Author: davidriazanov (1 garren horria 2 -etik)

Politikaren autonomia eta kapitalismoaren teoria

“Sé, ciertamente, que no existe una verdadera lucha, seria y capaz de lograr conquistas, sin organización. No hay conflicto social que pueda vencer al adversario de clase en ausencia de fuerza política. Esto es lo que el pasado nos ha enseñado.”

Mario Tronti

“No puede haber teoría política moderna sin teoría del capitalismo”, honela zioen Carlos Prieto del Campo filosofo, editore eta idazle marxistak Mario Tronti pentsalari italiarrak eskainitako konferentzia batean. Marxen ekonomia politikoaren kritika eta politikaren lekua bertan, askaezina dirudien eztabaida historikoa. Zein leku hartzen duen politikak zentzu iraultzaile batean, egungo gauzen egoerari kritika burutzearen ezinbestekotasuna kontuan hartuz, inpotentzia suposatzen duten ohiko praktiketatik kanpo. Ekonomia politikoaren kritika birformulatzen ari zaigun teoria da, Marxen teoriaren  gainean azken hamarkadetan egin diren ikerketatik abiatuta emaitza zientifiko sakonak ari baitira gauzatzen. Dena dela, jauzi handia aurkitzen dugu ikerkuntza akademiko soiletatik teoria honek suposatzen dituen inplikazio politikoak gureganatzeko prozesuan. Azken zentzu honetan eztabaida interesgarria (ber)piztu du Kolitzak BGD! webgunean (https://borrokagaraia.wordpress.com/2015/09/14/la-cruda-realidad/#comment-42884), adostasun osoa aurkitzen dudalarik bere ikuskerekin. Gaurkoan auzi guzti honekin zuzenki erlazionatzen den politikaren autonomia kontzeptu gisara laburki aurkezten saiatuko naiz, gure jardun politiko estrategikoan duen garrantzia azpimarratu asmoz.  

Politikaren autonomiaren gaineko eztabaida teorikoak lehen mailako garrantzia hartu zuen 60. hamarkadan Italiako zenbait aldizkariren bueltan (Quaderni Rossi, Classe Operaia). Aldizkari horietako zenbait partaidek mugimendu autonomoari ekingo zioten ondorengo hamarkadan, baina ez zen eztabaida hartako bi protagonista nagusien kasua izan. Raniero Panzieri 1964an hil zen, operaismoaren aita kontsideratzen dena, 1920. hamarkadako zenbait pentsalari komunisten tesiak birformulatzen saiatzea delarik bere merituetako bat. Beste aldean Mario Tronti, Italiako Alderdi Komunistako kidea (PCI), inoiz ez zena politikagintzako espazio ofizialetik aldendu.  Bigarren honi esleitzen diogu politikaren autonomia teorizatzearen meritua, ezinezkoa zitekeena Panzieriren ekarpenak erabat baztertu balitu.

Politikaren autonomia kapitalismoaren kritikatik abiatzen den hausnarketa markoa dugu, ez dena inolaz ere politikaren zentzu burgesarekin nahasi behar. Autonomiak ez dio erreferentzia egiten ustezko politikaren lege autonomo batzuei, armoniazko zentzu batean ekonomia erregulatzeko gaitasuna izango luketenak. Inpultso iraultzailearen teoria da politikaren autonomiarena, kapitalaren zikloa politikoki baldintzatzearen garrantzia azpimarratzen duena, langileriaren antolakuntza gaitasun autonomoen bitartez ibilbide historikoaren jarraikortasun lineala hausten baitu. Teoria leninista, espontaneoaren aurkakoa guztiz. Politika proletarioak hegemonia konkistatu dezan bere ikuspegiak autonomia osoa behar du eduki, koiuntura politiko luzea baldintzatzeko ahalmen soziala bilatu asmoz. Politikak du lehentasuna, langileriaren interbentziorako gaitasun autonomoak.

