Gaurko saioan, zaintza lanetan dabiltzan internen egoerari buruz hitz egin dugu. Horretaz gain, “Antolakuntzari Salbuespenik ez!” dinamikaren baitan martxa jarri ditugun beste hainbat ekimenen berri ere eman dugu; hala nola testigantza bilketa eta jazarpen polizialei erantzuteko aholkularitza juridikoa. Informazio gehiago gure sare sozialetan jaso dezakezue. Oinarrizko produktuen eta elikagaien bankua ere jarri genuen martxan, eta gurekin harremanetan dauden norbanako eta kolektiboei laguntza ematen hasi gara jada. Eta datozen egunetan emango dugu ekimen honen informazio gehiago ere.

Gaurko elkarrizketari heltzeko, argi ikusten dugu, COVID19-aren krisiak langileria osoaren gain eragina izango duen arren, emakume langileek eta, bereziki, emakume proletarioek modu latzago batean biziko dituztela krisi honen ondorioak. Horien artean, agureen zaintzaz arduratzen diren emakume migranteak ditugu.

Gaur egungo sistema kapitalistan, lan banaketa sexuala bizitzako esparru ezberdinetan ikus dezakegu, baita etxeko lanetan ere. Kapitalismoaren garapenetik bertatik emakume langileari nagusiki etxe giroaren gaineko ardura inposatu zaio, eta aldiz, gizonezkoei lan mundu bezala ezagutu den horren gainekoa Horrek ez du esan nahi kapitalak emakumea lan munduan integratu ez duenik, eta ulertu behar dugu kapitalaren akumulazio ziklo bakoitzean bere interesen arabera moldatzen joaten den harremana dela hau. Dena den, honakoak, ezinbestean, kontzientzia forma ezberdinak moldatu zituen. Horrela, emakumeengan erortzen dira lan asistentzial gehienak: emakumeak dira haur zein helduen zaintzaz arduratzen direnak, sukaldatzen dutenak, garbitzen dutenak, erosketak egiten dituztenak… Beraz, esan genezake kulturalki gutxietxitako lanetaz arduratzen direla emakume langileak. Askotan, gainera, soldatapeko lanarekin batera egin behar izaten dituzte lan asistentzial hauek, emakume langileen gain lan karga handia eroriz.
Kontuan hartu behar dugu, gainera, emakumea debaluatutako subjektua dela. Hau da, emakumeen esku lana merkeagoa dela, kapitalari akumulazio handiago bat ahalbideratuz. Kaìtalak etekin ahalik eta handiena lortzeko, zapaldutako subjektu ezberdinak debaluatzen ditu (gazteena, emakumeena, etorkinena…), langile klasearen barruan zatiketak eta etsaitasunak sortuz. Bestalde, emakumeek orokorrean esku lan sinpleko lanak egiten dituzte, kualifikazio maila txikiagoa duten lanak eta lan hauek dira gutxien ordaintzen direnak. Emakumeak dira, orokorrean, garbitzaileak, zaintzaileak…

Alde batetik, beraz, lan kualifikazio berdinagatik gutxiago kobratzen du (subjektu debaluatua delako) eta, beste aldetik, emakume langile asko kualifikazio maila gutxien duten lanetan dagoenez eta lan horiek kulturalki gutxietxitakoak direnez, gutxiago ordaintzen dira eta, hau, guztiz normalizatuta dago gaur egungo gizartean. Honen aurrean, beharrezkoa ikusten dugu pertsona guztientzako bizi kalitate berdina aldarrikatzea.

Hala ere, lan indar femeninoaren debaluazioa are eta modu bortitzagoan bizi dute agureen zaintzaz arduratzen diren emakume migranteek (internak). Azken batean, merkantilizatutako lan asistentzialak egiteaz arduratzen dira emakume hauek, modu miserableetan lan egiten dutenak: askotan modu irregularrean ari dira lanean, asko seguritate sozialean alta eman gabe, paroa kobratzeko eskubiderik ez dute, ia egun osoa lanean pasatzen dute miseriazko soldata kobratuz… Beraz, esklabutza lan baten aurrean gaudela ikus dezakegu, beraien familietatik indarrez urrunduak eta inongo eskubiderik gabeak. Hau gutxi balitz, COVID19aren krisiaren ondorioz egoera hauek areagotu egin dira, askok lana galdu dute, beste askok ordu gehiago lan egiten dute soldata berdina kobratuz…

Internen kasuan argi ikusten den bezala, agureen zaintza lana merkantilizatzeak emakume batzuk lan honetatik askatzea ekarri badu ere, inondik inora ez da lortu lan banaketa sexualarekin amaitzea (emakumeek jarraitzen dute lan hau egiten) eta, gainera, proletarizatuago dauden emakume migranten gain erori da lan hau, askoz baldintza miserableagotan ari direnak lanean. Honen guztiaren inguruko informazio gehiago eskaini digu Malen Etxea kolektiboko Jessica Guzman kideak: zer egiten duten beren kolektiboan, zein tesuingurutan jaso duten gertaera hau eta zein ondorio ekarriko dituen.