Idatzi honen bitartez, Krisiaren Seme-alabok ondokoa jakinarazi nahi dugu:

Esklabetako ezker hegalean gorpuzten ari garen proiektu politikoa bideragarri egin ahal izateko harreman zuzenak izan ditugu Azpeitiko EH Bilduko udal agintariekin duela bost hilabetetatik. Prozesua erabat gaiztotuta dago gaur egun.

Lehen unetik jakinarazi genien udal ordezkariei zein den gure egitasmoa: interes pertsonaletatik urrun,  sektore kolpatuenen mesedetara egongo diren proiektuen gauzapena, hain zuzen, sektore kolpatu horien behar sozialei erantzuna emateko. Proiektuok modu komunitarioan gorpuztuko direla azpimarratu genien udal ordezkariei. Hau da, elkartasuna ardatz izango duten proiektuak gorpuztera goazela.

Ordutik, ibilbide luzea egin dugu. Arazoak agertu ahala, konponbideak bilatzen saiatu gara. Aterabideak eta erantzunak mahaigaineratzen joan gara, eta udalak aurkeztu izan dizkigun arazo teknikoei aurre egin diegu auzolanean, herriko, herrialdeko zein Euskal Herriko hainbat eragileren eta norbanakoren laguntzaz. Udalarekin egin bezala, hainbat eta hainbat eragilerekin harremanetan egon gara hasieratik, eta sortu diren arazoei konponbideak eskaini dizkiegu. Beraz, martxan ditugun proiektuak gauzatzeko oinarrizko baldintzak bete ditugu. Ez diogu sekula gure ardurari uko egin, eta etorkizunean ere ez diogu uko egingo.

Tamalez, ezin dugu gauza berdina esan EH Bilduko udal agintariei buruz.  Ibilbide honetan zehar ondorioztatzen duguna honako hau da: eztabaidarako izan dugun borondateari trabak jartzearekin erantzun diotela. Trabak diogunean, udal agintariek egoera desblokeatzeko duten borondate falta agerian uzten duten ekintza zehatzetaz ari gara. Horren adibide garbiak dira bereziki azken hilabetean Esklabetako ezker hegalean burututako ekinbideak.  

Alde batetik, argi indarra eta ura moztu dizkigute. Ondorioz, gaur egun oinarrizko elementu horiek gabe bizi gara eraikinean, eta modu berean (argirik eta urik gabe) ari gara proiektuak aurrera atera ahal izateko lanetan. Hori gutxi balitz, udaltzainak izan ditugu etxean, gu identifikatzera etorrita.

Bestetik, Esklabetako ezker hegaleko 0 solairuan biltegiak esleitzen ari dira hainbat eragileri, jakitun izanik 0 solairuan, beste guztietan bezalaxe, proiektuak martxan jartzeko asmoa dugula, eta eraikinera sartu ginenean gune horiek hutsik zeudela. Zehazki, gu erabiltzen ari ginen eta epe motzean bertan zenbait proiektu abiatzeko asmoa dugun espazioak dira eragileei esleitzen ari direnak. Esklabetako ezker aldean sartu ginenean (2018ko urrian), hegal horretan biltegiak zituzten eragileekin harremanetan jarri ginen, eta prestutasuna agertu genuen sor zitezkeen zalantzei eta arazoei erantzuteko. Era berean, prestutasuna agertu genuen gu eraikinean sartzerako udalarekin hitzarmena zuten eragileen espazioak errespetatzeko. Baina Udalak azken hilabetean egin duen mugimenduak ­aurrez existitzen ez zen agertoki berri bat ireki du; izan ere, Krisiaren Seme-alabok Esklabetako ezker hegaletik kanpo hiru hilabete igaro ostean (Eusko Jaurlaritzako teknikariek eskuin aldeko etxebizitza sozialetako lanak egin behar zituztelako irten ginen ezker aldetik), jada eraikinean bizi garen unean eta herritarren aurrean gure proiektua aurkeztu ostean iritsi da Udalaren mugimendu hau. Beraz, gure iritzirako gatazka areagotzen duen mugimendu kontzientea da aipatutakoa, eta irmoki salatzen dugu eragileekiko instrumentalizazioa.

Beraz, hilabete luzetako ibilbide honek ondorio argi batetara garamatza: gaur egun Esklabetako ezker hegalean bizi dugun egoeraren jatorria, hasiera batean uste genuenaren kontra, ez da teknikoa. Auzia politikoa da. Azpeitiko Udalaren eraikin batean gorpuzten ari garen proiektu politikoaren izaera eta berau gauzatzeko zilegitasuna da ezbaian dagoena eta, ondorioz, proiektua modu autogestionatuan gauzatzeko gaitasunaren aitortza edo aitortza eza. Izan ere, gaur egun martxan dagoen etxebizitza proiektuak, abiatzear dagoen jantoki sozialarenak edota epe ertainera zein luzera gauzatu asmo ditugun proiektuek helburu komun bat dute oinarri:  kapitalismoak baztertzen eta kolpatzen gaituen sektoreentzat babes gune bat eraikitzea, gure bizi baldintzak iraultzea helburu duen jardun politiko kontzientea ahalbideratuko duena.

EH Bilduko ordezkariei behin eta berriz jakinarazi diegun moduan, borondate politikoa besterik ez da behar auzi hau gainditzeko. Hau da, proiektu politiko honen zilegitasunaren aitortza da falta dena. Beraz, dei egiten diegu heldutasunez erantzun diezaieten mahai gainean jarri dizkiegun proposamenei. Izan ere, larria deritzogu proiektua gauzatzeak berez dakartzan zailtasunei traba gehigarriak jartzea, kontuan izanik prozesu osoan zehar aurpegia eman dugula eta eztabaidarako prest egon garela.

Aipatutako guztia dela eta, irmoki salatu nahi dugu Udaleko EH Bilduko ordezkariak izaten ari diren jarrera, eta honakoa exijitu nahi diegu: argi indarra eta ura berriro jartzea, eragileekin sortu duten egoera konpontzea eta, azkenik, Krisiaren Seme-alabok EH Bilduko kideei mahaigaineratu genien proposamenari heldutasunez erantzutea. Jarrera aldaketa posible bezain beharrezkoa da.

Egoera honen aurrean gure proiektuaren zilegitasunaren defentsa publikoa egitea erabaki dugu. Horretarako, proiektuaren testuingurua, nondik norakoak eta azken hilabeteetan bizitako prozesuaren errelatoa jasotzen dituen txostena plazaratu dugu.

Gure aburuz, kaleko eztabaidan elementu hauek mahai gainean jartzea ezinbestekoa da, eztabaida politikoa behar den lekuan eta terminoetan eman dadin.

Besterik gabe, kalean ikusiko dugu elkar.