Krisia, kritika eta autokritika

Mi voz está en mi espada

Shakespeare

El pensamiento político, sin un “movimiento real” que lo guiara, no podía dar frutos.

Perry Anderson Lucio Magriri buruz.

 

“Kritika” eta “krisi” terminoen jatorri etimologikoa ikustea interesgarria da. Kritika eta krisia “krinein” grezierazko aditzetik eratortzen dira, zeinak “bereizi”, “aztertu” edo “erabaki” esan nahi duen. Krisia hautsi egiten den zerbait da, beharrezkoa delarik hautsitako zatiak aztertzea edo analizatzea (kritikatzea). Hortik dator kritika terminoa: judizio edo epaiketa bat egiteko egiten den analisia edo azterketa da. Adibidez, kritikoak ongia eta gaizkia bereizten ditu, aztertzen ditu. Aldi berean, irizpide edo kriterio terminoak ere jatorri bera du, eta “arrazoibide egokia” esan nahi du.

 

Krisia egoera erabakigarria da, aldaketak gertatzen diren une edo momentua. Medikuntzan, adibidez, egoera kritikoak hil edo biziko egoerak dira. Medikuek gaixotasunen sintomak aztertu eta erabakiak hartu behar dituzte ez badute gaixoa hiltzerik nahi.

Antzinako Grezian, beraz,  bi kontzeptuak elkartuta zeuden: krisi garaiak erabaki edo epaiketa kritikoak eskatzen zituen. Adibidez, hilketa bezalako kasuetan, ezinbestekoa zen gertatutako ondo aztertzea ondoren erabaki judizial kontsekuenteak hartu ahal izateko. Zentzu horretan, kritikak zera esan nahi zuen: gatazka egoera batean hartzen zen erabaki edo egiten zen epaiketa. Aldaketa testuinguru batean (krisian) parte hartzearekin zuzenki lotuta zegoen kritika. Gazteleraz esaten den “tomar partido” esamoldeak ondo laburbiltzen du kritikaren esanahia.

Kritika, beraz, ez da gaitasun subjektibo batetik sortzen den zerbait edo arrazoiaren subiranotasunaren berezko espresioa, kritika testuinguru objektibo batean parte hartzea da, egoera aldatzeko helburuarekin erabakiak hartzea.

Ez ote gaude, egun, krisian? Uler dadila: ez al gara une erabakigarriak bizitzen ari? Eta, ez ote du garai honek kritika egitea exijitzen? Uler dadila: ez ote dugu egoera aztertu behar horren aurrean praktika eraginkorra artikulatzeko? Baina, zer nolako kritika teorizatzen da gaur egun?

Norbanako edo talde batek egiten duen kritikak ez badio erantzuten dinamika erreal bati, kritika horrek ez dauka zentzurik. Errealitatearekin inolako erlaziorik ez duen pentsamendu batek bere arrazionaltasuna bere buruan aurkitzen du eta bere erabakiek ez dute inolako ondoriorik errealitatean.

Lehen esan dugun gisan, ezinbestekoa da kritika errealitatearekin lotuta egotea. Kritika eta enpiria ez dira banandu behar, edo beste era batera esanda, kritika beti ditu bere premisak. Teoria kritikoak esperientzia errealen teoria sortu behar du eta ez teoria purua.

Autokritika egitea ere horrekin lotuta dago. Autokritika egitea ez da balorazio morala egitea. Kontua ez da “gaizki egin genuen” esatea. Autokritika beste dimentsio batean kokatzen da. Izan ere, kritika errorearen teoria da: errorea sortzen duen mekanismoa da identifikatu eta azaleratu behar dena. Kritikak ez du soilik diskurtso faltsu bat zalantzan jartzen. Kritikaren objektua ez da diskurtsoa bere horretan, baizik eta diskurtso horren faltsutasuna sortzen duen mekanismoa. Zentzu horretan, gure praktikaren autokritika egitea praktika horiek beraien testuinguru objektiboan jartzean datza. Praktika politiko oro gatazka sare konplexu batean kokatzen da eta ezin dira bereizirik ulertu.

Horregatik autokritikak, gutxienez behintzat, bi elementu kontuan hartu behar ditu: alde batetik, historia politiko errealaren garapen objektiboa aztertu behar du; eta bestetik, eta horri loturik, borroka kolektibo edo mugimendu horrek dinamika erreala ulertzeko dituen barne-oztopoak agerian utzi behar ditu; hau da, itsutasun eta eragozpen kognitiboen barne historia egin behar du, baita intuizioen eta garapenena ere.

