Atzo, ekainaren 25ean, beste erailketa bat gertatu zen Arbizun. Oraingoan, Lakber Mecanizados enpresaren Arbizuko lantegian langile bat hil zen makina batek harrapatuta. Lehenik eta behin, elkartasuna eta animorik beroenak eman nahi dizkiegu familia zein gertukoenei. Horrez gain, Gaztetxeko kideok gertakari hau salatu nahi dugu eta horregatik ohar hau kaleratzea erabaki dugu:

Ez da lehen aldia Lakuntzako enpresa honetan langile bat hiltzen dena, zehazki hiru langile hil baitira azken lau urtetan. Ez dugu sinesten gertatutako kasualitatea izan daitekeenik, hau baita langileontzako eguneroko ogia. Lan egin beharra dugunok soilik bizi ditzakegu horrelako gertakari latz hauek, eta ez honen kontura aberasten direnek. Akumulazio dinamika ezinbestekoa da kapitalaren ekoizpen prozesua martxan jartzeko, eta langileak hor hartzen du parte, izan ere, honen lan-indarretik xurgatzen da etekin ekonomikoa klase burgesarentzat. Zirkulu zoro horretan, konpetentzia geroz eta handiagoak eta epe motzagokoak dira, eta horren ondorioak langileok geure azaletan bizitzen ditugu: estresak, presioak, lan ordu extrak, lan-baldintza arriskutsuakā€¦ Atzoko ezbeharra izebergaren punta bat besterik ez da.

Komunikabideetan agertzen ez diren zapalkuntzak ere salatu behar ditugu gure eguneroko praktika politikoan. Hala ere, atzokoari pisurik kendu nahi gabe, gogor salatu nahi dugu heriotza hau. Enpresa honetan hiru hildako egotea azken lau urteotan, egun langileok bizi ditugun zapalkuntzen adierazpen bat dira, eta egunerokoan horrelakoak salatu ez ezik, langileen borrokak ere hauspotu behar ditugu. Bide horretan, doakiela elkartasun osoa gure gaztetxetik azken hilabeteotan Euskal Herriko txoko askotan aurrera eramaten ari diren grebalariei ere.

Langileon autoantolakuntzan sakontzen jarraitzea dagokigu militante iraultzaileoi, horrelakoak egunen batean saihesgarriak izan daitezen. Egiturazko aldaketarik gabe ez baita posible izango injustizia hauek deuseztatzea.