Kolaborazioa: Tereshkova

2008ko krisiaren agerpenak (eta oraindik beronen ajean aurkitzen garen honetan), gure kontsumoa zein den eta nola kontsumitzen dugun erabakitzeko eskubidea oso mugatua dagoenaren kontzientzia ekarri zuen gizartera. Hori dela-eta, gizartearen zati bat erreakzionatzen ari da.

Helburua oinarrizko aspektuak berreskuratzea da, hala nola elikadura, finantzak, informazioa edo komunikazioak. Produktu agroekologikoen eta baratze urbanoen kontsumorako kooperatibak hazi egin dira, komunikabide alternatiboak eta banku etiko kooperatiboak baita ere, besteak beste.

Testuinguru horretan, energia, gure gizartearen funtzionamendurako ezinbesteko osagaia, ez da salbuespena. Azken urteotan, biztanleen hainbat ekimenek energia berriztagarrietan oinarritutako alternatiba ezberdinak sorraraztea eman du Espainiar estatuan.

Energiak ondasun eta zerbitzuak eskaintzen dizkigu ingurumen inpaktu handien kaltetan

Energia, historian zehar zibilizazioa garatzeko faktore erabakigarria izan da eta egun, oraindik ere bada. Gaur egungo eredua energia-kontsumo kantitate handietan oinarritzen da, ingurumen-inpaktu handien kaltetan; energiaren sektorea da gaur egun biosferaren degradazioaren errudun handienetako bat.

Komunitate zientifikoa hamarkada luzez ari bada ere zibilizazio honek hartu duen norabideaz ohartarazten, esku hartzeko denbora agortzen ari da. Ez dira gutxi egoera atzeraezin batera heldu garela pentsatzen dutenak.

Ingurumen krisi sakoneko testuinguru honetan, eta baliabide berriztaezinen agortzea kontuan hartuta, kontzientziazio-soziala beharrezkoa izango da etorriko diren aldaketak onartzeko; baita baliabide berriztagarrien kudeaketa egoki bat lortzeko ere – kudeaketa jasangarria, eraginkorra eta berdintasunezkoa-, zeinetan jendeak parte hartuko duen. Energia sortzeko, erabiltzeko eta kudeatzeko moduak eraldatzea beharrezkoa da gizarte jasangarria lortzeko (baina ez da nahikoa).

Berriztagarrien autogestioa eta energia trantsizioa

Energia berriztagarriak, aztarna ekologikoa murrizteaz gain, eraldaketa potentzial handia eskaintzen du ikuspegi sozial batetik, tokian tokiko energia sortzeko gaitasuna eta modularitatea medio, ekimen parte-hartzaileen garapena ahalbidetuz.

Energia berriztagarrien kooperatibek potentzial hori aprobetxatu nahi dute. Horretarako, energia berriztagarria sortzen eta merkaturatzen dute, energia-eredu deszentralizatu bat sustatuz, gaur egungo sistema zentralizatuaren aurrean.

Europan, 70eko hamarkadatik era honetako milaka kooperatiba sortu dira Alemania, Herbehereak eta Danimarka bezalako herrialdeetan. Espainiar estatuan modelo hau berria eta gutxiengoa da oraindik.

Kooperatibekin energiaren deszentralizazio bat ematen bada ere, berauen atzean dagoen funtsa merkatuko ideia berberetan oinarritzen da, marko burges baten barruan egoten jarraitzen baitu. Norbanako batzuen baitan geratzen da energiaren horniketa eta kudeaketa (boterea), eta berauen helburua hortik ahalik eta diru eta etekin gehien ateratzea da.

Bada beste mugimendu bat ordea, autogestioa ipar izanik ere (aipatutako kooperatiba motak autogestioan ere oinarritzen direla esan behar baita), beste nortasun bat duena. Autogestioa erabiltzen dute, politikaz haratago, arlo sozial eta ekonomikoan ere independentzia ideologikoa eta demokrazia sakon baten alde. Horrela, autogestioa norberak antolatutako kudeaketa-sistemaz gainera, gizarteko arlo guztietako harreman sozioekonomikoen erabateko alternatiba moduan planteatzen da. Beraz, autogestioa defendatzen dutenen iritziz, independentzia ekonomikorik ez daukan kolektibo batek ez du inoiz independentzia ideologikoa izango.

Hor dugu Errekaleor, autogestioaren ideia hori praktikara eramten ari den proiektua. Gasteizko auzo honetan, autogestioa oinarri, bertako bizilagunek militazioa aurrera ematen dute.

Tarifa-defizitaren arduradun bakarrak energia berriztagarriak direnaren mitoa

2010era arte, energia berriztagarriek laguntza handia lortu zuten instituzioen partetik. Espainiar estatua teknologia mota hauetan inbertitzeko “paradisua” bihurtu zen, baina hurrengo urteetan egoera erabat aldatu zen.

Energia berriztagarrien instalazioei oztopoak jartzea, hauek jaso zituzten primak gaindimentsionatuta egotearekin justifikatu ziren. Prima horiek tarifa-defizitaren arazoaren erantzule egin zituzten, hain zuzen estatuak enpresa elektrikoekin zituen zorrekin, zeinak itzelezko zifrak izan ziren (2013an 26.000 milioi euro). Defizit hau, enpresek kontsumitzaileek ordaindutako diru-sarreren eta araudiak elektrizitatea hornitzeagatik onartzen dizkien kostuen arteko desberdintasuna edo diferentzia da.

Hala ere, energia berriztagarrien teknologiak sustatzeko  zenbait politikek desabantailak izan arren, ez da zuzena defizit horretaz zentral berri horiek soilik erantzule egitea. Izan ere, 2001ean hasi zen desoreka, berriztagarrien ekarpena kaskarra zenean.

Bestalde, erregimen bereziaren primak (berriztagarrietatik eratorritako teknologiak erregimen honetan biltzen dira) sistema elektrikoaren kostu osoaren zati bat baino ez ziren (2012an, %35a gutxi gora-behera). Ez hori bakarrik, ezin ahaz daiteke beraien sustapenek berriztagarriak ez diren baliabideei ere bazihoaztela zuzenduta (hondakinen erraustegia edo koogenerazioa, azken hau batez ere gas natural fosilezkoa).

Bestalde, merkatuaren diseinuak berak, energia berriztagarrien horniketaren hazkunde batek elektrizitatearen prezioa murriztea ekartzen du, honek primen kostua konpentsazioa ekarriz. Sistemaren kostuen gardentasun-eza kontuan hartuta, tarifaren defizitaren benetako arrazoiak ezingo dira identifikatuak izan ikuskaritza publiko bat burutu arte, orain arte Kongresuak baztertu duena.

Analisi zehatz bat eginez ikusten da, energia berriztagarrietarako diru-laguntzak sistemaren defizita ekarri zuela esatearen kontakizuna interesatuta egindako interpretazioa izan zela, sektore elektrikoaren enpresa tradizionalek sustatutakoa. Enpresa horiek, sistema energetikoaren opakutasunaz baliatuta, 2000. hamarkadan berriztagarrietan gutxi eta gas natural fosileko instalazioetan asko inbertitu zuten.

Beraz, argi ikusi da – eta hau irakurri gabe ere erraz hausnartzera hel daiteke – sistema honen barruan, merkatu energetikoaren erregulazio eta gardentasunaren inguruan aurrerapen sakon baten beharra dagoela sistema jasangarri bat  lortzeko, baina jasangarritasun horrek ez duela inola ere burujabetasunik ekarriko.