Gure aurrekari penalak

2019ko maiatzaren 8a.

 Kaixo,

Nire esker ona Kontu lepoko irakurleoi, GIF eta telesail ikus errazen aroan irakurtzeko tartea hartzeko esfortzua egitea ez da gutxi. Nekatuta dago langileria, baita neu ere. Unibertsitatetik bueltan, Anari entzuten etorri naiz autobusean. Onartu behar dut zapore gazi gozoa utzi didatela bere kantek garuneko dastamen-papiletan.

Momentuko sentsazio horren eta gizartearen konfigurazio orokorraren arteko konexio saiakera bat egin nahi izan dut gertatzen zaidana hobeto ulertu ahal izateko. Konexio horren begirada orokorregi bat da artikulu hau. Justu justu bereiz ditzaket kable urdina eta marroia, baina tira.. Has gaitezen!

  Gazi bezain gozoa zen sentsazioa, minean plazerez galtzea zer den badakizuenok erraz ulertuko duzue hori. Ulertzen dituzue Anariren letrak, erraietaraino iristen zaizkizue. Ederra denaren bilaketan gabiltzan esteton bihotz sentiberak lasaitzeko bide dira bere kantak.

  Baina Ziakhusek dioen bezala, katarsia vs analisia. Gazte iraultzaileona ez da “lamentazioaren” apologia, ez gabiltza zirkulu berdinean biraka etengabe, errealitatea ez da subjektiboa. Ezagutzen dugu gure ezbeharren oinarri materiala, badakigu ideologia burgesaren erreprodukzioa guztiz lotuta dagoela ekoizpenarekin, banaketarekin eta kontsumoarekin. Badakigu lanak “pott” eginda uzten zaituenez indarrak falta zaizkizula zenbaitetan benetan inporta duen horri merezi duen denbora eskaintzeko, bakarrik sentitzen zarela, zeure burua ez den beste norbaitez arduratzea araua baieztatzen duen salbuespena dela.

 Zenbait kantuk ez gaitzatela eraman pentsatzera arazo “pertsonal” horiek norbere buruarekiko duelu zentzugabe , abstraktu eta amaiezin bezain konstanteen joko zelaian aztertu behar direnik ( Nire iritziz Anarik egiten duen bezala ). Krisiaren seme-alabek ateratako txostenaren lehen puntuetan garbi asko ageri den bezala, bakardadea eta egoismoa bezalako fenomenoak gizarte kapitalistaren baitan izan behar dira ulertuak. Hemen txostenaren linka: http://www.kontulepo.eus/wp-content/uploads/2019/04/Krisiaren-seme-alabak-txostena-osorik.pdf

  Bada bertan esku ikusezin bat “ balio “ ez duena baztertzen duena, bada gure arteko lehia. Merkantzia gara, merkatuaren logikak barrenak jaten dizkigu, negarra eragiten digu, antsietatea. Merkatuaren atzean erlazio sozialak dauden hein berean, erosten dugunaren ekoizleak geu baikara, merkatua ez da harreman eredu berriaren eszenatokia. Bera, konpetentzia eta enpatia ezaren hotza baita esentzian. Berarekin harremanean gaude une oro. Harreman horiek egikaritzen gaituzte, ukitzeaz soilik pozoitzen gaitu.

  Subjektu ekoizlea objektu bilakatzen da gizarte kapitalistan; objektua subjektu kapital forman. ( Subjektu – objektu eskema biratzen da ). Langilea kapitalaren menpe geratzen da, beraz.  Langileak bere eskuekin sortzen duen horrek berak manipulatzen du, eguneroko jardunak, lanak, produkzio prozesuak berak. Kapitala langilearen eskuen lanaren emaitza baita. Kapitalista, honen jabetza duen agente kontzientea.

