Azpeitia (des)egin

Una extraña paradoja: al actuar, la gente sólo piensa en su interés privado más mezquino, pero al mismo tiempo su comportamiento está, más que nunca, condicionado por los instintos de masa

Walter Benjamin.

Beste batzuen hitzekin hasteko joera dugu. Agian beldurra da, baina gehienetan besteek hain zehatz adierazi duten hori gogora ekartzea besterik ez dugu nahi. Benjaminek kultura burgesa gorroto zuen, horregatik idatzi zuen burgesiak sortzen eta elikatzen zuenaren aurka. Auzi estetikoari ez ziola modu desordenatuan heldu uste dugu; batetik, zentzu askotan, estetikaren auzi politiko-kulturalari erreparatu ziolako. Bestetik, Benjaminek hil aurretik oso proiektu garrantzitsua zuelako esku artean. Hau Parisen kokatzen zen, baina hiriaren azaleko azterketa batetik harago, modernitatearen proiektu kulturala azaltzea zen bere asmoa. Hau da, modernitatearen egituraketan sortuko ziren molde berriak azaldu zituen, burgesia klase bezala nola egonkortzen den kapitalarekin batera. Bere esanetan, hiriak hartu zuen egitura berri hau bertan kultura burgesa egikaritzeko oztopoak jartzen dituzten arazo eta subjektuak ezkutatzeaz eta kanporatzeaz arduratuko da, honela, subjektu berriak sortzeko aukerak murriztuz, baina, betiere, arazo hauekin amaitu gabe. Parisen kasuan, eraberritze honek hiriko kaleen zabaltzea ekarri zuen bertan barrikadak egitea eragotziz. Gure kasuan, gure inguruko herri eta hirietan azken hamarkadetan ematen ari diren eraberritzeek ere helburu zehatzei erantzuten die, Azpeitiko kulturaren epizentro bihurtu den plaza kasu. 

Kulturaz

Kultura berau osatzen duten subjektuek (taldeetan edo klase sozialetan antolatuta) beren bizitza eta errealitatea antolatzeko duten modu partikularraren espresioa dela esan dezakegu. Hau da, mundu ikuskera, esanahiak, baloreak eta ideiak gorpuztean osatzen dena. Modu honetan, kultura konkretu bat osatzen duten subjektuen artean mundu ikuskera eta ideia horiek barnebilduko eta ulergarri egingo dituen esanahien mapa bat sortuko da. Baina, mapa hauek ez daude buruan bakarrik. Nolabait esateko, mapa hauek bi dimentsiotan koka ditzakegu: Batetik, plano abstraktuan aipaturiko ideia eta mundu-ikuskerak ditugu, eta bestetik, plano konkretuagoan guztia materializatzen den espazioak eta instituzioak. Hobeto uler dadin, eta bereizketa honen kontzeptualizazio eta definizioen zurruntasunean ez erortzeko, argiak izan behar dugu eta bi adiera hauek espazio egokian txertatu. Bereizketa honekin ez dugu esan nahi berauen artean harremanik gabeko bi eremu autonomo direnik, ezta bi eremu hauen arteko harremanak beti egitura eta pauso berdinak, pauso logikoak, dituenik ere. Hau da, subjektuek beren bizitzak kulturaren inguruan antolatzen dituzten heinean, prozesu sozial oso baten gisan ikusi behar dugu. Betiere, osotasun hau bere konplexutasun eta dinamismo osoan ulertuta. Modu honetan, forma eta produktu kulturalak ez ditugu produktu estetiko huts eta isolatu moduan hartu behar, formazio soziala bere osotasunean zeharkatzen duten eta indar eta aldaketa historikoen emaitza diren prozesu sozialen adierazpen bezala baizik.

Hau da, guk kultura egiten dugu, eta aldi berean kulturak gu egiten gaitu. Izan ere, kulturaren eratze prozesuan (etengabe garatzen doan prozesua dela ahaztu gabe) parte hartzen duten elementu determinatzaileak ez dituzte kultura hori osatzen duten subjektuek erabakitzen. Hau da, kultura konkretu baten eratze baldintzak ez dituzte subjektuek determinatzen, beraz, hauei, nolabait “ajenoak” zaizkien baldintzen arabera eraikiko da beren “mundu ikuskera” eta beren errealitatea espresatzeko modua. 

Baina nola da posible norberari “ajenoa” zaion baldintzetan eraikitako zerbait norbere kulturatzat ulertzea? Kulturak, talde baten bizi traiektoria eta errealitatea ikusteko eta ulertzeko modua gorpuzten badu ere subjektuak kontrolatu ezin dituen baldintzen araberako forma hartuko du baina, aldi berean, forma hau ez zaio arrotza egingo. Kultura bat eratzerako eta batez ere legitimatzerako orduan behar beharrezkoa baita subjektuek hau naturalizatzea, berak erabakimenik ez duen kondizioetan sortutako errealitate hori bere egitea. Honela soilik iritsiko da kultura hori dominantea izatera, hegemonikoa izatera.

Prozesu honen bidez, indibiduo bakoitza “kultura” baten barnean kokatuko da. Hau da, komunitatea eratzeko gai izango da –komunitatea esanahi eta adiera berdinak konpartitzen dituen eta berriak sortzeko gaitasuna duen talde gisan ulertuta– eta kulturaren barnean sortzen diren estrukturek indibiduo horren existentzia kolektiboa definituko dute. Modu honetan, indibiduo hauek subjektu aktibo bihurtuz, historian eta errealitatean eragiteko gai diren subjektu.

Noski, prozesu hau oso konplexua eta bere osotasunean ulertzen eta azaltzen zaila da, baina bertan parte hartzen duten elementuak aztertzearen, eta batez ere, identifikatzearen beharra azpimarratu nahi dugu. Itxuraz ausazko eta neutro bezala aurkezten zaizkigun hainbat eta hainbat elementuk eragin zuzena baitute gure bizitzen antolaketan. Hau ikusita, kultura (bere eratzea eta erreprodukzioa) sakontasunean aztertzeko beharra geroz eta argiagoa delakoan gaude. Kulturaren analisi zehatzaren faltan ezinezkoa bailitzateke iraganeko naiz egungo eraldaketa historikoak modu aproposean pentsatzea. 

Plaza, aldaketaren ispilu

Azpeitiko aldaketa definitzeko eskatuz gero, biek adibide bera jartzen dute: herriko plaza. Plazaren eraldaketan islatzen dute aldaketa. Alkortaren hitzetan, “espazio publiko bat berreskuratu” da herritarrentzat: “Gaur Azpeitiko plazara begiratu, eta urteotako lanaren emaitza dela esango nuke. Herritarrekin egin da aldaketa, parte hartze prozesu eta galdeketen bidez, herritarra ekarri da erdigunera, eta ekonomiaren motore izateko baliabideak jarri dira bertan. Horrek guztiak, herritarrak elkartzeko gunea eta elkarbizitza hobetzeko ere balio izan duelakoan nago. Mila hitzek baino irudi batek gehiago balio duela, bada, ostegun, ostiral edo asteburu arratsalde bateko plazako irudia da emaitza. Hori da gure eredua, eta hori oinarria hartuta segituko dugu lanean”, azpimarratu du Alkortak.

(Eh Bilduko programan agertua)

Ez dugu uste “irudi batek mila hitzek baina gehiago” balio duenik. Baina bai irudiek asko balio dutela. Ziurrenik uste duguna baina gehiago. Keith Moxey honela dio “las imágenes son prácticas culturales cuya importancia delata los valores de quienes las crearon, manipularon y consumieron” (barka itzulpen eza). Kontua ez da irudiek asko balio duten hala ez. Irudia bere horretan hori da, irudi bat. Irudiak sortu egiten dituzte, sortu egiten ditugu. Beraz, nork, nola eta zergatik sortzen dituen eta nork, nola eta zergatik kontsumitzen dituen aztertu behar da. Duela hilabete batzuk idatzi genuen artikulu batean honela definitu genuen “irudia”: Irudi bat ez da pertzepzioaren ondorio soil bat, eraikuntza sinboliko bat da. Gizarte konkretu batek eta momentu konkretu batean produzitzen eta kontsumitzen duena, eta sinbolizatze kolektibo edo pertsonal baten ondorio izan litekeena.

Beraz, azken urteetan sortu den irudia azter dezagun. Nork, nola eta zergatik kontsumitzen duen aztertzeaz gain, nork, nola eta zergatik sortu duen. 

