Duela astebete hasi zen Gazte Sozialisten Topagunea, eta bukatu den arren, Krisiaren Seme-alabok soinean daramatzagu bertan bizitakoak, eta ez ditugu erraz erantziko. Izugarria izan da horrenbeste gazte Esklabetako proiektua hauspotzen ikustea, eta eskerrak eman beharrean gaude.  Nabarmendu nahi dugu joan zen astean egindako lanaren emaitza guztiona dela, eta Esklabetako proiektua tokian tokiko nahiz Euskal Herri mailako langile esperientziak sustatzeko  ere badela.   

Azpimarratzekoa iruditzen zaigu topagune sozialistaren formatua bera, baita bertaratu den jendearen jarrera konprometitu eta eredugarria ere. Borroka komunitatea indartzeko, langile kultura sustatzeko eta prozesu sozialistan sakontzeko aukera aparta izan da topagunea. Orain, hori gorpuzten jarraitzea dagokigu. Horregatik, Esklabetako egitasmoari forma emateaz gain, etortzeko dauden proiektuak babesten eta laguntzen jarraitzeko konpromisoa hartzen dugu Krisiaren Seme-alabok. Eraikina hartu genuenean esan genuen bezala, interes pertsonaletatik urrun,  sektore kolpatuenen mesedetara egongo diren proiektuak marraztera eta gorpuztera goaz, langile elkartasuna ardatz hartuta. Proiektuok modu komunitarioan gorpuztuko ditugu, eta ateak beti egongo dira zabalik zuentzat. Izan ere, denon artean eraikiko dugu langileon babesgune izango den egitasmo hau.

2018ko urrian sartu ginen Esklabak eraikinaren ezker hegalera, eta orduz geroztik, denetariko oztopoei aurre egiteko ahaleginetan ibili gara. Modu horretan, azpiegitura beharrei erantzuten saiatu gara, denetariko egokitzapenak eta berritze lanak eginez auzolanean. Iturgintza, arotzeria, elektrizitatea, igeltseritza eta margoketa lanak, garbiketak nahiz txukunketak… Lan horiek guztiak egin bitartean Jantoki Soziala jarri genuen martxan. Oraindik forma ematen ari gara egitasmoari, baina topagunean egindako lanei esker errazago izango da egiteko dugun bidean urratsak ematea. Hau da, jantokiaren proiektua fintzeaz gain, esku artean ditugun proiektuak egikaritzea.  

Hemen uzten dizkizuegu EHko Gazte Sozialisten Topagunean egindako lanen emaitzetako gutxi batzuk. Eta esan bezala, hau zuena ere badela esan beharrik ez dago. Bidean ikusiko dugu elkar!

Bigarren solairuan zegoen komun bat kendu, eta sukalde bat egokitu dugu, etorkizunean sor daitezkeen behar sozialei erantzuko.
Sotoko gela batean zeuden usteldutako egurrak kendu, eta bodega bat egokitu dugu bertan. Egurrezko ohol guztiak atera, gela garbitu, margotu eta txukundu dugu. Bertan jaso ditugu biltegi komunalerako egindako sagardoak eta garagardoak, besteak beste. Pixkanaka emango diogu forma bodegari.
Eraikineko hainbat lekutan hoditeria aldatu dugu, uraren kanalizazio arazoak sahiesteko, eta komunak erabilgarri jartzeko solairu guztietan.
0. solairuko komunak.
Argia eta ura moztu zigutenez, ura jasotzeko sistema propioa egokitu dugu. Modu honetan, euri-ura jasoko dugu sotoko askan, Bertan bildutako ura baliatuko dugu hainbat gunetara ura bideratzeko. Iturgintzako lantaldeak lan handia egin du horretarako.

Biltegian ditugun eguzki plakak jartzen ditugunerako argi instalakuntza egin dugu, eta kableak kaneletekin estali ditugu. Lanok eginda, txukun txukun utzi ditugu solairu guztiak.

Esperientzia honek piztu ditzala grin iraultzaileak Euskal Herriko txoko guztietan. Izan ere, ez dago borrokarako hauspo hoberik elkarrekin lan egitea baino. Ildo sozialista sendotzeko beharrezko bidea da antolakuntza. Meta dezagun potentzia!

Egunotako ARGAZKI BILDUMA OSORIK hemen.