Aspaldi xamar aurreatu nun bezela, turismue gaye lantzen hai dan asanblada bati elkarrizketie in, ta one ekartzeko aukerie euki deu. Hurrengo esaldiyetan aldan informaziyo geyena ateatzen sayau gea, baino zeoze faltan bota ezkeo esan, ta sayauko gea erantzuten.

 

Turismoa lantzen ari zarenten talde bat zaretela aurreatu dugu jada, baina zeintzuk ari zarete zehazki lanean  eta zein da zuen lan esparrua ?

Izatez taldea ez da oso definitua izan, herri mugimendutik datorren jendeak osatzen duen kolektiboa da, okupazioa kapitalismoaren erasoari aurre egiteko tresna gisa erabiltzen duena. Egun, Parte Zaharrean zentratzen da gure lana, baina, Donostia mailako mugimendu bat izatera heldu nahi dugu. Honen baitan HOTEL + EZ! taldea dugu, konkretuagoa dena.

Zuen egunerokotasunean zein lan ildo lantzen dituzue? Zeintzuk dira gehien lantzen dituzuen puntuak eta zergatik?

Badira hilabeteak turistifikazioaren ildoari garrantzia ematea erabaki genuela. Izan ere, prozesu hori da kapitalsimoak Donostian jarduteko duen beso indartsuena. Parte Zaharrean bizi gara gainera eta prozesu honek dakarren eraldaketa eta biolentziak larritu egiten gaitu. Turistifikazioaren gaia enpresarien sarearen kontra egitearen ildoarekin zuzenki lotuta dago. Horrez gain, elikadura burujabetza ere lantzen den gaia da, nahiz eta bigarren plano batean ematen den.

 

 

Zein da momentu honetan udalak duen jarrera turismoarekiko? Eta boterean ez dauden talde politikoena? Harremanik ba al duzue udalarekin?

 Donostiako Udalaren jarrera, EAJ eta PSEren eskutik, haserre egotekoa da. Turismoaren gaiarekin hartu dituzten erabakiak Parte Zaharra saltzeko azken pausoa baino ez dira. Panorama hurrengoa da: aurten onartu da pisu turistikoen ordenantza berria eta honek Parte Zaharra gune saturatu gisa kalifikatu badu ere, Ensanche deritzon gunea pisu turistikoz betetzera kondenatu du, auzo zentrikoenak ere, Egia, Gros, Zentroa eta Amara Zaharra, esaterako. Gainera, ordenantza berri honek ez ditu hotel proiektuak barne biltzen, ez eta ostalaritzaren alorrean ematen ari diren lizentzia guztiak. Hortaz, udal gobernuak tranpak diseinatzen jarraitzen du, empresarien eta Donostiako burgesiaren mesederako.

Boterean ez dauden talde politikoei dagokionean, EH Bildu eta Irabazik boterean dauden alderdiei kritikak egiten igaro dituzte azken hilabeteak. Lehen aipatu dugun ordenantzaren harira azkar erreakzionatu zutela esan daiteke, EH Bilduk tranparen analisi nahiko zuzena egin zuen. Hala ere, turistifikazioaren gaiaren inguruan dauden iritzi orokorrak ez ditugu konpartitzen, turismo ereduen inguruan kokatzen baitira, turismo masiboaren aurka eta lasaiago baten alde. Txikizioa gainean daukagu, guretzat ez du balio arazoari hanka bat moztea, biak galdu behar ditu.

Bestalde, ez dugu harremanik udalarekin. Udalak berak egin ditu deklarazio batzuk gure lanarekiko. Tira, momentu honetan ez dago tentsio handirik haien aldetik, bere garaian urduritasuna sumatu genuen.

 

 Jakinekoa da, neurri honetako apustu politikoen atzean enpresak jokatzen duten papera. Zentzu honetan donostian duzuen egoera zehazterik bai?

 Donostiako Parte Zaharrean zentratuko gara. Espazio oso txikia da eta ostalaritza da jaun eta jabe. Ia 200 taberna ditugu auzoan, eta horien artean enpresa sare handiak gordetzen dira. Gu lantzen ari garena Asier Arriolaren sarea da, Atari, Xirimiri, GU diskoteka, hainbat pentsio, gazteentzako hostel bat eta abian den Santa Maria eliza pareko hotelak osatzen dutena. Hala ere, jakina da Ubarrechena edo Garrancho Hosteleria bezelako entitateek beste sare batzuk osatzen dituztela. Horrez gain, azken asteetako berria Bretxa merkatuaren etorkizuna da: jada badakigu merkatu tradizionaleko postuak ia erdira murriztuko direla hau komertzio txikiaren kontrako eraso bezala ulertuta, eta Lidl supermerkatuaren azalera %50 handituko dela. Leroy Merlin baten proiektua eta ostalaritzarako izango diren 900m2 gehiago eskainiko dira. Auzoko merkatua izatetik, multinazionalez eta gastroteka modernoz osatutako merkatu eraberritua izatera pasako da, Sevillan gertatu bezala. Honi buelta emateko, Udalak osasun zentro berria irekiko du eraikinaren albo batean. Hotel berrien proiektuak ere aurrera doaz, Lasala palazakoa izanik aurreratuena, SADE zine enpresaren proiektu izanik. Azken honek parking bat egitea adostuko du udalarekin batera Parte Zaharraren azpian.

