Fetitxismoa

Neguko gau luze horietako bat da. Denak lotan daude. Ilun dago, kaleak hutsik daude eta isiltasunak apurtezina dirudi. Ezer ez da, ordea, betirako: norbaitek atea jo du eta Anton gaixoa ikaratuta esnatu da.

Santu guztiak madarikatzen dituen bitartean jaitsi ditu agure zaharrak eskailerak. Iluntasunak eta lanbroak ez diote ondo ikusten uzten, baina ilargiak zuri beltzez margotzen dio begi aurrean duen paisaia eta zerbait erdizka ikustera iritsi da. “Etorri eta ikus ezazu!” oihukatzen du ate parean arnasestuka dagoen gazte eroak, “azkar, etorri ikustera!”. Elur bola batek goitik behera egiten duen sekuentzia alderantzikatua balitz bezala, gazte hura elurtutako zelaietatik gora korrika joan da ziztu bizian. Agure zaharrak denbora eta jakituria asko pilatu ditu bizitzan, baina buruaren abiaduraren ordaina hanken makaltasuna da eta kosta egiten zaio gazteari jarraitzea. Bailara osoko zuhaitzik ederrena zutitzen den lekuan itxaron dio gazteak. Baso elurtutik datorren haize hotzak Antonen nerbio eta giharrak gogortzen ditu. Gazte eroa, berriz, bere onetik irtenda dabil, ez du hotzik sentitzen eta bere organismoak mekanismo instintiboari jarraitzen dio. “Begira zer egin didaten! Nire zuhaitza asto batera lotu dute eta ezin dut nire zuhaitza askatu!”. Anton astoarengana hurbildu da pauso geldoan eta astoa askatu du. “Zertan ari hintzen pentsatzen? Ez huen pagoa askatu behar, astoa baizik!”.

Terminoen berezko ordena aldatzeak arazoak sortzen ditu, nahasmendua sortzen du. Batzuetan, arazoak konpontzeko terminoak aldatu behar izaten dira. Besteetan, arazoa ondo planteatzeak zuzenean ezabatzen du arazoa bera. Erlazio batean erlatiboa den terminoa absolutu bihurtzean datza fetitxismoak. Beste modu batera esanda: begi bistan ageri den fenomenoaren oinarria edo esentzia ezkutatzen duen mekanismo kognitiboa da fetitxismoa.

Adibidez: komunitaterik gabe ez dago norbanakorik. Norbanakoaren definizioak komunitate bat aurresuposatzen du. Ez dago norbanakorik komunitaterik gabe (termino erlatiboa da, beraz, norbanakoarena). Horrekin lotuta, kolektiboa da norbanakoaren askatasunaren baldintzak ipintzen dituena. Askatasun indibiduala kimera bat da. Askatasuna soilik komunitatearen eremuan eman daiteke.

Beste adibide bat: ilargiak ez du berezko argitasunik. Ilargiak eguzkiaren argia islatzen du, baina egunerokotasunean, gure begien aurrean, ilargia argia sortzeko gai dela dirudi. Erlazio horretan eguzkia ezabatzen baldin bada, ilargia absolutizatzen da, eta bere kabuz distiratzen duela pentsatzera iristen gara.

Beste adibide bat: lana (trabajo vivo) da balioaren (valor) iturria. Beraz, lana ukatzen baldin bada balioa automatizatzen da: balioa bere burua erreproduzitzeko gai bihurtzen da, eta ondorioz, kapital bihurtzen da bere kabuz. Antagonismoa ezkutatzen da. gMerkantziak, dirua, etab., berezko gaitasun sozialak balituzte bezala agertzen zaizkigu egunerokotasunean. Errealitatea alderantzikatzen da gure begien aurrean: pertsonak gauza bihurtzen dira eta gauzak pertsona.

Pentsamendu kritikoa garatzeko eta kontzientziaren forma burgesa gainditzeko ezinbesteko baldintza da fetitxismoaz jabetzea.

9 Iritzi

  1. Pashukanis

    2017-11-13 at 16:01

    Zorionak, earra azalpena

  2. Ederra! Goitik behera ekarria, bai argumentazioa eta baita emateko modua bera ere. “Meninak” zentimetro bat atera dituk/n oleotik, eta Velazquez hobitik. Bejondei(n)ala!

  3. Eskertzea.

    Badakizue, Marxek landu zun lehenengo aldiz “merkantziaren fetitxismue” gizarte burgesan ondorio beharrezko bezela. Hau da, praxi sozial jakin batek (produkzio modu kapitalistie) nahitaez pertsonan kontzientziyen azaltzeko dun modue. Beraz, praxi sozial hori gainditu ber da fetitxismue gainditzeko.

    Bestetik, Meninan inguruko analisi bat irakurri nahi badezue Foucault-en “Las palabras y las cosas”-en lehengo kapitulue irakurri. Ona.

