Sinatzaileak: Azpeitiko Gaztetxea, Zestoako Gaztetxea, Krisiaren Seme-alabak Sare Sozialista, Urolako Ikasle Abertzaleak eta Gazte Koordinadora Sozialista.

Urola Erdiko zenbait eragilek deituta, herritar ugarik hartu genituen atzo kaleak Patxi Ruiz Iruñeko euskal preso politikoari elkartasuna adierazteko. Izan ere, hamabi egun gose eta egarri greban egin ostean, ospitalera eraman zuten Patxi. Behin sueroa jasota, berriro espetxeratu zuten euskal presoa. Egarri greba utzi du Patxik, baina gose grebarekin jarraitzen du. Aldi berean, hainbat eta hainbat euskal preso politiko ari dira Ruizen aldeko ekimenak aurrera eramaten. Euskal Herriko hainbat txokotan ere mobilizazioak egin dira egunotan: manifestazioak eta kontzentrazioak hiriburu eta herrietan, gose greba eta txandakako baraualdiak… Patxiren osasun egoera larria da, eta egoerari konponbide bat ematea berebizikoa dela uste dugu, are ezbehar handiagorik gertatu aurretik .

Muturreko egoerak bultzatu du Patxi borroka hau aurrera eramatera. Izan ere, jipoiak eta seinalamenduak sufritu behar dituenarentzat, kartzela barruko bizitza infernua bilakatu daiteke, kartzelarien etengabeko mehatxupean. Patxik, hainbat preso politiko eta sozialekin batera, “alarma egoeraren testuinguruan” kartzeletan – kalean bezala- urratuak izaten ari diren eskubideak defendatzeko abiarazi zuen protesta. Kartzelariek, Patxi seinalatu zuten protestaren bultzatzaile gisa, eta azken urteetan behin eta berriz errepikatu diren mehatxuak egin zizkioten, azken horrek bere bizitza arriskuan ikusteraino. Egoera horren bultzatuta abiatu zuen gose eta egarri greba Patxik, eta gertaera horiek agerian uzten dute kartzelariek, poliziak kalean egin bezala, militante politikoak jazartzen dituztela, azpiratuen eta baztertuen baldintza gabeko defentsa egiteagatik. Norabide horretan, txalogarria deritzogu Patxik abiarazi duen borroka. Horretaz gain, kartzelaren izaera klasista eta jasangaitza salatzea ere eginbehar urgentea dela uste dugu.

Testuinguru horretan, kezka sortzen digu Patxiren egoera salatzeko Euskal Herrian egin diren protesta ekimen desberdinen aurrean alderdi eta komunikabideek abiatu duten kriminalizazio kanpaina. Izan ere, uste dugu politikariek gizartearen aurrean erantzukizuna izan beharko luketela, eta herritarren eskubidea beharko lukeela izan politikarien arduragabekeriak salatzea. Hori ezinezkoa da baldin eta politikariek badaukate protestaren nolakotasuna arautzeko monopolioa, eta ez herritarrek. Baldintza horietan, “alderdi ofizialen” zuzeneko kontrolean ez dauden ekimen guztiak “biolentotzat” jotzen dituzte. Hala, herritarrek askatasunez protestatzeko dugun eskbubidea are eta gehiago estutzen dute. Kasu horretan ere, argi geratu da alderdi elektoral guztientzat bigarren plano batean daudela presoaren bizitza eta kartzeletako oinarrizko eskubideen urraketa. Gertakari horien aurrean, agerian gerarzen da, irizpide humanitarioen arabera hartu beharrean, komenigarritasun elektoralaren arabera hartzen dituztela erabakiak . Era berean, uste dugu gehiegi errepikatzen direla “aniztasunari errespetua” eskatzen dioten aldarriak, eta hori tranpatia da. Izan ere, klase arteko gizartean bizi gara, eta mugimendu politiko “anitzek” euren aldarrikapenei oihartzuna emateko dituzten baliabideen artean desoreka handia dago. Aberats eta boteredunen interesak defendatzen- edo gutxienez bakean uzten- badituzu, zure mezuek zabalpena izango dute masa komunikabideetan; burgesiari men egiten ez badiozu berriz, huskeriara kondenatuko zaituzte. Hori horrela izanda, Patxiren egoerak ez luke oihartzunik izango zenbait ekimen aurrera eramango ez balira -baketsuak guztiak-, eta ekimen horien zabalpena eta kriminalizazioa komunikabideen kontrola duten alderdien interes elektoralen araberakoa ez balitz. Esanguratsua iruditzen zaigu euren burua ezkerrekotzat duten alderdi eta udaletxeak joko erreakzionario horretan murgilduta ikustea.

Bukatzeko, Patxiri eta bere aldarrikapenei babesa eta bultzada emateko konpromisoan berresten gara, eta amnistiaren bandera hauspotuko dugu, preso politiko independentista eta sozialistei aterabidea eta duintasuna esleitzen dien lema bakarra dela ulertzen dugulako.