Filosofiaren, teoriaren eta funtsean politikaren autonomiaren garrantzia azpimarratzen lehenak Georg Lukacs eta Karl Korsch bezalako gerra arteko pentsalari komunistak izan ziren. Bigarrenaren kasuan, mugimendu komunistaren barnean teoriak zuen espazioa pentsatzeaz arduratu zen, eta influentzia handia izango zen Panzieri bezalako autoreengan. Teoriari bere espazio propioa ematearen garrantzia azpimarratzen zuen Korsch pentsalariak, momentuko koiuntura espezifikoetatik haratago iparrorratz politikorako bermea izango baitzen berau.

Langileriaren ikuspegitik politikak du lehentasuna, eta ekinbide politiko zuzen baterako bermea teorian aurkitzen dugu, koiuntura konkretuek suposatzen diguten itsualdietatik haratago errealitatea pentsatu eta eraldatzeko elementuak eskaintzen baitizkigu. Izan ere, martxan ditugun antolakuntza mekanismo ezberdinek (ekonomikoek, sozialek) ez dute inolaz erreproduzitzeko ahalmen autonomorik klase borrokaren fase honetan, gidaritza politiko batez (ofentsibarako inpultso batek) etengabe mamituak ez badaude. Politikaren autonomiaz ez bada, teoria iraultzailearen gaitasunak aparte uzten baditugu, gure dinamika ezberdinek integrazio politikoan amaituko dute ezinbestean, izan deitura sozialdemokrata duten alderdiekin armonian (inpotentzian) edota aisialdi hutsera mugatuta. Hamaika esperientziek berresten dute hemen esandakoa.  

Dena dela, proletarioen ekinbide politikoan funtsezko beste elementu bat aurkitzen dugu, seguruenik behar beste baloratua izan ez zena gerra arteko teoriko komunistengan ez eta operaisten partetik ere. Krisiaren teoriaz ari natzaizue, beren garrantzia azpimarratzen ez badugu gure aterabide politikoak boluntarismoan jausteko arrisku larria baitute (historiak sarriegi erakutsi digun modura). Krisiak kapitalaren armonia eza uzten du agerian, bere barne legeen hauskortasuna, eta proletarizatzearen arrisku etengabea. Mugimendu komunistak emanda dagoenaren gainean ezartzen du utopia, egoera konkretuen gainean interbenitzen. Horretarako gizarte burgesaren mekanismo kontraesankorra ezagutzea ezinbestekoa zaigu, bestela zentzu osoa galtzen baitu iraultzaren teoriak. Honela egiten zion erreplika Henryk Grossmann ekonomialari marxista Poloniarrak Karl Korsch filosofoari: “Haga la prueba de llevar coherentemente hasta el fin el razonamiento de Marx: ¿cómo es posible que en la reproducción simple, donde parece reinar por todas partes un equilibrio tan armonioso, se desarrolle una crisis? Sólo entonces descubrirá en Marx algunas elaboraciones teóricas que los “filósofos” nunca han soñado, ni siquiera los que, como Karl Korsch tienen la ilusión de entender algo de economía marxiana”.

Testuaren hasieran aipatu dizuedan konferentziarekin uzten zaituztet, zuzenean Mario Trontiren interbentziora pasatzea gomendatzen dizuet. Jarraituko dugu eztabaidatzen.

SDS eta SPDren arteko talka egungo betaurrekoekin begiratuz, paralelismoak zein hausturak historian

  • Pertsonaia historiko garrantzitsua dugu Willy Brandt, Alemaniako Errepublika Federaleko kantzelaria izan zena 1969-74 bitartean, baita Alemaniako Alderdi Sozialdemokratako (SPD historikoa) burua bi hamarkadetan zehar ere. Europako sozialdemokraziaren “modernizazioa” suposatzen du Willy Brandt politikariak, egungo testuingurura iritsi zaigun kontzeptua eraikitzen berebiziko garrantzia baitu Alemaniako Alderdi Sozialdemokrataren erreforma prozesuak, 1959ko Bad Godesberg-eko manifestuarekin ekin zena. Guda hotzean barnebiltzen da sozialdemokraziaren biraketa historikoa, aurrez idatziriko narrazioa ere hutsunez eta anbiguotasunez ezagutu baitezakegu ere (aipa ditzagun adibide soil gisara: Bernstein 1904ean, Indalecio Prieto guda zibil garaiko Espainian, Fabian Society Erresuma Batuan…) . Posizio iraultzaileak alboratzen dira Brandt eta beste hainbaten estrategietatik, interbentzionismo estatalak lehen lerroko garrantzia hartu zuen (aurrez ere bazuena SPD alderdian, kualitatiboki aldatua halere) eta bloke internazionalaren barnean posizioa argiki definitua geratzen zen honela.  Sozialismoaren eta liberalismo demokratikoaren sinbiosia gorpuzten da Europa osoan zehar, garai horretan bertan teorizatua izango zena Norberto Bobbio eta abarren artean, eta gizarte antolamendu eredu hau Europa mendebaldeko herrialde gehienetara esportatzen zen berriki bi mundu gudaldi ezagutu zituen eta Europaren bihotza zen Alemaniatik.

