Urte amaierara gerturatzen ari garela eta, urtearen errepasoa egin ohi dugu militantzian ere, iraganeko irakaspenetatik aurrera begira hobetu asmoz. Blog honek ematen didan aukera aprobetxatuz horretan saiatuko naiz gaurkoan gai bat aukeratuz, izan ere, ezin da aipatu gabe utzi bihar gure herrian burutuko den manifestazioa. Hori dela eta, egoera honen inguruan egiten dudan irakurketa orokorra azaltzen saiatuko naiz, biharko mobilizazioaren garrantzia azpimarratuz.

Gure herriak jasan duen gertakari latz (baina ez zorizko) bat ekarri nahiko nuke mahai gainera. Bihar burutuko da bailaran hil diren 9 langileekiko elkartasunezko manifa Azpeitian, arratsaldeko 19:00etan herriko plazatik hasita.

Azken urteotan gure herrian horrelakorik egin ez den arren, honek ez du esan nahi jazotakoak garrantzirik ez duenik. 9 langile hil izana ez da kasualitate hutsa, eta hau salatzeaz gain, honen kausak aztertzen jartzea dagokigu gaurdanik, horrelakoekin amaitu nahi badugu behintzat.

Bizi garen egungo testuingurua geroz eta latzagoa da langile-klasearentzat, kapitalaren krisiak geroz eta gogorrago kolpatzen dituelako azpian daudenak sistema oso batek iraun dezan. Hezkuntza mailan ematen diren erreformetatik hasi, sektore zapalduenetan ematen diren lan-baldintza miserableetatik pasa eta heriotza aurrez aurre ikusteraino iristen diren gertaerak dira egun bizi dugun errealitatearen islada. Eta burgesiak, boterea metatzen jarraitzen du, horretarako bitartekoak dituelako, gizarte antolaketa eredu honen erabaki organoak kontrolatzen dituelako, jabetza pribatua duelako. Langileok garbi izan beharko genuke horrek guztiak hala jarraituko duela ekoizpen modu kapitalistan bizitzen jarraitzen dugun bitartean, burgesiak behintzat garbi dauka.

Baldintza hauen aurrean, ordea, tamalez langileriaren perspektiba gaitasuna oso murritza da, langileria ez da antolatzen, edo antolatzen bada bere esparruan bakarrik egiten du, eta marko burgesak ezartzen dituen legeen menpean. Hau ideologizazio burgesaren ondorioetako bat dugu, langilea isolatuta eta berekoituta geratzen ari da, defentsarako inolako gaitasunik gabe eta bakarrik, bere etxeko pantailen aurrean gaixotzen.

Egoera kolektibo honi, langileriak orokorrean pairatzen baitu, kontzientzia faltsua dei diezaiokegu. Hau da, bizi dugun errealitatearen pertzepzio faltsua, nor garen jakiteko ezgaitasuna, eta, ondorioz, gure zapalkuntzaren oinarriak identifikatu eta hauen aurka egiteko ezgaitasuna.

Burgesiaren izara ideologikoak ezkutatu izan digu historikoki errealitatearen ezagutza esentziala, estrukturalak diren gertaerak isolatuta ulertaraziz, eta honela, borrokak elkarlotu gabe, marko burgesa gainditzeko gaitasunik gabe utziz. Borroka asko planteatu izan dira, baina bakoitza bere esparrutik eta marko burgesa gainditzeko inolako asmorik gabe. Beraz, honek nekez egingo dio burgesiari min beraien joko-zelaian jokatzen ari baikara etengabe. Burgesiaren benetako beldurra, langileriak borroka guztiak bateratzea eta soldataren aldeko borroka egin beharrean, soldataren aukako borroka egitea da.

Horretarako, klase kontzientzia garatzea beharrezkoa dugu herri eta auzoetan, pixkanaka bada ere, herri dinamikak aurrera ateratzeko eta lo bizi den langilearen kontzientzia astintzeko.

Honenbestez, urte amaiera honetan, badaukagu zer baloratu, zer pentsatu eta zer borrokatu datorren urteetara begira, gure herrian bertan ari baikara bizitzen kapitalismo basati honen ondorioak, lehen pertsonan. Bihar burutuko den manifestaziora batzeko deia egiten dizuet irakurle guztioi hemendik, aurtengo bederatzi langile hildakoengatik, herriko langileriak bizi duen egoera tamalgarriagatik eta horrelako gehiago ez dugula onartuko esateko dagoen beharragatik.