Zenbat aldiz nahi eta ezin, nahiaren graduazioa da errealizazioaren ukazio edo ingurunea da ez duena posible egiten ezinaren ezeztapena? Horixe bera gertatzen zaie sarri bizioren batengandik askatu nahi dutenei, nahi dutela baina “ kanpo” zein “barne” faktoreak direla medio ez dutela lortzen planteamendua betetzea. Hori gerta ez dadin, zigarroak erretzeari utzi nahi dionak ( Adibidez ) zigarro paketea zakarrontzira bota beharra dauka, errutina aldatu behar du, gehiago jaten hasi ohi da. Bizioa erreproduzitzen duten oinarriak ordezkatu behar ditu beste batzuez. Horrez gain, bada zerbait erretzeari utzi nahi izatearen kausa dena, nahia ez baita sortzen nahitik, ideia ideiatik sortzen ez den moduan.

Mundua aldatu nahi duen komunitate politikoak ere zerbaitengatik nahi du mundua aldatu. Badakit bi kasuak ( Erretzailearena eta hau) oso ezberdinak direla hainbat ezaugarriri dagokionez, baina utz iezadazue jarraitzen… Langile kontzientzia lur azaletik altxatzen den sumendia da, beti oinarria ukitzen dago. Ezin du aldendu eguneroko problematiketatik, ogiaren prezioa zenbatekoa den jakin behar du prezioa zer den jakin behar duen maila berean. Etxe erraldoiak eta mailua behar ditu harreman eredu berria egikaritzeko. Haritik tiraka, erretzailearen kasuan bezala, harreman eredu kapitalistaren oinarriak aldatu behar ditu langileak ideologia burgesetik askatu ahal izateko. Guzti honekin azaldu nahi dudana da elementu ez material modura identifikatu ohi ditugunak ( Intentzioa, kontzientzia, ideologia…) ezin direla ulertu mundutik aldenduta.

Bestela, ahaleginak ez du jakingo zein den aldatu nahi duenaren baldintza materiala. Ahaleginak ezingo du moldatu irina ez badio gehitzen honi aldaketa posible egingo duen ura. Generoen arteko menpekotasuna erreproduzituko du ez badu lan banaketa sexualarekin amaitzen, diruak zeharkaturiko erlazio afektiboetan elkarrekiko erabilgarritasun partzialaren legea egongo da indarrean…

Egia esan,
Nor da libre lau hormen artean?
Nola burutu gitarrarik gabe artea?
Nola lurreratu hegazkina lur egonkorrik gabeko partean ?

Badirudi intentzioa hutsala dela ez bada zerbaiten gainean eraikitzen, hori horrela da. Beste alde batetik, objektu berari erabilera ezberdinak eman ahal dizkiogu, baita erabilera intentzio ezberdinaren baitan kokatu ere. Hau da, bada nahimen bat baldintza material horietatik abiatuta bidea marrazten duena, bada marrazkiaren marrazlea, arkatzak ez du bizitza propiorik, etxe bizitza huts batek ere ez duen era berean. Hala ere, eskuak behar dira erabileraren bidez intentzioa betetzeko. Intentzioa, erabilera eta gaitasunak (Eta beste hainbat faktore) nahasturik ageri dira prozesu politikoaren xake-taulan.

Kontua ez da, behintzat, fenomenoen berezitasunaren azalkerian geratzea (hau da, begiekin ikusten dugun horretan), erroa den kapitalismoa ezin baita garaitu abstrakziorik gabe. Nola jakin, bestela, etorkina eta ni, berdinak garenez, borroka bakarrean lerrokatu behar garela? Nola identifikatu kolorearen ezberdintasunean margotu gaituen margoa? Errealitatean bereizita ageri diren gertakariek badute esentzia komuna. Hauxe da diametroak eta azalerak duten elkarrekiko dependentzia, edukia aldatzen ez duen independentzia ontzi hutsa baita, ez baita ezer. Izatekotan, preso dena eta libre sentitzen dena da, ezer inguratzen ez duen eta beraz bere baitan biltzen den papera, errealitateari entzun-gor egiten diona.

Hauek dira gai oso konplexu baten gaineko nire kontzeptuak; ez dadin geratu soilik hitzetan, aplika dezagun gure bizitzetan.

Zikoitz.