Ongizate estatuak langileriaren hainbat estratuentzat suposatzen zuen paradigma politikoa eskaintzea ezinbestekoa zitzaion mendebaldeko Alemaniari, bloke politikoen arteko krisiaren tamainako testuinguru bati erantzun egokia eman beharra baitzitzaion hegemonia estatubatuarraren ikuspegitik. Dena dela, tradizio politiko sozialista luzea zuen aparatua zen SPD, eta alderdi ohitura zein kulturen gain ere eragingo zuen sakoneko biraketa politiko honek beren ezinegonak sortu zituen antolakuntza eremu ezberdinetan, horien artean ikasle mugimenduaren bueltan.

Ikasle mugimendu indartsua altxatu zen 60. hamarkadako Alemania Federalean, SDS izenpean, alderdi sozialdemokrataren barnean gorpuztu zena hasiera batean. Posizio politikoen talkak nabariak izan ziren ikasle mugimenduaren hastapenetatik, SPD alderdiarekin haustura suposatuko zutenak 1960. urtetik aurrera.  Zaila bezain desegokia zaigu ezagutza historiko egiazko (kritiko) baten ikuspegitik testuinguru sozial ezberdinen arteko paralelismo sinpleak eraikitzea, desberdintasun nabarmenak baititu 60. hamarkadako Alemaniak egun bizi dugun Euskal Herriarekin alderatuta. Ikasleen korronte kritikoak (gehiengo nabarmena zena ikasle mugimenduaren barnean) parlamentuaz gaindiko oposizioa eratu zuen,  langileen sindikatuekin elkartasun dinamikak biderkatu, bizi ohituren gaineko perspektibak deseraiki, marxismoa berrirakurri (Frankfurt-eko eskolaren influentziapean) eta bere sorrera prozesutik tentsioz josia zen errepublika federala are gehiago astindu zuten. Rudi Dutschke, Hans– Jurgen Krahl, Ulrike Meinhof, Oskar Negt, Johannes Agnoli edota Alfred Schmidt pentsalari zein politikariak ditugu garaiko ikasle mugimenduaren protagonistetako batzuk. Pentsamendu marko aberatsa utzi digute guztiek oraina iraultzea helburu dugunontzat, zatiketetan eta egungo optikatik begiratuta suizidak diruditen zenbait dinamika politikoetan itota amaitu bazuten ere.

Willy Brandt, Norberto Bobbio eta abar luze batek egikaritutako sozialismo liberalaren (axioma nabarmena, ezta?!) betiereko krisialdi garai batean aurkitzen garelakoan nago, interbentzionismo estatalaren ezintasunaren bitartez ezagutzen ari garena (PSOEren krisi forma hartzen duena espainiar estatuan). Testuinguru honetan neo- keynesianismoaren apustuari buru belarri ekin dio ezker abertzale ofizialistak, kontsentsu sozial autonomista eta EAJrekin alderdi- bitasun baskongadoa eraikitzearen posibilitatea- ilusioa- lehenetsiz. Estatus juridikotik at kokatzen den langileriaren proportzioak biderkatzen ari zaizkigun honetan, ehun industrialaren desagerpena eta honek gorpuzten zuen langile aristokraziaren desintegrazioa uka ezineko errealitatea dugun honetan, oximoron politikoen jokoan murgildua zaigu ezkerraren gehiengo osoa, baita orain dela gutxi arte 78ko marko konstituzionalarekin erresistenteak ziren mugimenduak ere. Itzuliko ez den zerumuga batekin ametsetan.

