel Fragaren agindupean, martxoaren 3ko greba hartan.

2019ko Martxoaren 3 honetan, gertakari latz haien inguruko hausnarketak egitea dagokio Euskal Herriko Langile Mugimenduari. Zentzu honetan, Kontu Lepo ere bere alea jartzera dator.

Oroimenaz ari garenean, ez gara soilik erailen eta zaurituen memoria historikoa bizirik mantentzeaz ari. Beren bizitza gainontzekoen bizi baldintzak hobetzeko borrokan utzi duten langile guztien aldeko miresmena, ozen eta harrotasunez aldarrikatzen dugu, noski. Baina honez gain, hausnarketak badu bigarren dimentsio bat; gertakari historiko haien testuinguruaren berezigarritasunak aztertu beharrean gara, gaur bizi dugun testuinguruarekiko dituzten antzekotasunak azalera ateratzeko. Modu honetan soilik ikas daitekeelako borrokaren historia.

Gure herriko, zein munduko historia garaikidearen liburuko orriak idazteko erabili den tinta gorria, ez zen Zaramagan soilik isuri, eta are gutxiago han agortu. Bere egoeraren kontzientzia duen, eta ondorioz bere beharrei erantzuteko antolatzen den langileriak, beti aurkitu baitu aurrean kapitalaren instituzio politikoen ofentsiba basatia. Izan ere, klase borrokak kontrakotasun maila gorena hartzen duenean, ura bezain garden ageri da etengabe talkan aurkitzen diren bi subjektuen arteko gatazka politikoa.

Honekin zer esan nahi den? Bada, langileriak, independentzia politikoz edo bere ekinbide propioz sortu dituen borroka molde eta instituzioak taularatzen dituenean, langile boterea gorpuztu eta taularatzen duela. Honela, menderatzaileen boterea edo botere burgesa garaituko duen iraultzaren ernamuina xake taulan jartzean, ekinbide horrek berak, erakusten dio langileriaren etsai politikoari, burgesiari, bere boterearen muga.

Zentzu honetan, Gasteizko Greba egun beltz hartako gertakarietan soilik pausatzeak, bigarren hausnarketak gordetzen duen potentzia politiko guztia ukatzea suposatuko ligukelako, osorik helduko diogu errelatoari. Ez da beraz, martxoak 3 diogunean, egun soil bat aldarrikatzen dena, egun hartan Polizia Frankistak xehetu nahi izan zuena, langile independentziaren gaitasun politikoa bera izan baitzen.

Zehazki, Gasteizko langileek Frankismoaren urte latz haietan zehar bizi zituzten baldintza penagarrien aurrean gauzaturiko hamaika borrokatan, hau da, praktikan, euren egoerari eta baldintzei modu eraginkorrean erantzuteko beharrezko kontzientzia hartu zuten, esperientzia zehatzetako irakaspenen emaitza gisa. Irakaspenak, bai, eta ez nolanahikoak.

Hasteko, Gasteizko langileriak, ordurarteko borroketan, euren eta kapitalaren instituzio ezberdinen artean bitartekari gisa aritu ziren sindikatu eta alderdiak alde batera utzi, eta euren instituzio propioekin ordezkatu zituzten, “botere guztia asanbladara!” aldarriaren atzean batuz. Langileriak bere erabakien berme bakartzat bere burua ulertu zuen beraz, borrokak piztutako kontzientzia borrokaren lehen lerroan kokatuz.

Lema honek ondo agertzen du garai hartan Arabako hiriburuan bizi zen testuingurua: egunero izaten zen asanbladarik fabriketan, asanblada orokorrak astean bitan… Asanblada zen langileen erabaki marko, eta beraz, boteregune politiko. Fragak azalduko zuen bezala, asanblada hauek Soviet txikiak ziren eta beraz, zapaldu egin behar ziren.

Une historiko honetan, idependentzia politikoaren adierazpide hauek erakutsiko zuten borrokaren indarra biderkatzeko gauzatu beharreko jardunaren norabidea. Lanpostuetako gatazketan erein zen hazia, izugarrizko abiaduraz, langile guztien, hots, etxekoandre, ikasle, jubilatu, dendari eta abarren borroka bihurtu zen. Independentzia politikoa, elkartasuna eta borroka batasuna, praktikan gorpuztuta.

