“Una sociedad basada en la producción masiva de bienes, pero que insiste en que los juguetes distribuidos a los niños proviene del taller mágico de Santa Claus, allá en el polo norte, fabricados artesanalmente por enanos no sindicados. Una sociedad capaz de distribuir bienes por medio de máquinas especializadas y de gran potencia, que cuenta a los niños que sus juguetes los traen en un trineo llevado por renos y que entran por la chimenea.”
Eric R. Wolf

 

Gabonak direla eta Eric R. Wolf-en testu baten gakoak partekatzea gustatuko litzaidake gaurkoan. Bertan, Santa Claus-en mitoaren inguruan eta orokorrean data hauen errealitate funtzionalaren inguruan irakurketa interesgarri bat egiten du. Hau da, gabon festek eta bertako pertsonaia magikoek zein funtzio betetzen duten egungo mendebaldeko gizarte kapitalistan.

Wolf-en arabera, Santa Claus-en mitoa (edo Olentzero eta Errege Magoak) zein haurrei ezartzen zaien gabonen inguruko ikuspegi magikoa, haur eta helduen arteko harremanak erregulatzea helburu duen marko ideologikoaren zati bat da, garrantzia bereizgarria duelarik honen baitan.

Helduek haurrentzat mundu magiko bat eraikitzen dute, hau helduen munduari alderatuta guztiz bestelakoa delarik. Helduen mundua kulturalki induzitutako errealitate batean oinarritzen da non pertsona arteko lehia eten gabe bat ematen den. Errealitate honetan, arrakasta gehien duten gizabanakoek botere zein ongi materialak lortzen dituzte, arrakastarik ez duten desjabetuen masen aurrean. Ekonomia errealean sariak edo ongi materialak ez dira banatzen nahi edo beharren arabera, baizik eta hauek ordaintzeko ditugun baliabideen arabera, hau da, daukagun diruaren arabera. Mundu errealean aberatsen semen-alabek opari ugari eta ederrak dituzte, txiroenek oparitxo batekin konformatu beharko dutelarik (baldin eta oparirik badute). Aldiz, haurrentzat eraikitzen den mundu magikoan ekonomia magiko bat ezartzen da non haurrak gutun bat idaztearekin (Santa, Olentzero edo Errege Magoei) nahi dituen opariak lortzen dituzten. Ekonomia errealak dirua eta aberastasunaren printzipioen gainean funtzionatzen badu, ekonomia magikoan arauak guztiz bestelakoak dira, bertan haur bakoitzak nahi edo behar duena lortzen duelarik. Modu honetan, oparotasunak urritasunari lekua hartzen dio, eta errealitate kapitalistak utopiaren ametsari egin behar dio aurre. Finean, helduek errealitate jakin batzuez osaturiko mundu bat bizi dute, haurrek ipuinetako ingurune idealetik gertu dagoen bat bizitzen duten bitartean non helduen munduko erregelak desegin zein irauli egiten diren.

Hau kontuan hartuta, haurrek gabon magikoak eta bertako figura mitikoak (Santa, Olentzero, Errege Magoak) gezur hutsak direla konturatzeak zentzu sakon bat hartzen du. Jatorrizko bekatuaren zentzua hain zuzen. Adan eta Evak jakituriaren zuhaitzeko fruitua jatea (jakituria bereganatuz) paradisutik kanporatuak izatearekin ordaindu zuten. Haurrentzat, gabon magikoak eta bertako pertsonaia mitikoak gezurrak direla jakiteak haurtzaroa bere osotasunean gezurra dela ohartzea da. Hau da, orain arte beraiek bizi izan duten mundu magikoa ez dela erreala, gezur erraldoi bat baizik, eta mundu erreala helduen mundua dela, non gizabanakoak elkar lehiatzen diren amaierarik ez duen lasterketa batean.

Hain zuzen, haurren mundu magikoa helduek eraikitzen dute, eta helduak dira tematzen direnak haurrei gabon magikoak eta bertako figura mitikoak errealak direla sinestarazten. Eta hau gertatzen da zeren geroz eta denbora gehiagoz haurrak “zoriontsu” bezala definituak izan sozialki(mundu magiko batean sinesten dutelako), orduan eta gehiago konbentzitu ahal dira helduak ere beraiek aspaldi batean “zoriontsu” izan zirela. Tematuz inozentzia posible dela , helduak ere galdu daitezke une batez eratzen ari diren inozentziaren mitoan, inoiz existitu ez den haurren mundua luzatuz.

Haurtzaroa urrezko garai bat izan daiteke oraindik bertan helduen munduko errealitateak ez baitira hautematen, baina garai honetan ikasten dira ere helduen munduan egokiak diren jarrera zein motibazioak. Gabonetako ekonomia magikoan, “desira bat adierazten baduzu, opariak izango dituzu” enuntziatua beste bati lotzen zaio, zeinak “ona bazara, zure desirak beteko dira” dioen. Bien artean ondorengo paradigma osatuz: “Ona bazara” -hau da, ezarritako moralitateari jarraiki jokatzen baduzu- “opariak jasoko dituzu”. Formulazio honen arabera, haurra merkatuko partaide bat bezala agertzen da, jarrera ona eskaintzeko prestu dagoelarik bertan.

Haurrak, biharko esku-lan izango direnak, moralitate jakin bat barneratzen eta erreproduzitzen ikasten dute, “onak” izaten ikasten dute, helduak bilakatzen direnean ere zintzoak eta obedienteak izan daitezen. Urte osoko jarrera egokia opariekin ordaintzen da, haurrak ikasten duelarik autoritateari nahi eta behar duen hori ematen. Edo beste modu batera esanda, haurrak barneratzen du merkantzia bat dela eta ondorioz merkatuak eskatzen dioena eman (edo gutxienez eskaini) behar dioela, haurra denean jarrera egokia, heldu bilakatzen denean lan indarra.

 

Harrika