  4. Horasio Lenukoa

    2017-11-14 at 15:21

    Hau, luxue!
    Ezin ken galderie, ordie, burutik: ea testu estetiko-politiko estimulagarriyek idatzi ta tabernatan lana itetik haratago benetan bizitzeko egiazko borondateik ba al daukeun, militantziyen fetitxismue alde batea utzita.

    Marx ekartzie, hortxe fetitxismo berebizikuena.

    • Bukle Bukaezina

      2017-11-14 at 18:03

      Galdera horri erantzuteko fetitxismuen eraginen inguruen hausnartu berra daola ez iruitzen? Gauza berriyek eraikitzeko ezinbestien gauza zaharrak nola funtzionatzen deben ulertu berko deu aurrena…ta bide hortan emandako pausuek txalotu…ein nahi deunak lengo lekura emango gaitula ez badakigu, antzue izengo da eingo deun militantziye. Etxien daukeu adibideik garbiyena, odol askokin idatzitako gure Historian. Zorionak trabis, oso ulergarriye testue.

    • Nik borondatie indar aske edo autonomo bat eztala ustet. Horreatik iruitze zait garrantzitsue borondatien eta kontzientziyen forma ez-propiyuen jabe itie. Hortako fetitxismuen mekanismuez ohartzie garrantzitsue da, nahiz eta kontzientzia horrek eztun fenomeno bea suntsitzen. Neretzat, beraz, Horasiok aipatzeun “benetan bizitzeko egiazko borondatiek” borondate forma propio bat aurresuposatzeu, zeinan posibilitate baldintza gizarte burgesan superaziyue dan.
      Baino, bai, beste era batea baldin badare, nik e galdera hori iteyot neure burue

      • Horasio Lenukoa

        2017-11-14 at 21:15

        Esan dezaun, ordun, Trabis: borondatie espirituen status inteleketual jakin baten korrelatue dala zuretzat. “Benetan bizitzeko borondate” oro leudeke (bizi-modu gomuta asko), ta bakoitze, zuretzako, estadio intelektual konkretu baten ondoriyo logikue ta beharrezkue litzeke.

        Interpretatzezu, halare, gure “benetan bizitze” horta iristeko ‘fetitxismuen mekanismuez’ jabetu beher deula lenuo. Ezin dala “benetan bizi nahi izate” (antikapitalista) horta allau baldin ta ‘fetitxismuen mekanismuen’ jabe ez bagea (Marxi kasoik in gabe, alegiye).

        Ez nao ados.

        Badu jittie aukerabide askien (‘libre albedrío’) inguruen protestantiek ta katolikuek euki zeben eztabaida mamitsu horrena. Zure lerrokatzie erabat litzeke protestantiena: ez legoke erabakibide askeik, jainkuen ezagutza iristeko (‘gnosis theou’) ‘virtus’ (bizi-estilo bertutetsu) konkretu bat jarraitu beher dalako, ta eztaolako jakinduri ta erreperaziyoik baldin ta Jainkuen ta norbanakuen arteko aukeraketa sinbiotiko batek ez badauke tokik lehenuo. Zure kasuen, ea eztun algara gehiegi eragiten, Jainkue Marx da.

        Nik kontzebitzet Egiye ta Erreala badala intuitiboki ulehertu ahal dan momentu bat aurretiazko lanketaik gabekue. Aprehensiyo ontologiko garau batetik abiyatzeana.

        Baino hoixe, testue oso oso ona (“hau luxue!”), baino halare kosta iten tabernan lana in gabe bizitzie.

        Bihotzez, ta umiltasunetik; ea dixkuratze gean ta zeoze atatzean danon artien. Eztao beste esperantzaik.

  5. Eztet nahi bukle edo eztabaida antzuetan sartu, bñ etzait iruitzen ondo azaldu dezuniken nere posturie (oso generalien azaldu izan naizen señalie segurunik). Orokorrien esan nahi nun borondatie eztala “causa de sí”, eta historikoki determinautako baldintzatan bilatzeula bere kausie, ta ez “espirituen status inteleketual jakin baten korrelatue dala”. Gizarte honi berezkue zaionez fetitxismuen fenomenue (zeina eztan ilusio bat, baizik eta fenomeno erreal bat, eta ondoriyoz, bere ulerkeriek analisi zehatz bat eskatzeu), beharrezkue da berau azaldukoun intrumentuek bereganatzie, bestela, beste kide batek azaldu dun bezela, “ein nahi deunak lengo lekura emango gaitula ez badakigu, antzue izengo da eingo deun militantziye”.
    Beste gai batzuk e ikutu dituzu. Batzuk interesa dakebe, beste batzuatik eztakit ze pentsau
    Ondo segi

Utzi erantzuna

Zure helbide elektronikoa ez da argitaratuko.

*

© 2018 Kontu Lepo