Kasualitatez edo kausalitatez, egungo krisi egoerak esanahi objektibo hau du: krisi kapitalista.

 

 

4 Iritzi

  1. Iruitze zait artikulu hontan emateien definiziyuek, bizi deun testuingururako EZINBESTEKUEK diela, hitzen esanaye re indibidualizatzen ta tergibersatzen konstanteki ai gean garai hauetan. Oso ekarpen interesantie.

    Galdera batekin nator zuretzat, trabis:

    “Kritikaren objektua ez da diskurtsoa bere horretan, baizik eta diskurtso horren faltsutasuna sortzen duen mekanismoa.”

    Pixkat geyo garatzeik bai hau? Eskerrik asko

  2. Nik beti erabili izen diat ‘kritika’ adierie ‘kriteín’ bezela. Ta ulertu horreatik “mugie” eo “limitie”. Kanten bi ‘Arrazoimenan kritikak’ hoixe izengo hituzke, jakiñen gaiñien eotie ea noaiño iritsi laiken giza arrazoimenak, hau dek, bean limitiek trazatzie. Kritikie ordun hemen zea dek: gauza bat muturreaiño ematie, osotasune kontzebitzeko. Marxen “partzialai autonomiye ematien mekanismo fetitxistiekin (…)” lotzie bazeok hau (bla, bla).

    Halare, aitortu beher diat ‘κριτειν’ adierien bille ai naukela interneten ta eztiatela ezer aurkitzen. Hau esanda, ez iezadak kasoik iñ. Internetek dana zakik.

  3. Azterketie itetik allau ta kontulepon biziye daola ikustie earra da!
    Egiye esan, artikuluek eztu “kritika” adierien zentzu bakarra ezarri nahi. De hecho, historiyen ziher modu askota erabili da beaure. Adibiez, “Arrazoimenaren kritika” edo “Ekonomia politikoaren kritika” adierazpenetan kritikak eztauke esanahi guztiz berdiñe.
    Ekonomia politikuen kritikiek zea esan nahi du aldi berien: alde batetik, erlazio ekonomiko kapitalistan azalpena; eta bestetik, erlaziyo hoyen kritikie. Hau da, erlaziyo ekonomikuek esplikatzeie kategoria kritikuen bitartez. Azalpena eta kritikie batea dijuzte. Metodo horrek potentzialitate politiko izugarriye dake. Zeba? Kategoriak burgesak gainditze ditulako. Hola, sitemie superatzea beira jarduteun mugimendu politiko batentzat ezinbesteko tresna bihurtzea. Hala ikustet nik behintzet.
    Artikuluen kritika eta krisiyen lotura etimologikue erakuste zan ondoren gauza bat azpimarratzeko: esperientzia praktikuekin lotuta daon kritika formie dala mugimendu iraultzaile batek garau berdun jardun teorikue (horrekin ezta aldarrikatzen kritika izendatzailien esanahi bakarra daola).
    Pihamman-en galderie erantzuiez, esan nahi da fenomeno baten efektuek kritikatzie eztala nahikue. Erakutsi ber da zein dan fenomeno horren esentziye, zeinak efektu edo ondorio beharrezko batzuk inplikatzeitun. Kausatik ondoriyue azaltzie (ondoriyuen beharrezkotasune, ta aparientziyen objektibitatie). Hau da, adibidez, sistema kapitalistiek aberastasune modu injusto batien banatzeula esatie ezta nahikue. Zeba? Sistema kapitalistiek aberastasune sortzeko dauken moduek ya de facto inplikatzeulako klase banaketie. Beraz, baldintza edo egitura objetibo horren baitan, ezin da aspirau aberastasunen banaketa ekitatibo batea (aldi berdien, “injusto” terminuen esanahie ez otea pentsamendu marko burgesetik eratortzen?). Aberastasunen formiek ya galarazi iteu hori. Aberastasune modu jakin baten ekoiztea, eta ekoizpen harreman hoiek gainditu ezien, ondorio berdiñek paira berko diteu: mixeriye, esplotaziyue, askatasun eza, zapalkuntzak…
    Eztakit azaltze naizen.
    Ondo segi

  4. Ze azterketa euki dek pa trabis?

Utzi erantzuna

Zure helbide elektronikoa ez da argitaratuko.

*

© 2018 Kontu Lepo