Elkartasun bideak

Azken hilabete honetan, gure herriko hainbat eragileren “bihotz” onaren lekuko izan gara. Hauen artean, Azpeitiko Zezenzale Elkarteak San Inazioetako korridatan lortutako 7000 euro banatu dituela jakin dugu, guztia elizarekin lotutako elkarteei bideratuz (sierbetako monjak, Jesusen alabak eta Caritas). Honek, jendartearengan luzatzen den mezuaz hausnartzera bultzatu nau, eta bide hau izatea baliatuz, zuekin konpartitzera.

Egun batzuk lehenago, Kontulepo bertako argitalpen batean Galeano aipatu izateak gogorarazi dizkit, zehatz eta zorrotz, duela urte asko barneraturik gelditu zitzaizkidan poeta Urauguaiarraren hitzak:

“A diferencia de la solidaridad, que es horizontal y se ejerce de igual a igual, la caridad se practica de arriba hacia abajo, humilla a quien la recibe y jamás altera ni un poquito las relaciones de poder”

Esaterako, karitateak konpasio edota maitasun (ikuskera kristauenean) ekintza bat suposatzen du, momentuko mina lausotu ahal izango duen ekintza paternalista, egoera horretara iritsi izanaren arrazoian tematu gabe. Normalean gainera, aurretik aipatutako elkarteengandik burututako gisa honetako ekintza publikoek, beraien izaera erreakzionarioa arkume mozorroz estaltzeko saiakerak besterik ez dira izaten.

Honek, egoera surrealista ezberdinak bizitzera eramaten gaitu, besteak beste; gerren sortzaile eta babesleak errefuxiatuen duintasunaren aldeko kanpainak burutzen ikustea, Banketxeak “ekintza sozialen” babesle nagusi izatea, kapitalaren expolioa areagotzen dugun herrialdeetara bideratutako ONG ezberdinen maxifikazioa, batikanoa bezalako urre eta artelanez jositako estatu bateko buruzagiak “laguntzaren” bangoardia izatea…. hau da, esku batekin birrindutakoari bestearekin gaizki lotzen diren tiritasak jartzea, publikoki borondatetsu gisa aurkezteko aukera sortuaz gainera.

Nahiz eta karitatearen kontraesanak eredu esanguratsuetan argi ikusi, egunerokotasuneko mintzaldietan elkartasun hitzaren prostituzioak ere beldurtzen nauela onartu behar dut. Indibidualismoaren gailurrera heltzear gauden honetan, ezertxo ere arazo kolektibo gisa identifikatzeko gaitasuna galdurik dugun hauetan, elkartasun kontzeptuaren oinarriak ere distortsionatu izanaren sentsazioa daukat. Hitzaren kontzepzio iraultzaileenari azken lur palakadak botatzen izatearena, alegia.

Elkartasunak, izatez, gizarte eredu honen oinarrietara joan eta momentu latzenak bizi dituztenekin enpatizatzea eskatzen du. Bizi duten egoeraren kasualitateari uko egin eta kausalitateari heltzea, baldintza objetiboak hausnartu eta berauek susterretatik borrokatzea.

Azken urteetan, justizia sozial, eskubide zibil, giza eskubide eta antzeko eskakizunekin ere lotu izan da elkartasun kontzeptua. Hau da, gizarte zerbitzu duin edota politika distribuzionista “justuak” eskatzera arlo ekonomikoan, eta giza eskubideen bermeari erreparatuz arazo politiko-sozial gisa ulertzen ditugun kasuetan. Nahiz eta taktikoki eztabaidagarriak izan saiakera hauek, burgesiaren kontzezio epeletatik haratagoko estrategiak garatzeko beharra azpimarratzea gustatuko litzaidake.

Ildo honetatik nahi adina luzatu ahal izango banu ere, gaurkoan elkartasunaren inguruko diskurtso iraultzailea darabiltenen arazoetan murgilduko naiz. Azken hauek, karitatean edota asistentzialismoan erortzeko beldurrez, kapitalismoaren ostikada bortitzenak bizi dituztenengandik urrundu izanaren kezka ere badaukat eta. Geure “laguntza” formak galdu ditugunarenak alegia, herri eta auzoetako langileon arteko elkartasun loturak, leku askotan, eskuin muturra betetzen ari den funtzioa izanik gainera. (Bide honetan, ez nuke nahi Elkar-ekin taldeak gure herrian egin duen lana goraipatu gabe gelditzea).

