Mundu osoko jende andanak ditu egutegietan gorriz borobilduta San Fermin festak. Milaka lagun elkartzen da Iruñean uztailaren 6tik 14ra bitartean, eta egun horietan guztietan denetariko gertaerak jazo ohi dira festa giroan. Beste urte batez, ugari izan dira sanferminetan izandako eraso sexistak; gutxienez hemezortzi eraso salatu dituzte jaiak igaro diren bitartean. Eta udarekin batera iritsi dira hainbat eta hainbat herri eta hirietako festak ere. Horregatik, ezin aipatu gabe utzi azken asteotan Euskal Herriko beste hainbat txokotan jazo diren eraso sexistak: Beasainen, Barakaldon, Hernanin, Baionan, Donostian…

Azpeitiko Gaztetxeko kideok erasotuak izan diren emakumeei erabateko babesa eta elkartasuna adierazi nahi diegu txoko honetatik. Halaber, ezin ahantz genezake emakume langileok jasaten dugun indarkeria eguneroko ogia dela, eta gure bizitzetako esparru guztietan gauzatzen dela. Arazo estruktural baten aurrean gaude. Sistema kapitalistak, jendarte kapitalista eratuko du eta jendarte hori harreman sozial zehatzen arabera antolatuko eta harremanduko da. Horrek, bere baitan, indarkeria matxista bezalako biolentzia formak barnebiltzen ditu. Hau da, ideologia partiarkalaz baliatuz biolentzia formak naturalizatu eta indarkeria gauzatuko duten subjektuak sortuko ditu kapitalismoak. Gizonak eta emakumeak sozialki eraikita dauden modua dela eta, indar harreman jakin batzuk erreproduzitzen dira. Indar harreman horietan gizonaren indarra emakumearekiko gailentzen da.

Jai giroan ematen diren erasook ulertzeko, besteak beste, gaur egungo festa ereduari ere erreparatu behar diogu; hau da, jai eredu kapitalistari. Horri erreparatu gabe ezin ditugu ulertu erasook. Gaur gaurkoz gure hartu-emanak biolentoak badira ere (berez, indar harremanetan oinarriturik badaude ere), azpimarragarria da festek dirauten egunotan biolentzia hori eta indarkeria hori areoagotu egiten dela, zenbait kanpo faktore, eta, orokorrean, festari esleitzen dizkiogun zenbait ezaugarri tarteko. Jaien aitzakian, hartu emanerako ditugun joerak eta jarrerak aldatzen ditugu, halaber, gure egoera zaurgarriagoa bihurtzen da. Gaur egungo jai ereduari hertsiki lotuta dauden drogen eta alkoholaren kontsumoa igo egiten da, eta, horrek, aurrez esan bezala, gure jarreretan aldaketa sakonak dakartza: jarrera inpultsiboak, jarrera agresiboak, espazioaren eta harremanen sexualizazioaren areagotzea… Faktore hauek berekin dakarte sistema honek eta bere aparatu guztiek gizonei gure gorputzekin nahi dutena egiteko esleitzen dien inpunitate soziala, hau erasoetan materializatzen delarik.

Aipatutako faktore guztiak jai eredu kapitalistari berariazkoak zaizkionez, ezin pentsa dezakegu festa eredu hau gainditu gabe eraso hauekin bukatuko dugunik. Gaur egungo harremantze ereduaren aurrean, elkartasunean oinarritutako kultura berria garatzea dagokigu: inor inoren bizkar biziko ez den kultura, zapalkuntzak eta esplotazioak espaziorik ez duen logika bat. Finean, aldaketarik egotekotan, errotiko aldaketa behar du izan.

Festak iristear diren honetan ere, hausnar dezagun jai ereduaz eta horrek elikatzen duenaz. Herriko jaiak ate joka ditugu, eta, beraz, diziplinaz eta arduraz jokatzea dagokigu, jai kapitalistan murgiltzerakoan horren inplikazioak eta arriskuak zein diren argi izateko, eta horien gainean nola eragin dezakegun pentsatzen hasteko. Ekin diezaiogun bada!

Eraso matxisten aurrean, autodefentsa!