Prozesu sozial oso sakon eta konplexuen barnean kokatu beharrean gara mugimendu sozial zein politiko berrien loratzea, historia prozesu sozialetatik kanpo egiteko fantasietan erori nahi ez badugu behintzat. Ikasle mugimenduan ematen ari diren aldaketei dagokionean, ez dira lau ikasle zororen desio nostalgikoak (azkeneko hau gureganatu beharrean garen kontzeptua dela uste badut ere),gizartearen bilakaera prozesuen espresio anitzetako bat baizik, barnean duen arrazionaltasun eta borondate etikoak beren alde posizioa hartzea eginbehar bilakatzen duela uste badut ere.

Komunismoaren zeregin nagusia historiaren kurtsoan interbenitzea zela zioen Leninek, haustura suposatzea prozesu sozialetan. Horretarako gure eginbeharra aldaketa sozialen testuinguru zabalean gorpuzten ari diren eraldaketak aztertzean datza, eta berauei azpiratuta daudenen (langileon) antolakuntza kontrajartzean.  Langile mugimenduaren historian ezinbestean identifikatua sentitzen den ikasle mugimenduaren arrakasta ez da termino absolutuetan neurtuko, gizarte osora zabaltzeko eskaintzen dituen erremintetan baizik, indarrez eta pozez hartuko ditugunak.  

     “Gure Euskal Herri berde urdinak

badauka alde gorrixka

noranahi joan ikusten dena

berdin hiri zein herrixka.

Omen txiki hau IA zuretzat

hartzen zaituzte batzuk umetzat

baina zuk ze begibista.

Iraultza grinak dakarren hari

meharretik dindilizka

mundu berri bat desio duzu

ta ez berria erdizka.

Ostu jabetzak, hartu kalea

segi hil arte euskaltzalea

ta antikapitalista.

Bide onetik zabiz ta!”

Ezkerkeriaz, Giacomo Marramao abiapuntu gisara izanda (lehenengo atala)

Anton Pannekoek, militante komunista eta astronomo holandarra.

 

Hurrengo zenbait idazkietan XX. mendeko lehen hamarkadetako ezker komunistaren eztabaida nagusietako batzuek mahai gaineratzen saiatuko naiz, Giacomo Marramao filosofo italiarraren testu baten sintesia eginez. XX. mendeko lehenengo hamarkadetan kapitalaren krisi ekonomikoaren gainean existitzen ziren aterabide politiko iraultzailerako hipotesi nagusiak aztertzen ditu pentsalari italiarrak, Cuadernos de Pasado y Presente argentinar aldizkari bikainean itzulitako testu batean. Gustatuko litzaidake testu honen bitartez ezkerkeria deritzogun fenomeno politikoaren gaineko ikuskera desmitifikatzen laguntzea, errealitate politiko anitz honen barruan multzokatzen ziren militante eta pentsalari ezberdinen posizioak argitara emanez. Tira, lan bikaina eskaini zigun Giacomo Marramaok Teoría del derrumbe y capitalismo organizado en las discusiones del “extremismo histórico” testuan, eta ea nik ere ekarpen xume baten bitartez eztabaida historiko mamitsu hau gurera ekartzen laguntzen dudan.

Rudolf Hilferding, Karl Kautsky, Karl Korsch, Paul Mattick, Anton Pannekoek eta batik- bat Henryk Grossmann pentsalari alemaniar eta holandarren posizio teorikoak aztertzen ditu Marramaok, kapitalaren krisi ekonomikoaren ondorio politikoetan sakontzen baitute guztiek. Desberdintasun anitz aurkitu ditzakegu testuan aztertzen diren autore ezberdinen artean, paradoxa dirudien arren hiru multzo handietan banatzen baititu testuaren egileak- barne bereizketa handiak existitzen badira ere: Hilferding, Kautsky, eta Pannekoek sozialdemokrata historiko alemanek marxismoaren gainean eratzen duten ulerkera alde batetik, Karl Korsch filosofoarena bestalde, eta Grossmann zein Paul Mattick-ena azkenik. Segi letzen!

