Sasi guztien gainetik…. Aupa zuek!

Kontulepoko lehen artikulua idaztea egokitu zitzaidan, ohore haundiz, eta analisirako tarte nahikoa pasa dela iritzita, balorazio bat egiteko lizentzia hartuko dut.

Kontulepo, izatez, Azpeitiko Gaztetxetik ateratako ideia xume bat izateaz gain, bertako kideek berau kudeatzeko ardura guztia hartzea erabaki zuten. Egunero textu bat. Zaborra, Spam eta arazo ezberdinei aurre egiteko taldea. Egitarauaren jarraipena. Eta hau guztia maila oso altuko irakurketak plazaratuz. Beste inork publikoki egiten ez badu, hemendik nire miresmenik haundiena gaztek!

Baina haseran aipatu bezala, hau gaztetxeko kideen “harrika” bat gehiago besterik ez dela azpimarratu nahi dut. Ikusi besterik ez dago, irailetik gaur arte, antolatu edota aurrera atera diren ekimen guztiak. Nahiko txapa sartzen dudan sentsazioa izanik bestela ere, ez naiz guztiak zerrendatzen hasiko, baina akaso bai oso agerian geldizen ez diren batzuen errepaso txiki bat.

Hasteko eta behin, eskualdeko gazteekin elkarlanean burututako hitzaldi zikloak izandako arrakasta aipatu nahiko nuke. Parte hartze altua izateaz gain, maila oso haundiko hitzlariak entzun ahal izan genituen, ondorengo eztabaidak garatzeko gune erosoak sortu zirelarik gainera. Eskualdeko elkarlana eta formakuntza, ikaragarria.

Antzerkiak, kontzertuak, DJ-ak, afari bejetarianoak, ikastaroak, formakuntzak, elkartasun keinuak…… hilabete gutxian egiteko ikaragarria ezta? Ba benetan erreparatu beharrekoa honen atzeko ekimenean dagoela iruditzen zait. Guztia antolatzeko eredua, lan banatzeak, barrako turnoak….. erosketak, kontaktuak, eskaerak, sukaldariak, zerbitzariak….. gure festa ondorengo ximaurrak garbitzen dituztenak, komunak, arraskako pilaketak…. azpiegituretako kalteak konpontzen dituztenak, hauen egokitzapenetaz arduratzen direnak, materiala berritzeaz….

Gazte alper eta desinteresatuen salaketei erantzunez, lobotomizaziorako neurri guztien aurrean, autogestioa! Honek gure biziko beste esparruak autoantolatzeko gaitasunaz huasnartzera eraman behar gaitu. Segi dezagun bada lanean!

Hau gutxi balitz, “ideologizazio gehiegi” izatearen salaketen aurrean, guztia ulertzeko saiakera zorrotza, ekonomia politikoari kritikan sakontzeko borondatea, errealitatea ulertzeko lehen urratsa, berau eraisteko bideak sortuaz. Mirestekoa gazteen irakurketarako grina, hausnarketarakoa. Liburuetatik haratago, praktikara eramateko lana. Gazte kritikoak nahi genituen? “pues toma taza y media!”

Gaur ere hilaren 30ean burutuko den manifarako prentsaurrekoa izango dugu, eta ez da Gaztetxekorik faltako bertan. Herriko eragileekin elkarlana bultzatuz, harremanak estutzeko dinamikak garatuz, “gethotik” ateraz interesatu askok dioten moduan.

Urte amaiera ere potentea beraz, Santo Tomasetan karroa, “hoi denk zirkue” 2. urtez jarraian, Urtzi tabernarekin batera kontzertuak, “jaiotza alternatiboen” erakusketa plazan, 30eko manifa, 31koan ere izango da gaztetxekoen prezentzia…. benetan ikaragarria.

Gaztetxea ez da paradisu bat, kapitalismoaren baloreak erreproduzitzen dira bertan…. Baina beraien inguruan hausnartzeko gaitasuna garatzen dihardute, alternatiba errealak burutzea helburu. Modu askotariko botere harremanak erreproduzituko dira akaso bertan….. baina aurre egiteko konpromezua erakusten da uneoro, hauen inguruko eztabaidak behin eta berriz mahai-gaineratuz. Ideia zehatz batzuetan burubelarri egongo dira asko akaso….. baina dogmatismoetatik haratago, beraien inguruan sakondu eta eztabaidarako ateak irekita daudela iruditzen zait uneoro.

