Bakuninen parabola

Bihotz sentiberak eta izpiritu bizkorrak aski dute munduari bistazo bat botatzearekin izakiaren miseriaz jabetu eta askapenerako bideari ekiteko. (…)

Kotoi-artean hezitako printzetxoak behargin bat, gaixo bat eta hilotz bat lehenbizikoz behatzea nahiko, Buddha bihur zedin. Aitzitik, gaur egungo edozein idazlek zientoka hilotz behatzen ditu, munduan zerbait gaizki doala ondorioztatzen du, eta, asko jota, erdi-purdizko eleberri-bilduma idazten du.

Eric Voegelin (1938)

Egin-ezintasunaz ari bagara, eta ez borondate faltaz, egiazki, Jainkoaren aurrean kunplitu duzu egitekoarekin; inork ezin dizu ezer aurpegiratu. Berdina baitira Jainkoaren aurrean egin izana eta ahal izango denean egiteko nahimena.

Eckhart maisua (XIII.mendea)

Eckhart maisuak aurre-baldintza potolo baten onarpenarekin jokatzen du: gizakiaren egiazaletasuna. Nahimenak, harentzat, egiatia,  benetakoa, behar duelako derrigorrez, definizioz. Gezurtien garaian bakarrik exijitu ahal dira ekintzak, justifikazio etiko gisa. Eta, horregatik, gezurtien garaian exijitu behar dira derrigorrez ekintzak, lioke bete-betean Bakuninek, justifikazio etiko gisa.

Gezurrik gabe, hitzek ere balioa lukete. Balio absolutua. Ordea, gaur egun giza-arimaren perbertsio maila horren da ikaragarria, gezurra horren saihetsezina, ezen irakurtzea eta idaztea talde-fereka-ariketa batetik haratago irudikatzea akatsa litzatekeen. Schelling-ek pneumopatologia gisa sailkatu zuen gaixotasun hau. Arimako hatsa, bizitza ematen digun hori, pneuma (πνεῦμα), alegia, guztiz perbertituta dugu.

Hala, gizakiak bere burua engainatu eta sortu gezurrak egiatzat hartzeko gaitasuna ikusirik, bildurrik gabe bota ditzakegu harrika Aristotelesetik hasi eta Kanteraino doazen sistema etiko teleologiko (τέλος, helmuga) guziak, horien artean okerrenak ingelesak. Kanten, zer egin behar dut? (Arrazoimen Praktikoaren Kritika) galdera famatua irauli eta, zer egin dut? egin beharko genioke elkarri. Gezurtiak beti erantzungo baitu ezer ezin duela egin. Gezurtiak beti ezarriko dituelako gezurretazko helmugak, eta asko jota poema batzuk idatzi eta saldu (kalidadie hor baitao, Aldapeko Sagarrak jakin bezala), programa (programa politiko) bat idatzi eta saldu, eta abar. ‘Eta saldu’ hori aise jar liteke parentesi artean, ez baitu norbere buruaren gezurtze horretan askorik axola dirua irabazteak. Gezurtze etikoa zera da: autokonplazentzia, edozer gauza eginda ere, gaizkia kanpoan somatzea eta ez, sekula, norberan, erraz beha daitekeelarik injustiziak eta sufrimenduak lehen bezalaxe dirauela hor zehar.

Horregatixe Bakuninen azpimarraketa: egin eta gero ikusi ea egindakoak balio izan duen ala ez. Baina egin. Ezkertiar izatea ondo dago ezkertiar izateari uzteko. Azkar utzi zuen Bakuninek bere gaztaroko hegelzaletasun erradikala. Azkar utzi zituen Bakuninek gauza asko, eta halaxe akatu zen, lubaki batean-edo, mugimenduaren izenean, nolabait bere baitan hutsala den intsurrekzionalismo baten izenean.

Bakuninen parabola ulertzea da Bakunin hilezkor batek, continuum infinitu batean dena probatu ostean, bere burua hil baino beste aukerarik ez lukeela izango jakitea. Heriotza baita gaizkiaren parte ez izateko modu bakarra; hilezkorraren heriotza, hau da: aszetismoa, mundu materialari uko. Nihilismo metafisikoa. Buddha. Baina hori ez doa gurekin. Nola atera hemendik…

2 Iritzi

  1. Bakuninen alaba bastardie

    2017-11-24 at 14:00

    “irakurtzea eta idaztea talde-fereka-ariketa batetik haratago irudikatzea akatsa litzatekeen” Hor hire bidie.

    Ordun gezurti etiko batzuk baldinbagea, eta ulertu detenan arabera, ite deunak ez badu ezertako balio, ze proposatzek?

  2. Artazio B.

    2017-11-24 at 17:25

    Gezurtiyek, ezinbestien, bai, gea. Bestela ezingo genukelako aurrea iñ. Gezurti etikuek, eztet uste geanik; sufriu ite baiteu gure txikitasune ta kontraesanakin. Ezteu pretenditzen ontasune geanik. Mundue salbauko denik gaixkitik.

    Itiek baliyo du. Juxtu horrek. Horrek bakarrik. Horreatik “eztijue gurekin” saihesteziñe emateun budismo hori.

    Proposamena emateko ezintasune litzeke juxtu azaltzeana testuen. Budismuek hankabikue librau bai, baino mundue aktiboki hobetu eztulako iten. Helburuek ezartzien inposibilidadie litzeke kontue.

    Inposibilidade hau ezta, ordie, kritika merke bat. Iñ ta nahikue-ez-izen horren ondoren gordiñ bat baino. Ta ondoriyo horrek eziñeona sortzeu.

    “Ezkertiar” ibilitakuen esan nahi da estatu-ekintza marko klasiko hori, progresismue, positibismue (morala ta zientifikue). Guk in laikeunai oiñ arte in deuna muga jartzie.

    Entenditzet testu txartzat hartzie. Hala izengoa. Ezta iñolaz, halare, iñolako “txaskarrilloiken” iñoi.

    Egilien gabeziye erakutsi. Hortako baliyokou iual.

Utzi erantzuna

Zure helbide elektronikoa ez da argitaratuko.

*

© 2018 Kontu Lepo