Blog honetan, behin eta berriz mahaigaineratu dugu teoria politikoaren beharra. Indar oro norabide eta estrategia amankomun batean lotzearen ezinbestekotasuna. Kapitalismoa gainditzeko, berau ulertzearen garrantzia. Argi dago, hau honela izanik, mugimendu bat eraginkorra izateko ez dela nahikoa argudio sendoak izatea, berau gizarteratzeko gaitasuna ezinbesteko baldintza bait da.

Bide honetan, hainbat kontu aztertu ditugu; kapitalaren subsuntzio gaitasuna, fetitxismoa, enajenazioa, alienazioa….. hau da, gaur egungo giza harremanak ulertzeko hainbat “fenomeno” geureganatzeko saiakera badagoela nabaria da. Hauek, mugimendu iraultzaileak garatzeko zailtasunak besterik ez dituztela sortzen ondorioztatu dezakegu, egin beharreko lanak biderkatzera derrigortuz.

Hala eta guztiz, badira gure alde bultza dezaketen errealitateak. Krisiak, esaterako, klaseen arteko interesen antagonismoa modu gordinenean azalaratzen du, eguneroko bizipenak tarteko, askok urteetan garatutako ideiei uko egin diezaioketelarik. Honez gain, erreformismoak, instituzio eta iritzia sortzeko eremuak bete ditu, baina kaleak umezurtz gelditzeko arriskuan ikusten ditugu aldi berean.

Guda ideologikoen testuinguru betean, horrez gain kontuan hartu beharreko esparruen garrantziari heltzea gustatuko litzaidake. Ideia oro sozializatze bidean eman beharreko pausoetaz, aipatutako eragin gune horiek identifikatu eta apurnaka bidea zabaltzen joateko beharrezko izango ditugun dinamikak garatzeaz alegia.

Nire iritziz, egunerokotasuneko jarduera, ekimen eta konportamentuek paper garrantzitsua betetzen dute gure mezuak entzunak izateko garaian. Garai batean “matxurriano” gisa genituen langile atzerritar edota hauen seme-alaba, arroz pasatuak bezela tratatzen genituen jubilatu prekario, guztiz alienaturik sentitzen genituen gazte desorientatu, sozialdemokratatzat genituen militante desengainatu eta abarrekin dugun jarrera zaintzea ezinbestekoa iruditzen zait inoiz botere erreal bat artikulatzeko saiakera egonkortu nahi izanez gero behintzat.

Bestalde, kaleetako degradazioa ikusirik, gure ekintza eta aisialdiek duten oihartzun gaitasunaz jabetu eta hauetan indarrak nola bideratu hausnartu beharko genuke. Nerabeei zabaldu nahi dizkiegun mezuetan erreparatu, gure ekintzekin ume, gazte zein helduenengan izan dezakegun eraginaz jabetuz. Gauzak ongi, arduraz eta fundamentuz egiteko gaitasuna erakusteak alde batean, besteetan kontuan hartzeko baldintzak sortzen dituela pentsatzen duten horietakoa naiz.

Gure mezu eta ideiei uko egin edota taktikoki desitsuratzetik haratago, berauek herritartzeko jarreretaz ari naiz. Kalean egin beharreko lan formal eta informalak uztartzeko gaitasunaz. Ekintzek epaitzen gaituztela jakitun, herri zein auzokideekin ditugun jarrerak kontuan hartzeaz, jendeak sujeto aktibo gisa identifikatzeaz, talde konprometitu eta serio bezala, zapalduenekin lanean dagoena etab. Dogmatismotik haratago, ideiak elkartrukatzeko forma eta lan etengabean dabilen gazteria. Boteretsuenen aurrean oldartu, eta langileen kontraesanak modu arrazionalean azalaratzeko gaitasuna garatzen dihardutenak.

Pertsona onak, enpatikoak, bizitza elkartasunean oinarriturik ulertzen dituztenak etab. sortu nahi izanez gero, balore horien transmisio praktikoa garatu beharko genuke, nire iritziz, talde zein norbanako gisa, ogia erostera ateratzen garen momentutik.

Lepo gainetik begiratzen diguten horiei aurre egin beharko diegu, jarrera klasista, matxista edota autoritarioa duenari hortzak erakutsi beharko dizkiogu, salaketa gune oro erradikalizatzeko saiakeran sakondu beharko dugu….. baina gure kaleetan, gure guneetan, bidean “konplize” izan daitezkeen guzti horien artean, aipatutako eredu izaten saiatu beharko genukeela deritzot, denborarekin “galtzailontzat” helduleku sendo izateko helburua izanez gero behintzat.

Nahiz eta azken aldian zentru espiritual bateko txaman konplexua izan (motibazio lan juppietan eta hola), ez dut Gaztetxeko oro merezitako lekuan jartzeko aukera hau galdu nahi. Azken aldian eginiko parte hartze anitzeko ekimenetan erakutsitako ardura eta izan duten maila altuaz gain, norbanako gisa ezagutzen ari naizen altxor bakoitza goraipatzea gustatuko litzaidake. Humiltasun eta konpromisoz osaturiko harribitxiz beteriko kutxa dugu gaztetxea. Plazer bat zuekin eskuz-eskuz jardutea. Bide batez, ongi etorriak izan zaiteztela altxor honen bila zabiltzaten pirata berriak.

Argi Beltza