  Langileak lan indarra saltzen du, salgaia da, merkantzia. Beste edozein merkantzia bezala, merkatuaren logikan integratua egon behar du ezinbestean.  Merkantzia berezi hauen arteko konpetentzia sustatzen du kapitalak, merkatuko beste salgaiekin egiten duen moduan. Konpetentzia hori sustatzeko guztiz beharrezkoak ditu langileen arteko elkartasun eza, isolamendua, egoismoa…

  Esan bezala, merkatua eta gizarte kapitalista bera konpetentzia eta elkartasun eza dira esentzian. Esentzia piramidearen oinarria den heinean, oinarria ostikoz jo eta piramidea suntsitzea tokatzen zaigu, sistema ezin baita aldatu, sistema baita aberia. Hori egin ezean, etengabe erreproduzituko ditugu Anariren zein beste hainbaten musa diren ideologia burgesaren ahalmenak. Aiztoz beteta dagoen gela batean ezingo gara izan aske.

                                                                                                                   ZIKOITZ

Postdata

Aurreko idatzian jaso nuen erantzun baten harira, adierazi nahi dut ez naizela jendeari nola jokatu agintzen dion tiranoa. Bai, ordea, irakurleengan zentzuren batean eragin nahi duen esklabua. Nahiko nuke libururen bat irakurriko balu aspaldiko partez lokaleko nire lagunak; nahiko nuke jendeak Oliba gorriak gehiago entzungo balu Anariren ordez.

Baina hauek nahiak baino ez dira eta nire ordenagailuko teklatuak ez du nahi hauek errealitate bilakatzeko gaitasun “inmediatorik”. Horregatik naiz ni bitartekari hutsa, karta bat dakarren belea.

5 Iritzi

  1. Tendentzioso

    2019-05-12 at 13:51

    Kaixo Zikoitz! Oso oker zaude nire ustez Anarik egiten duen lamentazio pertsonalaren fenomenologia lamentazio honen apologiarekin nahasiz. Bestalde, “epilogo bat” diskan argi ta garbi ikus (entzun) liteke arazo pertsonalen fenomenologia guzti hau testuinguru sozial bizi batean dagoela kokatua, “zure melankoli burgesa”, “tristuraren industriak zuretzat sortu dituen antsiolitiko eta kantuak”, “makrobiotika ta…”. Gainera, orokorrean, bere piezak maila literario handikoak dira azken aldian euskal letretan eta oro har euskal kulturan ez bezala. Bukatzeko, esan, Oliba Gorriak panfleto hutsa dela, besteak beste Marxek, Leninek eta Lunacharskyk arte proletarioa bihur zedin nahi ez zutena. Artistak mugimendu iraultzailearekin hartu beharreko konpromisoaren formaz asko hitzegin da, literatura anitza dago, eta zentzu horretan Oliba Gorriak Anari baino egokiagoa dela axaleko ondorioztapena iruditzen zait gutxi jota. Kontuan hartu ezazu Olibakoak ofizialista hutsak direla (ez diot Anari sozialista denik, baina Dostoievski sozialista ez izateak ez dio handitasunik kentzen, Leninek ondo zekien bezala). En fin, “gazteria iraultzaileak” kontsumitu beharreko adierazpide kulturalak zein diren ez dakit, dakidana da edizein mugimendu iraultzailek “arte” ekoizpenaren espektroan ordezkaritza izatea interesgarria dela. Eztabaida dezakegu.

    • Kaixo! Nire ustez ukatu ezin dena honakoa da: Badela musikaren industrian artista multzo handi bat ( Bai Euskal Herrian, baita Espainia mailan ere ) bakardadearen apologia egiten duena. Kutsu estetikoa ematen zaio bakardadeari eta uste dut gure borroketan parte hartu ahalko lukeen biztanleriaren zati bat pasibo bihurtzeko balio duen tresna dela kutsu estetiko hau . Jendeak kutsu hori bilatzen du bere arazo pertsonaletan, justifikatzen ditu hauek horren bidez eta bilatu nahi ditu horregatik.

