Atzo, hilak 26, Errepresioaren aurkako eguna antolatu genuen Urola Kostan, eskualdeko beste Gazte Asanbladekin batera. Helburua, egun Euskal Herrian gazteen aurka abian dauden prozesu judizialak hartu, horien berri izan eta errepresioa integralki aztertzeko klabeak eta esperientziak mahai gainean jartzea izan zen.

Horretarako, gurekin izan genituen atzokoan Orereta eta Altsasuko gazteak; euren esperientziatik irakaspenak eta hutsuneak mahai gainean jarri eta hausnarketa kolektibo bat egiteko. Tartean izan genuen, besteak beste, kasuen elkartasun eta  sozializazioaren; eta errepresioaren aurkako dinamika eta irakurketa integralen arteko afera.

Bide batez, egun horren bitartez prozesu errepresiboek arlo judizialean gazte horiei eragin dizkieten zigor ekonomikoei aurre egiteko dirua bildu nahi izan genuen. Hala, eskerrak eman nahi dizkiegu bai bertaratu ziren gazte guztiei baita oholtza gainean eguna borobiltzen lagundu ziguten taldeei ere.

Era berean, balioan jarri nahi dugu eskualdeko ikastetxeetako ikasleek deialdiarekin bat egin eta goizean antolatutako elkarretaratzeen bitartez aldarria zabaltzeko egindako ahalegine.

Gisa hontako ekimenen bidez, eskualdeko gazte asanbladen elkarlana sustatzeaz gain, etorkizunean eskualdean eman daitezken errepresio kasuei aurre  egiteko elkartasun sareak euntzen gabiltzala ulertzen dugu. Gainera, errepresioa modu integral batean ulertzeko eta sistema kapitalistan mekanismo errepresibo bakoitzak duen betebeharraz jabetzeko gakoak mahai gainean jarri beharrean gaudeu, eta atzokoa horretarako parada izan zen.

Jarraian dituzue atzoko eguna laburbiltzen duten irudiak: