(Kolaboraziyue: Oroit)

Askok eta askok Azkoitia herri nekazari, pelotari eta erlijioso gisan irudikatzen duzue zuen buruan eta ez da harritzekoa, azken urteotan instituzioak gobernatzen dituzten burgesiak helarazi nahi izan digun mezua izan baita. Herri zintzoa eta tradizioetan bildutakoa, lasaia eta istilurik gabea…baina hala izan al da prozesu historiko osoan zehar? XIX. mende amaieran eta XX. mende hasieran zer-nolako itxura zuen Azkoitiak? Eta garaiko burgesiak, guk langileok haren atzaparretan mantentzeko adina mekanismorik ba al zuen?

Galdera hauek erantzuteko ezinbestekoa zaigu historian atzera egitea, zehazki, XIX. mende amaieran kokatuko gara. Ordurako, Azkoitiko langileriaren sektore handienak nekazaritzan jarduten bazuen ere, jute fabrikak ere sortuta zeuden eta azkoitiar langileriaren sektore handiak bertan lan egiten zuen, bai eta herriko txapel fabrika bakarrean ere, “Hijos de Hurtado y Mendoza” delakoan. Fabriketako lana bi sektoretan banatzen zela esan genezake, hain zuzen, alde batetik, fabrikan bertan jarduten zuten langileak ditugu eta bestetik, gehiengoan abarketari azken ukituak ematen zizkioten etxeko-langileak, zeintzuk “txortari”[1] lanak, hau da, abarketaren amaierak egiten zituzten. Azken hauek, Azkoitiko Plaza Berri zein San Martin kaleetan jarduten zuten lanean, besteak beste. Kaleko lanak betetzen zituzten langileek, nekazaritza zein bestelako jarduerekin tartekatu zezaketen fabrikako lana.

Baina zein kondiziotan jarduten zuten lanean? Langile haiek guztiek, egiten zuten errendimendu eta produktibitatearen arabera kobratzen zuten, hau da, hainbeste produktu hainbeste diru. Azkoitiko fabriketako burgesiak, Jose Mancisidor kasu, langilea beren menpe esplotatuta mantentzea lortzen zuen. Hain zuzen, langileek ahalik eta abarketa gehien egiteaz arduratzen ziren egunean zehar, haren esku baitzegoen ondoren sabeleratuko zuten elikagai apurra. Horrek burgesari kapital akumulazio handiagoa ahalbidetzen zion, hain zuzen, langileak ahalik eta abarketa gehien egingo baitzituen merkatuan salgai zeuden elikagaiak erosi ahal izatera iristeko. Adibide gisan, ogia 4 pezetatan bazegoen eta abarketa pare bakoitza 0,5 pezetara bazegoen, hura lortu ahal izateko burgesak 8 abarketa pare lortuko zituen egunean eta langileak, orduak jasan behar izango zituen lanean, gero burgesak hura salduz, langileak baino irabazi handiagoak lortuko zituelarik (gainbalioa, esplotazioa)[2].

Horrez gain, langileen menderakuntza eta horrenbestez, langilegoa bere klase borrokaz ez ohartzeko, fabriketako jabeek erlijioa sartzen zuten haien antolakuntzaren barnean. Langileek, Epelde y Larrañaga lantegian, beren jornala amaitu baino bost minutu lehenago errezatu beharra izaten zuten. Gisa horretara, erlijioa langilearen klase kontzientzia besterentzeko tresna gisan erabiltzen zen, balio erlijiosoak burgesiaren esplotazioaren aurrean gailentzen zirelarik.

Gainera, emakume langileak fabriketan sartzeak ez zuen haien askapenerako inolako zantzurik bideratu. Azkoitiar burgesek azkoitiar emakume langileei gutxiago ordaintzen zien haien mozkinak handitu ahal izateko. Gisa horretara burgesiak bi baldintza bilatzen zituen, alde batetik, aipatutako kapital akumulazioa handitzea eta bestetik, emakume langilearen eta gizonezko langilearen arteko konfrontazioa, benetako etsai burgesa lausotu asmoz. Baina garai hartako azkoitiar langileek burgesia argi eta garbi identifikatu ahal izan zuten, batik bat Lehenengo Mundu Gerraren testuinguruan eta haren ostean. Klase kontzientzia hartzen hasi ziren eta horren adibide dugu XIX. mende amaieran sortutako “Sindicato Católico Libre” deiturikoak azkoitiar langile guztiak batzeko egindako deia “¡Esnatu bada, langileak! Ez egon lo, zergatik etzayak ernai ur’ian dabiltz. Gaitz gogor’ak etor’iko zaitzu esnatzen ez bazera. Ez zaitez bildur’ez gelditu, etor’i zaitez lagunetara, ez joan etzayetara, emen arkituko dezu bear dezun indar’a etzayak zapaltzeko eta zeor’en ondoizatea arkitzeko.”[3]

