Gero eta aberatsago egiten ari gara KontuLepo. Gero eta anitzagoa. Gero eta zorrotzagoa analisietan. Gero eta entzutetsuagoa. Baina, zalantzarik gabe, badira ia ukitu ere egin ez ditugun hamaika alor garrantzitsu. Betidanik tripak nahastu izan dizkidan gaia da gure hizkuntza eta kulturarena. Gure hizkuntza eta kulturaren galerarena, zehatzagoa izanda. Gerora bestelako borroketan sakondu badugu ere, gure militantziarako jauzian askoren kezka iturri nagusienetakoa izan zitekeena. Euskal hiztun komunitatearen eta horren esentziaren galera.

Euskal hiztun komunitatea deituko diot euskara hizkuntza hitz egiten dugunon komunitateari eta mendeetan zehar euskal kultura (modurik zabalenean ulertuta; bizitzeko modu, ohitura, harremantzeko modu (pertsonekin eta naturarekin), aisialdirako jarduera multzo…) bizi eta iraunarazi izan duen jendeari. Hizkuntza bat berezko zaion kulturarik gabe hutsala dela deritzot, mamirik gabea; hizkuntza horretako hitzak eta formak komunitate bati beharrezko zitzaizkiolako sortuak baitira. Hizkuntza bat kultura baten mendeetan zeharko espresioa eta argazkia da.

Arrazionalismotik baino sentimendutik egindako analisi bat aterako ez zaidanik ez dut ukatzen. Baina izan bedi iritzi hau aurreragoko beste finduago batzuen aurrekari eta gaiarekiko kezka dutenentzat eta ekarpenak egiteko prest daudenentzat akuilu.

Hasteko, hizkuntzari soilik erreparatuta, deigarria da euskara bera gure belaunaldienganaino iritsi izana. Kontuan izan behar da geografikoki gure inguru osoak latinetik eratorritako hizkuntzetan hitz egiten duela. Hau da, pentsa daiteke euskaldunen komunitateak bakarrik eutsi ziola beren jatorrizko hizkuntzari erromatarren inperioaren garaian. Gerora ere ez da xamurragoa izan hizkuntza horri eustea. Sorgindutako hizkuntza izan zen bolada batez Euskal Herriko hainbat emakume sutara botatzeko arrazoietako bat. Ia oso berandu arte idatzi ez den eta baserritar eta arrantzale ezjakinen hizkuntzatzat jo den euskarak mendeetako desprestigioa jasan du. Horrez gain, oso aspaldidanik Frantzia eta Espainia estatuen mende dagoen komunitate baten hizkuntza da. Frantzian, esaterako, iraultza burgesak ekarritako Liberté, egalité, fraternité ou la mort (“Askatasuna, berdintasuna, anaitasuna ala hil”) formulak estatu osoan frantsesa soilik hitz egin beharra diktatzen zuen, berdintasunaren izenean. Gainera, bi mundu gerrek, iparraldeko euskaldunen frantziar sentimendua asko haztea lortu zuten, gure komunitateari hiztun kopuru andana galaraziz. Eta espainiar estatuaz zer esan? Aspaldidanik faxista den herrialde horrek (frankismo garaian agian zentzurik ankerrenean) ez dio euskarari arnasarik hartzen ere utzi. Beti eduki izan dute gure mintzaira jopuntuan.

Horrekin guztiarekin esan nahi dudana da, estrategikoki oso egokia den leku geografiko bateko komunitatea izateaz gain, historikoki egoskor batzuk izan garela (analisi zorrotzagoren bat eduki behar du norbaitek…). Hainbeste mendetan hain hiztun kopuru murritzarekin hizkuntzari bizirik eutsi izanak erakusten du hori.

Gaur egun, ez gara erromatarren inbasioaren edo haren mehatxuaren menpe bizi. Aurkaria are azkarragoa eta ankerragoa da. Kapitalari hain beharrezko zaion globalizazioaz ari naiz. Homogeneo behar gaitu sistemak. Homogeneo eta bakan, bakarti. Hala komeni zaio kapitalari gainbalioa sortzeko lasterketa eroan (ikus http://www.kontulepo.eus/index.php/2017/12/02/euskeraren-egunen-harira/).