Hau guztia Donostiak bizi duen bilakaeraren isla intensifikatuena baino ez da. Udalak euskal eta espainiar burgesiari zabaltzen dion alfonbra gorriaren argazkia da. Beste norabidean zabaltzen duten alfonbra beltzean barrena auzotarrok periferiara bidaltzen gaituzte, turistentzako tokia galarazten baitugu, negozioa galarazten baitugu. Argi utzi nahi dugu, udan turismoaren gaiak komunikatiboki eztanda izan bazuen ere, azpiegituretan jasaten ari garen eraso handiena neguko hilabete ustez lasaiago hauetan ematen ari dela.

 

Donostiako egungo egoera ekonomikoaz zer esango zenuke? Zer da hurrengo urteetarako aurreikusten duzuena?

 Dudarik gabe, Donostiako egoera ekonomikoa ona da, baina, ez guretzat, burgesiarentzat eta udal gobernuarentzat baizik. Kapital inbertsioak gero eta handiagoak dira, Japonia eta Errusiatik iristen direlarik. Lehen esan dugu alfonbran tokia dago denentzat, behar izan ezkero udalak zabalagoa josiko du. Ostalaritza eta kulturaren kontsumoa dira praktika nagusiak, hau da, hirugarren sektorea da nagusi hirian, ez bada bakarra kasik. Taberna eta gastrotekek osatzen dituzte turisten eguneroko joan-etorrien paradak, loa hoteletan edo AirBnBtan eginez. Bertakoak lan prekarioetara kondenatu nahi gaituzte, taberna zuloetan eta hiri-kontsumitzaileen kaka garbitzen. Langile klasearen eta burgesiaren arteko distantzia geroz eta nabarmenagoa da. Udalak udan izandako istiluekin erabilitako argudioa hurrengoa da: turismoarekin denok irabazten dugu, hiriak irabazten du, enplegua sortzen da. Azken hilabeteetan argudio hau desegiten jardun dugu kalean, turismoarekin ostalari handiak eta enpresario turistikoak aberasten direla azalduz.

 

Donostiako azken urteetako analisi sozial bat egingo bagenu, zer esango zenuke bere bilakaeraz? Eta hemendik aurrerako joeraz? Bilakaera horren zergatiak identifikatzerik  bai?

Donostiaren bilakaera azkarra izaten ari da, 2000. urtean kaian arrantza ontzien joan-etorriak egunerokoak ziren, gaur azkeneko bizpahiru ontziak geratzen zaizkigu. Miramoneko Parke Teknologikoak eta Basuqe Culinary Centre bezalako proiektuek Donostiaren hiri-markaren elitizazioa bilatu dute hasieratik. DSS2016ek hiria Europako publizitate gidan argitaratu zuen. Orain Metroa sartuko dute lurrean. Egoera gero eta krudelagoa da, auzo langileak bakartzen ari dira eta zentroa erakuslehio bilkatzen. Hemendik aurrera zer? Bada, uste dugu kapitalismoaren eraso hauek herritarron politizaziorako faktore bezala hartu behar direla, eta une egokia aukeratuz gero hiri eredua era masibo batean borrokatzeko momentua eman daitekeela. Horretarako ari gara lanean.

 

Kulturaren izenean egin dute azken apustu hau,¨ 2016 kultur hiriburu¨ aitzakipean. Zer esango zenuke kulturaz?

 Lehen esan bezala, kultura da DSS2016rekin iragarri zuten produktu bat gehiago. Hor udalak erabaki zuen Donostia Europa mailan eta munduan ere iragartzean, oporrak pasatzeko hiri interesgarri bezala. Honek 2017an eragina izan du, jende gehiago etorri da, gehiago kontsumitu da, burgesiak gehiago irabazi du, gu gehiago ustiatu gaituzte.

 

 Zein dela esango zenuke hurrengo erronka nagusia Donostian? Eta Gipuzkoan?

Lehenago esan dugu, erronka hiri-ereduari masa borrokaz aurre egitea da guretzat. Honetarako, kale-lan asko behar da, baita teorizazio lana ere. Periferiako auzoak ere gakoa dira, askotan ahazten ditugu, baina, potentzialtasuna handia da hauetan. Guk okupazioan egiten dugu lan gaurkoz, eta horretan jarraituko dugu hurrengo hilabeteetan, etxeak irekiz, eta arma honen baitako mugimendu sendoago bat sortuz. Ez da erronka makala Donostia bezalako hiri elegantean. Gipuzkoako erronka? Tira, guk Donostian markatu ditugun helburuak gainontzeko herrietan lantzea, bakoitzak bere berezitasunak kontuan hartuz, eta mugimenduaren koordinazio bat sortzea beharrezkoa izango da fundamentuzko zerbait egin nahi badugu.

Bueno ba auxe izen da gaurkoz gure aportaziyue, gayen inguruen pixket geyo jakiteko baliyo izendula espero det.

 

Eskerrikasko HOTEL+EZ asanbladai.

 

Kontukomeri