Bunka

Renunciar a reivindicar el poder de la cultura

sería dejar este poder a quienes lo tienen.

(Internationale Situationniste.)

Barriketak: Barruko berriketak kanpora ateratzeko ariketak. Orain, badaukagu hemen egiten duguna izendatzeko hitz bat. Horixe baita , guretzat, Kontulepo-ren funtsa, edo egiten saiatzen garena behintzat. Idazle nahiz irakurle garenok. Barruak hustu, eta askotan buruan jira eta bira dabilkigun ideia horri zentzua ematera behartzen dugu geure burua. Izan ere, galderak garrantzitsuak dira, baina ezin gara galderetan gelditu, hauei erantzuna ematen saiatu behar gara, huts egingo badugu ere. Beraz, gaurkoa ere galdera batekin hasiko dugu, bidean erantzuna bilatuko dugulakoan.

Zer da kultura? Zertaz ari gara kulturaz hitz egiten dugunean?  Kultura, gizarte bateko kideek euren artean harremanak izateko, edo funtsean, bizitzeko, duten modua eta horretarako sortzen dituzten esanahi eta kode multzoari dei geniezaioke. Baina sarritan, gure egunerokotasunean, termino honi beste erabilera bat ere ematen diogu, kultura hitza produkzio artistikoen (arte plastikoak, literatura, antzerkia, dantza, musika, zinea…) multzoa definitzeko erabiltzen dugu.

Eta biak elkar determinatzen dira. Bata bestearen mende dago. Izan ere, bizi garen gizartean eraiki dugun kulturaren arabera, bertan, produkzio artistiko jakin bat garatuko dugu eta produkzio artistiko honek, hein handi batean, determinatuko du gure kultura. Horregatik planifikatzen da kultura, horregatik erabakitzen da ze kultura kontsumituko dugun eta zer ez. Historikoki horrela izan da, erregimen politiko ezberdinetan. Gaur egun, postmodernitate deritzon garai honetan, adibidez, kultura erabat planifikatuta dago eta boterearentzat ezinbesteko tresna bihurtu da gizartearen kontrolerako.

Kultura jakin bat izateak (gure harreman sozialak ulertzeko modu jakin bat izateak) praktika artistiko jakin batzuk bakarrik ezagutzera eramaten gaitu. Hau da, botereak nahi dituen haiek soilik. Errealitatea errepresentatzeko modu jakin bat proposatzen diguten praktika kulturalak. Honek ez du esan nahi bestelakorik existitzen ez denik, noski existitzen direla. Baina ez ditugu ezagutzen, ez dira ezagutzera ematen. Gutxi batzuen eskuetan dagoen esfera kultural ia homogeneo horrek eklipsatzen ditu, ur azpian ezkutatua dagoen izebergaren beheko aldea bailitzan. Hor daude, intuizioaz badakigu existitu behar dutela, baina ez ditugu ikusten. Eta gu, gure ezkerreko ideia iraultzaileen predikatzaile sutsuok, konturatu gabe, dinamika horretan erortzen gara.

Beraz, zergatik ikusten ditugu praktika artistiko hauek beste batzuek egiten duten edo egin  dezaketen hura bezala? Zergatik entzuten da hainbestetan “eske, nik horretaz ez dut ulertzen” esaldi famatua? Esfera artistikoaren inguruan eman den elitizazioak (askotan bertatik kanpo kokatzen direnek “mundu” honekiko egindako idealizazio batetik datorrena) gure bizitzetatik, gure egunerokotasunetik, kanpo dagoen zerbait bezala ikustera eraman gaitu. Konturatu gabe, hasieran aipatu bezala, honek gure egunerokotasuna erabat determinatzen duela.

Puntu honetan, hau da gure erronka, kulturaren garrantzi politikoa azaleratzea. Gure diskurtso politikoa eraikitzerakoan esfera artistikoa ez dugu osagarri bezala ikusi behar, ezinbesteko baizik. Alegia, kultura ulertzeko bi moduak alde batera utzi, eta eraiki nahi dugun kultura horren inguruan pentsatzen hasi behar gara, eta eraikiko dugun horretan esfera artistikoak jokatu beharko lukeen paperaz, hein handi batean gure harreman sozialak determinatzen dituelako eta horren garrantzia politikoa ukaezina delako. Benetan iraultza bat egin nahi badugu, garrantzia politiko honetaz ohartu eta guztiok kode horietan jarri behar gara. Pankartak egitea, langile botereari, feminismoari eta sindikalgintzari buruz eztabaidatzea eta manifestazioetan parte hartzea garrantzitsua delako, baina sobietar zine zikloko filmak ikustea, hauei buruz eztabaidatzea edo kontzertu bat antolatzea ere bai.

Honen aurrean garrantzitsua da gaurtik hastea. Batetik, kulturalki gaur egun dagoela erakusten zaigunaren eta kontsumitzen dugunaren, kultura kapitalistaren, inguruan diskurtso kritiko bat garatzea, gaur egungo gizartea ulertzera iristeko. Eta bigarrenik,  gaur egun publikora ateratzen ez den, izebergaren beste aldean dagoelako ikusten ez den hura ezagutzea. Gure gaztetxeetan, edo geure sentitzen ditugun espazioetan, kontzertuak, antzerkiak, literatur txokoak, eztabaidak… antolatuz. Hauen inguruan hausnartuz. Honela, guk nahi eta behar dugun kultura sortzeko, eta horrekin gure boterea garatzeko.

Esfera artistikoa ondo ulertuta eta ezagututa soilik iritsiko gara gure kultura propio bat, eta beraz, boterea bere osotasunean eraikitzera. Uneoro, dagoen hura ezagutuz, ulertuz, kasu batzuetan onartuz, baina, distantzia hartuz, bere osotasuna ukatuz, gure kultura propio bat eraikitzeko, bizitzako aspektu denak, guk nahi dugun bezala, determinatuko dituen kultura bat.

 

2 Iritzi

  1. Os testu interesgarria, zorionak!

    Galdera bat ekarri nahi izan dut txoko honetara. Testuan diozun bezala, kultura gure mundu ikuskerak determinatzen duela…baina ez al dago guztia determinatua? Mundua bera ikusteko modua ere. Orduan, zerk zer determinatzen du? kar kar kar

    • Zorionak! Interesgarria. Zerk zer determinatzen du? Zerbait determinatu gabea existitzen da? Indeterminatua?
      Nik uste denak dena determinatzen duela, baina determinazio guztiak ez direla maila berdinekoak. Politikak eta ekonomiak , adibidez, ez dute berdin determinatzen kultura. Kulturak, aldi berean, ez du modu berdinean determinatzen politika eta ekonomia. Nik uste, azken instantzian, azken hau dela determinanteena, baina interesgarria da autore hauek kulturaren mediazioak aztertzeea.
      Jarraitu horrela

Utzi erantzuna

Zure helbide elektronikoa ez da argitaratuko.

*

© 2018 Kontu Lepo