“nik ere bizi nahiko nuke
nor naizen etengabe galdetu beharrik izan gabe
apalago bizi neure buruaz ahazturik
nik hau eta nik beste hori jardun gabe beti
apalago bizi ni ere
gogoa eta adimena erantzun txikiei emanda:
gizaki bati dagozkion neurriko kezkekin”
Jose Luis Otamendi
Kezka bat du neurekiko
eta neuretzako
adar gazte honen uztak
ba ote dakartzan masustak
ene bidaiedeentzako
kezka bat dut neurekiko
baina zeuentzako
zergatik zaintzen gaituzuen horren ondo
zer dela-eta mintzo zareten itxaropenaz
ezer sortuko ez dugun penaz
erruki zaretelako…
Kaxoian gorde huen bere garaian, eta traste zaharrak botatzen ari haizela topatu duk, paper zahar batean idatzita. Putz egin eta hautsa kendu diok. T, hi betidanik izan naiz tipo beroa, sentitu ahala botatzekoa. Ibilian irakatsi dik bizitzak, tartean muturreko batzuk hartuta, arrazionalagoa izaten. Eta orain hor habil, ez batera, ez bestera. Heure buruari esanaz, marra “gorria hor zagok eta honaino sentitu dezakek”. Abangoardia kultural baten parte izan nahiaren lainez txoroa erantzi ezinik zirriborratu huen poema hau, kezka generazionalak, gurasokeriaren aurkako errebeldia, eta bla, bla, bla… Eta hara non heukan kaxoi azpiko iluntasunean. Argitik itzalera egin duela ematen dik, mugimendu natural bat bezala.
Eta hik, balizko subertsio hura ahanzturak erabat irentsi aurretik, berriz mahaigaineratu duk. Hildako arrainak urazaleratu egiten dituk, baina hilda zaudek. Gauzak aldatu egin dituk , kamarada!
Baina zer huen eskaparatea, hire barru ustelaren errezel gardenaz gain? Ezereza huen, espazio hutsa. Heure buruari min gehiegi eman aurretik ohartu hintzen, aski mami ez huela oraindik, eta fokopea beste batzuei zegokiela. Agian helduko zela noizbait hire garaia, baina berantiarragoa hintzela esaten zutena baino. Zer esana eta zer emana falta huela iritzi hioen, eta ados nagok hirekin. Tuneatu ezak paper zaharra eta egiok sinadura bat azpiko alde horailduan, eguneratu ezak, berritu.
Euri ari duenean, babes bila nabil
oskarbi denean, ez naiz inondik ageri
izaki bereizi bat pauso balantzatiz,
eusten ez banauzue lurrera noa berriz.
Nola porlandu naizen inoiz bainoago,
Bihotza bera ere harrituta dago.
So egin dezadan neure baitatik harago,
naizen apurra ez da,
garen hori baino.
Utikan nartzizismoa, eta egoa kaxoian bego, poema zaharraren aldamenean zurrunkan. Inguruak bizi hau, eta hori duk guztia, lilurarik ez! Ideiak su baxuan ontzeko garaiak dituk, erretagoardian egotekoak, lokatzetan, lan isilean. Inguruan nor nahi duan pentsatu beharko duk lehenbizi, eta haiei denbora eskaini, inporta zaizkian neurri berdinean, gutxienez. Aitak ondo esaten zian, T: “loriei ure bota beher izete zikobek”.
Eman beraz pauso bat atzera; bi ere bai behar bada. Perspektiba hartu eta aldendu apur batean eskaparatetik. Benetako gauzak bizi itzak, ahalik eta suharren, ahalik eta bizien; baina bere txikian, bere sakonenean alegia.
2018-01-31 at 16:15
Paper galdu gehiago aurkitzen badituk ekar itzak hitzak hona.
Lerrootan harrapatuta gelditu nauk. Nor ez duk porlandu noizbait? Ba ote bihotza harri(bihur)tu ez zaionik?
Hitzok testu bat ekarri didate gogora:
” Descartesen ‘Pentsatzen dut, beraz banaiz’ hura gehiegi barneratu zenuelako edo, zure bekokiaren eta hezur parietalaren artean kabitzen da zure izate guztia. Arrazionala zara, sentimenduak pentsatzerainokoa (pentsa!). Eraikinak, arazoak, egitekoak, egin gabeak, helburuak, antolaketa, asfaltoa zara…
….
Esaera filosofiko bat oparituko dizut, deskartez: Bazara, beraz, hasi sentitzen”.
Testu osoa, hemen: http://bizkaia.hitza.eus/2017/11/17/jaitsi/
2018-02-01 at 16:31
Eskertzen dituk/n halako iruzkinak Kaktus!
Paperak T-renak hituen, baina saiatuko nauk/n neureak ere ekartzen. Espazio ederra eskaintzen ziguk/n Kontu Lepok, horretarako ere. Hauts askorik hartu gabeko testu sorta ederra ari duk/n pilatzen, beraz “pintxatu” beldurrik gabe.
P.d: markinarra gaztetxean izango diagu bihar bertan, eta emango zizkoagu hire partez eskumin arantzadunak.
2018-02-01 at 16:37
*di(n)agu, *zizko(n)agu.
Anonimotik anonimora, eta behin hasita, ganoraz egitea hobe.
P.d: Kontu Lepoko zerbitzu informatikuei eskaera bat (badakigu asko zeatela ta kolpeik ez dezuela jotzen). Iruzkine editatzeko mouen jartzie eongo al litzeke? Eo eindakue hor geratzea fosilduta betiko?