Kolaborazioa: Azpeitiko Gazte Batzuk

Ibon Iparragirre Ondarrutarra hilzorian aurkitzen da Alcala Mecoko espetxean. Atzeraezinezko egoeran sartua da. Hil egingo da.

Espainiako estatuak Euskal Preso politikoei ezarria dien salbuespen egoeraren beste adibide bat dugu hau. Beste hezur haragizko pertsona bat, bere borrokaren duintasuna defendatu eta damuaren uztaitik ez pasatzeagatik bere larruazalarekin hautu hori ordaintzen ari dena.   

Bere ideia politikoak defendatzeagatik, esan bedi, gure askatasuna, heriotzera kondenatua dago; preso daraman denboran zehar lapurretak, kolpeak, irainak…eguneroko ogia izaten ari dira Ibonentzat. Segundu batez, egoera hau gure azalean sentitzen saiatzeko gonbitea egiten dugu, familia, lagunak eta Ibon beraren egoeraren jasanezintasuna ezingo baitugu bestela ulertu.

Egun Katalunian ematen ari den prozesuaren harira egon diren erakunde zibil eta politikoen arduradunen atxiloketek eragin duten asaldura ikaragarria izan da gure artean. Ez  da gutxiagorako. Kataluniaren askapenerako prozesu demokratiko bat aurrera daramaten pertsonen gartzelaratzea ez da ulertua, eta beraz horrek eurekiko elkartasuna eta enpatia sentitzera garamatza; eta preso politikoen baldintzarik gabeko askatasuna eskatzera ere bai.

Honela, eta entzuteak min emango badigu ere, badirudi gure bizitza guk modu aske batean bizi ahal izateko borroka egiteko hautua egin zutenen egoeraren salaketa, bigarren maila batean gelditu dela “prozes”aren presoen kontuarekin.

Egoera honetan, Ibon Iparragirrerenganako elkartasuna aktiboki adieraztea da, geratzen zaion bitzitza apurrari duintasuna emateko dugun modu bakarra. Bere herriaren babesa sentitzea, alegia. Hainbeste eta gehiago merezi du eta merezi dute gure presoek, muturreko egoera hauetan izan edo ez izan. Beren egoera beti baita muturrekoa.

Ezin dugu ahaztu heriotzera zigortua izatearen benetako arrazoia zein den: ez, ez da “talde terroristako kide izatea” edo borroka armatuaren afera, nahiz eta gure hipotalamoraino sartu diguten ideia hori, eurekiko elkartasuna eta babesa maila ezberdinetan zatitzeko asmotan. Primera eta segundako presoak jartzeko asmotan alegia.

Euskal preso politikoak, erabili izan duten borroka moldeagatik baino, euren borrokak erdietsi nahi zituen helburuengatik pairatzen dute muturrekoa eta salbuespenekoa den egoera jasanezina. Salbuespenik ez da beraz duintasuna mantentzen duen kolektibo honetan, eta edonor izan daiteke, kasua ematen bada, hurrengo Ibon Iparragirre, edo Manu Azkarate…

Beraz, dei egiten dugu Ibon Iparragirreren egoerari lantoki, etxe edota kalean ikusgarritasuna ematera, eta helburu horrekin deituko diren mobilizazio edo ekimenetan parte hartzeko konpromezua hartzen dugu. Eta Ibon Iparragirre eta gainerakoen baldintzarik gabeko askatasuna exigitzen dugu, euren helburuekin bat egiten baitugu.

Ez dezagun Iparra galdu. Etxean nahi ditugulako, Amnistia osoa