Zergatia aztertzea lan konplexua eta zaila dela deritzogu eta guk gaur egun esku artean ditugun elementuekin analisi serio bat egiteko gaitasunik ez dugula uste dugu. Hala ere, eta motzean, esan dezakegu estetika konkretu batek (sortzen ditugun irudiek) gizartea momentu horretan dominatzen duen forma ideologikoari erantzungo diola, horren bidez hau habitatuko duen subjektuari forma emanez. Izan ere, dominazio sozialak etengabe eragingo du subjektuon gorputzetan, gure aparatu psikikoan, baina baita gure inguru materialean ere. Ideologia dominatzaileak mekanismo estetikoen bidez emango dio forma kulturari eta kultura horren bidez lortuko du gizartea osatzen duten subjektu horien identifikazioa. Modu honetan, subjektuak ideologia hori bere egiten duen arte.

“Nola” galderari erantzuten saiatuko gara. 

Espazio territorial konkretu batean kultura konkretu bat sortuko da, eta kultura honek determinatuko ditu inguratzen gaituzten beste hainbat elementu. Izan ere, estetikak gorputza eta gainontzeko topiko politikoak lotuko lituzke (estatua, produkzio modua…) eta hauen baitan egituratuko da gizartea. Beraz, Azpeitiko Plazaren egiturak eredu konkretu bati erantzuten dio, kultura konkretu bati, soziologia konkretu bati.

Plaza ez dugu elementu sinboliko bezala hartzen (nahiz eta gaur egun elementu sinbolikotik asko eduki, Azpeitin beste hainbat espaziok bezala, adb: Loiola), baizik eta elementu material determinatzaile gisa. Arkitektura ez da azaleko elementu neutro bat, kultura eta gizarte baten eraketan paper garrantzitsua jokatzen du. Elementu eta diskurtso bisualek, azken instantzian, formazio sozialaren eta hau osatzen duten pertsonen egituraketan parte aktiboa dute, elementu hauek determinatuko baitute ikuslearen, begiratzen duenaren eta ikusten duenaren arteko harremana. 

Arkitektura, hirien eta herrien egitura, historian zehar zerbait planifikatua eta oso ongi pentsatua izan da. Honek, nola ez, produkzio moduari zuzenki erantzuten dio. Baita kulturari ere. Izan ere aspektu hauek kultura zehatz bat eraikitzeko ezinbestekoak izango dira, baina kultura bera ere determinatzailea izango da gainerako aspektuen gainean. Gure herrietan egiten diren urbanismo planak plan kulturalak izateaz gain (alde zaharren bizi berritzea, herritarren irisgarritasuna bermatzea, herriari bizia ematea…) plangintza ekonomiko oso zehatz bati ere erantzuten die (kontsumoaren hazkundea, ekonomiaren bizi berritzea edo berregituratzea…). Hau da, espazio bat eraikitzen denean erabilera zehatz bat emateko da, jendea bertan modu zehatz batean ibil dadin. Beraz, ez dago ezer ausazkorik, ez dago ezer objektiborik. Izan ere espazioa eraikitzen den moduak eta espazioak hartzen duen formak erabat determinatuko du honen erabilpena (hasieran jarri dugun Pariseko adibideak argi erakusten du hau). 

Arkitekturak, plazaren konfigurazioak, determinatuko du espazio horren erabilpena, erabilpen modua zein berau okupatuko duen jendea. Honek bi konfusio sor ditzake: alde batetik, bertan denok gaudela pentsatzea. Eta bestetik, aurrekoarekin guztiz lotuta, espazio hori hartzeko eta erabiltzeko modua bat eta bakarra dela pentsatzea, kasu honetan, kontsumoa. 

Argi dago, alkateak eta alkategaiak dioten eran, azken urteetan plazari emandako egiturak eredu bati, proiektu politiko zehatz bati
erantzuten diola, eta beraz, subjektibitate konkretu eta soziologia konkretu bati: klase ertainari. Eta soziologia konkretu horren baitan itxuraz ematen den irudia ere oso konkretua da: zoriontasuna eta ongizatea. 