Politika irrigarria, hala barne kudeaketa burutzeko ezintasuna

 

“Un conflicto extremo sólo puede ser resuelto por los propios implicados; en rigor sólo cada uno de ellos puede decidir por sí mismo si la alteridad del extraño representa en el conflicto concreto y actual la negación del propio modo de existencia, y en consecuencia si hay que rechazarlo o combatirlo para preservar la propia forma esencial de vida.”

Carl Schmitt. El concepto de lo político. 1932.

 

Atzo gauean lokartu aurretik interes handikoa izan zaidan liburu bateko zenbait orrialde errepasatzen nenbilen, Europako iraultza sozialisten 1919-1923 urteen arteko porrotaren zergatiak azaltzen saiatzen baita kapitulu batean. Hipotesi interesgarriak maneiatzen ditu liburuaren egileak, Europako Alderdi Komunisten sorreraren zergatiak, barne egiturak homogeneo bihurtzearen arrazoiak eta antolakuntza estruktura hauek denboran mantentzeak langile mugimenduan izan zituen arazoak azaltzen baititu. Askori ezaguna izango zaigu Leninen “Izquierdismo, enfermedad infantil del comunismo”  liburua, 1920an idatzi zuena. Topiko tipikoak dio Lenin ahalguztidunak umekerietan zebiltzan hainbat komunista hasi berriri luzatzen dion kritika errealista dela honako liburua, baina zaila zaigu topikotik haratago ikustea. Izan ere, “ezkerkeriaren gaixotasuna” pairatzen omen zutenak Karl Korsch, Arthur Rosenberg, Amadeo Bordiga, Herman Gorter eta Pannekoeken tamainako politikari zein idazleak ziren,  mugimendu komunistak Europan zituen prestatuenak.

Segi letzen!

Errealismo erreformista eta errealismo iraultzailea politikan. Azken aldiko gertaerek ahalbidetzen dizkiguten hainbat ikasketa

 

“Estar desarmado te hace despreciable (…), porque del hombre armado al desarmado no hay proporción alguna (…). Así que nunca hay que apartar el pensamiento del ejercicio de la guerra (…) y nunca estar ocioso en tiempos de paz.”

“defecto natural de los hombres: el querer por encima de todo vivir el día a día y el no creer que pueda ser aquello que no ha sido.”

Nicolás Maquiavelo. El príncipe

“El realismo revolucionario sabe aunar dos cosas, el ímpetu y el respeto, la audacia y la cautela, la fuerza y la prudencia, “hacer uno de Papa a su manera” o “lograr que no fuera Papa quien él no quería.””

Mario Tronti

 

Lukacs pentsalari eta iraultzaile Hungariarrak Lenin errealismo iraultzailearen pertsonaia nagusia zela zioen, iraultzaile Errusiarraren omenez idatzitako izkribu ezagunetan.  Errealista baitzen Lenin, pausoak ongi neurtzen zituen dantzaria, politikaren linboan aritua XIX. mendearen amaieratik 1922ra arte- gaixotasunak gogor jo zuen momentura arte. Baina ez nolanahiko dantzaria, gizartearen kritikaren kontzeptua muturrera eraman zuena, iraultzailea, kontzeptua gainditu eta errealizatzen saiatu zena. Eta noraino iritsi! Gizarte burgesaren kritika, langileriaren antolakuntzaren emaitza soilik izan daitekeena. Formazio sozialaren kalkulu kritikotik abiatuta eta zientziari leialtasunez aritu zen bizitza osoan zehar Lenin, norberaren indarrak bikainki kalkulatuz eta etsaiarenak konkretuan ezagutzeaz arduratzen zena. Politikaren gaineko figura berria dugu Lenin, errealista politiko antagonista, kritikoa, iraultzailea izateagatik maitatua gure artea, maitatua eta sakonki ezagutua.

Segi letzen!

