Hona idaztera ekarri nauen arrazoia batek baino gehiagok ondo entzuna duen Sortuk edo Ezker Abertzale Ofizialistak (EAO) eta Ikasle Abertzaleek (IA) izandako liskarra da. Beharrezkoa da jakitea irakurtzen duenarentzat lau urteko ibilbide militantea bizi izan dudala Ikasle Abertzaleak antolakundean, eta neure izenean bakarrik hitz egingo dudala. Ibilbide xumea izanagatik, ordea, dakidanetik eta uste dudanetik hitz egingo dut, hori egiteko momentua dela uste dudalako.

Uste dut garrantzitsua dela egoeraren nondik norakoa ulertzea idazten dudana ulertzeko, eta horrez gain, jazo diren gertaerak zergatik izan diren ulertzeko. Ez naiz luzatuko gertatutakoaren inguruan, horretarako baitaude eragileek azken urtean atera dituzten oharrak nahiz gertaera eta mugimendu publikoak. Ni, bakoitzak bere ondorioak atera ditzan, tresna bat eskaintzen saiatuko naiz, puntu batzuk mahai gainean jarriz. Nire ustez, Sortuk Ikasle Abertzaleei egindako erasoa salatu beharrekoa da eta errespetu falta izugarria erakutsi du Euskal Herria askapen sozialera eraman nahi duen antolakundearekiko nahiz mugimendu politikoa osoarekiko.

  • EAOk ez du eskubiderik Ezker Abertzale guztiaren izenean hitz egiteko. Hasteko, gezurra da Ezker Abertzalearen gehiengo militanteak IA bere egoitzatik kanporatzeko erabakia hartu izana, Ezker Abertzalea beraiek nahi dutena baino askoz zabalagoa den mugimendu bat baita, eta tartean Ikasle Abertzaleak bera dago. 2008ko estrategiaren norabide aldaketa eman ondoren, EAOk nazio askapen mugimendu politiko osoa bere tesien itzalpean mantentzea nahi izan du. Hori Abian prozesuaren bidez egiten saiatu ziren, 9000 kide bildu zituen prozesua hasiera batean; hala ere, 2000 pertsona inguru iritsi ziren norabide aldaketa horren aldeko bozka ematera, beraz, lasai esan daiteke Ezker Abertzale osoaren zati txiki batek bozkatu zuela aldaketa hori. Etsaiak hainbestetan esandako bozkak ala bonbak aukeraren aurrean jarri dute beren burua eta uste dute hori dela posible den bide bakarra orain, eta, aldiz, beren ustez, gutxiengoa denak beste bidea hautatu duela: ba oker daude, bozkena ez da bide bakarra ez eta bide posiblea ere, eta, gainera, ez gara gutxiengoa. Mugimenduaren gehiengoak ez zuen parte hartu prozesu horretan Sortu alderdiari zuzenean erantzuten zion prozesu bat zelako, bere krisi elektoraletik ateratzeko asmo soilez egina. Horregatik, harrezkero behin eta berriz ezkutatzen eta blokeatzen saiatu dira mugimendu horren baitan zeuden ahots ezberdinak, hauek eskala sozialean kriminalizatzera eta baliabiderik gabe uztera helduz. Alderdiaren zuzendaritza politikoa da zuzenean, burokratismo eta autoritarismoaren bitartez, hau guztia egiten duena, eta, beraz, harremanak modu txar batean hautsi dituena, ez duelako jakin izan beste inor kontuan hartzen, ezpada Euskal Herriko burgesia bera.
  • EAOk berreraikitzen saiatzen ari garen mugimendu politikoari egin dion lapurretari buruz hobeto pentsatu beharko luke. Urte luzez Nazio Askapen Mugimenduaren zutaberik garrantzitsuenetako bat izan den agente politikoa herri mugimenduari berari erasotzen ari da: udako txosnetatik bidaltzen saiatzen, IAren antolakunde barrutik Ernairentzako dinamikak sortzen IAri traizioa eginez, edota, orokorrean, norbanakoenganako jarraipen pertsonalak egiten, mehatxu pertsonalak egiten, herri eragileak isilarazten edota eszenatoki politikotik kanporatzen bere kontrol mekanismo ezberdinen bitartez. Uste dut zuzendaritza politikoa dela gertakari hauen guztien erantzule nagusia eta urte luzez lortutako fruituen erasotzaile bihurtu da era berean. Azken adibide garbiena Bilboko Egoitza bera dugu, historikoki Ikasle Abertzaleena eta Ikasle Mugimenduarena izan den egoitza eskuetatik kendu eta hau baliabide ekonomikorik gabe uztea helburu duen erasoa egin baitu Sortuk. Epe laburrera eta amorru itsuz pentsatzen ari dira eta mugimendu politiko hauen izaera politikoa aitortzea dagokie ezinbestean, mende erdiz guztion artean egindako borroka guztia ez dezaten zakarretara bota kolpetik.