Baldintza hauetan iritsiko zen 1976ko Martxoaren 3a. Burgesiaren boterea kontrajartzen zuten indarrak kalean, klase borrokak dimentsio gorena, eta beraz, dimentsio gordinena hartuko zuen.“Demokrazia” eta “trantsizioa” bolo bolo zebiltzan garai haietan.

Lehenik tiro hotsez ixildu zituzten batzuk, eta atzetik etorri zen atxilotu uholdearekin ixildu zituzten oraindik bizirik geratzen zirenak. Ehundaka ziren martxoaren 3tik aurrera atxilotzen joan ziren langileak. Biolentzia politikoa, klase borroka, etsaiaren anikilazioa.

Ez al zen beraz, erreforma demokratikorik izan? Noski baietz; eta horixe da erreforma demokratikoaren edukia. Bortxakeria politikoa, odola, heriotza, dominazioa eta zapalkuntza, burgesiak langileriaren bizitzarekiko duen aginte gaitasuna antolatzeko beste modu bat. Izan ere, Demokrazia, Faxismoa bezala, burgesiaren antolaketa politikoaren forma bat, maskara bat, katamalo bat besterik ez da. Karetaren atzean ordea, beti ageri da aurpegi bera. “Trantsizio demokratikoekin”; ezin dira klase antagonismoak ezabatu, bai ordea areagotu.

Fusila langileen muturrean ipinita ezarri zen demokrazia burgesa eta fusilen indarrez mantentzen da gaur egun. Burgesiak duen guztiarekin eta unitarioki, hau da, klase batasunez, erasotzen du bere boterea zalantzan jartzen duen langile mugimenduaren edozein adierazpide. Gasteizkoa horren adibide garbia dugu. Hau ez aurreikustea eta zentzu honetan inozoegiak izatea izan zen seguruenik langile mugimendu eredugarri hark egin zuen akatsik larriena eta garestia izan zen akatsaren ordaina.

Behin betiko zapaldu nahi izan zuten mugimendu hark ordea, gaurko langileon oroimenean gogor erroturik dirau eta garaipenerako gako garrantzitsuak utzi ditu zapalduon memorian. Langileriaren independentzia politikoa, erabakietan parte hartze zuzena eta klase batasuna garaipenerako premisa gisara.

Badatoz ‘Oroimena Ez Da Delitua!’ jardunaldiak

Lehengo urtean Errepresioaren Aurkako Eguna antolatu zen gure eskualdean lehen aldiz Altsasuko eta Oreretako gazteen kasuak zirela eta.

Aurten, horrelako ekimenak antolatzeko arrazoiak deuseztatzetik urrun, eskualdeko kide bat Audientzia Nazionalerako deiaren zain daukagu ekainean atxilotua izan ostean. Gasteizen Gudari egunean gudariei gorazarre egitea eta biktimak iraintzea egoztearen aitzakiapean eman zuten atxiloketa hau, Galdakaoko eta Etxarri-Aranatzeko beste bi kiderekin batera atxilotu zuten. Argi ikusten da Euskal Herriko gatazka politikoaren aurrean euren errelatoa inposatzen jarraitzen dutela, zapaltzaileen aurka egindako borrokak desitxuratuz.

Izan ere, Estatu Burgesak hainbat errepresio forma erabiltzen ditu bere ordena zalantzan jartzen saiatzen den ororen aurka, kontrol sozialaren, karga polizialen, isunen eta beste hainbat mekanismoren bidez.

Honen aurrean, historiaren irakurketa propioa garatzea eta sistema kapitalistaren aurkako borrokan jarraitzea dagokigu. Horregatik aldarrikatzen dugu errepresioaren aurrean dugun antolatzeko beharra eta kolpeak jasaten ditugunen arteko elkartasuna. Honela soilik lortuko baitugu langile klaseko kideon aurka egiten dituzten erasoak gelditzea.