Ausazkoak ez diren bi elementu jartzen dira hemen mahai gainean, batetik, aipatu berri duguna, espazio honen eraikuntzak eta honek erantzuten dion ereduak ze subjektibitate (ze kultura, ze mundu ikuskera) sortzea duen helburu eta bestetik, subjektibitate horrek estetikoki ze forma hartzen dituen eta espazio horretan nola ematen diren (janzkera, harremanak, kaleen itxura, kalea hartzeko modua, aisialdi eredua…). Honek ez du esan nahi, beste behin, elementuak bananduta daudenik, biak elkar determinatzen dira, baina analisirako bereizketa hau egitea behar beharrezkoa da (nahiz eta esan dugun bezala bigarren elementu hau aztertzeko gai ez izan).

Egun, nahiz eta plazaren espazioa askatasun printzipio baten gainean eraikitzen dela dirudien, bertan kulturalki aspektu batzuk inposatzen diren heinean (inposatu esatean espazio horren gainean erabakimena dutenek hartzen dituzten erabaki konkretuen emaitzaz ari gara) itxurazko askatasun hori ez da existitzen, espazio hori hartzeko modua oso determinatuta baitago. Programan aipatzen den bezala, ostegun, ostiral, larunbat eta igandeko plazako irudia kontsumoaren irudia da eta bertan ez dago beste ezertarako lekurik. Plaza, bertan elkartzen garen jendearen izatea (bere egoera ekonomikoa, bere itxura, bere bizimodua) reafirmatzeko espazio bihurtu da. Manifestazio, kontzentrazio edo beste edonolako mobilizazio politikoren gainetik dagoen poteoa izatea astean (gutxienez) lau egunez bertan ikusten den bakarra, ia plazaren espazio guztia tabernetako eserlekuek okupatzea, plazan ia etorkinik ez ikustea… ez dira kasualitateak. Proiektu politiko eta kultural baten baitan plazaren eta bere ingurunearen gainean harturiko erabaki kontzienteen ondorioak dira. 

Kulturaz ari garenean, beraz, gure inguruaz ari gara, gure mundu ikuskeraz, gure errealitatea ikusteko, esperimentatzeko eta ulertzeko moduaz. Auzi politikoa da, eta behar den garrantzia eman behar diogu. Guk errealitatea ulertzeko dugun moduak determinatuko baitu errealitate horretan nola bizi garen eta nola bizi nahi dugun. 

Hau ez da kanpo ikuspegitik eginiko analisia eta kritika, barne ezintasunetatik abiatzen da hein handi batean. Kapitalismoaren kultura dominantearen egituretatik ateratzeko ezintasunetik, espazioak hartzeko eta politizatzeko modu berri eta benetan kontrajarriak sortzeko ezintasunetik. Sarritan zaila egiten zaigu aspektu kulturalei dagozkien problematikak identifikatzea, hau joko zelai gisa ikustea. Zaila baita inguratzen gaituena, gure egunerokotasuneko dinamikak eta egiturak, dudan jartzea. Baina guztiz beharrezkoa da.

Beraz, has gaitezen espazioak hartzeko eta bizitzeko modu berriak pentsatzen, gure espazio propioak sortzen eta, pixkanaka, kultura berri baten oinarriak eraikitzen. 

2 Iritzi

  1. Orrazirik gabeko lamia

    2019-05-16 at 18:31

    Chapeau, (H) iltzeak. Plazera horrelako artikulu bat irakurtzea gure Kontu Lepon. Jarraitu inguratzen gaituenaz hausnartzen, badugu eta lanik nola alda/eragin dezakegun pentsatzen.

  2. Hau alde earrekue da! Marraketxeko plazie (wikipediatik, euskeraz eztao): “Todo en Marrakech gira en torno a Yamaa el Fna. Miles de personas se dan cita en este espacio público llenándolo de color, cultura y negocio. Contadores de cuentos, maestros exponiendo sus enseñanzas, encantadores de serpientes, danzantes, dentistas, vendedores de zumos de fruta, acróbatas, escritores de cartas, aguadores… un infinito número de actividades y personas que se juntan y van abarrotando la plaza y sus callejeas adyacentes según va llegando la noche.
    Los puestos de comida especializados, cada cual en su hacer, inundan con la noche una parte de la plaza, que queda iluminada por cientos de lucecitas e inundada de humo con multitud de olores.” Oingo gure plaza zoragarriko zurruterismo, jarduterismo, berriketismo ta apaindurismo tonto hortatik iheseiteko eredu politte izen leike Marraketxeko hori. Animau in ber eitea ta deseitea!

Utzi erantzuna

Zure helbide elektronikoa ez da argitaratuko.

*

© 2019 Kontu Lepo