Gabonak, opariak eta beste kontu batzuk

Jada ez dakigu zer ospatzen dugun. Antzina zentzu jakin bat zuten festek, normalean komunitatearen existentziarekin zerikusia zutena, baina gaur egun funtzio hori galdu dute. Eta ez da harritzekoa, sistema kapitalistak gizarte kapitalista sortzen baitu; hau da, ekoizpen sistema kapitalistak bere antolaketa sozial propioa eratzen du: gizarte kapitalista, eta bertan komunitatearen lotura eta harreman afektiboak etengabe desegiten dira, edota lotura afektibo horiek logika konkretu batera subordinatzen dira. Hori da gaurko gaia.

Batzuek atzo gauean jaso zituzten opariak, beste batzuek gaur goizean (beste batzuek ez dute oparirik jasotzen). Arazoa ez da opariak egitea edo ez egitea, arazoa da zer esan nahi duen oparitzeak.

Nik ez dakit oso ondo, baina esaten da opariak egitearen jatorria Antzinako Erromatik datorrela. Bertan, abenduaren 17-23 bitartean, gabonak baino lehen, Saturnallia festak ospatzen omen zituzten. Egun horietan, biztanleek Saturno –nekazaritza eta uztaren jainkoa– ondratzen omen zuten. Ondoren oturuntza eta opari trukea egoten zen. Hortik garatu zen, nonbait, opariak egiteko ohitura.

Egia esan, ez zait interesatzen benetan horrela izan zen hala ez eztabaidatzea, ziur asko egongo dira beste hainbat kontakizun gai honen inguruan. Nik soilik hausnarketa txiki bat egin nahiko nuke gai horren inguruan, baina lehenago latinezko jatorria duen hitz baten esanahia azaldu nahiko nuke: subsumptio.

Ez dakit euskaraz subsuntzio esaten den hala ez, baina latinezko hitz horrek esanahi hau du: kanpoan eta azpian dagoen hori (sub-) barruan sartzea (-sumptio). Adibidez: baliozko argudio baten konklusioak argudio horren premisak subsumitzen ditu. Konklusio edo ondorioak bere baitan daramatza premisak. Edo, sagar bat jaten dugunean sagar hori subsumitzen dugu.

Horrek gutxienez bi polotan edo indar puntutan pentsatzera garamatza; hau da, badago indar bat, zeinak beste indar bat bere baitan subsumitzen duen. Bata besteaz jabetzen da. Beraz, badago indar aktibo bat beste bat menperatzeko kapaz dena.

Baina garrantzitsuena zera da: subsumitzen den horrek natura aldaketa bat jasaten duela. Badago gazteleraz hitz egoki bat aldaketa hori adierazteko: transubstanciar; hau da, substantzia bat beste substantzia batean bihurtzea. Beraz, lehen gauza bat zena orain beste gauza batean bihurtzen da. Bere esentzia aldatu egin da, eraldaketa bat jasan du. Jan dugun sagar hori, adibidez, jada ez da lehengo sagar bera, gure organismoaren beharrak asetzeko bitarteko batean bihurtu da.

Baina zer lotura du horrek guztiak gabonetako opariekin? Bada, sistema kapitalistaren garapenarekin batera, lehen komunitate baten ohitura zena (opariak egitea) orain kapitalaren logika gauzatzeko bitarteko bat besterik ez dela azken instantzian. Lehen opariak egingo ziren arrazoi ezberdinengatik: gertukoa maite zenuela azaltzeko bide bat izan zitekeen, uzta garai onak ospatzeko bide bat ere izan zitekeen, etab. Orain, ordea, kapitalaren logikak subsumitu duen heinean, opariek beste funtzio bat hartzen dute. Ohitura zahar baten funtzioa aldatu egin da, eta ondorioz, ohitura horren esentzia eta zentzua ere bai. Guztiaren aurretik, funtzio kapitalista bat betetzen du.

Gabonetan ematen den izugarrizko kontsumismoari kritika egiten diogunean puntu hau kontuan izan behar dugu. Izan ere, alperrik da kontsumismoari kritika produkzio eredua bere horretan zalantzan jartzen ez badugu. Lehena bigarrenaren ondorioa da. Opariak egitearen ohiturak, gaur egun, ez dio komunitate propio baten logikari erantzuten.

Horrekin lotuta, komunitate baten eraikuntza beharrezkoa da, non eremu sozial-kulturala ez den inperatibo ekonomikoen diktaduraren menpe egongo.

Eguberri on

1 Iritzi

  1. aupa trabis! eguberri on.
    bi hausnarketa:
    Interesgarria da oso jaien subsuntzioaz esaten duzuna. Hain zuzen ere, nire ustez kristautasunak jaialdi paganoekin egin zuen gauza bera da kapitalismoak kristautasunaren jaialdiekin egin duena. Jakina da, adibidez, jailadi pagano ziren solstizioak, (sanjuanak kasu), kristautasunak debekatu ordez bere egin zituela, bere formara egokitu eta bere botere estrukturaren beharrizanen arabera egokitu. Gabonak, zentzu horretan, ez dira jada jaialdi kristauak, jaialdi kapitalistak baizik, zeinetan parranda kapitalista sustatzen den (gabon gaua, gabonzarra, errege gaua eta inguruko gauak: drogak, harrokeria, sexu erasoak, ostiak, etab etab. atzo adibidez bilbon gazte batek begia galdu zuen); kontsumismoa eta balore kapitalistak sustatu (salerosketen gorakada, gabonetako loteria eta diru gosea), burgesiaren diktadura indartu ideologikoki (erregearen mezua, telebistatik igortzen den poztasun abstraktu mezua, dena ondo doanaren eta ospakizunerako aukeraren sentsazioa), eta azkenik, familia eredu kapitalistaren lotura (urte osoan kasu askorik egiten ez diezun horiekin elkartu, jabego familiarraren eta herentziaren islada soziala sortuz, benetako lotura estuen sustituto gisa).

    Oparien kontua beste nolabaitekoa dela iruditzn zait. Oparia berez ez da komunitatearen kontrakoa, aldekoa baizik. Baina opariaren edukia zera izan daiteke: salerosketa eta kontsumismoa (orduan kapitalismoaren zuriketarako tresna da, laguntasun esporadiko baten faltsutasuna); edo dohakotasun estruktural eta antolatuan oinarrituriko ekoizpen komunala.
    Nik uste dut oparia gizartearen erlazio sozial eta ekonomikoen forma orokorra izatea lortu behar dugula, eta ez biolentzia prozesu ekonomiko batek sorturiko produktu baten erosketa.

    Gero arte!

Utzi erantzuna

Zure helbide elektronikoa ez da argitaratuko.

*

© 2018 Kontu Lepo