Hau esanda, Oroimena Ez Da Delitua! lelopean antolatu ditugun ekimenetan parte hartzeko deia luzatu nahi dizuegu. Garaitu nahi gaituzten arren, lanean jarraituko dugulako zapalduon aldeko borrokan.

Jardunaldietan irabazitako dirua iaz atxilotu zuten eta epaiketaren zain dagoen Zestoako kidearen gastu ekonomikoei aurre egiteko izango da. 

OROIMENA EZ DA DELITUA!
ERREPRESIOAREN AURREAN,
ANTOLAKUNTZA ETA BORROKA!

Oier Gomezen heriotzaren aurrean

Lehenik eta behin, gure babes eta elkartasun osoa adierazi nahi genieke Oier Gomezen Gasteizko militante iraultzaile eta preso politiko ohiaren senide eta gertukoei; bere heriotzaren berri izan dugunetik egun batzuk pasa badira ere. Era berean, dei egiten dugu ondorengo egunetan bere oroimenez egingo diren ekitaldi politiko guztietan parte hartzera. Bereziki larunbatean Gasteizen egingo den manifestaziora bertaratzearen garrantzia azpimarratu nahi dugu.

Oier Gomez Euskal Herriko iraultza sozialistaren borrokara lotua egon zen gazte-gaztetatik. Borroka horren ondorioz hainbatetan sufritu behar izan zuen kartzela, beste milaka kidek pairatu zuten bezala. Oier 2011n espetxeratu zuten azkenengoz, Frantzian. Oraindik preso dirauen Itziar Moreno bilbotarrarekin batera atxilotu zuten. Orain dela bost urte -espetxean zela- minbizia atzeman zioten Oierri, eta azken urte eta erdia Baionan eman du Hego Euskal Herrira itzuli ezinik, sufrimendu handiak pasata.

Estatu Frantsesak preso daudenekiko duen jarrera irmoki salagarria iruditzen zaigu. Izan ere, behin eta berriro eskubide unibertsalez eta askatasunaz mintzatzen diren agintari frantziar horiek dira kartzelan gaixotasuna, dispertsioa, presoen arteko sakabanaketa eta orotariko diziplina teknikak erabiltzen eta sustatzen dituztenak. Errepresio teknika politiko horiek bikain kontrolatzen dituzte, eta, gainera, gaitasuna dute aurpegi “goxoa” erakusteko beharrezko dutenean; ez gaitezen engainuetan erori. Memoria egiten jarraitzea ezinbestekoa da zapalduontzat, eta gure ikuspegitik politikak iraganarekiko ikuspegi zintzoa behar du izan, ezinbestean.

Oierrek denbora luzea eman zuen espetxean, minbizia jasaten. Gaixotasuna atzeman ziotenetik hiru urtera atera zuten. Agintari frantsesek ondotxo zekiten kostu politiko handiagoak suposatzen zizkiela Oier espetxe barruan hiltzeak espetxetik kanpo hiltzeak baino. Beraz, gure iritziz, horrelako neurri ankerrak ez ditugu giza eskubideen betekizunaren arabera ulertu behar, baizik eta kalkulu politiko huts baten ikuspegitik.

Oierrek argi defendatzen zuen presorik gabeko Euskal Herri bat lortzeko modu bakarra prozesu independentista eta sozialista abian jartzea zela, eta dela, zeina ezinezko zaigun etsaia identifikatu eta garaitu ezean. Oierren borrokak lekukoa izan dezan jarrai dezagun molde berrien bidez borrokan, iparrorratza galtzen utzi gabe. Presoak kalera, amnistia osoa.

Agur eta ohore Oier!

Egilea: Azpeitiko gazte batzuk.

Bi gaztetxe, borroka bakarra!

