“La ficción de la democracia parlamentaria burguesa consiste precisamente en que el parlamento no aparezca como un órgano de la opresión de clase, sino como órgano de “todo el pueblo”. En la medida en que todo radicalismo verbal –por el hecho de que es posible dentro del parlamento- refuerza las ilusiones de las capas todavía no despiertas, es oportunista y despreciable”.

György Lukacs

 

Aurreko post-ean estatuaren forma modernoaren gaineko abstrakzio ariketa burutu genuen, eta oraingoan aginte burgesaren gainean (barne- logikan) eragiten duten eragile politiko zein ekonomikoen gaineko analisi laburra zein gogoeta- ariketa burutzea da proposatzen dudana.

 

Aginte modalitate modernoaren ezaugarri nagusia botere banaketan aurkitzen da, eta honekin batera gizartearen kategoria ezberdinek- politikak- ekonomiak- jurisprudentziak- aparientzian elkarrekiko duten autonomia erlatiboan. Gizarteko estratu sozial ezberdinek euren interesen defentsan artikulatzen dituzte instantzia horiek, jurisdikzio forma estatalak baimendutako markoen baitan antolatuak. Horrela, alderdi politikoak gizarte interesen diferentziatuen arabera antolatzen dira, eta kontziliazioa zein eztabaida politikoak burutzeko euren ekinbidea perimetroa edifikatzen da, parlamentua zein administrazio aparatua bere osotasunean. Territorializatua agertzen da esfera politikoa, lerroz- lerro eta goitik behera gidaturiko mailaketan. Aginte organo ezberdinak existitzen dira beraz, horietako bakoitzak “potestate” bereziak dituelarik, konexioan daudenak instantzia gorenen agindupean (estatu organoa eta berari dagokion konstituzio partikularra). Alderdi politikoen aktibitatea marko konstituzionalaren baitan mugitu daiteke soilik, legearen aurrean arazoak izan nahi ez badituzte behintzat.

Aurreko artikuluan azaldu genuen bezala, estatuak gizarte kodifikazio zehatz baten baitan soilik funtzionatu dezake, eta gizartearen funtzionalitate horretatik eratzen da aginte aparatua bere osotasunean (parlamentua, sistema judiziala, zuzeneko aparatu errepresiboa). Joko zelaia argia da beraz, merkantzien ekoizpenari egokitutako eremu politikoan gabiltza dantzan, xake- taula hautsi nahian. Alderdi komunisten XX. mendeko historiak zein (Euskal Herrira ekarriaz) Ezker Abertzalearen estrategia historikoa legalitate zein berau gainditzen zuten aktibitateen artean mugitzen ziren, estatu aparatuetan interbenituz (udaletxeak, parlamentuak) eta beharrezkoa zela identifikatzen bazen ilegalitatearen esparruan aktibitate politikoak burutuaz. Legeak ahalbidetzen duen esparrua gainditzea konexio beharrezkoa dugu honen baitan burutzen den aktibitatearekin, izan politikoa, ekonomikoa zein soziala. Hala ere, ezin gara erromantizismoan erori eta ilegalitate politikoak dakarren erradikalizazioa honen atzetik ezkutatzen den estrategiaren esanahiarekin nahastu. Marko konstituzional baten gainditze politikoak (ilegalitatean erortzeak) ez du zertan erlazio sozial kapitalisten gaindipena ekarri behar, aitzitik harreman bera beste modu batean formateatzeko erabiltzen den taktika politikoa dugu kasu gehienetan. Bestela, egin dezagun alderdi faxisten zein nazional- sozialisten taktika politikoaren errepaso historikoa, edo altxamendu sozialak erreprimitzen maisua dugun PdCat alderdiaren taktika Kataluniako prozesu independentistaren baitan.  Gizartearen kodifikaziorako arauak (kapital harremana) gainditu nahi dituen mugimendu politikoek ezinbestekoa dute legalitate markoaren gaindipena euren estrategian, taktikaren norakoak denbora epe luzeetan legalitatearen baitan mugitzea ekarriko badigute ere.

 

Estatu aparatuen nondik- norakoen baitan mugitzea da sindikalgintzaren ezaugarri nagusia, ekoizpen eremu zuzenean botere modalitate burgesa gainditzeko tresnak eskaini baino aurretiaz galdua den borroka aparentzatzea baitute hizpide, soldataren gaineko auzia. Galdera luzatzea dagokit oraingoan: Nola liteke posible ekoizpen eredu kapitalista borrokatzea estatu administrazioen finantziazio pean aritzen diren langileriaren organoek? Gehienez jota, soldataren gaineko auzia betikotzea izan daiteke euren funtzioa, duintasun handiko borrokak burutzen badira ere eremu honetan. Duintasun nabaria dute orotariko borroka sindikalek, testu honetan burutu nahi dudan ariketa euren limite estrukturalak agerian uztea bada ere.

 

Kapitalaren barne- harremana gainditzea premi handiarekin (ez arduragabekeriaz) ekin beharreko aktibitatea dugula uste dugunontzat, legalitatearen zirrikituak aztertzea ezinbestekoa zaigulakoan nago, legalitateari kultuan erori gabe (ezta alderantziz ere). Errealitatea determinatzen duten fenomenoak mekanikoak balira, aspaldi ginateke askatuak, baina forma berrien eratzea ez da bat- bateko fenomenoa izango, ezta kontrako noranzkoan eraginda eskuratuko dugun azken instantzia bat ere. Norabide bakarrean dagokigu arraun egitea, arazo bakoitzaren aurrean berau askatzeko ditugu posibilitateak aurretiaz detektatuaz.

 

Habeas Corpus: Expresión directa