Azkoitiar langileak, XIX. mende amaierako sindikatu katolikoetan antolatzen hasita zeuden; haietan entzutetsuenak hiru izan ziren, aipatutako Sindikatu Katoliko Librea, Euzko Langileen Alkartasuna eta azkenik, burgesek langileen antolakuntza sindikala desegin ahal izateko sortutako sindikatua, herrian “horixek” edo sindikatu horia gisara ezagutuak zirenak. Lehen Mundu Gerraren garaian garatutako klase kontzientziaren testuinguruan, azkoitiar langileak fabriketan asanbladetan biltzen hasi ziren. Han lan baldintzak hobetzeko hautuak egiten zituzten eta erabakitakoak paper batetan ezarriz alkatetzara bidaltzen zituzten fabriketako langile guztien eta sindikatuen izenean. Paper hura, alkateak jasotzean, burgesiari deitzen zion langileen eskakizunen berri emateko. Burgesiak, eskakizun gehienei muzin egin eta gutxi batzuk baino ez zituen onartzen[4].

Lehenengo Mundu Gerran zehar elikagaien  inportazioen eskasia medio, elikagaien prezioek Azkoitian ere goraka egin zuten. Horren aurrean, azkoitiar langileek kobratutako soldata ez zen nahikoa bizi baldintza duinak eduki ahal izateko eta haien eskakizunak batik bat egoera ekonomiko ankerrari aurre egiteko baldintzak eskatzeaz arduratu ziren. 1918ko ekainaren 11rako azkoitiar langileek greba deitu zuten eta aurreko aldietan gisan, fabriketako asanbladetan oinarritu eta azkoitiar burgesiarekin tratura iristen saiatu ziren. Baina beste behin ere, azkoitiar burgesiak argi eta garbi erakutsi zuen bere helburu nagusia ez zela fabriketan zituen langileen baldintzak hobetzea, bere irabaziak handitzen jarraitzea baino; hain zuzen, langileen eskakizunei berriro ere muzin egin zieten. Garai hartan guztira Azkoitiko abarketen sektorean lan egiten zuten langileak 2000 inguru ziren. Horrenbestez, haiek guztiak  lan uztea egiten bazuten, burgesiak produkzioaren bidez lortzen zituen irabaziek behera egingo zuten. Irabaziak eteteko beldurrez, alkateak, Juan Jose Alberdik, burgesiaren parte zenak, Gipuzkoako Gobernadore Zibilari dei egin zion greba geratu zezan: “(…) y como es casi seguro que dicha huelga se extienda a las fabricas de trenzas y se llegue al paro general de la población que cuenta con mas de dos mil obreros, ruego que disponga el envio inmediato de fuerzas suficientes para evitar coacciones y alteraciones del orden publico”[5]. Hala eta guztiz ere, langileek bide baketsuan jarraitu zuten greba, berriro ere burgesiari eskakizunak eginez. Greba horretan 1300 gizonezkok eta 500 emakumek parte hartu zuten, horietan adin txikiko 300 mutil eta 100 neskato batu zirelarik. Burgesiak beraz, adin txikikoak ere bere kapitala nahi haina handitu asmoz eta lan baldintza eskasenekin, gutxiago ordainduz erabiltzen zituen, hala bere mozkina handitzea errazagoa zitzaiolarik.

1919ko irailaren 6an Azkoitian zortzi orduko lanordua ezarri zuen burgesiak, estatu espainiarreko legediari jarraiki. Hala eta guztiz ere, soldatak ez ziren hazi eta horrenbestez, langileek beren eguneroko elikadura ezin izan zuten behar bezala gauzatu. 1919ko urrian gainontzeko herrialdeetako abarketa produkzioaren burgesiarekin akordatuta, azkoitiar langileei haien soldatak hazi eta zenbait lan baldintza hobetzeko erabakia hartzen badute ere, 1920ko hasieran haiek berriro ere aldatzeko gaitasuna izango zutela adierazten dute. 1920an zehazki, abarketen fabriketako burgesia batu egin zen Patronalaren Elkartea eratuz, langileria errazago menpean hartzeko, hain zuzen, bertan izan ziren “Esteban Alberdi y Cía”, 1920an zehazki, abarketen fabriketako burgesia batu egin zen Patronalaren Elkartea eratuz, langileria errazago menpean hartzeko, hain zuzen, bertan izan ziren “Esteban Alberdi y Cía”, “Epelde, Larrañaga y Cía”, “Sucesores de J.F. Arteche”, “Mancisidor y Cía” eta “Echániz, Iturrioz y Cía”. Garai horretan Azkoitiak 6459 biztanle zituen eta haietatik 2500 langile inguru ziren.