      Testua artista multzo honi bideratuta zihoan batez ere, ez zuzenean Anariri. Hala ere,entzun ditudan bere kantetan antzeman izan dut kutsu estetiko hori. ( Agian ez dut Anarirekiko informazio nahikoa orokorrean Anariren inguruan hitz egin ahal izateko. Hala ere, entzun ditudan abestietatik egiten dudan analisia hori da).

      Hala nola, “ Ametsen eraiste neurtua” kantan “ Zeure buruari biziraun diozunez” dioenean, antzeman dezaket aipaturiko kutsua. Hori esatean, badirudi bi “ zu “ daudela edo antzeko zerbait, baita horien arteko guda bat existitzen dela ere. Errepresentazio horrek plazer estetikoa eman dezake, baita, nire iritziz, potentzia iraultzaile horrek hori bilatu nahi izatea ere. Zer da “hori”? Testuan aipatu ditudan geure buruarekiko guda konstante abstraktu, zein absurduak. Zeinek egiten du “hori”? Bakartiak.

      Bere intentzioa lamentazioaren apologia egitea izan ala ez, uste dut izan dezaketela bere kantek lehengo paragrafoetan aipatu dudan efektua. Efektu hori langile mugimenduarentzat kaltegarria dela deritzot.

      Oliba gorriak artearen kategoriaren barnean sartu edo ez, euskal gazterian sortzen duen efektua lehen aipatutakoaren guztiz kontrakoa da. Langile izatearen harrotasuna transmititzen du, guztiz beharrezkoa garai “postmoderno” hauetan. Beraien kantetan, gainera, arazo pertsonalen soluzioak kolektibo baten baitan dira ulertuak. Panfleto moduan definitzen duzun hori errealista da, materialista da. Eguneroko arazo materialei buruz mintzo da, ez buruko ideiei buruz, Langile klaseak historian zehar lortu dituen garaipenez dihardu, iraultzaren beharrezkotasuna azpimarratzen du… Beraz, panfleto izan ala ez, uste dut sortzen dituen efektuak guztiz onuragarriak direla guretzat.

      Uste dut iraultza sozialistara subordinatu behar duela arteak zentzu batean, hau da, gure produkzio artistikoek iraultzari aportazio bat egin behar diotela, ez dela honekiko esfera independentea artea. ( Ez dut uste zuk hori diozunik ere). Horregatik, aportazio horren arabera baloratzen dut musika. Ez naiz inpartziala eta ez dut izan nahi. Ez dut esaten Anari artista txarra denik berez, gure helburuak lortzeko trena kamutsa iruditzen zait, ordea.

  2. Tendenzioso

    2019-05-12 at 21:14

    1) Bakardadearen apologia gauza bat dela esango nuke eta norbanakokeriarena beste bat eta norbere baitara bildukeriarena, berriz, beste bat. Bakardaderako joera, edo are, gaitasuna, gaur egun ondasun urria direla esango nuke. Gertakarien bat-batekotasunak inposatutako erritmoan zesura edo eten bat egin eta errealitatea birrantolatzeko ariketa disziplinatua da, nire ustez, hautazko bakardadea. Uste dut, gaur egun, orokorrean jendea ez dela bakarrik egoteko gai, ez duela bere burua isiltasunean jasaten, uneoro behar duela mugikorra, ordenagailua (konexio inmediatu bat) etab. bere burua agoantatzeko. Bakardadea abstraktua? Mmm, uste dut ezetz… Abstrakzio ariketa baizik! Era generalizatu batean elkarrekiko dependiente eta aldi berean elkarrekiko axolagabe diren edo garen gizarteetan, gure arteko nexo soziala patrikan daramagunetan, bakardadea baino norbanakokeria da nagusitzen dena, eta honen apologia egiten duten artistak asko dira, bai (punpa lasterrez bat botatzearren “Alaska”). Eta bakardadea bada, inoiz benetan bakarrik egon ezinda sentitzen den bakardadea izango da. Ez dut ukatuko Anariren kanta batzuetan antzeman litekeela ensimismamiento edo norbere baitara bildukeria puntu bat, baina Anari ez da irakurketa bakarreko testu bat. “Zure aurrekari penalak” diska, zuk aipatu kantua agertzen dena, esate baterako, euskal gatazka armatuaren eta armagabetzearen paralelismo emozionala da, une askotan paralelismoaren ze alderi buruz hitzegiten ari zaizun jakiten erraza ez dena, norbanakokeriari kutsu estetikoa ematetik aski urruti. Anariren diska horrek, adibidez, kontzeptu orokor baten orbitan eraiketzen du bere korpus tematikoa, horregatik da esaldiak kontestutik ateratzea hain arriskutsua. Dena den, zure kritika partzialki onartuta ere “epilogo bat” diskan zorrak guztiz kitatzen eta enpazten ditu balizko norbere baitara bildukeria nihilistaren estetizazioarekin.

