Kolaborazioa:  Azpeitiko Gazte Batzuk

Egun mugitua izan genuen atzokoa, bi desalojo burutu baitzituzten ertzaintzak, bata Leioako unibertsitatean eta bestea Gasteizko alde zaharrean, korre 127 blokean. Lanez gainezka dabiltza aspaldian gure segurtasuna zaintzen omen duten horiek, etxebizitza bat izatea izugarrizko burukomina den honetan, etxebizitza eskubidea paperean soilik irakurri daitekeen zerbait bihurtu zaigu, kapitalak ez baitu eskubideetaz ulertzen, etekinak soilik balio
du heruentzat.


Bloke 127 delakoak hamar urte zaramatzan hutsik, ARICH enpresak hartu baitzuen horrelako etxeen kudeaketa ardura, baina korapilo urbanistikoak medio, oraindik zorrei ezin buelta emanda dabil. Ondoren ensanche 21k eskuratu zuen bloke hauen eskumena nahiz eta berriro ere arrazoi ekonomikoengaitik bertan behera geratu zen proiektua. Banku, enpresa eta konstruktoreen entramatu honetan beste behin ere galtzen atera gara, baina badakigu esaera
zahar hura: un desalojo otra okupacion!

Leioan berriz, Euskal Herriko Unibertsitatearen esentzia gori- gorian agertu zaigu, urte luzez hutsik zeraman Gurutze gorriko eraikina eraitsi baitute, kanpuseko hainbat ikaslek eraikinari bizitza ematen hasi eta astebete azpitik. Unibertsitateko agintariek eraisketarako plan berezirik ez zuten eraikin honetarako, baina nahikoa izan da hainbat ikasleren presentzia bertan sabotaia ekintza burutzeko, “demokraziaren eta aniztasunaren” babesle gorenak direnen
partetik.

Ikas baldintzen eta ikasketa edukien pobrezia testuinguru batean ikasleen autoantolakuntza eta babes kolektiboa behar beharrezko elementu bilakatzen dira, hain garrantzitsuak ezen hainbat ikasle hitzetatik ekintzetara salto egiteko gai izan diren, gurutze gorriko eraikina biziberrituz. Parte- hartzeaz eta ezkerkeriaz ahoa betetzen zaie orotariko akademiko eta sasi- intelektualei, unibertsitatean ohorezko postua duten horiei. Hauen konplizitatea instituzio
akademikoarekiko begibistakoa da, euren burua “unibertsitate instituzioarekiko barne eraldaketarako borrokan” kokatzen baitute, salbazio etikorako darabilten auto- zuriketa ariketa gisara.

Bizitza bere osotasunean bilakatu den merkatu erraldoiaren beste instituzio bat besterik ez da EHU, krisialdi garai gogorretan (egungo testuinguruan) funtzio ideologiko neoliberala ezartzen duen marko akademikoa. Burokratizazio basatia, “management” internazionala, pedanteria eta mailaketa sozial nabarmenak ezaugarritzen dute Bolonia planaz geroztik atzera bueltarik ez duen unibertsitate eredua, estatu aparatutik eta enpresa monopolistikoek finantziatua.

Gure eskerrik beroena adierazten diegu ikasleriaren interesen defentsan espazio kolektibisten aldeko hautuan berretsi direnei, eta eskola, institutu, gaztetxe zein bestelako mugimenduetatik ere ezagutza autonomoari gure ekarpena egiteko hautuan kokatzen gara, kolektibitate bakoitzak bere talde interesen aldeko hezkuntza edifikatuko baitugu; gure kasuan oposizio zuzenean EHU-k eskaintzen digunarekin.