1920ko ekainaren 18an langileek grebara egin zuten, berriro ere bizi maila aurrera eramateko haina ez baitzuten irabazten[1]. Argi zegoen orduan ere, burgesiak krisi garaian ere bere irabaziak mantentzea zuela bide bere fabriketan lan egiten zuten langileen bizitzaren egoerari muzin eginez. 1920ko uztailaren 23an burgesia azkoitiarrak argi utzi nahi izan zien langileei nork agintzen zuen, 1600 langile langabe utziz[2]. Burgesia, langilea diziplinatzeaz arduratu zen, lan kaleratzeak, azken finean, langilea beldurtzeko erabili zituen. Garai hartan, langileak lana galtzeak (gaur egun bezalaxe) egunero bizi ahal izateko oinarrizko produktuak ezin lortu ahal izatea baitzekarren, hain zuzen, haien produkzioa ere kapitalizatuta egotearen eraginez. Inposizioz beraz, burgesiak berriro ere ordena kapitalista martxan jartzea lortu zuen. “Epelde, Larrañaga y Cía” eta “Esteban Alberdi y Cía”-ko langileak fabriketara itzuli ziren bitartean, tailerretako langileek greba jarraitu zuten. Azken hauek egindako manifestaldi batean, burgesiaren polizia, Guardia Zibila, gogorki oldartu zen langile azkoitiarren aurka tiroketak eginez eta, bi gizonezko, emakumezko bat eta lau gazte zauritu zituen. Beste behin, biolentzia estatal burgesaren bidez, langileak menpean hartu eta esplotaziora bideratu zituzten, haien bizi baldintzak hobetu ez zirelarik.

Gure iraganak argitzen digunez, langileok antola gaitezen, bitarteko ekoizpenak gure egin ditzagun, gune autogestionatuak eraikiz. Burgesia bitarteko ekoizpenen jabe den heinean, gure bizi baldintzak ez dira hobetuko, erreforma hutsean geratuko dira eta desjabetutako zapalduok egoera berberean jarraituko dugu. Argi eta garbi ikusi da instituzioen mende, langileon hobekuntza hutsa saltzen dizkigutenak, erreforma hutsak baino ez direla eta zapalduak izaten jarraituko dugula. Langile, iraganaz jabetu, antolatu ta esku hartu!


[1] Abarketari azken ukitua ematean egiten zen mugimenduaren itxurak, txortan egitearena zuelako emandako izena.

[2] Adibide hau ematerako orduan ez dira kontutan hartu garaiko merkatuko prezioak, irakurleari langileok burgesiaren partetik garai hartan jasaten genuen zapalkuntza irudikatu ahal izateko emandako adibidea baino ez da.

[3] Azkoitiko Udal Artxiboan on-line kontsultagarri. Azkoitiar’ Langileri.

[4] Etxezarreta Ibañez, Ekaitz. Azkoitiko alpargata sektorea XX. mende hasieran. Azkoitiko Udal Artxiboan on-line kontsultagarri.

[5] Ibidem, 19.or.

[6] Castells Arteche, Luis. 1987. “El desarrollo de la clase obrera en Azcoitia y el sindicalismo católico (1900-1923)”, Estudios de historia social, 42-43: 162.

[7] Muxika Zuloaga, Ione. 2016-2017. Arkeologia eta gaur egungo gizartea: gatazka eta memoriaren materialtasuna iragan hurbilean. Azkoitiko kasua. Euskal Herriko Unibertsitatea: 22.or. (on-line kontsultagarri)

Bibliografia:

Azkoitiko Udal-Artxiboa on-line

Castells Arteche, L. 1987. “El desarrollo de la clase obrera en Azcoitia y el sindicalismo católico (1900-1923)”, Estudios de historia social, 42-43: 151-180.

Etxezarreta Ibañez, Ekaitz. Azkoitiko alpargata sektorea XX. mende hasieran. Azkoitiko Udal Artxiboan on-line kontsultagarri.

Muxika Zuloaga, Ione. 2016-2017. Arkeologia eta gaur egungo gizartea: gatazka eta memoriaren materialtasuna iragan hurbilean. Azkoitiko kasua. Euskal Herriko Unibertsitatea, on-line kontsultagarri.

Olalde Juaristi, J.J. 2004. Azkoitia iruditan. Azkoitia: Barriketatik.

[7] Muxika Zuloaga, Ione. 2016-2017. Arkeologia eta gaur egungo gizartea: gatazka eta memoriaren materialtasuna iragan hurbilean. Azkoitiko kasua. Euskal Herriko Unibertsitatea: 22.or. (on-line kontsultagarri)