Globalizazioa, oro har, medioen bidez sartzen zaigu zainetaraino. Bizitzeko moduaren homogeneizazioa dakar. Gustuen homogeneizazioa. Kultura unibertsal bakar baterako bidea da. Eta kultura hori superfizial eta indibidualista hutsa da. Internetez, telebistaz, irratiz… bizitzeko modu eta aisialdirako jarduera unibertsalak sartzen dizkigute. Washingtoneko, Municheko edo Hong Kongo gazte baten musika bera entzuten dugu, pelikula eta nobela berberak kontsumitu, ohitura gero eta antzekoagoak ditugu. Gaur batean arrakasta duen edozerk (kontsumitzaile kopuru handia) mundu guztian arrakasta du hurrengo egunerako. Izan telebistako programa edo serie; sare sozial edo komunikatzeko modu; janari edo jateko modu eta leku; edo belauneko urratuaren sendabide. Kulturaren elementu guztiak merkantzia bihurtzea du helburu globalizazioak. Bakoitzaren onena hartzea aberasgarria dela dioskute, zahartua eta murriztua gelditzen ari den gurea ahaztuta. Lehenbizi euskal kultura galtzea ekarriko diguna; eta ondorioz, ezinbestean, euskara bera. Argi dago ezingo diogula komunitate oso batek bizkarra eman globalizazioari, eta gizartea aldatzen doan neurrian kultura ere aldatuko dela; baina neurrian eta kontzienteki har ditzagun erabakiak eta eman ditzagun urratsak.

Gure hiztun komunitateak, hizkuntzari eusteko egoskortasun horretan, sortuko ditu Gu ta gutarrak edota Goazen moduko telebista saioak, Gaztea irratian jarriko ditu munduko azken abestiak edo Facebook-a eta Instagram-a euskaldunduko ditu euskal hiztun modernoek kultura globalizatu hori euskaraz zipriztintzeko aukera izan dezaten. Euskaldunon kulturaren berezko ezaugarriak anekdota edota ezaugarri zaharkitu folkloriko moduan aurkezten dizkigute horrelakoetan, askotan horiekiko errespetua galduz. Modu horretan mendeetan mantendu izan dugun esentzia erabat baztertzen dute, gure kulturaren azken arrastoak galduz; eta, azken finean, kultura globalizatu horretan lehiatu ezinak geure burua lurperatzera eramango gaituela ohartu gabe (zenbait, agian, horren jakitun…). Eta, esan bezala, horrek euskararen galera ekarriko du. Lehen esandakoa, horrekin ez dut esan nahi erabat itxita egon behar garenik edozein berrikuntzetara. Baina hortik geure burua erabat saltzera alde handia dago.

Beste aldetik, kulturaren galeraren arazoaren jakitunago direnek ere egingo dituzte haien saiakerak; bertsolari txapelketak hamalau mila lagun batuko ditu leku bakar batean txapeldunari berari ere gustatzen ez zaion lehia testuinguru batean (“gure buruaren kontra, gure munduaren alde” Maialen Lujanbio dixit); Durangoko azoka jendez mukuru beteko da euskarazko sorkuntzari arnasa emateko modurik onena delakoan; edota iraileko igande guztietan Ernio ehunka euskaldunek hartuko dute trikiti hotsen anparoan euskal giro jatorrean. Plazaz plaza bertsotan dabilenak, cd-ak edo liburuak sortzen dituenak edo erromerietara joan zale denak ordea, badaki egun horiek salbuespen besterik ez direla, eta errealitatea askoz gordinagoa eta beltzagoa dela. Hiztun komunitate honek aurrean duen horma gero eta sendoagoa baita.

Adibide eta azalpen gutxi dira halako konplexutasuna duen gai bat jorratzeko. Artikulu batek ez du askoz gehiagorako ematen. Findu eta zehaztu daitezkeen alderdiak dira; eta, beharbada, aurrerago findu eta zehaztuko ditudanak.

Ari gara ikasten, KontuLepo blog hau horretan laguntzaile, borrokak modu partzialean ulertuz gero antzu gertatzeko aukerak asko biderkatzen direla. Hizkuntza eta kulturaren zapalkuntza modu lausoan egitea lortu dute; hau da, jada ez datoz erromatarrak latina inposatuz (frantsesek eta espainiarrek horretan jarraitzen dute…), oraingo zapalkuntza ikusezinagoa da; hargatik eraginkorragoa. Zapalkuntzak banaka har ditzakegu, baina zapalkuntza guztiek oinarri bera badute, oinarriaren aurka jotzea da zentzuzkoena. Euskal hiztunon komunitatea (hizkuntza eta kulturaren eramaile moduan ulertuta) galtzeko arriskuan badago, mundu gero eta globalizatuagoaren errua da. Sistema kapitalistari komeni zaiona, alegia. Argi dago, beraz, Ernioko guduaren kondaira zaharra gogoan, orain harriak nori botatzea dagokigun.

Gozatu abestiez.