Teoriaren ezinbestekotasunaz

Aupa jente. Opor luze batzuen ondoren bueltan gatoz berriz ere. Euskara batuan. Azpeitiarrez idaztea ez omen da oso ulergarri egiten eta beno,belaunikatu egingo naiz, hemen bederen.

Gaurko honetan, modu arinean idatziko dut nire ustez langile mugimenduaren autoantolakuntza prozesuan ezinbestean modu bateratuan agertu behar diren, baina teorikoki azaltzeko ezinbestean banatu behar diren bi momentuz: teoriaz eta politikaz ari naiz.

Tentagarria suerta dakiguke, Euskal Herriko langile mugimenduan printzipio iraultzaileen (eta bertatik eratortzen diren antolakuntza formen) nolabaiteko loraldia bizi dugun honetan, borrokaren funtsa soilik politikoa dela ebaztea. Carl Schmitt pentsalari alemaniarrak definitu moduan, laguntasun edo etsaitasun sentimenduen artean ebazten den auzia litzateke esentzian politika. Beste modu batera esanda, lagunaren alde eta etsaiaren aurka parte hartzeko beharrak definitzen du politika.

Zergatik diot tentagarria? Bada, kapitaletik haratago joatea eta etorkizuneko bizi formak eraikitzeko borondatearen adierazpideak Euskal Herrian hamaika ditugun uneotan, oso erraza suertatzen baita etsaiaren identifikazioa. Borroka espontaneoek kapitalaren diktadura elikatzen dutela jakina da. Argi; ez dut esan nahi horrekin bizi baldintzen aldeko borroka espontaneoek ez dutela baliorik. Kontrara, borroka orok du bere baitan antagonismoaren ulerkera eta, beraz, politikoki kapitalaren etsai moduan ekoizten gaitu borrokak.

Baina, kapitala gainditzeko ezinbesteko premisak ez datoz borrokatik soilik. Borrokak baldintzak jartzen ditu autoantolakuntzarako. Egun, une hori pentsatzen eta ekoizten ari garela esango nuke: zalantzaren unea da beraz, kapitalaren eta berari funtzionalak zaizkion agenteen begietara. Horregatik, langile mugimenduaren jardun politiko kontzientea antolatu nahi dugunoi, bere gordintasun osoan agertzen zaigu kapitalaren diktadura, berari funtzionalak zaizkion pentsamolde eta instituzio guztiak modu espontaneoan zein esku artean duten boterearen kontzientzia osoz baitatoz gure jarduna erasotzera. Honekin esan nahi da jardun antikomunistak ez duela zertan poliziaren edo instituzio publikoen forma hartu; aurreiritzien edota eszeptizismoaren forman ere agertzen zaigu. Sistematikoa da. Baina, esan moduan, hartzen duen forma hartzen duela ere oinarrizko sentimendu batera murriztua izan daiteke inpultsu honen motorra:beldurra. Arrazoiaren aurrean irrazionaltasuna gailentzen den unea.

Honetaz ari naiz momentu politikoa argi bistaratzen dugula diodanean. Baina, errealitatean, barruan irakiten diguten sentimendu horiei soilik kasu egiteak, perspektiba estrategikoa galtzeko aukera plazaratzeaz gain, etsaiaren kontzepzio deformatu bat eraikitzera eraman gaitzake. Une honetan sartzen da joko zelaian gaur defendatu nahi dudan ideia, teoria komunistaren beharrezkotasuna. Teoria komunistak bizi dugun miseriazko errealitate dekadente hau gainditzera bidean eraginkorrak diren ikuspuntuak eta antolakuntza printzipioak mahai gaineratzen dizkigu. Teoriak gure beharren hierarkia ulertarazten digu eta honela, borrokaren norabidea zehazten laguntzen digu; berehalakoan etsai gisa nabarmentzen dugun horrek epe ertainean izan dezakeen bilakaera ulertzera behartzen gaitu adibidez. Noski, teoria ez da “epistola” edo “dogma”. Ez da kanpotik txertatzen den zera bat; momentu teorikoa, borrokak, praktikak edo antolakuntzaren eraginkortasunak bere muga jotzen duenean agertzen da aurrera egiteko baldintza saihestezin bezala. Ez da borrokaren prozesuan metaturiko ikaskuntzaren hausnarketa soilik, hortaz, agorpen une horretan galdegina dena: bereziki antolakuntza printzipioen egokitzapenaren beharra da erantzun bat eskatzen duena.

Teoria da, borrokaren momentu politikoak dakarren ezinbesteko sentimenduen dantza arrazionalizatzen duena. Baldintza objektibo estrukturalak aztertzetik haratago, une zehatz bakoitzean baldintza horiek hartzen ari diren forma zehatzak hautemateko baldintzak jartzen dituena. Helburu estrategikoak marrazteko gaitasuna emateaz gain, egunerokoan zein epe labur eta ertainean gauzatu nahi ditugu tresna eta proiektuen nolakotasuna ikusarazten laguntzen diguna. Edota, momentuko porrot bat garaipen bat dela ulertzea posible egiten duena.

Funtsean, momentu teorikoak politikarako gaitasunak biderkatzen dizkigu: hemen dago militante iraultzailearen ezaugarri bereizgarria, umiltasuna. Honek ezaugarritzen du borondate komunista. Etengabeko kritika eta analisiaren pean kokatzea praktika oro, akatsak edo porrotak estrategikoki aztertuak izatea ahalbidetuz. Teoria ezinbestekoa dugu borrokarako. Ez dezagun hau sekula ahaztu.

Ondo segi!

1 Iritzi

  1. Oso ona Pashu. Beharrezkoa dugu militante komunistok, teoria komunistaren beharrezkotasuna aldarrikatzea, forma umil batean, alegia, kontziente izanik gure gabezia teorikoak gainditzeko lan militante konstante eta zintzoa eman behar dugula.

    Esan bezala, burgesiaren oinarrien konfigurazioa aztertu behar degu, merkatutik at kokatuko den forma organizatiboarekin asmatzeko, izan ere, orain arteko proletargoaren bat-batekotasuna antolatzeko ezintasuna argi ikusi da. Hor sartzen da teoria iraultzailea, langileon behar praktikoen gaineko hausnarketa eta ikerketa (ez akademiko) burutu behar denean. Momentu historiko honen superaziorako baldintza berriak ezartzeko.

    PD: Eskertzen da, zintzoki, batuan idaztea. Kalean ikusiko dugu elkar.

Utzi erantzuna

Zure helbide elektronikoa ez da argitaratuko.

*

© 2019 Kontu Lepo