Begi guztiak Kataluniari begira dauden honetan, nazioaren inguruko oinarrizko puntu batzuk mahai gainean jartzea beharrezko dela uste dut. Izan ere, auzi nazionalaren inguruan entzuten zein irakurtzen diren hausnarketa gehienak abstrakzio baten gainean eraikiak daude. Nazio zein herri guztiek dute autodeterminaziorako eskubidea, noski. Baina nazioak barnebiltzen dituen errealitateak azaleratzea beharrezkoa da, minimoki bada ere.

Sistema kapitalistak mundu mailan operatzen duen heinean, nazio oro bitan zatitua edo nazio ororen baitan bi nazio existitzen dira. Beraz, nazioak bi klase sozial barnebiltzen ditu, langileak eta burgesak, hain zuzen. Definizio marxista klasikoa erabiliko dugu biak bereizteko. Burgesia ekoizpen baliabideen gaineko jabetza pribatua duen klasea da, eta langileria aldiz, bizirauteko bere lan indarra saltzera behartua dagoen klasea. Ondoren klase hauen baitan estratu ezberdinak daude, beraien interesak moldagarriak izan daitezkeelarik, baina ulertzen gara. Beraz, nazio baten baitan, antagonikoak diren bi klase sozialen arteko bereizketa garbi bat ematen da , errealitate hau onartu beharra dagoelarik auzi nazionalari eusteko.

Hain zuzen, errealitate honen eskutik garatu dira historikoki nazioa eta autodeterminazioa eskubidea ulertzeko ikuspuntu edo korronte teorikoak. Alde batetik ikuspegi burgesa dagoelarik eta bestetik ikuspegi sozialista edo komunista.

Perspektiba burges batetik, autodeterminazio eskubidea alor politiko formalera mugatzen da. Onartzen da nazioek bere estatu propioa eraikitzeko edo izateko eskubidea dutela (Spain is different), baina estatuaren subiranotasuna alor politikora mugatuko da. Hau da, estatu burges baten eraketa zeinak nazio horretako klase menperatzailearen(burgesiaren) interesak bermatu eta defendatuko dituen, kapitalaren legen arabera.

Bestalde, ikuspegi sozialista edo komunista dago, aurrekoari kontrajarria dagoena. Izan ere, honen arabera, autodeterminazioak ez du alor politikora mugatu behar, subiranotasun edo independentzia sozioekonomikoa aldarrikatzen duelarik. Hau da, autodeterminazio eskubidea desjabetuen (langileen) interesen ikuspegitik ulertua, hauek pairatzen duten errealitate materiala iraultzera begira egiten den planteamendua da.

Ikuspegi hauen eskutik, nazioa ulertzeko bi modu antagoniko agertzen dira. Burgesiak bere nazioaren kontzepzioa jabetza pribatuaren inguruan ulertzen du. Hau da, beraien nazioa jabetza pribatuaren gainean eraikitzen da, esplotazioan oinarritua eta kapital metaketa duelarik helburu. Aldiz, ikuspegi iraultzaile batetik nazioa beste modu batetara ulertzen da. Nazioa jabetza komunal edo kolektiboaren gainean eraikitzen da, historikoki herri langileak ekoiztu duenaren desmerkantilizazio eta berreskuratze prozesu bezala (kultura, baliabide naturalak, ekoizpen bitartekoak, …). Langileria baita nazioa bera eraikitzen duen subjektua.

Beraz, nazioaz eztabaidatzean saia gaitezen abstrakzioak alde batera lagatzen, klase borroka existitzen delako honen baitan. Nazioa ez da errealitate harmoniko bat, objektiboki gatazkan dauden klase sozialek osatzen dute, eta gailentzen den klaseak definitzen du nazioa bera.

Harrika