Situazionismoa

 

 

“El acto situacionista más sencillo consistirá en abolir todos los recuerdos del empleo del tiempo de nuestra época. Es una época que, hasta ahora, ha vivido muy por debajo de sus posibilidades”.

Internationale Situationniste (1959)

 

XX. mendeak iraun zuen urteetan artearen eta politikaren arteko harremana gorabeheratsua eta aldakorra izan zen, baina esan liteke bi ildoren baitan mugitu zela. Batetik, artea, bestelako esferetan garatzen ari ziren borroka politikoen zerbitzura jartzearen aldekoak zeuden, batez ere langile borrokaren testuinguruan. Eta bestetik, baziren arteak nolabaiteko gaitasun antagonista osagarri bat zutela uste zutenak ere, hauek, praktika artistikoek, beren baitan, borroka politikorako esfera propio bat garatzeko balio zutela sinesten baitzuten.

 

 

 

XIX. mende amaieran eta XX. mende hasieran, abangoardia historiko izenpean hainbat mugimendu artistiko sortu ziren, besteak beste, ziurrenik ezagunak egingo zaizkizuen Surrealismoa, Kubismoa, Futurismoa… Teorialari eta historialari askoren ustetan, mugimendu artistiko hauen helburua, edota, beren borrokarik garrantzitsuena, “artearen autonomia” deiturikoa iraultzea izan zen. Abangoardiak, esfera estetikoaren eta esfera ekonomiko, politiko edo sozialaren artean existitzen zen bereizketa hau krisian jartzea zuten helburu. Hauen aburuz, artearen esfera isolatzea eta nolabait, eguneroko bizitzatik banantzea baitzen kapitalismoak hau kontrolatzeko zuen modua. (Esan beharra dago, borroka hau ez zela mugimendu guztietan eman, surrealismoa, konstruktibismo errusiarra eta dadaismoa izan ziren garrantzitsuenak).

Gaurko artikuluaren helburua ez da mugimendu hauen nondik norakoak aztertzea, eta abangoardia artistikoen gainbehera deitu izan denaren arrazoiak aztertzea ere. (Akaso hurrengo batean sartu gaitezke ur handi hoietan…). Baina testuinguru hau azaldu nahi izan dut, Internazional Situazionista (L`internationale Situationniste) deituriko mugimenduaren inguruan hitz egiteko. Talde honen inguruan aipamen txiki bat egiteko asmoz, bere mugak dituen arren, bere jarduna oso interesgarria, eta gaur egungo testuinguruan aztertu beharrekoa delako.

Situazionismoa 1957. urtean hasi eta 1972ra arte luzatu zen abangoardia mugimendu bat izan zen. Mugimendu hau, estetika konkretu bat eratzeaz gain garaiko gizartea eta kulturaren kritikarako oinarri teoriko bat garatzeaz arduratuko da. Internazional Situazionistak argi zuen abangoardia historikoen proiektuak porrot egin zuela, eta 50 eta 60. hamarkadetan sorturiko neo-abangoardia deiturikoak guztiz merkantilizaturik zeudela. Horregatik, situazionismoak, batez ere surrealismoaren eta dadaismoaren ideiak oinarri harturik, artea eta bizitza batzea oinarri zuen jatorrizko borroka hari heldu zion.

Talde honen oinarri estetiko eta ideologiko nagusiak surrealismotik eta marxismotik datoz. (Existentzialismoak ere garrantzia handia izango du, Sartre eta Heidegger bezalako autoreak oso presente izango dituztelarik). Aspektu artistikoan elementu ugari hartu zituzten surrealismotik, hala nola, artearen eta bizitzaren arteko loturaren beharra, literaturaren garrantzia, artearen instituzionalizazioarekin amaitzeko helburua eta baita errealitatea errotik eraldatzeko nahia ere. Beti ere, surrealismoak bete ez (edo traizionatu) zituen helburu horiei helduz, eta mugimendu honen estrategia estetikoak oinarri hartuz eta eraldatuz.

Internazional Situazonista produkzio artistiko, teoriko eta politikora bideraturiko taldea da. Esfera guzti hauek elkarren arteko konexioan soilik ulertzen dituztelarik. Hau da, ez da, koadro, pelikula edota musika situazionistarik existituko, baizik eta, baliabide hauek ulertzeko edo erabiltzeko modu situazionista bat.  Betiere kulturaren arloan egin zuten lan, kultura eta honen eskaintzen zituen tresnak eta estrategiak errealitatearen eraldaketarako ezinbesteko baliabideak zirela uste baitzuten. Honela, kultura ez zen existitzen zenaren edo lortu nahi zen haren irudi soila izango, baizik eta kritikarako eta forma berrien eraketarako ezinbesteko tresna.

Ez da erraza situazionisten praktika artistiko konkretuen zerrendatze bat egitea, agian beraien praktikak artearen inguruan dugun ikuspegitik aldendu egiten baitziren. Zerbait argitzeko edo, beren kontzepturik garrantzitsuenak azaltzen saiatuko naiz:

Detournement: Kapitalismoak edota botere hegemonikoak (kasu gehienetan) sorturiko objektu bat hartu eta bere esanahi eta erabilera aldatuz honen irakurketa kritiko bat egitea. Praktika hau collage dadaistatik dator. Batez ere masa kulturatik harturiko elementuak erabiltzen zituzten, honela, irudi edo elementu horrek masa gizartean zuen izaera ideologikoa azaleratu eta modu kritikoan berrerabiliko dute.