  • Gezurrek eta manipulazioek hanka motzak dauzkate eta marra gorriak jadanik zeharkatu dituzte. Jarrera autoritario eta prepotente baten bidez ibili dira Sortu eta bere sateliteak lau haizetara gure antolakundearen inguruko gezurrak zabaltzen, IA espainolista dela edota soilik zuzendaritza politikoak erabakitako norabidea aurrera eramaten ari dela esan dute behin baino gehiagotan, publiko nahiz pribatuan, biak ala biak zuzendaritzaren partetik sistematizatuta. Horren aurrean, aipatzekoa da Errainu ponentzia militantziaren gehiengo handi batek ekoitzi izana, gure izaera politikoa eta horrekin batera doan praktika politikoa zehazteko balio izan baitigu. Hipokrita izatea zeuk esandako gezurrak sinestea omen da, eta horixe bera egin du EAOk, zabaldutako gezurrak aitzakiatzat hartu eta eraso zuzenak egin Ikasle Abertzaleoi. Esandakoa bizkarrean hartzen ikasi behar da, eta zer esaten den jakiten ez denean arduragabekeria besterik ez da geratzen. Errespetutik diotsuet mugimendu politiko hau guztia ulertzeko eta aitortzeko saiakera egin beharko zenuketela, guztion onerako.
  • Estatu Espainolaren alde lana egiten duen alderdi bat bihurtu dira. Hainbatetan salatu duten legea besapean hartuta, Ikasle Abertzaleei duintasuna eta egoitza kentzera etorri dira. Espainolismotik gertuago dago hori guk egiten duguna baino. Beraiek ikusiko dute zein motatako etika politiko jarri nahi duten praktikan horrelako mugimenduekin, baina uste dut pentsatzen hasi beharko dutela, agian, arrazoi falta izan dezaketela, jokabide honek ondorio konponezinak ekarriko baititu pixkanaka. Berriro diot, honek ez dio biotako inori onik egiten eta irribarre zabal batekin hau ikusten ari direnak gure etsai handienak dira. Zuenganako errespeturik ez duen gazte belaunaldi bat ari zarete hezten eta honen ondorioetako bat belaunaldi urraketa sozial eta afektibo erabakigarri bat izan daiteke. Jarrera arduragabe eta amorruzko hori zaintzen ez baduzue, egunen batean hainbeste gorrotatzen zenuten hura bihurtuko zarete.
  • 30 urte pasatxoko antolakundea da Ikasle Abertzaleak eta Ezker Abertzalearen mugimendu politikoaren parte izan da bere hasieratik eta oraindik ere hala izaten jarraitzen du. Euskal Herrian urte luzez garatu den nazio askapen mugimenduaren antolakunde historiko bat da Ikasle Abertzaleak eta izaten jarraitzen du. 2008an EAOk emandako estrategiaren norabide aldaketa Abian prozesuaren bidez egin zen, bide hori hartzeko prestatua (eta ez besterik) izan zen prozesu bat. Prozesu horretan jende askok parte hartu bazuen ere, beraiek emandako datuen arabera, 2.000 pertsona inguruk amaitu zuten prozesu guztia aldaketaren alde bozkatuz, eta ez dago esan beharrik 2.000 pertsona ez direla nahikoa mugimendu oso baten norabide estrategikoa markatzeko, eta gutxiago mugimendu osoaren izenean hitz egiteko. Hori dela eta, tesi ofizialetik kanpo jende asko eta asko geratu da eta autonomia osoz jokatzeko eskubidea eta legitimitatea izan beharko lukete, Sortu eta bere sateliteek hala nahi ez duten arren. Hala izaten jarraituko duela diot etortzen diren eraso faxista guztiei erantzuten jarraituko duelako zuek hori egiteari utzi badiozue ere. Egoitza lapurtzea azkeneraino eramaten baduzue bide batetik edo bestetik, etika politiko sozialista bat eraikitzen ari garen gazte belaunaldia parean izango gaituzue, zuena lege espainolaren erabilpen interesatua eta burgesiaren kateko txakurra izatea den bitartean, gu ez gaudelako prest urte luzez garaturiko nazio askapen mugimenduari muzin egiteko, eta hori mantentzen eta indartzen saiatuko gara oztopoak oztopo, borroka historiko politiko horri jarraipena ematea baita benetan Ezker Abertzalea izatea. Bitartean egunez egun, herriz herri eraikitzen ari garen mugimendu politiko sozialista indartzen jarraituko dugu, umiltasunez eta errespetuz.