Badabil, azkenaldian, Azpeitiko Aldizkari Ofizialean irakurri ahal diren iruzkinetan, EAJ ala EH Bildu ikuitzen duen edonori identifikazio-eskakizunak egiten ari den Kazetari bat. Dei bezaio Kazetariari ‘Partiduko Kazetari’.

Metamorfosi garaiak badira garai dudagarriak, ez-egonkorrak eta gogorrak. Trantsizioaren inplizitazioak eta lausotasunak hala bilakatzen dituzte. Haien esplikaziorako komenigarriena kategoria literarioak dira. Soilik hala, metonimiaren bidez, ikusten baitu ikusi nahi eztuenak ikusi beharrekoa, deskuidoan.

Euskal Herrietako Politikoak Polizia nola bilakatu diren melengatsu erakutsi ahal dute akademiko frantsesek. Horixe bera, sinple, estetikoki zoragarrien den eran erakusten digu orain, ordea, Herriko Partiduko Kazetariak, nerbioso, libreta alegiazko izen-abizenez josita darabilkienean. Orain, izan ere, siluetak baino eztitu ikusten: izenpetu ezin dituen arima lardaskatzaileak. Aitzina klandestinitatea halabeharrezko ikusten zuenak, herrian kamerak exijitzen ditu orain.

Laboa zena lanbroaz ari zenean ez zen fenomeno metereologiko baten alabantzak kontatzen ari, bazterrotako potentzia mistiko-politiko subertsiboaz baino. Ikusten ez dena ikusten ez dela agerian uzteko balio du behe-lainoak. Behe-lainoak altxatuko du, baina ikusezinak hor jarraituko. Izen-abizenak apuntatuko, kamerak jarriko, baina kontuak hor jarraituko.

___

Errelatoaren korrelato ezinbestekoa da Kazetaritzarena. Bigarrenak aurrenekoaren nondik-norakoak eta mugak erakutsi ahal dizkigu. Bata sinpletasunak ezaugarritzen badu, bestea sinplea delako izango da. Sinplea, ordea, errelatoa da, ez errealitatea: positibitatea, ez osotasuna. Sinpletasunak ordenamentu juridikoaren aplikazioa indartzeko aliatu bezala bakarrik dirau. Mistifikazio hori beharrezko momentua da Sistema Politiko Modernoen egituraketan.

Renaniako kazetari Marx izanak, eta Baionakoa, esaterako, Etienne Salaberry izanak, ez du esan nahi garaiko errealitatea, garaiko giza-jokabidearen nolakotasuna eta ideien filosofía aberatsago zenik gaur Azpeitian Herriko Pariduko Kazetaria dugunekoa baino. Esan nahi duena da errazago kenduko dutela ura eta argindarra esklabetan gaur Azpeitian, beste nonbaiten baino.

Identifikazioaren exijentzia horixe da, azken finean, ideien jarioari uko, errealitatearen egitura axiologiko konplexuei uko, lege formalaren aplikazio efektiboaren alde.

___