Burokraziaz, sektarismoaz eta denbora marko berriez

 

Gaurkoan hausnarketa labur batekin natorkizue blog- era, presaren presaz nahiko nukeen besteko analisi politikorako aukerarik ez baitut izan. Dimentsio sozial bat duten edota horren bidean sortu diren mugimendu politikoetan- izan ezkerreko zein eskuinekoak, iraultzaileak ala bestelakoak- garrantzia berezia duten hiru kontzeptu tratatuko ditut, horretarako Gramsci politikari eta teorialari sardiniarrak bere kartzelako kaieretan buruturiko hausnarketa labur batzuk plazaratuz. Burokrazia, sektarismoa eta denbora sozial eta honenbestez politikoen gaineko hausnarketak mahai- gaineratzen saiatuko naiz. Segi letzen!

Marx eta iraultzaren artikulazioa. Klasea eta alderdia, ala espontaneoaren bi momentu

“El 9 de agosto de 1842, cuando diez mil obreros marchan sobre Manchester, con el cartista Richard Pilling a la cabeza, para negociar en la Bolsa de la ciudad con los fabricantes y ver cómo funciona allí el mercado, no es el domingo del 28 de mayo de 1871 en París, cuando Gallifet ordena sacar de las filas de los prisioneros a aquellos que tienen el pelo cano para fusilarlos inmediatamente, poque además de marzo de 1871 han visto junio de 1848.”

M.Tronti. Obreros y capital.

 

“La clase trabajadora actua de acuerdo con el partido democrático pequeño- burgués mientras se trata de abolir la coalición aristocrático- liberal; en todas las demás cuestiones, la clase trabajadora necesita actuar independientemente.”

Circular del Comité Central a la Liga Comunista 1850

K.Marx

 

Gaurkoan Marxen pentsamendu politiko- estrategikoaren inguruan arituko naiz, antagonismoan bere burua aurkitzen duen politika pentsatu ahal izateko ezinbestekoa zaiguna. Marxen lan teoriko osoan zehar politika pentsatzeko elementuak ageri zaizkigu, testu batzuek koiuntura politikoaren gaineko analisiak direlarik, Klase Borroka Frantzian (1850), Guda Zibila Frantzian (1871) … Manifestu Komunista langile mugimenduaren estrategia pentsatzeko agiri bezala ulertu dezakegu, eta kapitalean zein berau antolatzeko idatzitako zirriborroetan- Grundrisse– ekonomia politikoari kritikaren bitartez kategoria politikoen gaineko kritika ere nabarmentzekoa da. Bestalde, Marxen gaztetako lan guztietan ere- 1944ko eskuizkribuak, Judutarren Auzia, Hegelen zuzenbidearen filosofiari kritika, Alemaniar ideologia … auzi politikoa kapitalaren egitura osoari kritika bezala ageri zaigu. Oraingo honetan, Marxen pentsamenduaren gaineko mami handia jaso dezakegun elementuei botako diet begirada, 1850 eta 1879an idatzitako bi gutuni, Komunisten Ligako Komite Zentralaren gutuna, 1850an idatzitakoa, eta “Zurich-eko hiruei” zuzenduriko gutuna, 1879an idatzia.

Bi gutun hauetan berebiziko gaurkotasuna duen kontzeptu baten gainean aritzen da Marx, langile klasearen autonomia politikoaren inguruan, hain zuzen ere. Klase autonomiaren, edo hobe esanda, klase autonomia ezaren- interklasismoaren– inplikazio praktikoak aztertuko ditu Marxek bi testu hauetan. Lehena 1850ean dago idatzia, 1848ko Frantziako altxamenduetatik ikasketak jasotzen ditu bertan, eta baita 1848-49ko Alemaniako altxamenduenak ere. Bigarren gutuna, 1879an idatzia, Kapitala publikatzetik hamarkada batera – hamahiru urteren buruan, Alemaniako Alderdi Sozialdemokratako- SPD– eskuin adarreko hiru kideren artikulu bati erantzuna da, burgesiako kideak erakartzeko saiakera praktiko baten aurrean Marxek langile klasearen buruaskitasun politikoa defendatzen duelarik.

Segi letzen!

XX. kongresua, balantze historikoa eta ziklo politikoak

Sobietar Batasuneko Alderdi Komunistaren XX. kongresuko irudia, Nikita Jruschov- en hitzartzea. 1956.

