Zazpi egun ditu asteak

“Futbola eta droga dira sinonimo,
baloi baten atzetik mugitzen da herria
Al Capone berria deitzen da Florentino.” 2ZIO

Zazpi egun ditu asteak, eta horietako bost gure kartzeletan (lantegi, ikastetxe, unibertsitate…) pasa ondoren, asteburuaren zain egoten gara: gure “askatasunaren” zain. Hala ere, horrek ez du esan nahi etsaiaren hatzaparretatik ihes egiten dugunik, kapitalaren makinariak ez duelako jai-egunik urteko egun batean ere.

Bere lana egiten darrai atsedenik hartu gabe, gure denbora librean ere berak inposatutako logikan segi dezagun: parrandan drogatzen, elkarren gorputzak kontsumitzen, kapitalak nahi duena proiektatuko duten pantailak begiratzen…

Gaur egun, kirolak, futbolak gure kasuan (AEBetan NBA…), paper garrantzitsua hartzen du horretan, gure alienaziorako asteko zazpi egunak erabiliz: ostiral gauean (langile gehienak lanetik irtetean) hasten da Espainiako Liga (Liga Santander), asteburuetan eguerdian hasi eta gauera arte dugu partidaren bat jokoan, eta astelehenean (gauez) amaitzen da. Asteartea, asteazkena eta osteguna ere lan egunak izanik, gauez Championsa, UEFA edo Errege Kopako partidak izango ditugu. Honen atzean kirol munduko enpresarien interes ekonomiko asko daudela begi bistakoa da, baina horrez gain, aztertu dezagun zein ekarpen egiten dizkion kirol-sistemak kapitalari, eta bere mesedetan zein funtzio betetzen dituen.

Horien artean, sistema kapitalistaren legitimazioan jokatzen duen papera dugu. Ezartzen diguten kontsumoaren ondorioz, zale amorratu ikaragarri mugitzen ditu kirolak mundu osoan zehar, eta gizarteko heroiak eraikitzen dira hauen baitan. Meritokrazian eta konpetentzian oinarrituriko baloreak goratzera darama horrek gizartearen zati handi bat, kapitalismoaren logika modu positibo batean zabaltzea lortuz. Kirol munduan, sakrifizioaz eta lanaz besteen gainetik geratzen dena izango da txapelduna. Era honetan, gure posibilitateen gainetik bizi diren haiek miretsiko ditu langileak, bere dohain eta sakrifizioak balitu horrela bizi litekeela pentsatuz (ulertzekoa bezain indibidualista).

Horretaz ederki aprobetxatzen dira kirol mundutik kanpoko bestelako enpresa kapitalistak ere, gizarteko heroien irudia erabiltzen baitute euren publizitatea begi onez sartu dadin. Kirolari hauek, kirola eta politika ez direla nahastu behar diotenak, milioi mordo bat mugitzen dute euren eta berauek kontratatzen dituzten enpresa multinazionalen sakeletara (gora Xabi Alonso eta gora El Corte Ingles!) horrek dakarren guztiarekin.

Horrez gain, kirolak lan-industrial kapitalistarako prestakuntza moduan ere funtzio garrantzitsua du. Gazte-gaztetatik hasten gara kirolean, batzuetan ongi pasatzeko, baina sarritan lehiatzeko (lehiatuz ere pasa daiteke ongi, baina ea gai hori beste artikuluren batean sakontzen dugun). Gure gorputza lehiarako makina bezala hartu ohi dugu/digute berehala, lanerako tresna moduan. Gure errendimendua ateratzen ikasten dugu eta gure fabrikan balio dugula erakusteko erabiltzera behartuko gaituzte, ondokoa edo zu kaleratzerako orduan nagusiak garbi izan dezan postua zuk irabazi duzula; ederki hezten gaituzte gure etorkizunerako, beraz.

Hau ikusita, agerikoak diren interes ekonomikoen (testuan ez ditut aipatu apustu etxeak…) atzean interes ideologikoak ere badirela ondoriozta dezakegu, zeinak paper garrantzitsua jokatzen duen langile klasearen sumisioan.