    2) Potentzia iraultzailearen neutralizatze efektua eta iraultza grina piztearen efektua. Bi adierazpen hauek, “anari” eta “oliba”, hurrenez hurren, langile mugimenduaren bilakaeran kausa bezala aurkezten dituzu, noranzko frontalki ezberdinetan, baina, kausa, finean. Lehenengo eta behin, esan, langile mugimendu sozialistarekin inongo lotura organikorik ez dutela ez batak ez besteak, eta zentzu honetan bigarren mailako fenomenoak direla, ezer kausatzeko indarra izatetik urruti, beraiek dira testuinguru politiko ezberdinen efektu. Esan dituzun fenomenoen kausa direla demostratu egin beharko duzu. Bigarrenik, ez dakit zergatik diozun langile izatearen harrotasuna hain garrantzitsua dela gaur egun… Gauza bat da langile izateaz ez lotsatzea (horretan guztiz ados), beste bat langile izateaz kontziente eta kontsekuente izatea (hau da beharrezkoa dena), baina, klase bezala bere buruaz harro dagoena burgesia da, langileok ez dugu gure langile izaeraz harro egoteko motiborik. Izatekotan gure langile antolakundeez eta hauen borrokaz egongo gara harro. Hirugarrenik, Olibak ez du eguneroko bizitzaz eta problema errealez hitzegiten, kontsignak errepikatzen ditu loro neurotiko bat bailitzan.

    3) Artearen subordinazio formak. Ebidentea iruditzen zait proletargoak bere etsaia menderatzeko prozesu sozialistan, politika kulturala egin beharko duela nahitaez, eta baita artea ekoitzi ere. Gauza bat da, baina, oinarrizko baieztapen hau onartea, eta, beste bat, horrekin zerbait konpondu duzula pentsatzea. Aztertu behar dena zera da, subordinazio harreman horren nolakotasuna. Zein dira obra baten kualitatearen (tendentzia literarioaren) eta tendentziaren (posizionamendu edo tendentzia politikoa) arteko lotura, harreman eta elkar ekintzak? Zein dira mugimendu iraultzaile batekiko konpromezu edo lerrokatzearen forma egokiak? (Panfletarismoa?, efektiboki militatzea? babes publikoa azaltzea?) Ez zait iruditzen auzia hain sinplea denik. Marxek Eugene Suerengan aurkitzen zituen “los más miserables desperdicios de la literatura socialista” aurkitzen ditut nik Olibarengan, batzuetan gertatzen da “que cada vez es más y más un hábito, particularmente entre los tipos inferiores de ‘literati’, compensar la carencia de ingenio en sus producciones mediante alusiones políticas que seguramente atraerán la atención” etab. Tendentzia politikoaren eta literarioaren sintesi armoniko bezala, prozesu sozialistarekin kontsonantzian (badakit zuk zeuk zitatu duzula arestian, e), ikus, Zihakus: ez dira letra solteak.

    • Kaixo! Erantzun bikaina.

