Kolaborazioa: Arauntzako Mari

“¿La historia se repite? ¿O se repite sólo como penitencia de quines son incapaces de escucharla?

Eduardo Galeano

 

Txoko ezin hobe hau erabili nahiko nuke historiako kontu txikiak gure baitan handi bihurtzeko. Sarri askotan, ahazturan gelditzen diren gai horietako bat jorratzeko. Agian, inoiz entzun ez dugun kontu bat ezagutzeko. Edo uste genuenari itzuli bat emateko.

Arazo historiko gisa deskribatu izan dute askok. Ikerlariek ere ez omen dakite nondik, noiz eta nola iritsi ziren honaino. Espezie arraro, bestelako, arraza madarikatu, gaizto, sorgindu, ezberdin… Ez da asmakizun bat. Mende luzez Baztango txoko batean bazterturik egon direnei buruz ari natzaizue. Agoteak.

 

Honatx zer dioen hiztegiak:

 

agot iz. Nafarroa Garaiko iparraldean bizi den jatorri ezezaguneko arraza bateko kidea. Jendetan den ederrena omen duzu agota; bilo-hori, larru-zuri eta begi-nabarra.

 

Ikerlari batzuen aburuz, Abderrahman I,II,III,IV edo auskalo zenbatgarrenaren oinordekoak ei ziren. Bai Abdherrhman, noizbait entzungo zenuten,Al Aldalusi buruz bederen.  Goi Erdi Aroko printzeak izan ziren, Omeya dinastiako oinordeko eta Al Andaluseko jaun eta jabe. Beste batzuk aldiz, Godoak zirela, Alariko (hau ere auskalo zenbatgarrena) izeneko Godoen erregearen soldaduak, gerra gosez zebilen batean Erromarekin nahikoa ez eta Vaskoiekin gerraren batean ahazturiko soldaduak, agian.

Caro Baroja txit gorenak berak ere,nola ez, eman zuen ba kontu honi buruzko iritzia 1944an: “Agoteak ez daukate aparteko berezitasunik; beste euskaldunen antzekoak dira arraza aldetik”.

 

Kontuak kontu, mende luzez baztertuak izan dira Agoteak. Arizkungo Bozate auzoan bizi zirenak. Debekatua zuten baztandarrekin harremanik izatea, ezin zuten agoteak ez zirenen ondoan exeri, are gutxiago jolastu,hitz egin edo ukitu. Ezin ia arnasik ere hartu. Guztiz baztertuak, alegia.

 

Gehienak bat datoz Jorge Riezure izeneko apaiz batekin (hauek ere saltsa guztietan). Honen iritziz, XVI. mendean etorri ziren Baztanera. Arizkundar batek ekarri zituen bere herrira, langile onak eta merkeak zirelako. Seguru asko zuberotarrak. Ba omen da gauza segururik: kanpotarrak zirela. Bozateko etxeetan ez dagoelako Baztango armarririk, hau froga garbia dela diote, askok. Auskalo!

Konpetzentzia omen arazoa. Lana. Artisau ezin hobeak ziren dirudienez, eta merkeak. MERKEAK. Lan esku merkea.

 

Ez dakit historia errepikatzen den edo Eduardo maiteak dioen bezala, entzun nahi ez dutenentzat soilik errepikatzen den…

 

Arauntzatik Mariren (h)istori(o)ak