Euskarak ere oztopatzen dit espetxeetara preso “sozialak” bixitatzera joaten den lagun anarkista batek esan ohi zidan esaldia nahi bezela itzultzea; “nosotras no ayudamos a nadie, acompañamos a los más humillados en el camino”.

Gure “akonpainamentu” formak galdu ditugu, gure diskurtso-ekintzen entzule eta laguntzaile nagusiak ”humillatuenengandik” oso urrun gelditzen direlarik nire uste epelean.

Burgesia, langile klasearen eterogenitateaz baliatu eta geure arteko eszberdintasunak areagotzeko (landun-langabe, autoktono-etorkin, emakume-gizon, “libre”-espetxeratu, zuri-beltz….) akademiak sortzen ditu, zapalkuntza ezberdinak modu indibidualean borrokatzera bultzatzen gaituelarik, bertan langile izaerak betetzen duen funtzioan erreparatu gabe gehienetan.

Adibide gisa: Ez dira berdinak Merkel edota emakume langile batek jasaten dituen zapalkuntzak, ezta Barack Obama edota pateran iritsitako gizon beltz batek pairatzen dituztenak ere. Zer esanik ez, espetxeak langilez beteta daudela, eta Barcenas bezalako pertsonaiek jasaten duten tratu ezberdindua hauetan, honen izaera burgesaren ondorioa besterik ez dela. Adibide amaigabeak errealitatearen desitsuraketa identifikatzeko.

Kapitalismoak sortuak ez izan arren, zapalkuntza ezberdinek bertan hartu duten formetan erreparatu behar dugu, eta hauen superaziorako beharrezko diren sareak eraiki. Ezjabetuen kondenaz jabetu, batzuen zapalkuntza bikoitz edota hirukoitzetan sakondu (langile emakume, langile etorkin, langile langabe….) eta hauen ahalduntzerako bitarteko errealak sortzen asmatu. Indar eta boterean oinarritutako harreman forma burgesak deseraiki eta hartu-eman merkantilistetatik haratago, elkartasunean oinarritako harreman eredu berrien eraikuntzan lanean hastea egokitzen zaigu.

Argi Beltza

3 Iritzi

  1. Latza Argibeltz!

  2. Puztarria

    2017-11-28 at 9:31

    Apunte gisa, “Azpeitiko Zezenzale Batzordeko kideek saninazioetako zezenketetan irabazitako diruaren zati bat banatu dute gaur, azaroak 11, Sierbak komentuan egindako ekitaldian. Agerraldian izan dira, besteak beste, Zezenzale Batzordeko lehendakari Joxin Iriarte, Atzegiko eta Caritaseko kideak, nahiz Sierbetako mojak. Guztira, 7.000 euro banatu ditu Zezenzale Batzordeak. Caritasek 4.000 euroko diru-laguntza jaso du eta Atzegik 2.000 eurokoa. Sierbetako mojek, berriz, 1.000 euro jaso dituzte.”

    http://uztarria.eus/aktualitatea/1510402203

  3. Argi Beltza

    2017-11-28 at 10:01

    Eskerrikasko puztarria!

    Holako textuek idazteakun iruitzezat zurrune izetie datuek emateko orduen beharrezkue dala, eztakit nola diskurau nitzen neuke Uztarrian bertan irakurri nun da! Dana dala, ezta izen trikimailu periodistiko bat datu bat puzte aldea, nere iritziz textu hontan juxtu kantidadie ez baita datu bereziki esanguratsue.
    Oaintxe zuzendukoet.

    Bestetik eskerrikasko Latza, beti emateu poza batenbati behintzet gustau zaiola jakitie, jeje!

Utzi erantzuna

Zure helbide elektronikoa ez da argitaratuko.

*

© 2018 Kontu Lepo