      Itaiakoek artikulu batean dioten moduan, bakarrik egoteko gogoa sentitzea geure arteko harremanen sendotasun ezaren efektu da. Harreman eredu horiek hutsalak izatea, artikuluan esan bezala, merkatuaren logikan integratua egotearen ondorio. Zentzu horretan, egoera jakin honetan bakarrik egoten jakitea asteburuko drogaren antzeko zerbait da. Hau da, bakarrik egotea bilatzen da kolektibo sendo bat sortzeko gure ezintasunak direla eta, bakarrik egoten ikasi behar gure artean harremantzeko zailtasunak baditugu. Zeuk ere onartzen duzu hori erantzunean.

      Beraz, bakarrik egoten jakitea, bere horretan, ez zait altxor bat iruditzen , ezinbestekoa zenbaitentzat eguneroko bizitza jasateko baizik. Futbola edo zinemaren zentzu berean, langilearen erreprodukzio esferan sartu daiteke.

      Uste dut idealizatu egiten dela bakardade hau telebistan, sare sozialetan… eta badela multzo sozial handi bat idealizazio honen efektuak jasaten dituena. Multzo sozial honen jokamoldea ez da agian jokamolde hegemonikoa, futbola edo parrandaz soilik hitz egiten duenarengandik ezberdintzen da, horregatik definitu dut potentzia iraultzaile moduan. Uste dut jende mota hau ezer axola ez zaienengandik ezberdintzen dela. Bakardadearen idealizazio horrek kolektibo baten parte izatearen beharrari garrantzia kentzen diola iruditzen zait, zentzu bat bilatzen diola bere bizitzari bakardade horren bidez eta iraultzaren beharrezkotasun inmediatua baretzen duela.

      Esango nuke, orokorrean, jende horren barne ariketa horiek antzuak izaten direla ez direlako testuingu orokorrean ulertuak izaten , horregatik bilakatzen direla “bukle”. Barne ariketa hauek gure aldeko tresna bilakatu ahalko lirateke ongi emanak izango balira.

      Testuingu jakin horren barnean daude kokatuta Oliba gorriak eta Anari, Anari gabe ere bakardeak baditu bere biziraupena bermatzen duten tresnak Hala ere, bakardadearen erreprodukzioa bultzatzen lagundu dezake artistak edo beraren kausen aurkako kritika bideratu. Kausa horiek, esan bezala, kapitalaren erreprodukzio prozesuan dute oinarria. Oliba gorriaken oinarri horren aurkako kritika bat aurki daiteke, Anarin ez ( Nik dakidala).

      “Langile harrotasun” kontzeptuari egin diozun kritikari dagokionez, langileak bere langile izaera gainditzea helburu duen heinean iraultzan, ados nago esan duzuanrekin. Ez zen nire intentzioa zapaldu egoeraren betikotzearen alde egitea.

      Amaitzeko, artikuluaren hasieran esan bezala, fenomenoen gaineko begirada orokor bat da guzti hau, asko konkretizatzea falta zait/zaigu espektro sozial hori hobeto identifikatu, bere beharrak zein diren jakin eta gure borroketan beren tokia bila dezaten.

      • Tendentzioso

        2019-05-13 at 12:12

        Kaixo Zikoitz!
        Zure testua (eta zure erantzunak), orokorrean, problematizazio bezala, eta, ondorioz, lan-ildo bezala, oso interesgarria iruditzen zait, desadostasunak desadostasun. Askotan galdera batentzat erantzun egokiena galderaren birformulazioa izaten da. Kultura proletarioaren inguruan (ez naiz bere manifestazio espontaneoez ari, antolatuez baino) funtsezko galdera edo problema bat antzeman liteke zure idatzietan: Alderdiaren eta bizi artistiko eta intelektualaren arteko erlazioaren nolakotasuna. Uste dut, alde batetik, erlazio honen genealogia egin behar dela, irakaspen historikoak ateratzera begira; bestetik, problema aktual bezala aztertu.

        Zorionak zure lanagatik!

        Ondo segi!

Utzi erantzuna Zikoitz(r)i Utzi erantzuna

Zure helbide elektronikoa ez da argitaratuko.

*

© 2019 Kontu Lepo