Berriki jakin dugu, martxoaren 16, 17 eta 18ko asteburuan, Gipuzkoako Gaztetxe eta gazte asanbladen topaketak izango ditugula. Hilabete luzetako lanketaren ondorio da antolatutako ekimen andana. Guztioi beraz, txoko honetatik, hurrengo hilabetean Beasainen elkartzeko gonbitea luzatzen dizuet, gu ere han izango gara eta.

Gaztetxeek urte luzetako bizia daramate dagoeneko gurean, eta milaka izan dira beraietan aurrera emandako ekimenak. Gazte asanbladetan ehunka borroka dinamika, elkartasun keinu, desobedientzia kanpaina eta abar egosi dira…. Gure Gaztetxeetan gorpuztu milaka talde eta kultura expresio ezberdin. Hala eta guztiz, esango nuke, beti izan direla neketsuak gune aske ezberdin hauen koordinaziorako eginiko saiakera guztiak.

Herri guztietako errealitateen ezberdintasunak, gune okupatu askoren desegonkortasunak, errepresio mota ezberdinak, erritmo maila edota borroka ezberdinen zentralizazioak, elkarlanerako ikaragarrizko zailtasunak ekartzen dituela esango nuke. Herri eta auzoetako arazoetan konprometuriko militanteak izanik, gure inguruko egunerokotasunak xurgatzen gaituela esan genezake, distantziak ere ez duelarik laguntzen halako koordinazio dinamikak eraginkortasunez burutzeko.

Hala eta guztiz, azken saiakerek hartu duten dinamika benetan interesgarria izaten ari dela iruditzen zait. Militantzia eredu tradizionaletik kanpo, Gaztetxeetan erreproduzitzen ditugun errealitateak gure bizitzaren esparru ezberdinetan aplikatu ditzakegula jabetuz goaz pixkanaka. Elkartasun sare eta harreman komunitarioak indartuz, langile gisa, kapitalaren akumulazioaren logikatik kanpo, balioaren logikatik kanpo, alternatiba integralak eraikitzeko dugun gaitasunaz erreparatzen gabiltza.

Nola antolatu gintezke jabetza pribatuaren logika kolpatuz, eredu espekulatibotik kanpo teilazpi bat lortu nahi dugunok? Lan asalariatu edota plusbalioa sortzetik kanpo gure nahi eta beharrak eskuratu nahi ditugunok? Botere harreman ororen erradikazioa jomuga dugunok? Kultura ez merkantilista bultzatu nahi dugunok?

Inguratzen gaituen guztia langileok eraikia izanik, hau da, guk geuk egina, antolamendu eta planifikazio eraginkorrekin errealitate paralelo bat eraiki genezakeenaren ziurtasuna daukat. Geure bizitzaren jabe egin eta gure nahimenak eskuratzeko gaitasuna. Bitarteko erralak eskuratu eta kapitalismoari erresistentzia sendoa eraikitzeko ahalmena.

Guzti hau, paperean jasangarri ikustetik haratago, esperientzia erreal ezberdinetan gauzatuak sentitzeko aukera izango dugu topaketetan. Kapitalaren barne logiketatik kanpo burutzen ari diren saiakera ezberdinetako testigantzak entzuteko aukera. Antzeko kezka eta errealitateak ditugun pertsonak ezagutzekoa.

Haseran aipatu bezala, herri eta auzo ezberdinetako errealitateen distantziaz jabetu behar dugu, baina oinarri amankomunak adostuz, pausoak norabide berdintsuetan ematen saiatuz, autogestioaren sokari bizitzako eremu guztietan tiraka, denbora gutxian loratu daitezken haziak erein ditzakegula iruditzen zait.

Kapitalaren eraso bortitzenei autodefentsa mekanismo eraginkorrak elkartasunean oinarrituta soilik eraiki daitezke. Indibidualismo basati eta harreman eredu burgesetatik kanporatzeko, errealitate berriak eraikitzea urgentziazko beharra bihurtu zaigu. Goaz guztiok, beraz, guzti honetaz apur bat hausnartu eta bultzada erreformistetatik kanpo kapitalari alternatiba errealak garatzeko lehen pausoak ematera. Goaz guztiok, beraz, Gipuzkoako Gaztetxe eta gazte asanbladen topaketetan parte hartzera.

Argi Beltza