Urte zaharrari agurra, urte berriari egurra. 2019a hasi berri eta egurra egurraren atzetik eman beharrean gaude. Oasi kapitalista honetan badira miseriak, eta miseria kapitalista guzti horrekin hasi izan behar genuen urtea. Errealitate gordin horren esku hartzean, oztopoak dira nagusi, eta gure eguneroko biziak baldintzatuta aurkitzen dira esku hartze horretan. Horregatik, garrantzitsua da gure guneen autodefentsa ematea, errealitatea eraldatzeko espazioak izatetik harago, gure espazioak direlako. Hau da, gure gaztetxeen aldarrikapena gure autonomia politikoaren aldarrikapena da. Beraz, gaurkoan ez gatoz soilik atzo eman ziren erasoen salaketa egitera, gure autonomiaren aldarrirako ezinbestekoak diren espazioei babesa ematera gatoz, izan Maravillas Gaztetxea, izan Kijera Gaztetxea. Zuekin Gaude.


Atzo inspekzio baten izenpean Maravillas Gaztetxea desalojatu zuten, desalojatu diogu, oraindik sartu ezinik direlako eta bertan aurkitzen ziren gailu zein gauza batzuk eraman dituztelako. Honen aurrean, desalojoa bera eta “Aldaketaren Gobernua”k izandako jokabidea salatu nahi ditugu. Atzoko jokaera zikina gaitzesteaz gain, uste dugu onartezina dela izenburu hori ordezkatzen dutenen portaera. Behin eta berriz gure guneak erasotzen dihardute eta aldaketaren lemapean periferiara bidali nahi gaituzte. Honen aurrean, termino honen esanahi errealean berresten gara. Gure ustez, aldaketaren aurrean kokatzen garen momentuan jarraipenaren edo hausturaren tartean gaude. Bat edo bestea, baina biak ez dira posible. Hausturak determinazio politikoa, haustura politikoa eta errealitatearen haustura dakar. Jarraipena berriz historiaren jarraipena da, onarpena. Askotan, haustura erreformismo hutsarekin lotu da, horregatik, oso garrantzitsua da azpimarratzea aldaketaren baldintzak zein bandotan ematen diren. Gure kasuan garbi dugu. Maravillaseko Gaztetxeak determinazio politikoa erakusteaz gain, errealitatean benetako eskuhartzea burutu du. Esan genuen moduan: Maravillas Gaztetxeak auzoarekiko, ahaztuekiko, baztertuekiko, azpian gaudenokiko konpromiso irmoa erakutsi du.

Lehen aipatu moduan, honen atzean, gure autonomiarako beharrezko diren espazioen suntsipen sistematikoa dago. Ez da kasualitate hutsa loratze honen ostean ematen ari den errepresioa, Maravillasen kasuan, “Aldaketaren Gobernua”k burututakoa. Beraz, honen aurrean, gure espazioen aldarrikapena eta defentsa ezinbestekoak dira, kapitalaren aurkako forma sortzera behartuta gaudelako eta beharrezkoak ditugulako.
Forma hori desjabetuotan gorpuztuko da ezinbestean. Eta Maravillasek zein Kijerak, egoera honen kontzientzia hartzen duten subjektuak sortzen dihardute, jakitun, kontzientzia horretatik abiatzen dela gaztetxeak bezalako espazioen zilegitasuna; espazio horietaz jabetzeko zilegitasuna. Gure izatearen kontzientziak, desjabetuon kontzientzia, bide horretan pizten da, bide horretan pizten den bezala borrokarako beharra ere.

Esan izan dugun moduan, espazio hauen –gaztetxeen– aldarria gure izatearen nahiz mundua ulertzeko dugun moduaren aldarria da. Elkartasunaren printzipioetan sinesten dugu, klase elkartasunean sinisten dugu, behin eta berriro zanpatu nahi gaituztelako, baino nekez lortuko dutelako. Beraz, gure elkartasun osoa Maravillas zein Kijera gaztetxeei. Lehen esan moduan, benetako haustura gure teilatuan dago, orainaren aurka dihardugulako eta oraina borrokatzea jarraipen historikoa borrokatzea delako, azken finean, gizarte kapitalista sostengatzen dutenen aurka borrokatzea. Gure historia, hausturaren historia da, desjabetuon historia. Horregatik, historian bildu den miseria guztiarengatik, borrokatzen jarraitu behar dugu.

MARAVILLAS ETA KIJERA DEFENDATU!! ZUEKIN GAUDE!!

Sarrera zaharrak

© 2019 Kontu Lepo