Guzti honekin….

Gazteenei gomendioa: Haserako beldur normalenak tarteko, lehen pausoa eman eta bertaratzeko gonbitea luzatzen dizuet. Errealitate berri baten eraikuntzan zuen alea jartzeko gune eta talde ezin hobea, ondo pasatzeaz gain, borroka eta hausnarketarako etxea. Etxeko ateak bezain zabalik dituzu bertakoen besoak.

Zaharrenei gomendioa: Beldur eta kanpo kritika-marmarretatik haratago, gazteekin esperientziak, kezkak eta gogoeta zaharrak konpartitzeko gonbitea luzatzen dizuet. Umezurtz ditugu gazteak, esperientziaz jositako herri bateko esperientzia gabeak izanik, inoiz baino gehiago eguneratu behar ditugu zuen bizipenak, bertute eta akatsak, garaipen eta porrotak.

Nire partetik, zorionik beroenak Gaztetxeko kide guzti guztiei, astero 3 bilera jaten dituen horretatik hasi eta noizean behin barrako turno bat egiteko prestutasuna duenari. Definitu ezina egindako lana, egiten ari zaretena, eta horrela jarraituz gero, imagina ezinak etor daitezken lorpenak.

Zorionak eta eskerrik zintzoenak, beharrezko akatsak tarteko, gizarte hil baten aurrean esnatzearen sentsazioa dugun horiei esperantzaz beteriko argi izpi bat zabaltzeagatik.

Argi Beltza

3 Iritzi

  1. Bejondeiñala Ardi Beltza!! Barkau… Argi Beltza!!

  2. iepa, Argi Beltza: gauze hoyek danetatik aparte gaztetxin KORU BAT e bazeok aspalditik, nahiz-eta “gazteenak” eztien asko arrimatzen aspaldiyen.

    koruei “KANTULEPO” izena jartzie pentsaiau (bueno, momentun neuk bakarrik pentsaiat), ta aurreatukoiat hamen asmue daola martxoko zapatu batin (lelenguen igual) trena hartu Arrun eo Elgoibarren eta TRENIN KANTUN JUTEKO BILBOAÑO. Han “Sendejas” izenaun toki batea jun da bilbainada bat kantaiez bukau. (“Ene, que risas hisimos al pasar por el Sendejas…”: holaxe hastek kantue, ta asteazkenero hoixe kantaiez bukatzeiau koruen.)

    honek eztaukela ze ikusik ekonomia politikun kritikikiñ? ideologizaziyo gutxitxo erakusteula? igual bai, baño jende bat trenin kantun jutiek ZEOZE PUSKATZEIK ta gaur gure gizartin eztaon POZ KLASE bat sortzeik (eztek errexa esplikatzen).

    earra izengo litzeke JENDE MORDOXKA bat juntatzie, ta korure sekule etorri eztan jendiei re irikite dao deialdiye. Animau! BILBOAÑO KANTUN BAGOI BETE ZORO! jendien (eta geure!!!) lotsak, harrimenak eta deserosotasunek astintzeko besteik ezpaa re…

  3. Argi Beltza

    2017-12-20 at 14:28

    Kristonak itetxiat hi Ogrue, asunto esanguratsuen errepasue eiten hasi ta korue ahaztu! Kauen, asko sentitzeiat, benetan kristona iruitzezitek horrek aurrea segitzie.
    Bai Kantulepo ta bai trenan planare oso onak, posible dek neure animatzie Bilboa! Animo benetan, heuk esan bezela hori gure aisialdi ereduen puskaketa potolo bat dek, lepo poztuko nitxuan bagoi hori jendez topeaño “ekintza zuzena” kantatzen ikustiez, jajaja!

Utzi erantzuna

Zure helbide elektronikoa ez da argitaratuko.

*

© 2018 Kontu Lepo