Amaitzeko, aipatu nahi nuke, irakurri duzuela aurreko paragrafoan lehiaren inguruko hausnarketak beste artikuluren batean plazaratzeko asmoa dudala. Izan ere, kirol eta jarduera fisikoen munduaren inguruan dugun lanketaren gabezia aprobetxatu nahi nuke gaztetxekoon blog honetan eztabaidak sustatu, ekarpenak egin eta aurrera begira herrian egin daitezkeen proiektuak mamitzeko. Beraz, artikulu honen nahiz besteen azpian idaztera gonbidatzen zaituztet.

Emayon/k hike kontu lepo idaztiei!

3 Iritzi

  1. Testuen fundamentaziyuekin ados eonda, aztertu beharra zeon fenomeno sozial modura kiroletako ikuslien baitan sortu nahiko litzaken kidetasun harremana, indibidualizazio basati baten testuinguraketan garatu nahi dan babes sentsaziyue (hooligan fenomenue, baita kirol talde baten inguruen lehenengo pertsonan iteyen komentaiuek ere, hi talde horren parte aktibo izango baitzenan bezela). Maskaraz betetako izate baten partiek betetzeixkin, eta kontsolaziyue ere makala dek hutsaltasun basati baten truke.

    Hausnarketa interesgarriye, halare pentsatzeñat kirola jolas gisara ariketa oso osasuntsue ere izan daitekela, konpetitibitatie eragiteun modura kontrakue ere eragin dezakeela.

    *Pd: 2zio XXI. mendean, kantu earra! https://www.youtube.com/watch?v=ax81yJDtryE

    • Ahuntzan gauerdiko eztula

      2017-10-18 at 19:44

      Nik uste kirola ariketa oso interesgarria danik eztula ukatzen testuk, eo nere irakurketa behintzet hoixe da “batzuetan ongi pasatzeko, baina sarritan lehiatzeko” esateunen; hau da, kirol praktika helburu ezberdinekin in leikela esateula esango nuke. Nik e halaxe ustet, jarduera fisikoa ta kirola oso osasuntsuk izan leizkela, eo justu kontrakok.

      Kirolak sisteman baitan betetzeitun funtzion aipamenakin ados nao, ta hausnarketa hoi ittea re earra iruitze zait, bestela danok geatze baigea “fubola herrian opioa da” bezelako esaldikin, benetan hoi ondo arrazoitzen jakin gabe.

      Hooliganen ingurukoa netzako re aztertzeko oso interesgarria izan leike. Bateze auzo marginaletan aztertu ezkeo fenomenoa, aipau dezun modun nola etxen eo beste toki batzutan topau ezin leiken babes hori talde hauetan topau beharra ikusi ahalko litzeke akaso, ta geo horrek berekin ekarri leizken analisi diferentek. Era beren, hooligan talde hauen barne harremanak interesgarrik izan leizke, edo hooligan talde hauek klubekin beraiekin dituen harremanak, askotan kluban baitan ikaragarri eragiteko boterea eukita.

      Pozgarrie da kirolan inguruko hausnarketak letzea, ta aber gai honen (eta beste hainbaten) inguruko eztabaiden aurrekarie dan hau!

  2. Kirola ez Al da jarduera fisikuen forma soziala? Hau da, kirolaz hitzeite deunien jarduera fisikuez ai gea beti, baino ezaugarri bereizgarri konkretu batzuk ditun jarduera fisikuez:) Lehia, instituzionalizaziyue..kirol forman egindako jarduera fisikue beti da lehiakorra, ta eramango du konpetentzira. Kirol forman sartze ez dan jarduera fisikuek, natural eiteanak, elkartasun baliyuen sorkuntzan papel oso garrantzitsue dula esango nuke beraz. Segi holaxe, artikulu interesgarriye benetan

Utzi erantzuna

Zure helbide elektronikoa ez da argitaratuko.

*

© 2018 Kontu Lepo