Aupa,

Hauteskunde kanpaina bete betean sartuak garen honetan eta hausnarketa egunaren bezperaren bezpera dela aprobetxatuz, zenbait gogoeta orokor egin nahi nituzke bozka ematearen eta botere burgesaren dinamika elikatzearen artean dagoen erlazioaz, eta baita ere langile boterearen eraikuntza prozesuan ardura gisa ulertzen dudana azaldu.

Arduradunak eta ardurak izenburupean, beraz, instituzio burgesen kudeaketa eskumenak lehiatzen dituzten alderdiek, bozkaren mekanismoaren bitartez langile klasearen menderakuntza estrukturalean nola sakontzen duten laburki azaltzen saiatuko naiz, horri kontrajartzen zaion botere errealaren artikulaziorako ezinbesteko diren harreman sozial berriak ulertzeko oinarrizko printzipio bat eskaintzeko aukera irekitzen baitit honek. Honetarako, abstrakzio gradu handia erabiliko dut, abstrakzio gradu handiko hausnarketei edo hausnarketa orokorrei bide eman nahi diedalako.

Arduradun politiko instituzional oro, lurralde batean ematen den dinamika sozial edo botere dinamika zehatz baten ordezkari politikoa da. Berdin du erakunde internazional bateko, estatu bateko, erkidego bateko, herrialde bateko zein herri edo auzo bateko ordezkaria izan. Ekoizpen modu kapitalistan, dinamika sozialaren eragilea den oinarrizko harremana, kapital-lana harremana, goitik behera antolatzen da. Marxek zioen gizarte burgesaren oinarrizko harremanek (ekoizpen harremanek), formazio sozialaren zimenduek, zimendu horien gainean altxatzen zen eraikinaren nolakotasuna baldintzatzen dutela: zimenduen nolakotasunak berauen gainean eraikiko denaren forma baldintzatu egiten du. Guri interesatzen zaigunerako, hemen azpimarratu behar dena zimenduen nolakotasunari funtzionala ez den eraikinik ezin dela egin da.

Honen arabera, gizarte eredu kapitalistaren botere modalitate espezifikoa (botere burgesa) ekoizten duen oinarrizko harremanen nolakotasunak (klase arteko dominazio harremanak), sistemaren zimenduak, baldintzatuko du botere burgesaren kudeatzen den eremu ezberdinetan aurkitzen diren arduradun instituzionalek beren subordinatuekin harremantzeko duten modua. Harreman eredu hau dominazio harreman orokorrari funtzionala izango da, ala ez da izango.

Hau dela medio, gizarte kapitalistaren baitan, langileok institituzioak ere gure erabakimen gaitasun errealetatik at ulertzen ditugu, mistifikazio bat ematen da: gu kontrolatuko gaituen boterearen delegazio ariketa bat burutzen dugu, gu gara ariketa horren baldintza baina ez emaitza. Beste era batera esanda, instituzioak eta bere arduradunak, guk zilegitzen ditugu baina gu kontrolatzen gaituzten instantzia gisa ageri dira. Fenomeno hori hauteskunde garaietan alderdi politikoen programetan eta ekintza propagandistikoetan behin eta berriz elikatzen da, enfasi bereziz: “gu arduratuko gara” zure bizitzaz. “Hauta ezazu”, nolako kudeaketa eredua nahi duzun. “Nirea hobea da”. Finean, indarrean dagoen botere erregimenaren kudeaketaren  nolakotasuna da hauteskundeetan jokoan jarri ohi dena, honekin boterearen ekoizpen modalitatea de facto ekuaziotik desagertzen delarik,

Alderdi politikoetako hautagaiek, desklasatutako herritarren arduradun instituzional izateko, programa politiko definitu baten aldeko konpromisoa berresten duen bozka darabilte zilegitasun printzipio gisa. Hala, botere delegazio formal baten instituzioa da bozka. Ondo aztertuta, ikusiko dugu ariketa honek bozkatzaileari aitortzen diola boterea, berau delegatu dezan. Baina delagazio hau ez da nolanahikoa: bizitzaren gaineko kontrola ukatzea da bozka ariketan zilegitzen duguna. Langile klaseak, botere burgesak ekoitzi eta erreproduzitzen duen klase menderatu gisa, oso kontuan izan behar du beraz bozka ariketan egiten ari denak bere bizitzaren gain duen inplikazioa. Epe laburrean, bozka ariketa, berehalako interesen gauzapenerako erabilgarri gisa ager baldin badaiteke ere, ikuspuntu estrategiko batetik, langileriaren kateak estutzen ditu, langileria despolitizatzen du, bere botere propioa programa politiko burges eta sasi-langileei delegatuz. Honela ikus dezakegu bozkaren ariketak bere fundamentu propioen arabera antolatutako langile botere baten eraikuntza prozesuan soilik izan dezakeela zentzua langileriarentzat. Beraz, sistema kapitalistaren baitan langileriak duen posizio objektiboa ulertu gabe, bozkaren ariketak klase menderakuntzan sakontzen duten estrategia politikoak elikatzen ditu. Alderdi politikoen eta euren arduradunen kontsigna eta bandera faltsuek, kapitalari funtzionala zaion kudeaketa eredua besterik ez dute eskaintzeko.

Marxen esaldi famatura itzultzen bagara, konturatuko gara orain arte aipatu dugun langileriaren ardura eta betebehar propioaren delegazioa bermatzen duten Estatuaren administrazio instituzioak, botere burgesari funtzionalak izanagatik, ez direla zertan ukatu borroka eremu gisa. Izan ere, goitik behera egituratuta egoteak, ez du suposatzen nahitaez honela funtzionatu behar dutenik. Dinamika orokorrak baldintzatuak daude eta dinamika horri funtzionalak dira, bai, baina ez du horrek dinamika sozialaren azken instantzian dagoen faktoreak, klase borrokak, hor paper garrantzitsu bat joka ez dezakeenik esan nahi. Instituzio kapitalisten funtzionamendu zehatza, aspektu honetan, esparru politiko guztietan bezalaxe, bertan parte hartzen duten indarren arteko korrelazioaren araberakoa izango da. Behetik gorako indar politiko antolatu bat eraikitzera goazen heinean, instituzio burgesetan ERE borrokatu beharko dugu, hauetan dagoen boterea gure beharren arabera kudeatu eta geure instituzio propioak elikatzeko palanka gisa erabiltzeko; parte hartu bai, baina erauzi ahal izateko.

Honekin esan nahi dudana zera da: langile boterearen eraikuntza prozesuan langile klaseak bere beharrei bizitzako esparru guztietan erantzungo dien programa politiko propio bat gauzatzen ez duen bitartean, ezingo duela instituzio burgesetan bere interesen arabera eragin. Programa horren eraikuntzak, behetik gorako artikulazioa beharko du izan, proletalgoaren gidaritzapean beharrizan propioei modu unitarioan, klase batasunez, erantzungo dioten instituzioen eraikuntza prozesuak baldintzatuko duelarik programaren bideragarritasun erreala. Programa komunista gauzatzeak ezinbestean galdegiten du, beraz, langile klaseak bere buruarekiko duen ardura politikoa bere gain hartzea.

Hala, proletalgoaren instituzio propioetan zein instituzio burgesetan, botere modalitate propio horren zimendu edo oinarrizko printzipioei funtzionalak izango zaizkien eta horien arabera antolatuko diren arduradunak instituitu beharko dira. Honela formulatuta, arduradun hauek ez dira langile klasearen mandatari burokratiko gisa agertzen; bere beharrei modu kontzientean erantzuteko ardura bere gain hartuta antolatzen den langileriaren beharren subordinatu gisa baizik. Programa komunistari subordinatuta alegia.

Gaurdanik hasita, langileriaren eguneroko ardura da botere burgesaren instituzio pribatu zein publikoetako arduradunen interesak, bere behar eta interes propioen ikuspuntutik aztertzea, ulertzea, kritikatu eta konfrontatzea. Berdintasun eta askatasun ideien baitan artikulatzen diren diskurtso ezberdinek eurekin dakarte langileriaren despolitizazioa eta, ondorioz, erabakimen ahalmenaren anulazioa. Baina langileriaren ardura historikoa ez da soilik zentzu kritiko batean errealitatea azaltzeko gaitasunera edo betebeharrera mugatzen. Ardura historikoa behar propioei erantzuteko modu eraginkorrenean antolatzean datza. Garai hauetan, horixe da Euskal Herrian gorpuzten ari den langile mugimenduak eraikitzen jarraitu behar duen prozesua. Antolakuntza eredu sozialista, non geure eta geure ingurukoen bizitzen gaineko ardura geure egiten dugun. Finkatzen ari garen zimenduek, beraz, gauzatu asmo ditugun proiektuen nolakotasuna baldintzatu beharko dute, hauek haiei funtzionalak izan, azken instantzian behar propioei erantzutea, harreman eredu berriak eraikitzea delako. Antolatzea, harreman eredu hauek modu eraginkor eta koherentean instituzionalizatu eta ordenatzea da. Langileok ezin dugu ardura politikoa delegatu, modu ahalik eta eraginkorrenean banatu baizik.

Ondo segi eta hurrenarte!