Asteartean, Maye Nervi 81 urteko emakumea erail zuten Urruñan, Lapurdin. Bere senarrak tirokatu ondoren, honek, bere buruaz beste egin zuen. Aurtengo lehendabiziko erailketa matxista kasua den arren ez da gertakari isolatu bat, egunero egunero, emakumeen aurkako indarkeriak presente jarraitzen du, beraz, zenbakietatik haratago begiratu eta arazoari muinetik heldu behar diogu.

Erailketa hau, bestelako erasoen kasuan bezala, ez da gertakari isolatu bat ez eta arazo indibidualen ondorio hutsa ere. Arazo estruktural baten aurrean gaude. Sistema kapitalistak, jendarte kapitalista eratuko du eta jendarte hori harreman sozial zehatzen arabera antolatuko eta harremanduko da, honek, bere baitan, indarkeria matxista bezalako biolentzia formak barnebiltzen dituelarik. Hau da, ideologia partiarkalaz baliatuz biolentzia formak naturalizatu eta indarkeria hau gauzatuko duten subjektuak sortuko ditu kapitalismoak.

Honela, biolentzia estruktural honek gure gorputzak eta bizitzak etengabe baldintzatuko ditu, Mayeren eta beste milaka emakumeren erailketa delarik horren adibiderik gordinena.
Emakume langileei dagokienez, azpimarratzekoa da haiek bizi duten errealitate gordina, emakumeen eguneroko lan baldintza prekarioek eta egoera ezegonkorrek zapalkuntza eta indarkeria egoerak areagotzen dituztelako.
Beraz, ozen esan behar dugu: indarkeria hau ahalbidetzen, legitimatzen eta sustengatzen duen sistema kapitalista irauli ez ezik, errotik aldatu behar ditugu sistema horren barnean garatzen diren harreman sozialak. Horretarako kalean lan handia egitea tokatzen zaigu , gizarte eredu hau aldatzeko beharrezkoa baita bere egiturak dudan jartzea, iraultzea eta harreman sozial berriak eraikitzeko pausuak ematen hastea. Gure egin beharra gizarte eredu berri baten oinarriak ezartzea da, horrekin gizarte kapitalistak ezartzen dituen harreman sozialak bere osotasunean gainditu ahal izateko. Beraz, emakumeon aurkako indarkeriarekin amaitzeko ezinbestekoa da arazo horrek duen larritasunaz jabetzea eta, behingoz, erantzuten hastea elkartasuna eta autodefentsa antolatuz.

Horregatik, Azpeitiko Gaztetxetik dei egiten dugu Maye Nerviren erailketa salatzeko bihar ekainaren 21ean, 19:00etan plazan egingo den kontzentraziora joateko.