Aste honetan kapitalak erail dituen bi langileen familia zein ingurukoei elkartasuna eta animorik beroenak adierazi nahi dizkiegu, eta egoeraren larritasuna ikusiri, irakurketa hau zabaltzea erabaki dugu.

Astelehenak kolore beltza hartu zuen langileontzat. Goizaldean, baso ustiaketan zebilen langile baten ezbeharraren berri jaso genuen. Ondoren, Zarautzen antzeko lan istripu bat gertatu zela jakin genuen, kasu horretan behargin bat garabi batetik jauzi ostean hil zen. Biak ala biak emaitza gordin berarekin: bizitza aurrera atera nahian lanak hil ditu beste bi behargin.

Ez gara nekatuko arazoaren muina azaleratzearen ahaleginean, sustraiak bertan utziz gero sasia berriz irteten baita. Helburu bakartzat kapitalaren akumulazioa duen sistemak jarri gintuen, gaitu  eta jarriko gaitu antzerako gertakari samingarrien aurrean. Kapitalismoak berarekin dakarren konpetentzia sutsuak langileon etekinen zukutzea dakar, eta, ondorioz, gure bizitzen zukutzea, askotan heriotzeraino. Ondorioek axola gabe, lanaldiak luzatzen dizkigute, produkzioa azkartzera behartzen gaituzte, presio bortitzak pairatu ohi ditugu eta abar luze bat.

Nolabait, eta behargin hauen heriotzei larritasuna kendu gabe, langileok jasaten dugun estrukturazko biolentziaren izebergaren punta da lan istripuen auzia. Kapitalaren dinamikak langileon bizitzen osotasuna baldintzatzen baitu: lan postuetan zuzenean bizi ditugunetatik hasi (osasun arazoak, miseriazko soldatak, estresa…), honen ondorio zuzenetatik segi (etxekaleratzeak, isolamendua, depresioak, harremanen desnaturalizazioa…) eta mundu mailako fenomenoetaraino (gerrak, krisialdiak, sakeoak, faxismoaren gorakada…).

Behin eta berriz ikusi eta senti dezakegu etekinen norabideak langileria zein tokitan uzten duen. Baina norabide honek, interes batzuei erantzuten die,  burgesiaren interesei alegia, eta, beraz, arduradunak ditu. Kasu zehatzetan arduradun  hauek seinalatzeaz gain , gure betebeharra da egoera hau irauliko duen baldintzak sortzea.

Muturren parean dugun errealitatea ez da nola nahikoa, eta, beraz, gaur arratsaldean egingo den mobilizaziora deitzearekin batera, ezinbestekotzat deritzogu langile batasunaren eta antolakuntzaren aldarrikapena egitea; baturik eta ondo antolaturik soilik gauzatu baitaitezke langileriaren interesei erantzungo dieten estrukturazko aldaketak.