 

“La revolución (socialista) es una práctica de lo común exactamente opuesta al modelo de sociedad de individuos aislados que compiten entre sí postulado por el liberalismo clásico.”

“Una nueva izquierda global no tendrá éxito sin “asimilar” esa experiencia histórica. Extraer el núcleo emancipador del comunismo de ese campo en ruinas no es una operación abstracta puramente intelectual; necesitará nuevas batallas, nuevas constelaciones en las que el pasado resurgirá y la “memoria brillará de nuevo”. 

Enzo Traverso

 

Ziklo politiko bakoitzaren intentsitatearen jaitsierarekin batera, aro gatazkatsuen amaiera agertzen zaigunean, aurretik egin denaren gaineko balorazioa eta kritikarako distantziazko abaguneak eratzen zaizkigu. Kritikak taktika konkretua gainditu dezake horrela, fundamentua (muina) ukituz, baina are denbora gehiago izan ohi da beharrezko kritikak berak momentu positiboa (eraikitzailea, praxistikoa) har dezan. Absolutuan pentsatzea ere desegokia zaigu gehienetan, iraganarekiko esklusibotasuna eta egolatriarako aukera eratzen baita honela. Horrelaxe gertatu ohi da ziklo politiko ororen balantzea egiten denean, balorazio absolutuaren konbikzioa izaten ohi baitu berau burutzen duen kolektibitate bakoitzak.

Segi letzen!

Borroka autonomoak Azpeitian. Eteten ez den soka

A nosotros entonces, como a cualquier otra generación anterior, se nos habrá dotado de una débil fuerza mesiánica sobre la que el pasado tiene una pretensión. Esa pretensión no debe despreciarse a la ligera. El materialista histórico lo sabe.

 

Walter Benjamin. Tesis de filosofía de la historia.

 

 

Gaurkoan ez naiz sobera luzatuko, atentzioa merezi duela uste dudan gai bati helduko diot. Iraganeko irudiek indar biziz argitzen gaituzte berauekin identifikatzen garenean, eta generazio arteko kontaktu horrek ez du gehiegi arrazionaletik, fundamentua bertan aurkitzen badu ere. Intuizioak eta pasioak iragan eta orainaren artean konektatzen direla esan genezake, antzekotasunak baititu aurrez burutu zenak orain burutzen ari garenarekin.

Segi letzen!

Trantsizioaz

“Ninguna formación social desaparece antes de que desarrollen todas las fuerzas productivas que caben dentro de ella, y jamás aparecen nuevas y más altas relaciones de producción antes de que las condiciones materiales para su existencia hayan madurado en el seno de la propia sociedad antigua.”

K.Marx. Prefacio a la Contribución a la crítica de la economía política. 1859

 

Gaurkoan eztabaidarako tartea uztea gustatuko litzaidake, pasaden asteburuan Bilbon burutu zen Ekonomia Politikoari Kritikako kongresuan egon ginenok ideiak freskatzeko asmoz; eta egon ez zinetenontzat ere, noski. Sarri eta gogo onez eztabaidatzen dudan lagun batekin solasean nintzela, Michael Lebowitz ekonomialari Estatubatuarraren “Mas Allá de el Capital. La economía política de la clase obrera” liburua irakurtzen zebilela aipatu zidan, duela denbora bat irakurria nuena. Aipatutako liburuari begiradatxo bat botatzen ibili naiz egun hauetan, eta denbora batetik marrazteko asmoa nuen eztabaida luzatzera prestatu naiz.

 

Erlazio sozial kapitalistetatik formazio sozial komunistara trantsizioa burutzeko hipotesiak askotarikoak izan dira sozialismoaren aukera marrazten hasi zirenetik XIX. mendeko utopikoak. XX. mendearen lehen erdian zein bigarrengoaren hasieran orobat bi linea estrategikotan bereizi zen mugimendu sozialista- komunista (barka ezazue sinplifikazioa, artikulu honen helburua laburra izatea da ordea).

Segi letzen!

Sarrera zaharrak

© 2019 Kontu Lepo