Duela 3 egun, 62 urteko langile bat eraila izan zen Irunberriko lursail batean, traktore batek azpian hartuta. Horrez gain, joan den astean, Tubacex enpresaren Laudioko lantokian 25 urteko langilea eraila izan zen. Pieza bat gerori zitzaion gainera. 10 urtean, enpresa horretan erail duten laugarren langilea da gaztea. 2019. urtean, 29 langile erail dituzte soldatapeko lanean Euskal Herrian.

Gertakari horien aurrean, hasteko, gure babesa adierazi nahi diegu beren familiei eta gertukoenei. Horrekin batera, gertaera horiek gogor salatzea dagokigu, ez baitira fenomeno isolatuak, ezta kasualitatearen ondorio ere; ez baitira heriotzak, erailketak baizik.

Kapitalaren jabe den klaseari kapitala metatzea gero eta gehiago kostatzen zaion garaiotan, akumulazio hori bermatzeko hartzen diren neurriak kaltegarriak izan ohi dira langileontzat. Asko duenak gehiago izan dezan, gutxi duenari gehiago kendu behar zaio. Lanaldiak luzatzen dizkigute, produkzioa azkartzera behartzen gaituzte, presio bortitzak pairatu ohi ditugu… Lan baldintzen kaskartzea eta horien artean segurtasun falta, irabazien logikari erantzuten dioten neurri horietako batzuk dira. Neurri horien ondorio latzena da bizitza galtzea.

Horren aurrean, antolatu eta lan baldintza hobeak lortzera begira greban dihardute Euskal Herriko hainbat sektoretako langileek. Horren adibide dira Loiuko aireportuko langileak, Bizkaiko Domino’s Pizzakoak edota Gipuzkoako egoitzetakoak, besteak beste. Gure elkartasunik beroena bidaltzen dizuegu guztioi ere!

Amaitzeko, lan baldintzen hobekuntza helburu duen borrokarekin batera, beharrezko zaigu gaitzaren kausa den erroarekin amaitzea; kapitalismoan ez baitu tokirik gizatasunak, irabaziak lortzera bideratuta dagoen sistema baita bere osotasunean. Horretarako, nahitaezkoa da langileon arteko elkartasuna eta borroka, inork ez digunez oparituko gurea dena, geure eskuez hartu beharko baitugu zor zaiguna.