Honen adibide izan daiteke René Viénet-en ¿Puede la dialéctica romper ladrillos? (La dialectique peut-elle casser des briques?) pelikula. Bertan, zuzendariak arte martzielen pelikula bat hartu eta bere elkarrizketak eztabaida politikoekin ordezatu zituen.

Deriba: Hiria ulertzeko modua aldatzea. Hiri kapitalistarekiko eta bertan dugun egunerokotasunarekiko dugun harremana aldatzea. Horretarako Psikogeografian oinarritzen dira. Hau, inguru geografikoak pertsonen portaera eta emozioetan duen eraginaren azterketa bezala definituko dute.

“la construcción concreta de ambientes momentáneos de la vida y su transformación en una calidad pasional superior”. (Azaltzeko kontzeptu zaila denez, hanka sartu baino nahiago izan dut berauek ematen zuten definizioa hartu).

Batzuentzak Situazionismoa XX. mendeko azken abangoardia artistikoa izan zen, beste batzuentzat aldiz, abangoardia oro gainditu zuen hauekin betirako amaituz. Edonola ere, ezin  dugu ukatu, aldaketa izugarria proposatu zutela, benetako arte politiko baten sorrera aldarrikatuz eta horretako bide artistiko nahiz teoriko bat proposatuz. Bere erabilera artistikoaren bidez eguneroko bizitza eraldatzea, norbera bere existentziaren artista izatea da oinarrian mugimendu honetako kideek proposatzen dutena. Bakoitza bere errealitatearen jabe bihurtzea. Artean ere, iraultzan bezala, existitzen den errealitatea iraultzeko eta eraldatzeko beharrezkoa baita bertan parte hartzea, bizitzeko modu berri bat bilatzea. “Situazioen” sorrera izango da teoria praktikara eramatearen espresio maximoa.

 

(Informazio gehiagorako, hemen Guy Debord, mugimendu honen teorialarietako batek idatziriko dokumentua.  Informe sobre la construcción de situaciones y sobre las condiciones de la organización y la acción de la tendencia situacionista internacional. (1957) http://www.sindominio.net/ash/informe.htm

Eta La Sociedad del Espectáculo liburua: http://criticasocial.cl/pdflibro/sociedadespec.pdf )

 

Norberak atera ditzala bere ondorioak.

 

3 Iritzi

  1. KANTULEPO gaztetxeko koruk martxun 3rako proposatzeuna (trenin Bilboaño jutie kantun, ta ahal baa, bagoi bat betetzie, parafernalia ta guzti) funtsin hoixe da: deriba situazionista bat. Baño bueno: eztao Debord letu berrik, holako gauze bat okurritzeko…

  2. Lunacharski

    2017-12-27 at 9:59

    Frantsesakiko kezka sentitzie ustet eon liteken kontuik arrazionalena dala, Frantses intelektualak eraturiko figura historian kokauta arriskutsue ite zait gutxinez. Oro har kezkagarriye deriba Althusserianotik eta existentzialismotik eratzen da marko filosofiko-ideologikue, eta horrek duen islada marko politiko-praktikuen. Situazionismuek deriba horren oinarri berdinek ez izanda ere, ez dio uzten osotasunaren gaineko proposamena ukatziei, praktika abagoardista (idealista) existentziala izatiei. Estrategiarik gabeko ustezko masa mugimendua… Oso interesgarriye iruitze zait frantses filosofia, baina auzi praktikuei dagokionean argi geratzeie bere barne- hutsuniek. Dena den, Situazionismuen mugak agerikuek izatiek ez du saiakera bean indarra murrizten.

    Oso interesgarriye post-a!

    • Vasilievich

      2017-12-27 at 11:10

      Nik uste bere praktika ikusi besteik eztaola mugimendu honen (eta orokorrien arte munduen eman dien “acto iraultzaile” saiakera”n) mugak ikusteko. Masa mugimendu bat artikulatzeako ordun artie emantzipazio borrokan erdigunien (praktika danak hortan oinarrituz) jartzie oztopo bat izantzala eztao dudaik. Borroka sektario eta zentzu askotan, zuk esatezun bezela, praktika existentzialista soil bat bihurtu zalako. Eta ados nao, ziurrenik mugimendu hontan sortu zan marko ideologiko-filosofiko honek ezintziola erantzun garaiko problematikiei. Aldi berien, ustet emateizkigula klabe batzuk edo allau leikeula intuitzea beaiek azken finien harreman sozial berri batzun eraikuntzie eta errealitatie ulertzeko modu berri bat proposazteuela, Nahizta errealitatie ulertzeko modu estetiko soil batek ez gaitun emango helburu horta.

      Zetzu hortan, mugimendu hontan banaketa oso garbi ikustet teoria ta praktikan artiwn. Oso interesantie iruitze zait marko ideologikue eta marko praktikuen artien sortzean talka honen arrazoiek ulertzen saiatzie. Galdetzie, abibidez, ia praktika hauek benetako gaitasun emantzipatorioik baduen, edota inungo momentutan emango al dan eraldaketa bat praktika hauen kontzepzio sektario, ta momentu askotan, indibidualista aldatzea emango gaituna. Eta, aber benetan gure burrukatan praktika hauek txertatzeko beharrik ikuste aldeun.

Utzi erantzuna

Zure helbide elektronikoa ez da argitaratuko.

*

© 2018 Kontu Lepo